Erreportajeak

«Niretzako oso berezia da magia ikuskizuna euskeraz eskaintzea, are gehiago Martindegin»

Kronika - Erredakzioa 2024ko uzt. 5a, 00:00

Andoni Martinez de Ustaran, Andoni Magoa, aurreko emanaldi batean.

Andoni Martinez de Ustaran magoak emanaldia eskainiko du gaur arratsaldean Martindegin, «nire bigarren etxean». Argentinarra jaiotzez, hiru urte daramazki Hernanin bizitzen, eta duela gutxi estreinatu zuen 'DesOrekatua' ikuskizuna euskeraz, gaur San Ferminetan plazaratuko duena.

Oso saio berezia prestatu dute Martindegin, gaur arratsalderako, San Ferminak giro goxoenean hasteko. 'DesOrekatua' izeneko magia ikuskizuna eskainiko du Andoni Martinez de Ustaranek, Andoni Magoak, 17:00etan hasita. Horraino, oso interesgarria. Baina ñabardura asko dauzka gaurko saioak, are interesgarriago egiten dutena.

Argentinarra da Andoni Martinez de Ustaran, eta Hernanin bizi da egun, duela hiru urtetik. Necochean jaio zen bera, baina euskalduna du aita, eibartarra, bost urte zituela Argentinara bizitzera joandakoa. Eta euskaldunak zituen amaren aiton-amonak ere. «Duela 20 bat urte etorri nintzen Hernanira aurrenekoz, bisitan, eta hainbat bidaia egin ditut hona ordutik. Izan ere, nire arrebak bi hamarkada daramazki hemen bizitzen, eta bertan dauzkat bi iloba ere».

Gaur San Ferminetan eskainiko duen emanaldia, duela hiru hilabete estreinatu zuen euskeraz: «Euskaltegian daramazkit bi urte pasatxo, eta gogoa neukan ikuskizuna euskeraz prestatzeko. Euskaltegiko irakasleen laguntzarekin egin nuen, eta Pasaian eskaini nuen aurrenekoz, apirilean, Korrika Txikiaren baitan». 

«Oso berezia izan zen aurreneko saio hori. Nire aitaren eta nire arbasoen hizkuntza da euskera, eta orain, baita nire arrebarena eta ilobena ere. Hizkuntzaren barruan nire tokia aurkitu behar dut, eta horretan ari naiz; baina oso gauza polita da».

Ordutik, beste bost saio ere eskaini ditu euskeraz, baina gaurkoa izango du aurrenekoa gurean: «Hernanin lehenengo aldiz ariko naiz, eta oso berezia izango da ikuskizuna euskeraz eskaintzea; are gehiago Martindegin, nire bigarren etxean». Lotura berezia dauka auzoarekin, eta «familia giroa» espero du emanaldian: «Uste dut urduri egongo naizela, baina saio guztietan bezalaxe, euskeraz zein gaztelaniaz», dio berak.

«Magia ikuskizuna da, baina umoretsua eta zirku kolorea duena»

Magia ikuskizuna da 'DesOrekatua', baina «umoretsua», eta «zirkuaren kolorea» ere badauka, Andoni Martinez de Ustaranen arabera: «Familia giroan gozatzeko moduko emanaldia da, bai haurrentzat eta bai helduentzat. Ordubetez jolas egingo dugu, harrituko gara eta une dibertigarri bat pasako dugu», aurreratu du. Magoak berak «oso gustuko» du publikoarekin jolastea eta beraiek ere parte hartzea, «ahalik eta gehien gozatu dezaten».

14 edo 15 urterekin hasi zen magia egiten: «Betidanik gustatu izan zait. Nire aitona magoa zen; ez zen profesionala, baina magia egiten zuen. Eta nik txikitatik ikusi izan ditut zirkuko eta kaleko ikuskizunak. Neronek ere proba egitea erabaki nuen, eta liburu bat oparitu zidan aitak. Horrekin hasi nintzen, nire kaxa; eta ordutik, joaneko bidaia izan da soilik, atzera bueltarik gabekoa», kontatu du.

Kurtso batzuk egin zituen gerora, eta beste mago batzuekin ere ikasi zuen. Oso gazterik hasi zen mago bezala modu profesionalean: ekitaldi pribatuetan eskaintzen zituen emanaldiak Argentinan, eta duela 10 urte hasi zen kalean ere ikuskizunak eskaintzen: «Biak ditut oso gustuko, bakoitzak dauzka bere berezitasunak eta bere xarma; baina kalea oso oso berezia da niretzat; saioa herritar guztiei irekia izatea oso polita da».

Magiaren munduan ez ezik, beste diziplina artistiko batzuetan ere murgildu da Andoni Martinez de Ustaran. Esate baterako, musika ere ikasi zuen, eta proiektu bat dauka martxan egun, lagun batekin: Arbasoak taldea, Sebastian Ustarrozekin batera. «Ni bezala, Sebi ere Necochean jaio zen, eta Hernanin bizi da egun. Argentinako, Latinoamerikako eta Euskal Herriko musika uztartzen ditugu gure emanaldietan, eta kalean jotzen dugu», kontatu du.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!