Erreportajeak

«Ezin liteke imajinatu zenbateko garrantzia eta pixua izan zuen iñistorrak bailaran»

Kronika - Erredakzioa 2025ko urr. 11a, 00:00

'Iñistorketan' liburuan jaso dute zenbaterainoko garrantzia eta pixua izan zuen iñistorrak Urumea bailaran.

'Iñistorketan' liburua kaleratu berri dute, Iñaki Sanz-Azkue biologo hernaniarrak hari-mutur bati tiraka 2015ean hasitako bidearen emaitza. Mundu bat azaleratu du hari horrek: iñistorrak Urumea bailarako administrazioan, herri lurretan, paisaian eta herritarren egunerokoan izan zuen eragin harrigarria.

Ia ustekabean hasi zen dena, 2015ean 'Burbunak eta etsayak' dokumentalerako grabaketetan ari zirela, bailarako baserritar batek 'Harrapazka' aipatu zuenean. Zer demontre ote zen hori? Eta hasieran hari-mutur ahula zirudienak, hitzez hitz eta dokumentuz dokumentu azaleratu zuen kultura oso bat, Urumea bailarako herritarren egunerokotasunean, lurralde antolaketan, historian eta udal administrazioan ikaragarrizko eragina izan zuena: iñistorrarena edo iratzearena. «Ezin liteke imajinatu, landare batek zenbateko garrantzia eta pixua izan zezakeen. Harrituta geratuko da jendea». 

Iñaki Sanz-Azkue biologo hernaniarrarenak dira hitzak. Izen berezi hura aurrenekoz entzun, eta hari-mutur horri 10 urtez tiraka aritu denarenak. Lanketa horren emaitza da kaleratu berri duen liburua, 'Iñistorketan' izenburuduna, Aranzadi Zientzia Elkarteko hiru lankiderekin batera: Josu Narbarte arkeologoa, eta Maite Errarte eta Suberri Matelo etnografoak. Ereñotzun aurkeztuko dute aurrena, urriaren 15ean, 19:15etan Auzo Udaleko aretoan; eta Hernanin ondoren, hilaren 23an, 19:00etan Biterin.

Liburuaren 191 orrialdeetan jaso dutena, mundu bat da.

 

Iraila, iratzearen hila

Badira aste batzuk, iñistorra edo iratzea gorritzen hasita ikusi dugula gure mendi inguruetan. Halaxe topatu dugu Santa Barbarako magalean ere, Iñakirekin elkartuta: «Hemen ere izan ziren iratze-tokiak, baina ez omen zen hain kalitate onekoa», kontatu digu. Iritsiko gara aurrerago horretara.

Harrapazka eguna irudikatzen duen ilustrazioa, Alai Zubimendik egindakoa.

 

Itzuli gaitezen egutegira, ez baita kasualitatea urteko bederatzigarren 'orriak' izen hori izatea: iraila, iratzearen hila. Iratzea gorritzen hasten den hila, zehazki. Eta hilabete bati izena ematen dionak, ezin du txantxetako kontua izan.

Irailean eta urrian moztu, bildu, ekarri eta prestatzen zuten iñistorra, eta metak egin; ez bat edo bi, 9-10 baizik. Hortaz, bi hilabete horietan, horren menpe egoten zen baserrietako antolaketa. Batzuk iratzea moztera joaten ziren bitartean, langile eskasian geratzen baitzen baserria: esku gutxi, lan asko egiteko.

Iñaki Sanz-Azkue: «Iñistorrarekin ganaduaren azpiak egiten zituzten, baratze eta arto-sailek behar zuten ongarria lortzeko. Ezinbesteko elementu bilakatu zen»

Baina zertarako erabiltzen zuten iñistorra? «Beste erabilera askoren artean, ganaduarentzako azpiak egiteko. Beharrezkoa zen iñistorra azpietan, gorotzarekin eta pixarekin egiten zelako ongarria, baratzerako eta soroetarako. Ameriketatik artoa iritsi zenean, asko zabaldu zen hemen, eta baratzak eta arto-sailak behar zuten ongarri hori. Bestela ez zuten aurrera egiten, eta gosea izaten zen. Beraz, iratzea bilakatu zen ezinbesteko elementu, urtero moztu behar zena», azaldu du Iñakik. Eta ezinbestekoa zenez, gatazkak sortu ziren horren inguruan.

 

Gatazkak eta konponbideak: gurdikaden kobraketatik, Harrapazka egunera

XIX. mendean hartu zuen indar berezia iñistorrak, eta epealdi hori da bereziki ikertu dutena Urumea bailaran oro har, eta Hernaniko eta Ereñotzuko lurretan zehazki. «Eskaera haunditze bat izan zen garai hartan, artoa iritsi bezala baserriak haunditzen joan zirelako, eta ganadu kopuruak ere gora egin zuelako». Ordura arte, iratzea mozteko leku desberdinak zeuden: batzuek bazeukaten iratzea baserri inguruan, lur pribatuetan; eta beste askok herri lurretara edo Zilegimendietara jotzen zuten.

XVIII. mendearen bukaerako dokumentu batean adierazten du Hernaniko Udalak antolaketaren eta kontrolaren beharra, iratzearen inguruan: «Horretarako, herritar batzuei eskatu zien joan zitezela iratzea mozten zen herri lurretara, eta kobratu zezatela diru kopuru bat gurdikada bakoitzeko», azaldu du Iñakik. «Kontua da, herritar horiexek kexatu zirela, dirudunek jendea kontratatzen zutelako gurdiekin haientzako iratzea biltzeko. Alegia, aberatsek askoz ere iratze gehiago eramaten zutela. Eta era berean, desordena zegoela ere aipatzen zuten, jendea edozein tokitan hasten baitzen iratzea mozten».

Gatazkak begibistakoak ziren, eta hori kudeatzeko sistema baten beharra ere bai. Horrela, 1826ko dokumentuetan ageri da beste antolaketa modu bat. «Udalaren dokumentuak berak adierazten du gatazkak aurrera jarraitzen duela, eta erabaki zuten arau batzuk ezartzea. Aurrerantzean, inork ezingo zuen iñistorrik moztu egun eta ordu jakin bat arte. Izan ere, batzuk gero eta lehenago hasten ziren biltzen, ia berde zegoela, eta horrek iratzea galduarazi egiten du. Gorritzen hastean moztu behar da. Ba zehaztutako egun eta ordu jakin horretan, baserri bakoitzetik bi edo hiru joango ziren herri lurretako edo Zilegimendietako iratze-lekuetara, eta basozainak tiro egitean hasiko ziren mozten. Gainera, igitaiarekin moztu beharko zuten, sega erabili gabe. Bakoitzak ahal zuen guztia moztuko zuen. Horixe da gerora Harrapazka izenez ezagutuko zena, eta Hernanin ez ezik, sistema hori erabili zuten Andoainen, Oiartzunen, Hondarribian eta Euskal Herriko beste hainbat tokitan. Arauak egokitzen eta fintzen joan ziren, eta 1932 urte ingurura arte iraun zuen».

Tarte horretan, ordea, makina bat gorabehera izan ziren iñistorraren bueltan.

 

Herri lurren pribatizazio prozesuak, eragin zuzena

XIX. mendea bereziki esanguratsua izan bazen, ez zen izan soilik iñistor eskaera haunditu zelako. Beste gertaera historiko batekin uztartu zen hori, gatazka areagotu zuena: pribatizazio prozesuak. «1868an Liberalak Madrilen ezarri zirenean, garbi bultzatu zuten herri lurren pribatizazioa, argudiatuz lur horiek hobeto aprobetxatu behar zirela ekoizpen aldetik», azaldu du Iñakik.

Santa Barbarako Agerre baserrikoak, meta egiten, 1965ean. Argazkia: Felix Unzueta. Kepa Urreagak utzitakoa.

 

Dozenaka galdera eta hamaika eztabaida piztu zituen horrek. Hernanin Zilegimendien batzordean ere sortu zuen beldurra: lur horiek ez ziren ez publiko eta ez pribatu, eta ez zekiten nola hartuko zituzten. Horregatik, erabaki zuten Zilegimendiak partzeletan zatitzea 1869an, eta partzelak banatzea lur horiek erabiltzen zituztenen artean. «Zer eragin zuen horrek? Zilegimendietan iratzea mozten zen lekuak ere pribatizatu egin zituztela dagoeneko. Eta Zilegimendietako lurrak asko ziren, Hernaniko lurren zati haundi bat. Beraz, horrek are presio haundiagoa eragin zuen herri lurretan».

Hernaniko Udalak garbi zeukan herri lurrek halaxe izaten jarraitu behar zutela, eta bide luzea hasi zuen horiei eusteko: baimena eman zion Donostiako abokatu bati, bere izenean nahi zuen guztia egiteko eta borrokatzeko, herri lurrak mantendu behar zirela justifikatu eta ez pribatizatzea lortzeko. «Prozesu ikaragarri luzea izan zen, 90 orriko txosten bat tarteko, eta 1904ra arte ez zen konpondu, salbuespen gisa onartu zutenean herri lur gisa mantentzea. Prozesu horren une batean, zehaztu eta deskribatzen dute herri lur horien eremu bakoitza: Epelerreka, Usokoerreka, Akola... Eta oso garbi adierazten dute hor zeudela otea, landaretza eta iñistorra, eta ezinbestekoak zirela herritarren biziraupenerako. Horri esker onartu zieten herri lur gisa mantentzea. Eta lur horiek, hain juxtu, Parke Naturala dira gaur egun. Beraz, pentsa zenbateraino izan dezakeen garrantzia iñistorrak, gaur egun Europa mailan babestuta dagoen eremu baten eragile izateraino».

«Une batean, 500 partzela inguru izan ziren Hernaniko eta Ereñotzuko lurretan, iratze-tokien aprobetxamendurako, Epelerrekan, Usokoerrekan eta Aparrainen»

Herri lur gisa mantenduta ere, ordea, makina bat aldaketa izan ziren eremu horietan, 1868tik aurrera; eta paisaiak «ikaragarrizko eraldaketa» izan zuen. Madrildik, 'Gazeta' boletinaren bitartez, 1878an luzatu zuten proposamena herri lurrak partzeletan banatu eta alokatzeko, aprobetxamendurako. Hala egitea onartu zuen Hernaniko Udalak, eta 1881ean, loteetan banatu zuen Epele inguruko magal osoa. 50 bat lote ziren, eta jendea apuntatu zitekeen, diru kopuru baten truke, iratze-toki horien aprobetxamendua egiteko».

Horrek guztiak sekulako administrazio lana zekarren berekin: urtero loteak zozketatu, alokairua kobratu, partzelak nola zeuden ikusi, soberan geratzen zirenak berriro zozketatu edo enkantean jarri... «10 urterako izaten zen loteen adjudikazioa, baina batzuk uzten joaten ziren, edo 3 urtetan ez zuten zaintzen eta kendu egiten zieten, adibidez. Eta eskaera zegoenez, urtero egiten zuten lote horien zozketa, eskatzaileen artean». Administrazio kontu horiekin guztiekin, «mahai haundi bat bete artxibo» dago Hernaniko udal artxiboan.

Dena den, partzelen eta alokairuen sistema ezarrita, Harrapazkarena ere mantendu zuten, izan zitekeelako alokairua ordaintzeko dirurik ez zeukan jendea; eta herri lurrak denontzat direnez, zati bat gorde zuten Harrapazkarako. Horretan, edonork hartu zezakeen parte, baita lotea zeukanak ere.

 

Urumea bailarako paisaiak, eraldaketa sakona

Partzelen araberako banaketak, esan bezala, paisaiaren eraldaketa sakona ekarri zuen: magal oso bat loteetan banatuta, mugarriekin, partzelen ertzetan arbolak ere jarrita, horietara iristeko gurdibideak (gaur egungo pistak direnak)... Baina eraldaketa hori are nabariagoa izan zen urteek aurrera egin ahala. «Handik urte batzuetara, iratze-tokien eskaera haunditu egin zen, eta beste eremu bat ere partzelatu zuten: Usokoerrekako eta Akola inguruko magal osoa». Bigarren partzelazio horretan, gainera, beste berezitasun bat gehitu zuten: kalitatearena. «Ingeniariek egiten zuten partzelazioa, eta bigarren txanda horretan, esan zuten iratzearen kalitatea ez zela berdina toki guztietan. Ondorioz, kalitate oneko iratzea zegoen tokietan, nahikoa zela partzela txikiagoa».

Bigarrenari hirugarren partzelazio batek jarraitu zion, 1890ean: Pagoaga inguruko bizilagunek adierazi zuten, beraiek ere nahiko luketela iratzea, baina oso urruti gertatzen zitzaiela; eta Aparrainen ere partzelak egitea proposatu zuten, horiek ere herri lurrak zirelako. Halaxe egin zuten, eta baita eremu bakoitza finkatu ere, zona bakoitzeko bizilagunentzat: «Lasarte eta Hernani arteko iñistorzaleak Epelerrekara joango ziren, Hernani eta Ereñotzu artekoak Usokoerrekara, eta hortik aurrerakoak Aparrainera». Garai hartako iñistor eskariak aseezina zirudien, ordea, eta beste toki batzuetan ere hasi ziren loteak egiten: Erkaitzen, Santa Barbaran...

Iñaki Sanz-Azkue, iñistor artean Santa Barbaran, 'Iñistorketan' liburuarekin.

 

Bere unerik gorenean, paisaiak jasandako eraldaketa «ikaragarria» zen: 500 lote inguru izan ziren Hernaniko eta Ereñotzuko lurretan, iratzearen aprobetxamendurako. 

 

Iñistorraren gainbehera, XX. mendearen hasieran

Iñistorraren indarraldi luzearen ondoren, loteen sistema ezarri eta hamarkada gutxira hasi zen bere gainbehera, XX. mendearen hasieran. «Herri lurretan higadura-prozesu bat zegoela zioten, erreketan ere eragina zeukana, eta landaketak behar zirela. Pinua sartzen hasi ziren, hazkuntza azkarrekoa delako, eta pinua jarri zuten iñistor-toki batzuetan. Hasieran saiatu ziren biek konbinatzen, eta pinuen azpian iñistor-tokiak jartzen, baina horrek ez zuen asko iraun», azaldu du Iñakik.

Gainera, pinua ez zen izan gainbeheraren arrazoi bakarra: «Batetik, baserritik industriara hasi ziren joaten lanera; eta bestetik, beste ongarri mota batzuk ere agertu ziren, iratzearen garrantzia ahuldu zutenak».

Horrela, pixkanaka indarra galtzen joan zen iñistorra, eta iratze-tokiak kentzen hasi ziren, Aparraingoak aurrena, eta Usokoerrekakoak ondoren. Epelerrekakoak bakarrik geratu ziren. Harrapazka eguna ere, azkenekoz 1941ean egin zuten: «Toki berean egiten zuten azkeneko urteetan, eta toki horretan pinua landatu zuten unean, bertan behera geratu zen Harrapazka, ikusi zutelako ordurako hainbesteko beharrik ere ez zegoela». Hernaniko Udalak 1985ean kobratu zuen azkeneko aldiz iratzearen truke, jatorrira bueltatuta: gurdikadako hainbat diru.

 

Iratzearen egungo erabilera, ia sinbolismora mugatuta

Urumeako mendi inguruetara joanez gero, toki askotan egingo dugu topo iratzearekin. Baina desagertzen ari dira iratze-tokiak, horien inguruko kudeaketarik ez dagoelako: «Zaintzen ez denean, iratzearen atzetik sasia dator, sasiaren atzetik arbolak, eta arbolaren atzetik basoa. Hori da prozesu naturala». Badira oraindik, gurean, salbuespenak: iñistorra erabiltzen duten baserriak. «Txabolategikoak oraintxe ari dira Onddi inguruan iñistorra mozten, eta egin berri daukate meta. Alkatxuingoek ere mozten dute, herri lurretan. Baina salbuespenak dira, benetan sinesten dutenak iñistorra dela azpigairik onena. Gainerakoan, desagertzeko zorian dago».

«XIX. mendeko pribatizazio-prozesuan, Hernaniko Udalak lortu zuen iratze-tokiak zeuden herri lurrak mantentzea, eta lur horiek Parke Naturala dira gaur egun»

Ia sinbolismo hutsera mugatzen da iratzearen erabilera, gaur egun. Ez da makala sinbolismo hori, dena den: «Badauka zerbait erakarri egiten duena. Ni ere harrituta nago, inguruan topatu dudalako jendea, ez dena biologoa eta ez daukana harreman berezirik iratzearekin, baina erakarrita sentitzen dena, estetikoki, arte sorkuntza aldetik... Edota metak egiten aritu delako txikitan. Izan ere, kultura hori transmititu da, nahiz eta galdu egin den. Etxe askotan, iratzea mozten aritu dira orain dela hamarkada gutxi arte, eta badago jendea laguntzera joaten zena. Etxean bizi izan duena egunerokotasunean».

Hasieran aipatu bezala, kultura oso bat zegoelako iñistorraren atzean: «Noiz eta nola moztu behar zen iñistorra, nola kargatu gurdia, gurdiaren zati ezberdinen ezagutza, meta bat nola egiten den... Meta bat ez baita edozein modutan egiten, artea behar da horretarako. Gainera, baserrien artean bazen lehia txiki bat, zeinek gurdi eleganteena izango».

Ganaduaren azpiak egiteko ez ezik, beste hainbat gauzatarako baliatu izan da iñistorra: «Koltxoiak egiteko erabiltzen zuten askok, txerria erretzeko ere bai, sagardoaren filtroa egiteko erabiltzen da oraindik Hernaniko baserri batzuetan...». Baina erabileratik harago, sinbolismotik bazuen iratzeak lehenago ere, herri askotan: San Joan bezperako gauean iratze sorta bat erretzea, eta hurrengo egunean sorta berri bat hartzea urte osorako, adibidez.

Sinbolismo horretara mugatu da egun: «Zerbait badago oraindik gizartean, irtatzearekiko lotura hori mantentzen duena. Hernanin, gainera, ikaragarrizko sinbolismoa dauka, iratze paleotropikalak baitauzkagu, eta iratze-toki oso potenteak. Iñistorra 'gauza sagradua zan', Joxe Mari Artolak esan zigun bezala; baina belaunaldi bakarrean zeharo galdu dugu landare horren ezagutza ere, eta zerbait sinbolikoa bezala geratu da bakarrik».

 

Aranon eta Goizuetan, banaketa ezberdina eta gaur egunera arteko eztabaidak

Hernaniko eta Ereñotzuko lurretan zentratu dute 'Iñistorketan' liburuaren mamia, baina jarri dira Aranora eta Goizuetara begira ere. Horietan, «oso kasu berezia» da iratzearen ingurukoa. Hernaniko kasuarekin antzekotasunak dauzka bi herrietan iñistorrak izandako bilakaerak, baina «oso bestelakoa» izan da bukaerako emaitza. Izan ere, iñistorra dela eta banatu ziren partzelekin, gaur egun oraindik «bukatu gabe» daude eztabaidak.

Goizuetan eta Aranon, etxe guztiek zeukaten haien iratze-lurra: biztanle gutxi eta lur asko izanik, bakoitzak behar adina iratze bazen. Lidia Montesinos Llinaresek ikertu zuen Goizuetako kasua 2013an, Bartzelonako Unibertsitatean aurkeztu zuen doktoretza tesian ('Iraliku'k: La confrontación de los comunales. Etnografía e historia de las relaciones de propiedad en Goizueta'). Horren arabera, XVIII. mendean Goizuetako etxe bakoitzak eska zezakeen iratze kantitate bat, bere abere kopuruaren edo landutako lur azaleraren arabera; eta esleitutako lurrak markatu eta seinaleztatu egiten zituzten, zuhaitzen edo mugarrien bidez. Baina lur hori ez zen etxearen jabetzakoa izango: iñistor-tokia ustiatzeko baimena zeukaten.

Sistema horrek arazoak ere ekarri zituen. Batetik, itxiturak jartzen hasi ziren Goizuetako iratze-toki batzuetan, eta Udalak kentzeko eskatu behar izan zien, herri lurrak zirelako. Gainera, etxe bakoitzak beti iratze-toki bera zuenez, batzuei izenak jartzen hasi ziren, eta haien jabe zirela pentsatzera iritsi ziren, etxeko ondare jabetzaren eskrituretan agertzeraino.

Horrela, herri lur batzuk pribatizatzen hasi ziren XIX. mendetik aurrera bereziki. «Nork bere iratze-tokia izateak bizilagunen arteko eztabaida asko saihestu zituen, baina epe luzera arazo larriagoa sortu zuen, urtetan luzatuko zena; lurren jabetzari zegokiona. Goizuetako artxiboan asko dira iralekuei lotutako gatazken dokumentuak, edo jabetza bikoitzeko iralekuenak. Eta eztabaida hori oraindik ez da bukaerara iritsi. Aranon, 1960ko hamarkadan erabaki zuten iraleku bakoitzaren %60 partikularren esku geratzea, eta %40 lur komunalei bueltatzea. Goizuetan, aldiz, ehunekoa aldatzen joan da urtearen arabera, baina 2013an erabaki zuten partikularren esku geratuko zen ehunekoa izatea iralekuaren azaleraren araberakoa; zenbat eta lur zati haundiagoa, orduan eta txikiagoa izango zen ehunekoa».

Herri bakoitzak izan ditu bere berezitasunak iñistorrarekin lotutako kudeaketan. Baina bailara osoan utzi du bere arrastoa landareak. «Bada zerbait kontuan izan beharko genukeena: iñistorrak laguntzen digu ezagutzen gaur egungo Urumea bailara, herri lur, paisaia eta kontserbazio eremu aldetik».

 

Ikerketa taldeko laukotea, Akolatxaran: Iñaki Sanz-Azkue, Suberri Matelo, Josu Narbarte eta Maite Errarte.

 

«Funtsezkoak dira zuzeneko testigantzak, beste inon ageri ez diren oroitzapen, pasadizo, emozio eta ñabardurak azaleratzen dituztelako»

 

Aranzadi Zientzia Elkarteko lau kide aritu dira Urumeako iñistorraren ikerketan, artxiboak eta duela 10 urteko elkarrizketak aletuz.

 

Duela 10 urte 'Harrapazka' entzun, horretaz galdezka segi, eta berehala kateatu ziren hitz be­rriak: loteak, iñistor-tokiak, bandoak, gurdibideak konpontzeko auzolana, aaldiya... «Mundu oso bat zabaldu zen nire aurrean, eta hasi nintzen hori guztia jasotzen, ikusten nuelako jende hori bazijoala. Jende hori joan da, Harrapazka ezagutu zuenik ez dago, baina grabatuta geratu zen, zorionez. Eta horri tiraka, Hernaniko udal artxiboan topatu nuen ikaragarrizko dokumentu saila. Erotu nintzen loteen mapen bila, baina topatu genituen horiek ere: 1880-1890eko hiru mapa haundi. Egin nuen ikerketa, erreportajeak, dokumental txiki bat, eta horrela geratu zen», kontatu du Iñaki Sanz-Azkuek.

Horrela geratu zen, duela bizpahiru urte Josu Narbarte lankidearen deia jaso zuen arte. Aranzadiko arkeologoak Iñakiren artikulu batean irakurri zuen loteen berri, eta interesa zeukan horrekin, Urdaibain egin zuelako XIX. mendeko lote sistemei buruzko ikerketa, baina beste landare batekin: ihiarekin. Bi kasuak alderatu zituzten: «Oso bitxia zen. Bi landare ezberdin, bata itsas mailan eta bestea mendian, baina erabilera bererako, eta biak prozesu historiko baten emaitza. Urdaibai guztiz pribatizatu zuten, ordea, eta Hernaniko eremua ez». Eusko Jaurlaritzara aurkeztu zuten ikerketa, Aranzadiko etnografia saileko Suberri Matelorekin eta Maite Errarterekin: «Josuk ikaragarri aportatu du historikoki, honi guztiari zentzua ematen; eta Suberrik eta Maitek lagundu digute grabazio guztietan jasota zegoena etnografikoki eta antropologikoki transkribatzen».

Besteak beste, kultur paisaia landu du Josu Narbartek, «gizartearen eta ingurunearen arteko elkar eraginek sortu duten espazioa», argitu digu arkeologoak. «Harreman hori etengabe aldatzen da, pentsa zeinen harreman diferentea zuten gure aiton-amonek naturarekin, gure aldean. Eta era berean, ondare-balioa dauka kultur paisaiak: lurraldea antolatzeko modua, horri lotutako ezagutza eta balio-sistemak... Ondare hori ezagutzea eta zaintzea beharrezkoa da, horrek ematen baitizkigu gaurko errealitatea ezagutzeko gakoak, eta etorkizuna pentsatzeko irizpideak. Iratzearen kasuan, funtsezko baliabidea izan zen iraganeko landa-gizarteentzat, eta horren eskuragarritasuna ziurtatzeko praktika eta araudi jakin batzuk garatu ziren. Egun desagertuta dauden arren, haien aztarnak paisaian gordeta daude, eta baita memorian ere, baina zaindu ezean desagertu egingo dira».

Iraganeko landa-gizarte haien egunerokoa jasotzeko, testigantza zuzenen garrantzia azpimarratu dute Maite Errartek eta Suberri Matelok. «Funtsezkoa da informazio hori, dokumentuetan agertzen ez den historiaren dimentsio bizia eskuratzeko aukera ematen digulako. Artxiboek arau, erabilera eta erregistro formalei buruz hitz egiten digute, baina elkarrizketek kontatzen digute praktika horiek nola bizi ziren eguneroko errealitatean, nola transmititzen ziren belaunaldien artean, zer esanahi zuten, eta nola aldatu diren denborarekin. Elkarrizketa horietan, topatu ditugu beste inon aurkitu gabeko oroitzapenak, pasadizoak, emozioak eta ñabardurak. Ikerketa humanizatu ere egiten dute, nolabait», azaldu du Maitek.

Horren adibide aipatu ditu Suberrik euskerarekin eta euskalkiekin lotutako kontuak, «gauzei deitzeko modua»; eta baita emakumearen presentzia eta ikuspuntua ere: «Artxiboetatik oso kanpo geratzen da emakumearen presentzia, eta ez dakigu emakumeak zertan egiten zuen lan kasu hauetan, nola, zein paper jokatzen zuen... Zuzeneko testigantzekin hori guztia berreskuratu dezakegu, eta zor zaion lekua eman. Iruditzen zaigu, ahal den neurrian behintzat, lan historiko guztiak osatu behar direla zuzeneko testigantzekin, aberastu ere egiten dutelako».

Ikerketa horren emaitza da 'Iñistorketan' liburua: «Josuk argitaratua zuen Urdaibaikoa, eta Hernanikoa ezin genuen kaleratu gabe utzi. Ereñotzuko Auzo Udalak lagundu digu horretan sakontzen eta liburua argitaratzen». Dagoeneko salgai dago, eta aurkezpen egunetan ere izango da eskuragarri, 20 euroan: hilaren 15ean Ereñotzun, eta 23an Hernanin.

«10 urteko bide hau ikaragarrizko sorpresa izan da; bilaketa jarrai bat, lagundu didana ulertzen zergatik diren Hernani eta Urumea bailara, gaur diren bezalakoak, xehetasun txikieneraino. Egungo antolaketan ikaragarri eragin du iñistorrak, eta sentsazioa daukat liburu honek balioko duela beste herri batzuetako errealitateak azaleratzen hasteko», dio Iñakik.

 

Liburuaren azala, «kapritxoa»

Nagore Legarretak egindakoa da 'Iñistorketan' liburuaren azala, eta hala izendatu du Iñakik berak: «Kapritxo bat da. Zianotipia teknikarekin egin du Nagorek. Anna Atkins izeneko emakume batek erabili zuen zianotipia, 1850 inguruan, hemen iratzearekin gatazkak zeuden garaian. Diote bera izan zela argazki bilduma bat egin zuen aurreneko emakumea. Zianotipiarekin, algei buruzko bat egin zuen aurrena, eta iratzeari buruzkoa ondoren. Nagoreri galdetuta, berak probatua zeukan zianotipia teknika, eta enkargua egin nion. Akolako iñistor bat da azalean ageri dena, zianotipia bidez».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!