Egun freskoa izan zen asteazkenekoa, berokia ondo lotuta ateratzeko modukoa. Txapela eta bufanda jantzita iritsi zen sagardoaren munduko jendea Erriberara, eta bertan lortu zuten gorputza pixka bat goxatzea. 32. Sagardo Berriaren Eguna kulturguneko areto nagusian hasi zen, eta hiru aurpegi ezagun izan ziren protagonistak: Iker Galartza, Lur Aranburu eta Joseba Usabiaga.
Prentsaurrekoarekin hasi zen ekitaldia. Gure Zirkuko kideekin batera, Sagardoaren Lurraldeko Unai Agirre, Alorrenea sagardotegiko Jokin Mariezkurrena eta zenbait arduradun politiko igo ziren Erriberako oholtzara. Bertako azalpenak entzunda, argi geratu ziren aurtengo sagardoaren ezaugarri nagusiak: iazkoak baino gorputz gehixeago izango du eta arrasto luzeagoa utziko du eztarrian. Hitzartzeak amaitutakoan, oroigarri gisa plater bat eman zien Xabier Urdangarin Astigarragako alkateak aurtengo hiru gonbidatuei.
Ekitaldi serioari, ordea, Ana Goitia umoregileak jarri zion ginga. Zurikeriak alboratu zituen Goitiak, eta argi adierazi zuen zein den benetan sagardotegien funtzioa: ligatzea. Hamar minutuko bakarrizketa egin zuen prentsaurrekoaren ondoren, eta ordutik aurrerako festa giroan sartzeko gorputzaldia jarri zien bertaratutakoei.
Kanpoaldekoak sortu zuen benetako ikusmina. Erriberako atarian dagoen belazean Gezamina barietateko sagarrondoa landatu zuten. Kamera askoren aurrean jartzeko ohiturarik ez zutela esan zuten Gure Zirkuko hiru kideek, baina nabaritu zitzaien ez zela atxurra hartzen zuten lehenengo aldia. Zapatak zikindu gabe jarri zuten arbola, eta horixe nabarmendu zuten Joanes Illarregik eta Agin Laburuk bertsotan.
Alorrenean jarraitu zuen festak
Azken hiru urteetan bezala, Alorrenea sagardotegian egin zen urteko lehenengo txotxa. Txalapartariek eta txistulariek egin zieten harrera gonbidatuei, eta sagar dantza eskaini zieten sagardotegiko atarian. Ondoren, herriko eragileek osatutako sokarekin batera sartu ziren kupeltegira, eguneko momentu garrantzitsuena gauzatzeko.
Alorreneako hirugarren kupela zabaldu zuen Jokin Mariezkurrenak, eta edalontziak ondo bete zituzten Galartzak, Aranburuk eta Usabiagak. Aurretik egindako entseguak gogoratu, barrutik 'bat, bi eta hiru' zenbatu, eta gogotik oihukatu zuten 'Gure Sagardo Berria' esaldia.
Ordutik aurrera Alorrenean elkartutako 200 lagunek urteko lehenengo txotxa egiteko aukera izan zuten (bat baino gehiago egin zituzten gehienek) eta bazkari eder baten bueltan kontu kontari aritu ziren.
Hemendik aurrera bisitariz lepo egongo dira sagardotegiak, eta ekoizle guztiak gogotsu daude datozenei sagardoaren kultura zertan datzan erakusteko.