Erreportajeak

Urubi arrunta: neguak badu bere maitasun kantua

Iñaki Sanz Azkue 2025ko urt. 11a, 00:00

Iluntasunak irentsi du Kartola bailara; erreka soinua da erregina isiltasunaren erdian. Orbel artean doaz gure pausoak aurrera, bide zaharrean barrena. Udazkena ari du azaroan. Kea tximinietatik gora eta iratze gorrituak basopean. Gauak besarkatzen gaituenean, entzumena gailentzen zaio begien ohiko nagusitasunari.

Udazken-neguan, biziak indarra galdu duela uste dugun urtaro horietan, ordea, naturak izaten du zer erakutsia, eta baditu bere biztanleak ere. Izokinak errioan gora doaz, baso-igel gorriak putzuetan arrautzak jartzen hasten dira eta, gutxien espero duzunean, ulu bat entzuten da zuhaitz artean. Neguak badu bere maitasun kantua, eta jartzen dionak badu izena: urubi arrunta. Hontza artean galduko dira gure hurrengo hitzak. 

Urubi arrunta (Strix aluco). Hala esanda askok ez du ezagutuko eta jarri diezaiogun, hasteko, bertako izena; Urumeako jendeak urtetan eman izan diona: Hontza. Izan ere, hontzen artean, hau baita hontza jatorra urumeatarrentzat. Hontzen artean arruntena bera egiten zaiolako askori, hala baita Gipuzkoa inguruan. Badira, ordea, tamainan handi samarra ikusten dutenak ere, eta ez da harritzekoa, Euskal Herriko bigarren hontz handiena baita (35 cm inguru). Horiek hontza haundiya deituko diote. Beste batzuek, hontzamotza, aurpegi zapala izateak bataiatu zuen horrela. Izenak izana ematen duela eta, Urumeako aieka honetan hontza berak hiru izen izateak adierazten du zerbait, sikiera. Animalia ezaguna dela, alegia. Eta ez da harritzekoa. Hontza guztiek ez baitute neguko isiltasuna alaitzen, ezta ulu berezi eta errepikakor bera egiten. Urubi arruntaren kantua ezberdina baita. «Uuuu» jarrai bat, eta «u-u-u-uuuuuu» errepikakor bat, isiltasun motz baten ostean.

Udazkenaren etorrerarekin hasten da gaua egunari arratsaldea eskatzen. Frente egingo dio ilunak argiari, eta pixkanaka, bere eremua ere konkistatuko du. Eta orduantxe, gizakiak etxeko goxotasuna amets duen garai horretan, urubi arruntak jarriko dio doinua neguko gau hotzari. Hasi da urubiaren ugal garaia.

Ulu bat gauaren erdian

Arbola du gustuko urubi arruntak. Baso zalea da, baina ez dio muzin egingo gizakitik gertu bizitzeari ere. Neguaren bueltan, ordu txikitan kalean dabilenak ere sumatzeko aukera izango du, hari deika ariko balitz bezala, etxerako ordua dela esanez. Herri guneetako parke zalea ere bai baita urubia. Moldatzen da eremu urbanoan. Bertako zuhaitz zaharrak erabiltzen ditu kantuan aritzeko eta umatzeko; edota leku batzuetan, baita elizetako dorreak ere. Horri buruz bazekien zerbait Txirrita zenak. Hala diote, behintzat. Taberna ixtera zihoazen batean, hontzaren kantua entzunda, bera ere gisa berean hasi baitzen, gauari doinua jartzen:

«Elizatik ojuka asi zaizku hontzak/ez ditut ikusten baña aitzen ditut hotsak/diruik ez dun gizonak hartu bihaitun lotsak/xentimorik ez dauka Txirritaren poltsak». Eta hala, Txirritaren kantuak ere izango zuen maitasuna sortzeko indarrik, berak tabernan harturikoak norbaitek ordaindu zizkiola esaten baita.

Txirritak entzun zuen gisan, entzuten da neguko egunotan ere urubia Urumea bailaran. Gure hontzamotzak ugal garai betean dira. Adituek ere jarri diote hitza kantuari, eta haien ustean, urubi arruntak egiten duen kantua halaxe da, zientifikoki azaldua: houuuu, ho, ho, ho, houuuu. Hegazti kantuak ere transkribatzeko lanik hartu duenik ere badelako, mundu osoan zehar berdin adierazi ahal izateko, nazioarteko hizkuntza bateratu bat bailitzan. Emeek ulu egiteaz gain, erakartzeko dei berezia ere egiten dute: ku-wik, karrankari eta errepikakorra. Badute alarma dei bat ere, motzagoa eta zorrotzagoa, adituek 'zaunka' deitzen diotena, ku-wik horren antzekoa dena, baina modu agresiboagoan eginda. Horiek guztiak entzunda, pertsonari ere pasako zitzaion honezkero burutik galdera: Txirritaren belarrietara iritsi zena, zein kantu ote zen?

 

Hiria bizileku denean

Urubiak Urumeako hirietan eta herrietan duen presentziak era­karri du ikertzaileen arreta. Hala egin zuen Nerea Pagaldaik, Aranzadi Zientzia Elkarteko Ornitologia Saileko kideak, bere tesia. 2017an Donostiako eta inguruko urubi arrunten populazioa aztertu zuen. 

Izan ere, gure hontza haundiya hiriko gauean ere eroso sentitzen dela dirudi. Hori zergatik gertatu den, ordea, misterioa zen, Nereak erantzuna bilatzeko ikerketa egin zuen arte. 

Hirien eta herrien handitze­ak, edota eremu naturalen urbanizazioak, animalien hilkortasun ez naturala handitzen duela jakina da, bai eta toxikoen igoera eragiten duela ere. Urubiak, alabaina, bilatu dio bere alde ona gizakiaren etxe arteko guneari. Batetik, jaki asko aurkitzen du bertan. Bestetik, espezie gutxi bizi denez, konpetentzia gutxiago izango du. Azkenik, harrapakari gutxiago daude inguruan. Alegia, jateko ugari eta kontrario gutxi. Hontzamotzak bere txokoa aurkitu duela dirudi.

Nerearen lanak, ordea, bazuen beste helburu bat ere. Interesgarria zen ikustea urubiak herri guneetara erakartzeko zein paisaia zuen gustuko. Hala, Do­nostiako eremuan, Landarbaso eta Oberan barne, urubiak non aurkitzen ziren ikertu zuen lehenik. Ondoren, horiek bizi ziren guneen deskribapena egin. Zertarako? Urubiaren bizileku gustukoa zein zen jakiteko.

Eta hala, Donostia 500 x 500 metro koadroko 251 karratutan banatu zuen, eta horiek guztiak ikertu, ea urubi arruntik bazen bertan. Horietatik 141 karratutan (%56ean) urubia bazela baieztatu zuen. Eskuraturiko datuekin, Urumea bailaran gora dauden Landarbaso eta Oberan eremuen estimazioak ere egin zituen. Datuen arabera, bi eremu horiek aproposak dira urubi arrunta egoteko. Kilometro erdi koadro bakoitzeko, 3 eta 4 urubi topatzeko moduko lekuak omen dira. 

Tesiko emaitzen arabera, zu­haizti asko egoteak urubi arrunta erakartzen du. Baldintza hori eremu urbanoan aurkitzea zailagoa den arren, hontzamotzak hiri guneak ere gustuko dituela gauza jakina da. Hiri barruko eta inguruetako parkeak erabiltzen ditu batez ere. Eremu ireki berdeak ehizarako gune aproposak dira gauez saguak harrapatzeko. Bestalde, zuhaiztiak umatzeko erabili ohi ditu. Ezaugarri positiboaz gain, ordea, espeziearentzat negatiboak direnak ere identifikatu zituen Aranzadiko ikertzaileak. Horietan nabarmena da zarata. Zarata handiko lekuak, normalean eremu urbanoenei loturikoak, ez ditu gustuko gure hontzak

 

Maitasun kantua neguaren muinean

Uluak entzun dira neguko gaue­an. Urubia ez da kikilduko iluntasunean, eta bere ugal eremua defendatuko du edozein mehatxuren aurrean. Bikoteak elkartuko dira eta ez dute baimenduko beste inor euren gunean sar dadin. Ugal garaia da eta hontzamotzak ez du bere ugaltzeko tokia galdu nahi. 

Nerea Pagaldaik urteak igaro ditu urubi arruntak ikertzen, eta horretarako erabilitako metodologiak anitzak izan dira. Anitzak, eta betiere, animaliarekiko errespetuzkoak. Nereak badu, ordea, hontza bat gogoan. Eta urubi hark ere izango zuen Nerea, ziur asko. Izan ere, Nerearen ustez, hontza hark ezagutu egiten zuen ikertzailea. Bere presentzia onartu egiten zuen batzuetan. Gertu gelditzen zitzaion, zuzen-zuzen begira. Hiru metrora adarrean, edota autoari begira ezer egin gabe. So. Espezie honekin lanean igarotako denbora guztian ez du parekorik aurkitu. Martuteneko hontza emea berezia zen hainbat arrazoirengatik. 

Hasteko, Nereak urubia oso txikitatik ezagutzen zuelako. Izan ere, Donostiako habia-kutxa batean jaiotakoa zen eta Aranzadi Zientzia Elkarteak berak eraztuna jarri zion, hegaztiei egiten zaien moduan, kode batekin, etorkizunean berriz ikusiz gero, identifikatu ahal izateko. Urte gutxitara, Nereak hontza bera Martutenen topatu zuen. Heldua zen jada. Eme heldu bat. 

Aranzadiko ikertzaileak gogoan ditu urubi harekin izandako pasarteak. Batetik, batzuetan animalia berarekin jolasean ari zela iruditzen zitzaiolako. Metro gutxira jarriz, hari begira, parez pare jartzen zen. Bestetik, behin haserretu egin zitzaiolako, eta ez nolanahi, gainera. Nerea habia ingurura gerturatu zen batean emeak burura egin zion eraso. Izan ere, urubi umeak habiatik kanpo zirela konturatu zen ikertzailea eta amari haiengana gerturatzea gustatu ez! 

Nereak bereak eta bi egin zituen urubi haren jarraipen pertsonala egiteko. Aparatu txiki bat jarri nahi izan zion bizkarrean bere mugimenduak ezagutzeko, baina urubia ez zen sarean erortzen. Aranzadikoek jartzen zituzten sareetatik hiru metrora gelditzen zen ikertzaileei begira «ni ez naiz eroriko» esanez bezala. Metodologia ere aldatu zuten, eta hala ere, ezer ez. Azkenean, Nereak, ia mozorroturik joan behar izan zuen egun batean, urubiak bera eta bere ibilerak ezagutzen zituenaren susmoarekin. Arropaz aldatu, ibilera ezberdinarekin ibiltzen hasi eta urubiaren gunera gerturatu zenean, urubia autoaren parean jarri zen. Nerea ez zuen ezagutu agian, baina bai autoa, itxuraz. Hor bukatu ziren ikertzailearen ahaleginak. «Irabazi duzu», esan zion hontzamotzari

Urubiak esango dizu...

Urubiak hiri eta baserri guneetako biodibertsitatearen bioindikatzaile bikainak dira. Harrapakariak herriguneetan izatea luxua da, ez soilik beste hainbat espezieren kontrolerako, baita biodibertsitatea bera osatzen duen sarearen goiko aldean daudelako ere. Harrapakariak non eta hiriguneetan! Hori dela eta, Urumea inguruan badira haientzat espreski jarritako habia-kutxak, eta bertan umatu izan dutela jakina da. Martutenekoa ere halako batean jaio zen. 

Urumeako parkeetan, berdeguneetan eta baserri guneetan, urubiak jartzen dio doinua gauari. Bien bitartean, udazkenean bezala, neguaren muinean ere maitasun kantu bat entzun da Kartola errekako arbola bihurrien artean. Basoak eta belardiak; baratzeak eta errekak… Hontzamotzak uluka jarraitzen du bere paradisuan. Gizakiak ere belarriak prest balitu inguruan zer duen konturatzeko…

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!