Gabonetan sortzen den gehiegizko kontsumoari erantzun bat emateko asmotan, arropa, jostailu eta liburuen azoka jarri dute martxan Amherrek eta Hernaniko Errugbi Klubak, hirugarren urtez jarraian. Helburua etxean ditugun arropa eta produktuak berrerabiltzea da, eta inor ez gelditzea oparirik gabe gabonetan. Abenduaren 8an jarri zuten martxan azoka Andre Kaleko 3. zenbakian eta asteburuetan egongo da zabalik, urtarrilaren 7ra arte.
Larunbatetan goizez zein arratsaldez joateko aukera egongo da, 10:30etatik 13:00etara eta 16:30etatik 19:00etara; eta igande eta jaiegunetan, berriz, goizeko ordutegia izango du.
Antolatzaileen esanetan, dagoeneko jende asko hurbildu da, bai guraso eta bai haur, eta gauza ugari ekarri dituzte: «Pixkanaka geroz eta jende gehiago enteratzen ari da. Jostailuen gehiengoa errugbikoek biltzen dute, baina askok gure lokalaren albotik pasatzean atea zabalik dugula ikusten dute eta opariak ekarriko dituztela esaten digute». Gehienbat jostailuen bila datoz herritarrak: «Kamioiak, kotxeak edo sukaldeak nahi izaten dituzte, baina gu saiatzen gara libururenbat edo puzzlerenbat ere eskaintzen».
Haurrek opariak birziklatu ditzaketela ikasteko modua dela diote, jostailuak ekartzera etortzen direnean ikusten baitute aukera dutela beste zeozer eramateko etxera: «Gustura ekartzen dituzte gauzak eta are eta gusturago bueltatzen dira etxera opari batekin».
Antolatzaileek herritarrei gogorarazi nahi die gabonetako azoka unean uneko kontua dela, baina urte osoan zehar ere herritarrek ekarritako arropa eta mantak jasotzeko biltegia zabalik izaten dutela, 17:00etatik 18:30etara: «Logistika-kontuengatik, urtean zehar arropa ematea eta jasotzea baino ezin dugu kudeatu».
Ordutegi horietan bertaratu ezin diren pertsonek Amherren telefonora deitzeko aukera izango dute, beste ordu bat koordinatzeko: 667710928
Eskertzak antolatzaile eta parte hartzaileei
Amherrek azoka aurrera ateratzea posible egiten duten norbanako bakoitzari eskerrak eman nahi izan dizkie: Hernani Errugbi Klubari: «Jostailuak biltzeko ekimenagatik, balioetan heziz eta gure ondoan bizi direnen erralitatea ikusaraziz, bitartekorik ez dutenena»; herritarrei: «Banaka edo kasu honetan bezala, Errugbi Klubaren bitartez, urte osoan zehar arropa, objektu eta jostailuak bidaltzen dizkiguten guztiei» eta biltegia kudeatzen, koordinatzen eta antolatzen duten boluntario guztiei.