Korrika

Irun eta Baiona elkartuko ditu Korrikaren 23. edizioak, «euskararekiko harrotasuna» adierazten

Kronika - Erredakzioa 2023ko aza. 19a, 00:00
Harro Herri da aurtengo leloa.

Martxoaren 14tik 24ra izango da 23. KORRIKA, Harro Herri lelopean. Azterketak Euskaraz plataformako kideak omenduko dituzte.

Hilabete gutxi geratzen dira Korrikaren 23. edizioak Euskal Herriko txoko guztiak koloreztatzeko. Martxoaren 14an abiatuko da lekukoa Irunetik, eta 24an amaituko da ibilbidea, Baionan.

Harro Herri da hautatutako leloa, «euskal komunitateak euskararekiko sentitzen duen harrotasunaren adierazle eta erakusle».

Aitziber Balantzategi Ibargoitiak, AEK-ko Artezkaritza-kontseiluaren lehendakariak eta KORRIKA batzordeko kideak nabarmendu zuen «oztopoak gainditzeko» komunitate «sendoa» dagoela: «Aurreko edizioko parte-hartze masiboak argi utzi zuen gure hizkuntzaz harro gaudela eta guztion artean komunitate sendoa osatzen dugula. Oztopo guztiak gainditzeko gai den herri harroa, eta harro KORRIKAn».

'Azterketak Euskaraz' plataformako kideak omenduko dituzte

Aurtengo edizioko omenduak Ipar Euskal Herriko 'Azterketak Euskaraz' plataformako kideak izango dira, Frantziako Estatuko hizkuntza-legeari aurre eginda baxoa eta brebeta euskaraz egiteko eskubidea aldarrikatzen dutenak.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!