Uzta txikiegiko urtean, gorputz haundiko sagardoa

Kronika - Erredakzioa 2025ko urt. 18a, 00:00

Bi lagun, sagardoarekin topa egiten. Izaera haundikoa da aurtengoa, gorputz eta kolore aldetik.

Aurreko urteko sagar uzta hain haundia izanda, txikiagoa espero zen 2024an, baina neguko hotz eskasiak are gehiago murriztu du. Edonola ere, Euskal Sagardoaren 1,3 milioi litro ekoiztu dituzte, izaera haundiagokoa gorputz eta kolore aldetik.

Urtero erantzun beharreko galdera izaten da, sagardogintzako eragileentzat: nolakoa dator aurtengo sagardoa? Erantzuna ez da erraza izaten, ezta bakarra ere, sagardotegi eta sagardo bakoitzak baitauzka bere berezitasunak eta ezaugarri propioak.

Hala azaldu du Unai Agirre hernaniarrak, Euskal Sagardoa Jatorri Deiturako koordinatzaileak: «Sagardotegi eta zonalde bakoitzak dauka bere errealitatea, eta ez da erraza esaten nolakoa den aurtengo sagardoa. Egia da sagar salmenta asko egiten dela herrialde batetik bestera, eta horrek pixka bat homogeneizatzen du; baina sagardotegi bakoitzak izaten du bere sagardoa, bere ezaugarriekin. Edonola ere, orokorrean esanda, sagar gutxi den urtean izaera haundiko sagardoak izaten dira; eta aurtengoan, bai kolorez eta bai gorputzez, izaera haundiagoko sagardoak dastatuko ditugu gure sagardotegietan, epe luzera oso bilakaera ona izango dutenak».

Izan ere, halakoxea tokatu da aurtengoa, sagar gutxiko urtea. Espero baino gutxiagokoa, gainera, Urumea bailarako eta inguruko sagastiei dagokienean behintzat. 2023a sagar uzta haundiko urtea izanik, eta ohiko joera saihestezinari jarraiki, jakina zen 2024koa uzta txikiagoa izango zela. Baina neguko hotz eskasiaren eraginez, are murritzagoa izan da sagardotarako sagar kopurua.

Izan dira salbuespenak, beste lurralde batzuetan. Araban, esaterako, sagar urte ona izan omen da 2024a, eta baita Ipar Euskal Herriko zenbait tokitan ere. Baina, orokorrean, aurreko urtean bildutakoaren hirutik bat bildu da azkeneko sagar uztan, Euskal Herriko sagastietan; %60 gutxiago, zehaztu dutenez: bi milioi kilo pasa sagar bildu dituzte 2024ko uztan, eta sei milioi kilo inguru izan ziren 2023an.

 

Euskal Sagardoa, duela bi urte baino pixka bat gehixeago

Sagar gutxiko urtea izanik, ekoiztutako sagardo kopuruak ere nabarmen egin du behera aurtengo ekitaldian, noski. Denera, Euskal Sagardoa Jatorri Deituraren barruan 1,3 milioi litro sagardo izan dira ekoiztu dituztenak, Euskal Herriko 46 sagardotegiren artean: Gipuzkoako 42, Bizkaiko hiru eta Arabako bat. Jatorri Deituratik kanpo ere, aurreko urtean baino gutxiago izan da ekoiztutakoa, kanpoko sagarrarekin.

Ohikoak izaten dira alderaketak, eta merezi du iazko datua ez ezik, duela bi urtekoa ere ekartzeak, berriro ere sagar uztaren biurteko joera kontuan hartuta. Gauzak horrela, 2023ko datuarekin alderatuz, sagar uztaren proportzioan gutxitu da Euskal Sagardoaren litro kopurua, 4 milioi litro inguru ekoiztu baitziren orain urtebete.

Aldiz, sagar gutxiko aurreko uztan, 2022koan, 1,2 milioi litro Euskal Sagardo ekoiztu zituzten. Hortaz, ordukoaren aldean gehixeago izan dira aurtengoan, Jatorri Deiturari dagokionean behintzat, sagar uzta espero baino txikiagoa izan arren. 

 

2024ko sagarrek, azkeneko 10 urteetako azukre mailarik bajuena

Urtero egiten dute kontrol bat irailaren hasieran, Fruitelek eta Sagardoaren Lurraldeak, Gipuzkoako sagasti batzuetako sagarren egoera ezagutzeko. Duela 24 urte hasi ziren zeregin horretan, eta 2024ko sagar uztarekin ere burutu dute. Horretarako, 14 barietateren kontrola egin dute oraingoan, Gipuzkoako zenbait sagastitan: Aritza, Errezila, Gezamina, Goikoetxe, Manttoni, Moko, Mozolua, Patzolua, Txalaka, Udare Marroi, Urdin, Urtebi Haundi, Urtebi Txiki eta Verde Agria.

Kontrol horretatik lortutako datuetan, azukre mailari dagokiona da bereziki esanguratsua: 10,1 ºBrix ditu 2024ko sagarrak, batazbeste, joan den urtean baino 0,5 gutxiago. Azkeneko 10 urteetako azukre mailarik bajuena izan da hori.

Bestalde, sagarraren heldutasuna ere neurtu dute, almidoiaren erregresioari begiratuta. Azaldu dutenez, heldutasuna aurreko urtean baino atzeratuago etorri da. Gainera, aditzera eman dute kostaldean beranduago iritsi dela sagarra heldutasunera, barnealdean baino. Datuetara ekarrita, 2,7ko indizea izan du almidoiaren erregresioak, aurreko urtean baino 0,7 bajuagoa.

Heldutasunari dagokionez, edonola ere, barietate bakoitzak izan du bere epea. Hori horrela, hiru barietate talde zehaztu dituzte, heldutasun datuen arabera. Sagar aurreratuenak izan dira Patzolua, Mozolua eta Gezamina. Tartekoak, berriz, Urtebi Txiki, Manttoni, Txalaka, Aritza eta Verde Agria. Eta atzeratuenak, azkenik, Udare Marroi, Urdin, Urtebi Haundi, Errezila eta Moko.

Ohi bezala, erabilitako sagar barietateen araberakoak izango dira sagardo bakoitzaren ezaugarriak. Asteazkenean Gure Zirkuak Alorrenean ireki zuen kupeleko sagardoa, esaterako, Gezamina, Urtebi Haundi, Urtebi Txiki eta Goikoetxe sagar barietateekin egindakoa izan da. Fruta usaina nabari zaio, garraztasunaren, mikaztasunaren eta gozotasunaren arteko oreka dauka, eta luze mantentzen da ahoan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!