Iritsi da etxea argiz eta apaingarriz betetzeko garaia, hemen dira urte amaierako festak: Gabonak. Neguko jai hauek, askorentzat bereziak izan ohi dira eta askok sormena lantzeko eta zabaltzeko erabiltzen dute. Horregatik, ondorengo lerro hauek, etxea apaintzea gustuko duten horientzat doaz.
Hasteko, Gabonetan etxea apaintzeko apaingarri aproposenak landare artifizialak dira; izan ere, mantentze-lanik ez dute eta itxura ederra izaten dute egunero. Neguan sartuta gaude bete-betean, eta etxean berogailua piztuta egoteak landare naturaletan kaltea egin dezake, beraz, gomendagarriena horixe da: landare artifizialak erabiltzea; behin Gabonak amaituta, materiala jaso eta datorren urteetarako ere balio dute eta.
Gabonetarako etxea apaintzeko inspirazioarik ez baduzu, ondoren aipatuko ditugu etxea apaintzeko zenbait ideia. Batetik dago, ateko koroa. Portaletik edota etxeko sarreratik pasatzen den oro ohartuko da Gabonak ospatzen dituzuela etxean. Eta lanetik etxera zoazenean ere, koroa ikusi eta Gabonak ate joka ditugula ohartuko zara, etxekoekin egoteko garaia, abesti zaharrak kantatzeko garaia, ardo botila bat irekitzeko garaia, aitonaren kontu zaharrak entzuteko garaia....
Etxea apaintzeko beste elementu garrantzitsu bat zuhaitza izan daiteke. Askorentzat, zuhaitza etxeko dekoraziorako funtsezko pieza da, nahiz eta zuhaitz artifizial txiki bat izan. Gaur egun gainera, material, tamaina, kolore, forma eta prezio guztietako gabon zuhaitzak daude, gustu eta poltsiko guztietarako aproposak hain zuzen. Zuhaitzaz gain, Gabonetako galtzerdiak ere ezinbestekoak direla diote batzuk.
Kandela batzuk, anana, granada edo baia gorri txiki batzuk etxeko mahaian jarriz, dotore geldituko da etxea, Gabonen kutsu eta usainarekin. Balkoia izan edo ez, ez ahaztu leihoak girnaldekin, kanpaiekin eta beste apaingarri batzuekin jantzi daitezkeela. Oso itxura ona dute, kanpora ere bizitza gehiago emango du.
Bakoitzaren irudimenaren eta sormenaren araberakoa da etxea apaintzea. Askotan, dekorazio ukitu txiki batek, etxeari sekulako nortasuna ematen dio. Gabonak gustuko badituzu, beraz, animatu eta apaindu etxea; izan ere, oso jai laburrak dira, gutxien espero duzunean, dena amaituko da eta ohiko dekoraziora itzuli beharko dugu.