'A la yuklak, golpian bat!' erakusketa: ibilaldia sagardoan eta aisialdian zehar

Kronika - Erredakzioa 2025ko urt. 18a, 00:00

'A la yuklak, golpian bat!' erakusketa. Argazkia: Sagardoaren Lurraldea.

Sagardoetxea Museoak antolatutako erakusketa honen bidez, sagardoaren zein sagardotegien bilakaera aztertu da azken 200 urteetan zehar, eta txotxaren errituak sagardoaren aisialdia nola eraldatu duen ezagutzeko aukera eskaini du, tradizioa bizirik mantenduz eta garai berrietara egokituz.

Usadioz, sagardotegia elkartzeko, ospatzeko eta aisialdirako gunea izan da, non bolo-jokoek, tokak zein bertsolariek giro paregabea sortzen zuten.

XIX. mendearen erdialdetik hasita, gaur egunera arteko gertaera historikoak zein bitxikeriak ezagutarazi ditu erakusketak, besteak beste, erakusketari izenburua ematen dion 'A la yuklak, golpian bat' esaldiaren esanahia: Luis de Uranzuren Un pueblo en la frontera argitalpenean jasota dagoen bezala, Irungo usadioaren arabera sagardo edalontzia kolpe bakar batez edan behar zen, 'A la yuklak, golpian bat!' esanda.

Sagardoaren kulturak eta munduak izan duen bilakaera xehetasun haundiz azaltzen du erakusketak, Frankismo garaiko krisialditik igaro eta gaur egungo proposamen berritzaileetaraino iritsita.

 
 

Erakusketaz gain, sagardoaren kulturaz gozatzeko aisialdiko eskaintza zabala dago gaur egun. Sagardoetxea Museoan, esaterako, bisita gidatuak, sagardoari zein sagarrari buruzko ekitaldiak eta esperientziak eskaintzen dituzte.

 

Aditu batzuen arabera, litekeena da usadio hau izendatzeko erabiltzen dugun txotx hitzak zotzarekin zerikusirik ez izatea. Izan ere, 'Txotx Berria' irekitzen zenean, sagardoa kanilatik dastatzen zen. Horregatik, litekeena da usadiok 'xoxa' hitzarekin lotura handiagoa izatea, hura baitzen sagardo edalontzia ordaintzeko erabiltzen zen hitza.

 
“A la yuklak, golpian bat!” erakusketako Ergobia plazako (Astigarraga) ilustrazioa. Ilustrazioaren egilea: Jokin Mitxelena. 
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!