Gabonetako erosketen gastua kontrolatzea ez da lan erraza, batez ere haurrak dauden etxeetan. Horregatik, komeni da Gabonetako erosketak preziorik onenean eta xehetasunik ahaztu gabe egiteko gomendio erraz batzuk kontuan hartzea.
Lehenik eta behin, oparien zerrenda eta aurrekontua egitea da gomendagarriena. Gehienezko aurrekontu bat ezartzeak gastu gehiegizkoak edo aurreikusi gabeak egitea saihestu dezakeelako. Gainera, opari-zerrenda bat egiteak zer denda bisitatuko diren erabakitzen laguntzen du, eta erosketak arintzen ditu.
Bigarrenik, establezimendu seguruetan erostea da egokiena. Denda fisikoetan, gure kasuan herriko komertzio txikietan. Kontsumoko Arbitraje Sistemari atxikitako establezimenduetan egin behar da. Bide honek bermatzen du, erreklamazioren bat izanez gero, ebazpena doakoa, azkarra eta inpartziala izango dela.
Erosketetan aurreratzea izango litzateke hirugarren aholkua. Krisiak erosketak azken unera arte atzeratzeko joera areagotzen duen arren, Gabonak baino aste batzuk lehenago opariak erosteak aurrezten laguntzen du.
Internetez ere erosi daiteke, egungo gizartean funtsezko tresna bihurtu baita opariak bilatzeko eta prezioak konparatzeko. Hala ere, tokiko komertzioaren aldeko apustua egite aldera, Gabonetako erosketak egiteko non hobe etxe ondoko komertzioan baino? Beraz, badakizue, egin komertzio txikian erosteko hautua, orain inoiz baino gehiago behar baitute.
Erosketa tiketak gordetzea ere oso garrantzitsua da, komeni da erosketen frogagiriak, fakturak eta tiketak berme bakartzat gordetzea, aldaketak, itzulketak edo erreklamazioak egin ahal izateko.
Era berean, aditu askok diote, opari-txartela hautatzea dela gomendagarria. Izan ere, establezimendu jakin batean gastatu daitekeen diru-kopuru jakin bateko txartela da. Aukera ona da zer oparitu ez dakigunean edo oparitzen zaion pertsonaren gustuak ezagutzen ez direnean.
Eta azkenik, jostailu bat oparitzen denean, kontuan hartu behar da etiketak jostailuen segurtasun-marka (Europako adostasuna) eta fabrikatzaileari edo inportatzaileari buruzko informazioa izan behar dituela.
Kontutan hartu beharreko jostailuen ezaugarriak
Era berean, Euskal Herriko Kontsumitzaileen Antolaketak (EKA) Gabonetan gurasoek opariak erosi edota aukeratzeko garaian kontutan izan beharreko zenbait ezaugarri elkarbanatu ditu: Jostailuek, ondo pasarazteaz gain, seguruak izan behar dute haurrarentzat; Produktu batzuek ez dituzte Europar Batasunak zehaztutako arauak errespetatzen; kontuz ibili behar da aukeratzerakoan; Jostailu bakoitza adin tarte baterako da egokia; gurasoek txikitatik heziketa sexista, oldarkor eta arrazista alboratzea beharrezkoa da; Jostailuak funtzionatzen duen ikusi behar da; etiketan jostailuaren izenak, zergatiak, markak, egilearen helbideak eta herrialdeak zehaztuta egon behar dute irakurtzeko eta ulertzeko moduan; Jostailu bakoitzean zehaztuta egon beharko du zein adinetarako den egokia; jostailua nola erabili behar den eta zer arrisku dauden ere ohartarazi behar da; Jostailuak segurtasun arau guztiak betetzen baditu, Europako homologazio probak pasatu dituen seinalea eduki behar du; Haurraren izaera kontuan izan behar da opariak erosteko garaian; Haurrek sortzeko gaitasuna landu behar dute, daukatena baloratzen ikasteko. Jostailuak etorkizunean erabilgarri izango diren balioak ezagutzen lagundu behar dio haurrari: partekatzea, taldean jolastea, erlazionatzea...; eta jostailua erostean ordainagiria eskatu behar da beti; urtaro jakin baterako soilik ez diren dendetan erosi jostailuak.