«Urduri» bertaratu ziren Gure Zirkuko kideak Astigarragara, asteazken goizean. Hala aitortu zioten gerora, Kronikari. Beraien emanaldietan baino urduriago? «Bai bai, zalantzarik gabe. Gure emanaldietan badakigu zer egin behar dugun, eta gutxi gorabehera konpontzen gara, edozer gertatuta ere. Hemen, aldiz, ez dakizu zer topatuko duzun, zer galdetuko dizuten, zer egin behar duzun... Eta horrek beti sortzen du urduritasuna», kontatu zuten Lur Aranburuk, Iker Galartzak eta Joseba Usabiagak.
Errekonozimendu eguna zuten asteazkenekoa, eta urduritasunak urduritasun, gozatu ere egin zutela nabari zitzaien aurpegietan: «Behin ekitaldia pasata lasaixeago geratu gara, eta aurreneko bi sagardo tragoak eginda erlaxatu egin gara», aitortu zuten Alorrenean, kupelen ondoan Kronikarekin elkartuta.
Haiek izan zuten sagardo berria dastatzen aurrenak izateko pribilegioa, eta baieztatu zuten aurtengo sagardoari buruz diotena: ahoan luzaro irauten duela gustuak. «Halaxe da, eta horregatik ez da presarik izan behar bigarren tragoa edateko. Utzi aurrenekoa ondo gozatzen. Guri ederki sartu zaigu!».
Txotx irekierakoa ez dute denboraldiko bisita bakarra izango sagardotegira, hori ziur: «Sagardozaleak gara, eta urtero egiten ditugu hiruzpalau irteera sagardotegira. Baina dena ez da parranda izango, eta lana ere asko egiten dugunez, daukagun denboraren arabera joaten gara sagardotegira».
Iker Galartzak, gainera, lotura estua dauka sagardogintzarekin, familiak sagardotegia baitzeukan. Bera ere aritua da «laguntzen eta lan pixka bat egiten».
Gainerakoan, zirkuak eta sagardotegiek daukaten loturari ere egin zioten erreferentzia, umorez. Izan ere, nahikoa zirku izaten baita herritar batzuekin, zenbait trago edanda... «Jakin egin behar da mingaina gizendu orduko erretiratzen. Batzuek funambulismoa egiten dute han goran soka gainean, eta beste batzuek nahiko lan izaten dute lurrean orekari eusten. Gauza guztiei bezala, neurria hartu behar zaio sagardoa edateari ere».
Gure Zirkuaren zortzigarren bira, udaberritik aurrera
Dagoeneko zazpi bira osatu dituen proiektu baten arrakasta dago asteazkeneko errekonozimenduaren atzean. 116 emanaldi eskaini ditu Gure Zirkuak sortu zenetik, publikoa erabat engantxatzea lortuta: «Umorea egiten dugu, baina serio hartzen ditugu gauzak. Horixe da sekretua. Egunero egiten dugu lan, fintzeko. Sagardotegi batek bezalaxe, arrakasta daukan edozerk lan haundia dauka atzean. Gu urtez urte saiatzen gara hobetzen. Batzuetan lortzen dugu, beste batzuetan ez; baina saiatu, behintzat, saiatzen gara».
Orain, zortzigarren bira ari dira prestatzen Gure Zirkuko kideak. Udaberrian ekingo diete emanaldiei: «Sorpresak izango dira, ziur, baina lotu gabe daude batzuk oraindik, eta goiz da ezer aurreratzeko. Kontatu dezakegu Bizkaian hasiko garela aurten», aurreratu diote Kronikari.