Sagardoa unibertsitatetik gertuago,  Basque Culinary Centerren eskutik

Kronika - Erredakzioa 2025ko urt. 18a, 00:00

Haritz Rodriguezek eskaini zuen euskal sagardoaren sektorerako lehenengo ikastaroa Basque Culinary Centerren. Argazkia: Haritz Rodriguez (Ciderzale)

EDA Drinks & Wine Campusak urrats sendoak ematen jarraitzen du, gastronomia likidoari buruzko prestakuntza emango duen unibertsitate-zentro bat abian jartzeko. Mugarriz betetako urtea izan da 2024a, Elisa Ucarren zuzendaritzapean, Basque Culinary Centerrek sortutako hezkuntza-proiektu honentzat.

2023ko martxoan aurkeztu zuen Basque Culinary Centerrek EDA Drinks & Wine Campusa, edarien eta ardoaren sektorea bultzatzeko, prestakuntzaren, ikerketaren eta berrikuntzaren bitartez. Eta ordutik, urrats sendoak eman ditu, gastronomia likidoari buruzko prestakuntza emango duen unibertsitate-zentro bat abian jartzeko. Bi egoitza izango ditu Araban, Gasteizen eta Guardian, eta 2024a mugarriz betetako urtea izan da, Elisa Ucarren zuzendaritzapean, BCCren hezkuntza-proiektuarentzat.

Urte hasieran abiarazi zuten lehiaketa, Gasteizko eta Guardiako egoitzak diseinatzeko; eta Carvalho Araújo arkitektura-estudio portugaldarrari esleitu diote lan hori dagoeneko. Uztailean, berriz, Ardoaren Talentu Gazteen Topaketa egin zuten Samaniegon, eta 80 ardogile baino gehiago bildu ziren bertan. Hori baino lehen, ekainean, campusak bere Upeltegien Kontseilua aurkeztu zuen, eta irailean EDA Beer Summit, garagardogintzaren sektoreko profesionalen topaketa.

Urte amaieran mugarri ugari izan ziren; hala nola, Batzorde Adituaren aurkezpena, Wine & Spirit Education Trustekin (WSET) bere prestakuntza kualifikatua emateko akordioa iragartzea, eta Penedeseko Ardoaren Talentu Gazteen hirugarren Topaketa egitea.

Abenduan, azkenik, EDA Drinks & Wine Campusek sagardoari buruzko lehenengo ikastaroa eskaini zien sektoreko profesionalei, Euskal Sagardoa Jatorri Deiturarekin lankidetzan. Prestakuntza Haritz Rodriguezek eman zuen, Estatu espainiarreko sagardo ziurtatuaren lehen pommelier edo sommelierrak. Ikastaro horrekin, beste urrats bat erakutsi du campusak, hain errotuta dagoen Euskal Herriko sagardoari eskaini nahi dion lekuan.

 

Aurten jarriko dute martxan EDA Drinks & Wine Campusa

Ia 14 urte daramazki Basque Culinary Centerrek gastronomiaren alorreko prestakuntzan, ikerketan, berrikuntzan eta ekintzailetzan, eta erreferentea da nazioartean. Orain, beste pauso bat eman nahi du bere eboluzioan, gastronomiaren zerbitzura; eta horregatik bideratu du proiektu berria edarietara, sektorearen egungo beharrei erantzun nahian.

BCCk sortu eta Eusko Jaurlaritzak eta Arabako Foru Aldundiak sustatu dute EDA Drinks & Wine Campus unibertsitate-zentro berria, eta 2025 urtean zehar jarriko dute martxan, aurreratu zutenez. Lankidetza publiko-pribatua izango du oinarri: lurraldearen garapen ekonomiko eta soziala sustatuko ditu bikaintasunetik abiatuta, eta ez soilik euskal ardogintzaren alorreko berrikuntza-kultura bultzatuz, baita edarien unibertsoaren alderdi guztiak nazioartean esploratuz eta garatuz ere. Horrela, mundu zabaleko edarien unibertsoak izango du tokirik EDA Campusean: garagardoak, kombuchak, teak, edari destilatuak, alkoholik gabekoak...

Izan ere, «mundura begira» pentsatutako proiektua da, eta helburu izango du «aliantzak» sortzea erakunde ospetsuekin, enpresa liderrekin, upategiekin, unibertsitateekin, ikerketa-zentroekin eta partner pribatuekin, «guztien artean nazioarteko lankidetza-sare bat osatzeko».

Gauzak horrela, «berrikuntzaren nazioarteko erreferentzia» bihurtzea du xede unibertsitate-zentro berriak, eta negozioen, produktuen eta zerbitzuen diseinuan osagai bereizgarri bat eman nahi die enpresei eta erakundeei, kalitate, jasangarritasun eta osasun printzipioen arabera, ikuspegi lokal zein globalarekin, eta garapen ekonomiko eta soziala sortuz. Hori guztia, edarien sektorea eraldatzen laguntzeko misioarekin.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!