Giza habitat ezkutatua

Foruei 'egurra' ematea, konkisten hurrengo urratsa

Kronika - Erredakzioa 2023ko abe. 16a, 00:00

Jacques Louis Daviden koadroa, 'Serment du Jeu de Paume' irudikatuz. 1789ko ekainaren 20an, Versaillesko jauregiaren ondoko pilotalekuan, 577 ordezkaritik 576k (gehienak Hirugarren Estatukoak), zin egin zuten Frantziarako Konstit

Lurraldearen nagusitasuna galdu ondoren, Foruak deuseztatzeko borrokari egin behar izan zioten aurre euskal lurraldeek: Iraultza Frantsesak ezabatu zituen Iparraldekoak, eta Gerra Karlisten ondorioz galdu zituzten foru eskubide eta berezitasun guztiak Hegoaldean.

Aurreko hiru ataletan ikusi dugu konkista bidez subiranotasuna galdu izanaren historia. Erresuma bat ginen, Europako beste erresumen pare funtzionatzen zuena, independentea eta onartua. Baina Bidasoatik gorako lurrak geratu ziren Frantziako Erresumaren menpe, eta hegoaldekoak Espainiako Inperio edo Erresumaren menpe. Nafarroako Erresuma puskatutakoan, foruen defentsa geratu zitzaien euskaldunei; identitatearen defentsa, alegia. Eta horri ere egurra ematea izan zen, hain juxtu, konkistaren hurrengo pausoa, Frantziaren eta Espainiaren eskutik.

Bi mendez, 1589tik 1789ra, Frantziako erregeak honako izendapena izan zuen: 'Roi de France et de Navarre'. Frantziako eta Nafarroako Erregea, alegia. Ez Nafarroa osokoa, noski, Baxenafarroakoa baizik. Izan ere, erresuma independente bat zen Baxenafarroa, oraindik ere. Hortaz, errege hura zen bi erreinuen errege: buru bakarra, bi erresuma.

Baina 1789an Iraultza Frantsesa iritsi zenean, bere 'Liberté, Égalité, Fraternité' leloarekin, berezitasun guztiak ezabatu egin zituen. Eta Foruak hartu zituzten frantziar batzuen pribilegio gisa. Beraientzat, subjektu politikoa ez ziren euskaldunak, frantziarrak baizik: euskaldun horiek, lehenik eta behin, frantziarrak ziren, Frantziako Erresumako biztanle guztiak bezalaxe. Eta hori horrela, denek izan behar zuten berdinak askatasunaren, berdintasunaren, aniztasunaren izenean; baina ez gure berdintasunaren kontzeptuan, uniformetasunaren kontzeptuan baizik: 'Denak izan behar zarete berdinak; ni bezalako berdinak, hain zuzen ere'. Hortaz, denak ziren frantziarrak, berdin bretoiak eta euskaldunak. Frantses bilakatu zituzten.

Iraultza Frantsesak Luis XVI. erregea gillotinara eraman ondoren, Konbentzio Nazionalaren aurreneko erabakia izan zen Zuberoa, Lapurdi eta Baxenafarroko Foruak ezabatzea. Berdintasunaren izenean, Frantziako Konstituzioak ezarri zuen nazionalitate bakarra eta lege bakarra.

Gutxiespen mezua, Iraultza Frantsesaren ideologoek: 'Euskera, fanatismoaren hizkuntza'

Nazionalitatearekin eta legearekin gertatu bezala, hizkuntzak ere jaso zuen Iraultza Frantsesaren erasoa. Hizkuntza bakarra zegoen Frantzia osorako eta frantziar guztientzako, eta gutxiespen mezua helarazi zuten, gainerako hizkuntzen inguruan: «Federalismoak eta superstizioak behe-bretoiera hitz egiten dute; emigrazioak eta Errepublikarekiko gorrotoak alemanieraz hitz egiten dute; kontrairaultzak italieraz hitz egiten du; eta fanatismoak euskeraz». Bertrand Barérek, Iraultza Frantsesaren ideologoetako batek, 1789an egindako aldarrikapenak dira horiek, eta islatzen dute aurrez aipatutako uniformetasunaren ideia, aditzera emanez frantziarrak ez ziren guztiak etsaiak zirela.

Iraultza Frantsesaren ondoren, Napoleon Bonaparte iritsi zen agintera, eta berriro mahai gaineratu zuen Inperio Frantsesaren planteamendua: 'Frantzia izan behar da Europa osoa'. Horretarako, ekimen militar bat markatu zuen Napoleonek, Europako gainerako lurraldeak bereganatzeko eta Inperio Frantsesa osatzeko. Baina asmo horretan, topo egingo zuen dagoeneko nahiko asentatuta zeuden erresuma batzuekin.

Frantziako Inperioa bere gorenean, 1812an: purpuraz Frantzia, urdinez bere basailuen lurraldeak, eta marra gorriz Frantziaren eragina Errusiaren inbasioaren bezperan.
 

Espainiaren aurreneko konstituzioa, 1808an Baionan sinatutakoa, Foruen aipamenarekin

Inperioa zabaldu nahian, eta Portugalera sartzeko aitzakian, Napoleonek paktu bat egin zuen Espainiako erregeekin, bertatik pasa ahal izateko. Baina, azkenerako, Espainia kiebra egoeran zegoela eta, Karlos IV.a eta Fernando VII.a aita-semeek uko egin behar izan zioten beraien erregetzari, truke baten bitartez, Napoleonen mesedetan. Orduan, Napoleonek José Bonaparte bere anaia izendatu zuen Espainiako errege, eta horrekin batera, baita Espainairen kolonia guztietako errege ere.

Egoera horretan, 1808ko uztailaren 7an, San Fermin egunez, 'l'Acte constitutionnel de l'Espagne' sinatu zuten Baionan; Espainiako Akta Konstituzionala. Hortaz, Espainiaren lehenengo konstituzioa ez da 1812koa; ez da 'La Pepa' deitu ziotena. Horren aurretik, beste konstituzio bat izan zuen Espainiak, Frantziaren kolonia zen garaian.

Konstituzio horrek bazuen berezitasunik, euskaldunoi dagokigunean. Izan ere, Baionako Konstituzio horren 144garren artikuluak dio Nafarroa, Bizkaia, Gipuzkoa eta Arabako foru partikularrak, lurralde foruak, Gorteen lehenengo batzarrean aztertuko direla, eta bertan erabakiko dela zer den komenigarriena probintzia horietarako eta naziorako (eta nazioaz ari denean, Frantziaz ari da). Napoleoni norbaitek esan zion: 'kontuz, euskaldunek badaukate bere izaera propioa, espainiarra ez dena'.

Eztabaida horretan ez ziren sartzen Ipar Euskal Herriko foruak, Napoleonek frantziartzat zituelako, eta kitto. Baina Espainiara iristean, Hego Euskal Herrian topatu zuen Lapurdik, Zuberoak eta Baxenafarroak zeukaten sistema berbera. Alegia, sistema juridiko propio bat zeukaten Nafarroak, Bizkaiak, Gipuzkoak eta Arabak, Iparraldeko hiruek ere bazeukatena, Iraultza Frantsesak ezabatu aurretik.

Esan bezala, konstituzio horretan erreferentzia egiten zitzaien foruei, eta beraz, onartu egiten zen lurralde horietan bazeudela berezitasun batzuk, oraindik ere. Hori aldatu egin zen 1812an, Espainiako Konstituzioa egin zutenean. Horretan ez ziren kontuan hartu lurralde foruak, ez berezitasunak. 'La Pepa'ren arabera, hori guztia ez zen existitzen. Izan ere, Frantziak Iraultza Frantsesaren ondoren hartutako estiloa kopiatu, eta subjektu politiko bakarra ezarri zuen Inperio osoan: espainiarrak. Eta legea ere, bat eta bakarra ezarri zuten. Hortaz, uniformetasunak ezaugarritu zituen Frantzia eta Espainian.

Napoleonek porrot egin zuen, ez baitzuen lortu Europan bere Inperioa zabaltzerik. Eta porrot hori baliatu zuen Espainiak bere independentzia berreskuratzeko, 1813an Independentziaren Gerra irabazita. Frantziaren menpe egon zen ordura arte. Inperioaren porrotarekin, gaur egun ezagutzen dugun lurraldera murriztu zen Frantzia, gainerako herriek beraien nagusitasuna berreskuratuta. Herrialde berriak ere sortu ziren, lurralde batzuetan.

Karlistadak, foruak berreskuratzeko borroka euskaldunentzat

Guzti horren erroan sumatzen da foruak daudela, euskaldunoi dagokigunean. Foruak aldarrikatu eta borrokatzen ziren hemen, eta foruak ezabatu nahian ari ziren Frantzia eta Espainia. Eta egoera horretan iristen gara Gerra Karlistetara.

Karlistadek badute zerbait ma­txinadatik, erregimen aldaketatik, eta badute zerbait independentzia gudalditik. Foruen de­fentsa, nazioaren defentsa da. Askotan, saldu izan dizkigute erlijio gerrak bezala. Baina ezinezkoa da hori, bi bandoetan zeudelako kristau, katoliko eta apostolikoak. Aipatu izan da erregimen zaharraren eta berriaren arteko borroka ere. Baina zein da zaharra eta zein berria? Gurean, foruen eskubideak ziren erregimen zaharra, eta 1812ko konstituzioa erregimen berria; izendapen hori eman zioten bere buruari.

Tomas Zumalakarregi ormaiztegiarra.
 

Eta funtsean, euskaldunentzat foruak berreskuratzeko borroka izan ziren Karlistadak. 1834an, Lehenengo Gerra Karlistan, Jose Antonio Zurbanok, Nafarroako Diputazioaren ordezkariak, honakoa azaldu zien Madrilgo espioitza agenteei, gutun baten bitartez: «Zumalakarregiren aldarrikapen batek dio, Nafarroako Erresuma eta Euskal probintziak Errepublika Federal bihurtuko direla; eta, horretarako, gerra egoerak aukera eman bezain laster, erakundeak deituko direla». 

Hortaz, Carlos Maria Isidroren koroazioaren alde baino, Tomas Zumalakarregi borrokan ari zen, bando karlistan, Euskal Errepublika bateratu bat sortzeko. Eta hori lortzeko, aurrena gerra irabazi behar zuen. Baina Zumalakarregi Bilbon zauritu zuten 1835ean, eta Zegamara ekarrita, bertan zendu zen. Gerrak jarraitu egin zuen beste bost urtez, eta galdu egin zuten karlistek.

Gerrak galtzeak, ondorio ugari

Gerra galtzeak, hainbat ondorio ekarri zituen gurean. Eta ondorio horiek erakusten digute, era berean, zein berezitasun zeuden Euskal Herrian. Batetik, aduanak lekualdatu zituzten, eta ordura arte Ebron, Balmasedan, Orduñan edota Gasteizen zeuden aduana haiek, mugitu zituzten itsas portuetara eta 1659an marraztutako banaketaren mugetara; Pirinioetara eta Bidasoara, alegia. Txanpon propioa egiten jarraitzeko debekua ere ezarri zieten euskaldunei. Horrek esan nahi du, euskaldunek txanpon propioa zutela horren aurretik. Eskola eta hezkuntza sistema ere uniformizatu egin zuten, Madrilen erabakitako sistema bakarra ezarriz. Uniformizatu egin zuten udalak osatzeko legedia ere, Espainiakoaren berbera finkatuz. Alegia, ordura arte ezberdinak zirela udalak antolatzeko hemengo legediak ere. Eta Justizia eskumenak ere, lekualdatu egin zituzten, udal eta lurraldeetatik kendu eta Audientzietara edo Lehen Instantziara bideratuta. Horren aurretik, beraz, udaletan justizia egiteko aukera zegoen gurean, baina debekatu egin zuten hori, eta Madrilera pasa.

Bigarren Gerra Karlista galtzeak ere izan zituen bere ondorioak. Hasteko, Antonio Cánovas del Castilloren gobernuak erabaki zuen Foruak erabat deuseztatzea, Iraultza Frantsesak hartutako posizioa bere eginda. Aurrerantzean ez zen izango Forurik, eta Espainia izango zen bat eta bakarra. Odol zerga ere ezarri zuten, eta derrigorrezkoa izango zen, aurrerantzean, Espainiako ejerzitoan soldaduska egitea. Hori baino lehen, ejerzito foralak zeuden, beren buru propioekin, eta haien aginduetara zeuden hemengo soldaduak, ez Madrilekoen agintera. Hortik aurrera, ordea, denak izango ziren Espainiako ejerzitoaren soldadu.

Gobernadore zibilak ere ezarri zituzten probintzia bakoitzean, eta zergak zuzenean Estatuko ogasunari ordaintzeko agindua ezarri zuten. Azkeneko atal hori, ordea, baliogabetu egin zuten azkenean. Izan ere, kasu gehienetan, Estatuko ordezkariei ezinezkoa egiten zitzaien kobraketa egitea, hemengo herritarrak matxinatu egiten zirelako. Horren ordez, paktu bat egin zuten lurraldeko elitekoekin: bertakoak arduratuko ziren zergak kobratzeaz, eta ondoren konponduko ziren beraien artean. Eta horixe da, hain juxtu, kupoa. Kupoa da, foruen filosofiatik geratzen zen apurretik, atal txiki bat, betiere menpekotasun baten baitan.

Francisco Jorge Torres Villegasek 1852an osatutako mapa. Espainiako Liburutegi Nazionalean dago gordeta, Madrilen.
 

Espainia uniformea, asimilatua eta forala

'Giza habitat ezkutatua' erakusketaren panelean ikus dezakegu, lerro hauen gainean ageri den mapa. Francisco Jorge Torres Villegasek egindakoa da, 1852an; bi Gerran Karlisten artean, hain zuzen ere. Espainiako Liburutegi Nazionalean dago gordeta, Madrilen. Eta mapa horrek, oso ondo irudikatzen du zer zen Espainia garai horretan.

Batetik, badago lurralde zati bat, 'España uniforme o puramente constitucional' bezala izendatutakoa. Espainia uniformea da hori, konstituzio berberaren pean dagoena; Espainia bat eta bakarra. Badago beste lurralde bat, 'España incorporada o asimilada' bezala agertzen dena. Aragoi, Katalunia, Valentzia eta Balearrak hartzen ditu bere baitan. Espainia da hori ere, baina badauka berezitasunen bat, ez delako Espainia uniformearen parte. Eta azkenik, badago 'España foral' bat, bere lurraldean konpetentzia daukana, Foruek baimentzen dizkioten hainbat jarduera egiteko.

Eta 1852an espainiarrek egindako mapa horrek argi erakusten du gaur egun arte dirauen gatazkaren muina: Espainia eta Frantzia uniformeak saiatzen direla, nor bere aldean, dena uniformea izan dadin; eta aitzitik, 'asimilatuak' eta 'foralak' borrokatzen ari direla beren eskubideak ez galtzeko, eta ezinezkoa bada, independentzia berreskuratzeko.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!