Lurraldebusek zerbitzuak indartuko ditu Hernanin eta Astigarragan Txotx garaian

Kronika - Erredakzioa 2025ko urt. 17a, 00:00

Asteburuetan, otsailetik apirilaren amaierara arte, zerbitzu indartuak egongo dira BU12 eta BU13 lineetan (Donostia-Astigarraga-Hernani) eta BU40G gaueko linean (Andoain-Urnieta-Hernani-Astigarraga-Donostia).

 
 

Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak Lurraldebusen Hernani eta Astigarragako zerbitzuak indartuko ditu denboraldiak irauten duen asteburuetan, «txotx-az modu jasangarrian, eroso eta, batez ere, seguruan gozatu ahal izateko.»
Hala iragarri zuen Azahara Dominguez diputatuak, Sagardo Berriaren Egunaren XXXII. edizioaren aurkezpen ekitaldian. Bertan nabarmendu zuenez, «denboraldi honek inoizko konexiorik onena izango du garraio publikoaren bitartez».

Azaldu zuenez, otsailaren lehen asteburutik apirilera Lurraldebusen zerbitzua indartuko da BU12 eta BU13 (Hernani-Astigarraga-Donostia) lineetan. Errefortzu horiek 12:00etatik 14:00etara egingo dira Hernani-Astigarraga norabidean, eta, gutxienez, linea horiek artatzen dituzten pertsonen kopurua bikoizteko aukera emango dute. Halaber, arratsaldean zehar, eta dagoen eskariaren arabera, Donostiara itzultzeko zerbitzuak indartzeko prestatutako ibilgailuak egongo dira.

Era berean, BU40G gaueko zerbitzuak (Andoain-Urnieta-Hernani-Astigarraga-Donostia), ibilgailu artikulatu baten bidez ematen denak, erreserbako autobusak izango ditu, bidaiarien eskariak hala eskatzen duenean erabiliko direnak.

 

Donostialdeko Erregimen Bereziko Eremuarekin, taxien kopurua ere handitu egingo da

Diputatuak gogorarazi zuenez, Donostialdeko Erregimen Bereziko Eremuarekin taxi-zerbitzua ere zabalduko da. «Badakigu txotxaren denboraldia Gipuzkoan jende gehien mugitzen den garaietako bat dela, eta, horregatik, Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentutik garraio publikoan jartzen dugu arreta, hori baita modurik jasangarriena, erosoena, baina, batez ere, ziurrena horrelakoetan mugitzeko. Aurreikusitako errefortzuak eta pertsona-eskari handiko uneei erantzuteko prestatutako autobusak ditugu, eta, beraz, jendeari gainerako erabiltzaileekiko eta Lurraldebuseko langileekiko errespetuz jokatzeko eskatzen diogu, autobus batek gehienezko edukiera lortzen badu, errefortzu-autobusak egongo baitira guztien mugikortasuna bermatzeko», berretsi zuen diputatuak.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!