Aspaldidanik daukate lotura estua sagardoak eta bertsolaritzak, eta horri bultzada ematen dio urtero Dobera Euskara Elkarteak ere, 'Bota Bertsoa!' lehiaketaren bitartez. Aurtengoa 11garren edizioa izango du bertso paperen lehiaketak, eta datorren astetik aurrera izango da parte hartzeko aukera, Urumea bailarako 25 bat sagardotegitan.
Gaia ere zehaztu dute dagoeneko, herritarrek aukeratuta. Instagramen bitartez egin du inkesta Doberak, eta honakoa izan da bozkatuena: 'Hau bai zirkua!'. Ezin esan aurtengo txotx denboraldiarekin loturarik ez duenik, kontutan hartuta Gure Zirkuak ireki zuela aurreneko kupela... Honakoak ziren aukeran jarritako beste bi gaiak: 'Gutxi ta maiz', eta 'Sagardoteg-IA'. Baina nabarmen nagusitu da 'Hau bai zirkua!'.
Hortaz, gai horri tiraka osatu beharko dute bertsoa herritarrek, trago eta trago artean, bakoitzak nahi duen doinuan eta neurrian. Horretarako paperak sagardotegian bertan topatuko dituzte, eta baita bertsoak uzteko kutxak ere, izen-abizenak eta telefonoa zehaztuta. Nahi duenak beste bide batzuetatik ere bidali ditzake bertsoak: dobera@dobera.eus helbide elektronikora, edo @doberaelk instagram kontura.
Ondoren, jasotako ale guztiak bilduko dituzte Doberako kideek, eta Hernaniko Paulo Ttikiya Bertso Eskolaren esku utziko dituzte. Izan ere, haiek arduratuko dira bertso sarituak aukeratzeaz. Urtero bezala, sari mordoa izango dira aurten ere: bi lagunentzako otorduak, sagardo kaxak, ekitaldietarako sarrerak... 20 bat bertso saritu zituzten joan den urteko edizioan: bertso onena, peloteroena, poetikoena, gaztetxoena, adituarena, saiatuena...
Lehiaketak sekulako gorakada izan du azkeneko urteotan. Joan den urtean arrakasta izugarria izan zuen, 200 bertso inguru jasota, aurrekoaren ia bikoitza. Aurten marka gainditu nahi dute, eta bertako zein kanpoko sagardozale guztiak animatu dituzte parte hartzera.
Sari banaketa ekitaldia, apirilaren 11n
Ohi bezala, ekitaldi berezi batekin egingo dute sari banaketa. Apirilaren 11n izango da hori, arratsaldez, eta bertso saio formatuan planteatuko dute, puntako bertsolariekin.
Bertan, saria jasotzeaz gainera, saritutako bertsoa kantatzeko aukera izango dute irabazleek. Giro goxoa eta umoretsua izaten da ekitaldian, sagardotegian inprobisatutako bertsoa gogora ekartzeak barre algarak eragiten baititu batzuetan!