Badira euskaldunen historian toki bat eta bi data, bereziki esanguratsuak izanagatik, aski ezagunak ez direnak: Orreaga, 778 eta 824 urteetan. Horren inguruan ikertu eta sakondu du aspalditik Nabarralde Fundazioak, eta 'Orreaga 778-824' dokumentala ere kaleratu zuen 2012an. Dokumental horren partehartzaileetako bat izan zen Beñi Agirre Oiartzabal historialari hernaniarra.
Euskal Herriko historia eta Nafarroako Erresumaren ibilbidea gertutik ikertu izan du Agirrek, eta hori guztia modu erraz eta sintetikoan jasotzeko, 'Giza habitat ezkutatua' erakusketa osatu zuen, herriz herri ezagutarazi duena. Kontaketa hori Kronikara ekarri genuen joan den azaroan eta abenduan, lau erreportajeren bitartez. Baina laburtutako historia horretan, toki berezia egin nahi izan die Beñi Agirrek Orreagako gudei. Badagoelako zer kontatua eta zer nabarmendua, horien inguruko historia galtzaileek kontatu zuten arren, eta nahi adina arrasto, datu eta ezagutza ez dagoen arren.
Eudon Handia eta Charles Martel, bi protagonista mende erdi lehenago
Orreagako batailen kontaketa, hasi liteke 778ko hartan, edo hasi liteke mende batzuk lehenago, Erromatarren garaitik ordura arteko bilakaerak izango zuelako zeresanik. 711 urtean jarriko dugu aurreneko mugarria oraingoan. Europako mapa historikoei erreparatuta, ikusi daiteke 600 eta 700 urteen artean Baskonia ageri dela, godoek ia bere osotasunean menderatutako Iberiar penintsulan.
711 hartan, Iruñean zen Rodrigo, godoen erregea, hirira sartu nahian, harresien barruan erasoei eutsi zioten baskoien aurkako borrokan. Orduan iritsi zitzaion notizia: arabiarrak penintsulan ziren, lurraldea bereganatu asmoz. Menderatzen zuten lurraldea haundi geratzen hasia zitzaien godoei, eta indar berriak sortu ziren inguruan.
Carlomagnoren aldekoek kontatuta, baskoiek ustekabean erasotu zituzten 778an Orreagan, harriz, makilez eta ostikoz. Baina Erdi Aroko bataila krudela izan zen hura, berdinen artekoa, eta indarrez irabazi zuten euskaldunek.
Beren lurraldetik abiatu, eta bi adarretan zabaldu ziren arabiarrak: Bizantzioraino adar bat, eta Afrika iparralde osoa hartuz bestea. Itsasoz iritsiko ziren Siziliara eta Korsikara aurrena, eta 711n hartu zuten lur Iberiar penintsulan. Bertara iritsi zirela jakin bezain pronto, Iruñean zuen ejertzito osoa hartu zuen Rodrigo erregeak, eta Andaluziako Guadaletera jaitsi zen. Galdu egin zuen bataila hura, eta bere nagusitasuna zabaltzen hasi ziren arabiarrak, penintsulan barrena, abiadura bizian. Hiru urtetan, Andaluziatik Zaragozara iritsi ziren, godoen ahuleziaren erakusle; eta beste bi urtetan, Zaragozatik Iruñeara. Rodano ibaiaren ingururaino zabaldu zuten beste adar bat arabiarrek, Erromatar Inperioaren inguru osoa eskuratu nahian.
Bazuten indarra baskoiek, garai horretan, Iruñea hiriburu bezala hartuta. Eudon Handia zen haien buruzagia, eta arabiarrei aurre egin nahian, Toulousera abiatu zen 721ean. Bertan, mendean hartu zituen arabiarrak, baina Iruñea babesgabe zela baliatuta, gorantza egin zuten arabiarrek, Poitiers ingururaino.
Bigarrenez menderatu zituen Eudon Handiak arabiarrak, Poitiersen, kontakizunaren hari-muturrak lotuko dizkigun pertsonaiarekin batera: Charles Martel merobingiarrarekin. Europa iparraldetik jaitsi zen Martel, arabiarrei aurre egitera; eta berak eta Eudon Handiak elkartuta, arabiarrak menderatu eta hegoaldera atzera bidali zituzten, Iberiar penintsulara. Hortik aurrera, arabiarrek ez zuten gehiago egingo iparraldera.
Oso pertsonaia ezaguna zen Charles Martel, eta historia liburu ofizialetan, bera bakarrik agertzen da garaipen horren protagonista gisa. Baina bera bezain garrantzitsua, edo garrantzitsuagoa akaso, izan zen Eudon Handia, historia liburuetan txoko xume bat besterik izan ez duen arren.
Zein lotura daukan horrek Orreagako batailekin? Carlomagnoren aitona zen Charles Martel.
Carlomagnok Iruñea suntsitu ondoren, baskoiak Orreagan zain
Hurrengo urteetan, VIII. mendeko mapetan, bere lurraldearen gaineko kontrola galduta ageri dira euskaldunak. Frankoak Ebrora iritsita ziren, Pirinioak gaindituta; hegoaldean zeuden arabiarrak; eta mendebaldean Galiziako eta Asturiasko erresuma. Hiru inperio horien menpe zeuden euskaldunak, 778ko Orreagako gudaren aurreko urteetan.
Europa erdialdetik hegoalderako eta Afrikarako bidean, derrigorrezko pasabidea zen Orreaga. Beraz, bertatik pasa da mundu bat jende, eta bataila askoren eszenatoki izan da. Pasabide hura baliatu zuen Carlomagnok ere, Akitaniako errege zela, 778an. Eskaintza bat jaso zuen Carlomagnok: bere ejertzitoarekin Iberiar penintsulara jaitsi eta arabiarrak mendean hartuz gero, kristautasuna bertaraino zabalduko zuten. Horrela, bere ejertzito osoa hartu, eta bi adarretan banatu zuen Carlomagnok, Zaragozara iristeko: erdia Orreagatik barrena iritsi zen Iruñeara, eta bertatik Zaragozara; beste erdia, berriz, Mediterraneoko kostaldetik joan zen, Narbonatik. 10.000 lagun inguruko bi adar ziren, eta Zaragozan egin zuten bat, arabiarrak menderatzeko asmoz. Baina porrot egin zuen Carlomagnok, eta atzera egin behar izan zuen, Akitaniara.
Porrot hartatik bueltan, Iruñea suntsitu zuen Carlomagnok: harresia puskatu zuen, eta su eman zion hiriari. Aberastasunez eta altxorrez beteta hartu zuten Orreagarako bidea, Ibañeta edota Lepoederreko mendi inguruetatik, Donibane Garazi jaitsi eta Akitaniara iristeko. Baina baskoiak zain zeuzkaten Orreagan, Iruñeako gertaeren ondorioz antolatuta, Carlomagnori ordaina emateko.
Datu gutxiago dago 824ko gudaren inguruan, baina litekeena da 778koa baino haundiagoa eta gogorragoa izatea, hildako gehiagorekin. Baskoiek eta banukasitarrek bat eginda garaitu zituzten Pepinen eta Eblo eta Aznar kondeen tropak.
Bataila hura zehazki non gertatu zen, ezezaguna da oraindik, ez baita ezer esanguratsurik aurkitu. Nola gertatu zen ere ez dago garbi, eta kontakizunak ere mota guztietakoak dira. Kontua da bataila bat izan zela bertan, eta baskoiek indarrez menderatu zutela Carlomagno.
Galtzaileek, Carlomagnoren aldekoek, honakoak aipatu zituzten guda hari buruz: baskoiak mendian ezkutatuta zeudela, ustekabean harrapatu zituztela, harriekin, makilekin edota ostikoka erasotu zituztela leku ezkutu batetik pasatzean... Horrela irabazi omen zieten baskoiek.
Erdi Aroko bataila krudela
Imajinazioa lanean jarri eta saiatu gaitezke irudikatzen tropel hura: 20.000 lagun, Iruñeatik Orreagara bidean. Batzuk zaldiz, besteak oinez. Ejertzito bat, eta haien atzetik herri oso bat, soldaduak baino gehiago behar zirelako: medikuak, erizainak, arotzak... Imajinatu 20.000 lagun ilaran, Iruñetik Orreagara. Zenbat denbora beharko zuten? Zaldiz, egun bakarra; oinez, bi egun akaso; eta idiekin eta gurdiekin zijoazenek, astebete beharbada. Beraz, bataila hura ez zen gertatu leku bakar batean.
Bada esan zuenik mila lagunek osatzen zutela Carlomagnoren ejertzitoa, eta 300 baskoi nahikoak zirela, ingurunea ondo ezagutzen zutenak. Baina ez ziren mila izan, 20.000 baizik. Pentsa zer dioen 'Le Chanson de Roland' poemak, Carlomagnoren bizitza modu epikoan kontatzen duenak, berari protagonismo osoa emanez eta Erromako Aita Santuaren ordezkari gisa hartuz. Poemak dio 400.000 arabiar abiatu zirela Carlomagnoren atzetik, hura menderatzeko. Arabiarrek 400.000 lagun behar zituzten, eta baskoiek 300 lagun nahikoa omen...
Poema epikoak eta ustekabean harriz, makilez zein ostikoz egindako erasoak atzean utzita, Erdi Aroko bataila krudel bat izan zen Orreagan 778an gertatu zena. Eta euskaldunek ez zuten irabazi asko zirelako, baina ezta ustekabean harrapatze hutsagatik ere. Aurrez aurreko borrokan bat izan zen hura, berdinen artekoa, eta indarrez nagusitu ziren baskoiak.
Lehenago ere arituta zeuden gerran, armak zeuzkaten, ezagutzen zuten lekua, eta baita gerrako estrategiak ere. Izan ere, Erromatarren garaian, baskoiek parte hartzen zuten erromatarren ejertzitoan. Sei mendez izan ziren harremanetan erromatarrekin, eta haiek zerbait ezaguna bazuten, batailarako estrategiak ziren. Landu egiten dituzten gerrarako estrategiak, horretatik bizi baitziren. Beraz, tarte horretan euskaldunek ikasi egin zuten, estrategiak prestatzen ez ezik, baita armak egiten ere. Burnia bazuten, eta hura lantzeko ezagutza ere bai. Euskaldunak ez ziren ezjakinak, eta kontu ezaguna da, oso abilak zirela azkona edo lantza txikiekin, eta baita zaldi gainean ere.
Finean, euskaldunek bataila hura irabazi zuten beste ejertzitoak adinako indarra zutelako, bestela ez zuten posible izango. Carlomagnoren 12 buruzagiak hil zituzten, eta altxortegi guztia kendu zioten.
Carlomagnoren hilobia da porrot haren erakusle. Akisgranen dago lurperatuta, egungo Alemaniako lurralde batean. Hilobien aurreko aldean, jarri ohi zituzten hildakoaren lorpen haundienak, haren omenez. Eta 'Pampelune' (Iruñea) ageri da Carlomagnoren hilobian. Europa osoan zehar gerran ibili zela kontutan hartuta, Orreagako porrotarekin minduta behar zuen Carlomagnok, Iruñea bere hilobian jartzeko...
Carlomagnoren bilobak ere porrota, baskoien aurrean
Ez zen hura izango Orreagako azkeneko bataila, noski; eta ezta Charles Martelen ondorengoek bertan porrota jasoko zuten azkeneko aldia ere. 824an, Pepinek, Carlomagnoren bilobak, bere tropak Orreagarantz bidali zituen, Akitanian nagusitu ondoren. Iruñea hartzea zen bere asmoa, eta horretarako, Aragoiko Eblo eta Aznar kondeen laguntza zeukan Pepinek.
Une hartan Iruñea ez zen erresuma bat, baina bazeuden zenbait buruzagi baskoi: Eneko Aritza, Belasko... Eta haiek ere bazeukaten bere aliantza: Banukasitarren laguntza izango zuten. Ebro bailarako biztanleak ziren banukasitarrak, jatorriz baskoiak, baina erlijioz musulmanak. Islamaren erlijioan sinesten zuten, baina baskoien familiatakoak izanik, harremana zeukaten haiekin.
Iruñeko baskoiek, Eneko Aritza buru zutela, eta banukasitarrek, Orreagan egin zieten aurre Pepinen eta Eblo eta Aznar kondeen tropei, eta baskoiak nagusitu ziren berriro. 778koaren inguruan zehaztasun nahikorik ez badago, are datu gutxiago dago 824ko batailaren inguruan. Arabiarrek eta frankoek bataila horri buruz kontatutakoak badaude, baina euskaldunek oso aipamen gutxi egin diote bataila horri. Horietako bat da Josef Moret historialari iruindarrarena. Dioenez, sarraskia izan zen, eta hildako kopurua, beharbada, haundiagoa izango zen Carlomagnoren aurkako batailan baino. Beraz, litekeena da 824ko guda hura haundiagoa eta gogorragoa izatea 778koa baino, baina Pepinek ez zeukan Carlomagnoren fama. Haien kronikariek diotenez, Eblo eta Aznar kondeek armada osoa galdu zuten Orreagan. Eskarmentu odoltsu harekin, frankoen gogoak itzali zituzten Iruñea erasotzeko, ondorengo kroniketan ez baita halako saiakerarik ageri.
Orreagako bigarren garaipenaren ondorio, Iruñeko Erresumaren sorrera
824ko garaipen haren ondoren, Iruñeko Erresuma sortu zuten baskoiek aurrenekoz, eta Eneko Aritza izan zen lehenengo erregea. Aurretik ere izan zen jende indartsua gurean, baina buruzagiak izan ziren haiek. Euskal lurraldean zehar, buruzagi mordoxka bat izan ziren, batera jokatzen zutenak. Erresumaren gisako egiturarik, ordea, ez zen izan 824ra arte.
Erresumak buru bat zuen, erregea; eta gorte bat, kide indartsuenekin osatutako parlamentu bat, indar militarrak eta elizaren indarrak. Egitura sendo bat zeukan erresumak, edozein momentutan ahalbidetzen ziona beste erresuma bati aurre egitea, arabiarrei, Asturiasko godoei edota frankoei. Bere zerga propioak kobratzen zituen, eta erregeak bere agintepean zeukan ejertzitoa.
Egitura horrekin, bere lurraldearen gaineko nagusitasuna indartu zuten baskoiek, eta baita lurralde haundiago bat eskuratu ere, hurrengo mendeetan. Defentsarako eraikitako gazteluak eta inguruko herri eta tokien izenak dira euskaldunen lurraldea izan zenaren erakusle. Iruñeko Europan aitortutako erresuma bat zen Nafarroakoa, eta hala ageri zen oraindik 1512ean: Nafarroa bere armarri propioarekin ageri zen, Europako erresumen artean.