Giza habitat ezkutatua

Euskeraren eremuaren galera, eraso eta konkisten ondorio

Kronika - Erredakzioa 2023ko aza. 18a, 00:00
Euskera hitz egiten zen lurraldea eta hedapenaren gutxitzearen kronologia, koloreen bitartez nabarmenduta.

Euskeraren herria da Euskal Herria, baina kontzeptu berria da hori. Nafarroako Erresuma izan zen horretatik geratzen zaigun lurraldea da Euskal Herria. Lurraldearen gaineko kontrolaren galerak eragin du, neurri berean, gure hizkuntzaren hedapena murriztea ere.

Erromatarren garaitik dokumentatu daiteke, dagoeneko, garaiko mapetan kolore propioa duen eremu hau, euskaldunena. Erromatarrek ez zituzten hizkuntzaren arabera bereizten herriak, baina jaso zuten horren aipamenik ere. Julio Cesarrek hala utzi zuen idatzita, Akitania konkistatzen ari zenean: «Galia osoa hiru zatitan banatuta dago. Horietako batean belgiarrak bizi dira; beste batean akitaniarrak; eta hirugarrenean, hizkuntza zeltaz mintzo direnak, guk galiarrak deritzegunak. Hirurek dituzte ezberdinak hizkuntza, erakundeak eta legeak. Galiarrak eta akitaniarrak, Garona ibaiak bereizten ditu».

Hiru elementu garrantzitsu dira horiek, giza habitataz ari garela. Naturari egin izan diogu erreferentzia beti, habitataz hitz egitean. Baina, espazioak giza komunitatearen bizitza baldintzatzen duen bezala, komunitateak ere gaitasuna du bere paisaia kudeatzeko eta eraldatzeko. Hortaz, giza komunitatearen habitat kontzeptua, lurralde hutsarena baino zabalagoa da. Halaxe definitu genezake: pertsonen komunitate batek, espazio jakin batean, naturarekin harremana sortzeko dituen estrategien etengabeko garapena. Hori horrela, klimarekin, paisaiarekin eta izaki bizidunekin batera, giza habitataren parte dira hizkuntza, kultura, legeak eta erakundeak.

Julio Cesarren esanetara bueltatuta, beraz, akitaniarrek ez zuten zeltaz hitz egiten: bazuten hizkuntza propio bat. Ez du aipatzen euskera denik, baina bai ez dela hizkuntza zelta, Garonatik beherako lurraldean bizi direnena. Beraz, dagoeneko marraztu daiteke euskeraren espazio hori, erromatarren garaiko mapetan. Eta hizkuntza propioa bakarrik ez, bazeuzkaten beraien erakundeak eta beraien legeak ere.

XI. mendeko mapa bat ere badaukagu, balio haundikoa. Saint Severren, Pirinioen iparraldean kokatutako herri batean, bertako konbentuko fraile batek marraztu zuen Europako mapa, haiek zeukaten ezagutzarekin eta ahalmenarekin. XI. mendea da, hain juxtu, Antso Nagusiaren garaia; Iruñeko Erresumak zabalkunde haundiena lortu zuen garaia, alegia. Saint Severren egindako mapa hartan, oraindik ere, Vasconia izendapena mantentzen da (Wasconia dago idatzita mapan), Iruñeko Erresumarena beharrean. Baina Wasconia izendatutako horrek, hartzen du Garona ibaitik Ebroren bi aldetarainoko lurraldea.

Europako mapa marraztu zuen Saint Severreko konbentuko fraile batek, XI. mendean; eta bertan ageri da Wasconia, Garona ibaiaren azpiko lurraldea izendatzeko.

 

Toponimiagatik eta hainbat ikerketarengatik dakigu, euskeraren espazioa askoz ere zabalagoa zela. Esan izan da penintsula osoan zabalduta zegoela. Hain antzinakoa izanda, eta jendea nomada zen aldetik, litekeena da Europa mailan hedatu izana. Baina hasierako kontzeptura bueltatuta, esan dezakegu euskal habitat horretan, euskera zabalduta zegoela eremu guztian.

Hizkuntzaren eremu hori, ordea, murriztuz joan da mendez mende...

 

Bertako hizkuntza, ezabatu beharreko elementuen artean lehentasunezkoa 'nagusi berrientzat'

Honela dio Joxean Artzeren esaldi ezagunak: 'Hizkuntza bat ez da galtzen ez dakitenek ikasten ez dutelako, dakitenek hitz egiten ez dutelako baizik'. Gure buruari bota diogu errua beti, euskeraren galeraren ardura guk daukagula nabarmendu dugu. Eta neurri batean bai, hala da. Baina hizkuntza galtzen da, batez ere, eraso eta konkistaren prozesu baten inguruan.

Izan ere, gure lurraldea hartzera datozen herri horiek, etortzen dira beraien hizkuntza, ohitura eta legeekin. Eta beraiek nagusi direnean, badaukate interesa bestearena desagerrarazteko. Hori gertatzen zen lehen, eta gertatzen da gaur.

Beraz, hizkuntzaren galeraren arrazoia, ez da bakarrik nola jokatu dugun gure hizkuntzarekin. Gure subiranotasuna galdu dugun neurrian, galdu dugu gure hizkuntza mantentzeko ahalmena ere. Bertako hizkuntza izaten da, 'nagusi berriarentzat', ezabatu beharreko aurreneko elementuetako bat. Izan ere, komunikaziorako tresna ez ezik, kontaketaren erreferente bat ere bada hizkuntza.

Hori oso garbia da gurean. Batetik, ikertuta dago zein izan diren euskeraren hedapen galeraren faseak, eta zein eremutan dagoen gure hizkuntza gaur egun. Eta bestetik, dokumentatuta dago nola aldatu den gure lurraldeko nagusitasun politikoa. Bateko eta besteko mapak hartuta, bat datoz gure lurraldearen gaineko kontrolaren murrizketa eta hizkuntzaren hedadurarena.

 

Euskal Herria, kontzeptu berria

Kontzeptu berria da Euskal Herria. Axularren garaia aipatu ohi da aurreneko aipamenen bila, eta beraz, XVI. mendeaz ari gara. Aurretik Nafarroako Erresuma zen, lehenago Iruñeko Erresuma izena zuena. Eta Euskal Herriaren historia kontatzen dugunean, joera daukagu egungo mugak hartzeko kontuan. Gaizki planteatutako erreferente bat da hori, ordea.

Joera hori apurtu zuen Iñaki Sagredok, Nafarroako Erresumaren gazteluen bilaketa egin zuenean. Aurreko erreportajean ikusi genuen bezala, berak ez zituen bilatu egungo mugen barruan dauden gazteluak, baizik eta Nafarroako Erresumaren es­ku egon zirenak, gaurko lurraldearen muga marrak kontuan hartu gabe. Toponimi­ak emango digu lurraldearen gaineko informazioa. Hortaz, le­henengo bilatzen da toponimia, eta ondoren marraztu egiten da eremua. Eta gaur egun ere, historia kontatzeko momentuan, derrigorrez kontuan hartu beharreko elementua da.

Euskal lurraldearen mapa hori, joan da konkistaz konkista puskatzen. Aurrena, galoak sartu ziren iparraldetik, Carlomagnoren garaian, VIII. mendean; eta hartu zuten gaur egun Gaskonia bezala ezagutzen den eremua. Baina Gaskonian euskeraz hitz egiten zen, eta euskera da gaskoieraren iturria. Oso antzekoak dira, era berean, gaskoien eta euskaldunen kultura eta ohiturak. Eta toponimiak ere egiten du bat hainbat kasutan, aurreko atalean ikusi genuenez.

Hiru mende beranduago, 1054 urtean, Atapuercako bataila izan zen, eta horren ondorioz galdu zen mendebaldeko lurraldea, gaur egun Errioxa dena, 1076an Gaztela sartu zelako bertan. Eta lurrak galdu zituen neurrian, boterea ere galdu zuen Iruñeko Erresumak. Horrelakoetan, bere botereari eutsi ezinez, inguruko lurraldeek beraien buruzagiak izendatzen dituzte, eta independizatu egiten dira. Horixe gertatu zen, une horretan, Aragoirekin. Ordura arte, pertsona bera zen Nafarroako eta Aragoiko erregea, historian bi erresuma ezberdin bezala tratatu izan diren arren.

Horrela joan da osatzen pixkanaka, XI. mendeko Iruñeko Erresuma zabal hartatik, gaur egun Euskal Herria bezala ezagutzen dugun lurraldea.

Beraz, esan dezakegu gaur egungo Euskal Herria dela Nafarroako Erresuma subiranoa izan zen horretatik geratzen den lurraldea? Bai, noski. Are gehiago, bestelako definizioak hankamotz geratu daitezke. 

Eremu kultural bat da Euskal Herria, gure hizkuntzaren eremua? Eta zer gertatzen da hizkuntza galtzen denean? Euskeraren herrian, euskera ez denean nagusi, ez gara euskaldunak? Hizkuntzaren aldetik akaso ez, baina politikari dagokionez bai, euskaldunak gara. Eta oraingoan, historia politikoa ari gara kontatzen; erakundeen, legeen eta lurraldearen gaineko kontrolaren historia.

 

Euskera ez da kanpotik etorria, Garona eta Ebro arteko jendarteak sortutakoa baizik. 
Aro jakin batean, nafarrera edo 'lingua nabarrorum' bezala ezagutzen zen.

 

Zazpi probintziak, konkisten ondoren sortutakoak

Euskal Herria definitu izan da zazpi probintziak bezala; baina historian zehar ez da izan zazpi probintziaren batasuna. Izan ere, probintzia horiek joan dira sortzen konkisten bitartez, pixkanaka. Aurretik ez ziren existitzen, eta sortu ziren lurraldea erabat konkistatu ondoren.

Gaur egun bai, zazpi probintzien batasuna da Euskal Herria. Lurraldearen gaineko kontrola galtzean sortu dira probintziak, batasun politikorik ez dagoenean hain juxtu: iparraldea daukagu batetik, eta hegoaldea bestetik; eta hegoaldean bertan, Euskal Autonomia Erkidegoa eta Nafarroa bereizita. Beraz, zazpi probintzietatik harago, ez dago zalantzarik euskeraren herria dela Euskal Herria. Baina, batez ere, Euskal Herria da Nafarroako Erresuma izan zen horretatik geratzen zaigun lurraldea.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!