Ate joka ditugu Gabonak, eta horrekin batera, Olentzero, opariak eta otordu amaigabeak. Haurrentzat eta tokiko komertzio askorentzat oso data garrantzitsuak dira urte amaiera iragartzen duten festa hauek. Gurasoentzat, aldiz, buruhaustea izan ohi da haurrentzat egokiena zer den asmatzea; izan ere, honelako galderak izan ohi dituzte buruan bueltaka: zer erostea komeni da? Oparia jolaserako edota hezteko tresna bat da? Galdera hauei erantzun ederrak eman dizkiete Ikasbileko adituek.
«Lehenengo erosi edo ez erosi erabaki behar dugu, ohituta ez bagaude ere jostailuak birziklatzea edo partekatzea ere posible baita», azaldu dute adituek. Era berean, erosteko erabakia hartzen bada, zeri begiratu behar zaion aholkatu dute: «Adina kontuan hartu behar da, horren arabera garatzen baitira gaitasun batzuk. Horrez gain, gizartea nolakoa den aztertu behar da; gizarte patriarkala da gurea. Gu umeari gizarteak eman ezin diona ematen saiatzen gara. Neska edo mutila izan, gauza positiboak transmititzen saiatu behar dugu».
Behin oparia erosiko dugula erabakita, hurrengo pausua, beraz, zein da? Adituek gomendatu dute adin tarte bakoitzaren araberako erosketa egitea; hau da, «hasieran, ukimena, entzumena eta ikusmena lantzea da egokiena; behin 6 hilabetetik aurrera mugikortasuna handiagoa da, eta psikomotrizitatea lantzea komeni da».
3 urtetik aurrerako haurra, dagoeneko bere gorputza ezagutzen hasiko da, nolakoa den ulertzen, eta gaitasun batzuk bereganatzen eta ezagutzen hasiko da. Horrenbestez, adituen esanetan, «ibiltzen, korrika egiten eta hitz egiten badakite, normalean; ipuinak, jolas sinbolikoak eta ukimena lantzeko jolasak dira egokienak. 3-5 urte artean mozorroak, panpinak eta kotxetxoak erabiltzeko moduan izaten dira».
6-10 urte artean, aldiz, «abstrakzio kognitiboa garatzen» hasten direla nabarmendu dute adituek, eta horregatik, galdera jolasak, sinboloak, musika tresnak eta ordenagailuak erostea komeni dela gaineratu dute: «10-11 urtetik aurrera logika garatua izaten dute. Pentsatu, aztertu eta interpretatzeko moduan izaten da haurra; horretarako, mahai-jokoak, amaiera desberdineko ipuinak eta elkarlanean aritzeko jokoak komeni dira».
Jostailu bat erostea, «erraza» da, asmatzea da «zaila», hala aitortu dute adituek. Beraz, ondorengo gomendioa luzatu diete gurasoei: «Erosi aurretik pentsatu. Jostailuen bidez hainbat balio transmititzen dizkiegu haurrei. Gurasoak ez gara laguntzaile soilak; hezitzaileak ere bagara».