Gero eta gehiago, sagardotegiko esperientzia osatu eta egun osoko plan borobila prestatzea bilatzen dute askok, familian edo lagunartean gozatzeko. Eta asmo hori dutenentzat, oso eskaintza zabala izango da aurtengo txotx denboraldian ere, Sagardoetxea Museoaren eta Sagardoa Routen eskutik, besteak beste.
Badira sagardotegian otordua egitetik harago, sagardogintzan gehiago sakondu nahi dutenak. Horretarako, aukera ugari eskaintzen ditu Sagardoetxeak urtero. Museoak berak ematen du aukera sagardoaren kulturaren historia, bitxikeriak edota elaborazio prozesua ezagutzeko. Azken horrekin lotuta, gainera, tailerrak eskaini ohi dituzte, bereziki familiei zuzenduta, sagar zukua egiteko lanak ezagutu eta probatzeko: kizkiarekin sagarrak biltzea, zanpatzea, tolarean prentsatzea... Egindako sagar zukua dastatzeko aukera izaten da, eta bestelako dastaketak ere egiten dituzte Sagardoetxean: sagar mota ezberdinak, sagardoak, gazta... Gainera, ibilbide gidatuak ere egiten dituzte Sagardo Bidean barrena, baita bizikletaz ere, 'Sagarbike' esperientziarekin. Horiek guztiak 'sagardoarenlurraldea.eus' webgunean topatu eta erreserbatu daitezke.
Sagardoetxean bezala, hainbat sagardotegi eta baserritan ere eskaintzen dute bisita gidatuak, tailerrak edota dastaketak egiteko aukera, sagardotegiko otorduarekin uztartuz. Horiek guztiak eskuragarri daude 'sagardoa.eus' atariko irteeren atalean.
Gastronomia eta kirola, sagardoaren eskutik
Beste bisitari batzuek, aldiz, jarduera ezberdinekin osatu nahi izaten dute sagardotegiko esperientzia, eta horientzat ere bada nahikoa aukera Sagardoa Routen webgunean ('sagardoa.eus') bertan. Adibidez, sagardotegiko menua bestelako gastronomiarekin uztartzen duten zenbait plan daude aukeran. Horrela, bisitak proposatzen dituzte Idiazabal gaztaren gaztandegi batera, bertako produktuen Tolosako azokara edota Añanako gatz haranera, besteak beste, sagardotegian otordua egin aurretik. Gozotik jo nahi duenak ere badauka aukera, sagardozko bonboiak egiteko tailerrarekin, Donostian bertan. Eta euskal gastronomiaren beste bi edarirekin ere uztartu dute sagardotegiko plana, 'sagardoa.eus' atariko eskaintzan: Arabako ardo upategi batean bisita eta dastaketa, edo Getariako txakolindegi batean. Kasu horietan, gainera, zonaldeko herriren bat ere bisitatzen dute, sagardotegira bazkaltzera joan aurretik. 8 edo 9 orduko planak dira horiek.
Gastronomiatik harago, bestelako bisitak ere izan ohi dira aukeran, eta Albaola Itsas Kultur Faktoriakoa da horietako bat, aspaldidanik sagardotegiko planarekin uztartu dutena. Izan ere, Pasaiako museora bisita eginda ezagutu daiteke itsasoa eta sagardoa elkartzen dituzten sekretuak, eta baita XVI. mendeko San Juan baleontzia ere.
Baina sagardotegira joan aurretik gorputza mugitu nahi duenak ere, topatuko du bere neurriko plana: Oria ibaian piraguan ibiltzeko aukera, Orion arraun txapelketa egitekoa, Galarreta frontoia eta erremontea ezagutzekoa... Eta sagardotegian bertan herri kirol saioa edo ginkana egiteko plana ere proposatu du Sagardoa Routek, «lagunartean gozatzeko sagardotegian bazkaldu aurretik, edo enpresa barruan taldea egiteko ekimen gisa».