Urumea bailarako txoko gehienak bete ziren ekintzez asteburuan. Hernaniarrek, Mendekoste jaiez gozatzeko aukera izan zuten, ostiraletik igandera bitartean. Pelota partiduek protagonismoa izan zuten, eta sukaldaritza lehiaketak ere sekulako arrakasta izan zuen auzotarren artean. Etxeberri-Floridako festez gain, Txalaparta festak ere ez zuen hutsik egin: Euskal Herriko eta Kataluniako sei txalapartari bikote aritu ziren larunbateko jaialdian. Hau amaituta, Iparragirren bazkari baten bueltan bildu ziren bertaratutakoak.
Astigartarrek, erosketak egiteko aukera paregabea izan zuten Ilarraren azokan, eta azokarekin batera, inguruko baserrietako abereen erakusketa ere izan zen.
Kultur Aniztasunaren eguna ere ospatu zen igandean, Ereñotzun eta Hernanin, gastronomia erdigunean jarriz. Izan ere, dastamenaren bitartez egin zuten mundu osoan zehar bidaia.