Zer geratzen zaigu, subiranotasun osoa galdu ondoren? Subiranotasun politikoaz ari gara, noski. Oraindik ez dute gure hizkuntza menderatu, eta batu egiten gaituen erreferente bat da hori, zalantzarik gabe. Euskal Herriaren kontzeptua ezin da ulertu euskerarik gabe. Baina ikuspegi politiko batetik, subiranotasun osoa galdu genuen. Beraz, itzuli gaitezen hasierako galderara: zer geratzen zaigu orduan?
Geratzen zaizkigu foruak, geratzen zaigu oroimena, geratzen zaigu izan ginenaren kontaketa. Eta geratzen zaigu frogatzea herri bat garela, gure historia propioa daukagulako; gure herria definituta dagoelako. Hori dago gure buruan, eta baita gure kontaketan ere.
Erromatarren Inperioa erori zenean, bertan jarraitzen zuten euskaldunek. Eta orduan bezalaxe, gerora berriro lurraldearen kontrola galdu zutenean ere, bertan jarraitu zuten. Eta haiekin batera, mantendu zen euskaldun izatearen kontzientzia; herri bat, nazio bat izatearen kontzientzia. Hizkuntza bat, kultura bat eta antzinatasun bat izatearen kontzientzia. Herri oroimenean dauka bere isla horrek, guk badaukagulako zer kontatua: badaukagu errelato bat.
Gure errelatoa ez da bakarra, noski: horren kontra daude besteak: Espainiako eta Frantziako historiografia. Gu nekez ari gara gurea eraikitzen, baina edonola ere, ezinbestekoa da eraikitzea, beraiek haiena eraiki duten bezalaxe. Modu zientifikoan, datu historikoak kontuan hartuta, baina subjektua gure ikuspegikoa izanda.
Oroimenaren arbola, batzarraren erakusgarri
Foruak geratu zaizkigu, beraz. Foruak dira legeak eta gizartea antolatzeko modu bat, arauak. Baina baita ere ohiturak, izaera, eta bere habitatarekin harremanak izateko sistema bat. Eta sistema horren baitan, elementu bereizgarrietako bat da batzarra.
Gaineko irudian daukagu oroimenaren arbola. Irudikoa ez da Gernikako arbola, baina Gernikakoak bezalaxe, horixe irudikatzen du: zuhaitz baten inguruan egiten ziren herri biltzarrak, herriko erabakiak modu asanblearioan hartzeko, etxe bakoitzetik ordezkari bana bertaratuta. Haiek erabakitzen zuten, biltzarrean, herriko lurren erabilera, herri aberastasunaren banaketa, gatazka txikien konponketa... Eta horixe da, hain juxtu, foruen oinarri kulturala; esparru juridikora eraman, eta lege gisa idatzi zena.
Oroimenaren arbolaren irudia ez da fikziozkoa. Argazki batetik hartua, benetako zuhaitz batena da, benetako herri batean: Bosost herriko plazan. Pirinioetan dago Bosost, Garona ibaiaren iturburuan, Aran haranean. Eta herri horretan, oraindik ere, ohitura eta oroimena gordetzen dute: biltzarrean lantzen dituzte herriko arazoak eta gaiak.
Hortaz, irudiko zumar hori ez da Gernikako arbola, baina sinbolismo eta funtzio bera betetzen du. Eta horixe da, nolabait, subiranotasun galeraren ondotik, gure oroimenean eta kontaketan geratu zaizkigun legeak eta erakundeak sinbolizatzen dituen elementua.
Ñabarduretan, foruak ez dira berberak toki guztietan. Baina foruen erroa, berdina da Aran haranean edota Bizkaian. Horren arrazoia da, herri batek gorde eta mantendu izana bere hizkuntza eta ohiturak. Eta lege idatziak beste batzuk izan arren, ohitura horiek erabiltzen dituzte lege idatzien gainetik, oraindik ere.
Nolabait esateko, subiranotasunaren islada txiki bat dira foruak, baina hori, guk bezalaxe, etsaiak ere badaki. Horregatik, egurtu eta erasotu egin dituzte foruak, hizkuntza, kultura, erakundeak eta legeak bezalaxe. Izan ere, oso lotuta daude horiek guztiak, hasieratik gaur egun arte. Eta zentzu horretan, borroka bat ematen da historiaren irakurketan: gure kontaketaren eta hori desagerrarazi nahian kanpotik datorren historiografiaren artekoa, hain zuzen ere.
Foruen idazketa, Tibalten errege izendapenarekin batera
Hori guztia esanda, bueltatu gaitezen muinera. Foruak dira arauak eta legeak, baina hizkuntza bat eta herri bat daukatenak atzetik. Izan ere, herri baten, hizkuntza baten eta ohitura batzuen ondorio dira, kontaketa bat dagoen neurrian.
Idatzi, nahiko berandu idatzi ziren foruak. Ahoz aho transmititu ziren, ohitura bezala, subiranoa zen Iruñeko edo Nafarroako Erresuma osoan. Baina 1234an Tibalt I (Teobaldo I) Nafarroako erregegai izendatu ondotik, foruak idazteko bidea hasi zuten. Lurraldearen zati bat galdu ondoren izendatu zuten errege Tibalt, kanpoko kultura bat zekarrena: bertakoa zuen ama, Blanka Nafarroakoa, Antso VII.aren arreba; baina Frantziakoa aita, Champagneko eta Brieko kondea. Tibalt Frantzian hezitakoa izan arren, pentsatzekoa da bazeukala hemengo ohituren berri, amaren aldetik. Edonola ere, Frantziako eskemarekin etorri zen, baina errege izendatu aurretik, foruei zin egin behar izan zien. Orduan, honakoa galdetu zuen berak: 'Non daude foru horiek? Ahoz aho transmititutako ohiturak dira?'.
Orduan ohartu ziren foruak idazteko beharraz, eta hala egitea erabaki zuten. Ahoz ahokoak ez zuen balio, foruak ezagutzen ez zituen errege bat izendatu behar zutenean.
1237an idatzi zuten Nafarroako Foru Orokorra: agintearen, nobleziaren, elizaren, armadaren eta herri xehearen arteko tratu bat. Labur esanda, agintearen eta herriaren arteko hitzarmen bat da, bere arauekin eta klausulekin. Hori sinatu beharra zeukaten errege-erreginek, izendapena jaso ahal izateko.
Une hartan, subiranoa zen Nafarroako Erresuma, eta haren parte ziren egungo Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa, baita Errioxa ere. Foru berbera zeukaten horiek guztiek.
Ahoz ahoko foruak, tokian tokikoak
Nafarroako Foru Orokorra izan zen idatzitako aurrenekoa, tokian tokiko foruen bildumatik sortutakoa. Izan ere, ordura arte ez zegoen lurralde mailako forurik; ez zegoen konstituzio baten funtzioa bete zezakeen dokumentu idatzirik. Hori baino askoz ere beranduago iritsiko ziren konstituzioak mundura. Baina, aldiz, bazeuden herrietako eta hirietako foruak edo 'carta puebla' izenekoak, hiriak sortzeko eta hirien funtzionamendua arautzeko egindakoak. Horien bitartez, errege-erreginek baimena ematen zioten hiriari, harresitzeko, barruan feria egiteko, bertan nor bizi zitekeen arautzeko, kanpokoak eta bertakoak non bizi zitezkeen ezartzeko...
Donostiako forua, esaterako, bi foruren zatiekin osatu zuten 1181ean. Bata, Lizarrako forutik hartutakoa zen. Izan ere, garai hartan gaskoiak bizi ziren Donostian, eta kanpokoentzat eraikitako zati bat zegoen hirian. Haientzako eskubideak eta frankiziak esleitzen zituen Lizarrako foruak. Beste zatia, berriz, Olerongo arauetatik hartu zuten, itsasora begirako hiria izanik, itsas legeak jasotzen baitzituen foru hark.
Batetik eta bestetik hartutako foru zatiekin osatu zituzten tokian tokiko foru berriak; eta horrela sortu ziren, era berean, familia jokoak ere. Sobrarbekoak, Najerakoak eta Jacakoak izan ziren aurreneko foruetakoak. Horietatik hedatzen joan ziren, Jacatik bereziki, eta sortu ziren foru berriak. Foru haietan badago, dagoeneko, euskal legediaren eta erakundeen antolaketaren erreferentzia idatzi bat. Eta esan bezala, foru horien bildumatik sortu zen, gerora, Nafarroako Foru Orokorra. Idatzitako lege haiek, gainera, ezin zuten okerrera egin: aldaketak egitekotan, soilik izan zitezkeen herritarren onurarako. Hori da konstituzio baten funtzioa, eta Foru Orokor hura zen, hain juxtu, herri baten konstituzioa. Agintearen jarduna baldintzatzen zuena, foruei zin egin behar zietelako, errege izan nahi bazuten.
Lurralde foruak, errege konkistatzailearen eta bertako elitearen arteko paktua
Nafarroako zein tokian tokiko foru guztiez gain, dauzkagu Bizkaiko, Gipuzkoako eta Arabako foruak. Lurralde foruak dira horiek, probintzialak. Eta berdin gertatzen da Ipar Euskal Herrian ere, Lapurdiko, Behe Nafarroako eta Zuberoako foruekin. Konkista prozesuen ondorio dira foru horiek: konkista gauzatzen dute, baina bertakoek indarra daukate oraindik ere. Militarki menderatu dituzte, baina bertakoak ez daude prest beraien ohiturak galtzeko.
Iparraldekoen kasuan, Frantziako Erresumarekin adostutako hitzarmen gisa sortu ziren lurralde foruak. Paktu bat dira, errege konkistatzailearen eta bertako elitearen artekoa, lurralde hori onartzeko. Hegoaldekoen kasuan berdin gertatu zen Gaztelarekin.
Fernando Katolikoak zin egin zien foruei, baina berezitasun nagusi bat dauka zin egite horrek: dagoeneko errege zen foruei zin egitera etorri zenean, eta beraz, foruak betetzea ez zen errege izateko baldintza. Zin egitean, Fernando Katolikoak aitortu zuen ohitura haiek errespetatuko zituela, errespetatuko duela lurraldearen subiranotasuna.
Hortaz, lurralde foruak ez dira konstituzio bat, eta ezin dira parekatu garai bateko foru haiekin. Denak dira foruak, bai. Are gehiago, hiri edo herrietako foruez, foru orokorrez eta lurralde foruez gain, baziren beste mota batzuetako foruak ere; gutxiengo nazionalenak, esaterako: gaskoien foruak, frankoenak, arabiarrenak... Baina bereizi egin behar ditugu, oso desberdina delako bakoitzaren eragina eta indarra.