«Aspalditik urratzen ari dira etengabe, espetxean, erbestean edota deportaturik dauden euskaldunen giza eskubideak». Hala hasi dute elkarrizketa Hernaniko Sareko kideek, «atsekabetuta eta haserre». Eta azken urteetan euskal presoek «jasan» dutena ere kritikatu dute: «sakabanaketarekin amaitu dugu, baina orain zer? Euskal Herrian dauzkagu, etxetik gertu, baina aldi oro beren eskubideak urratuak izaten ari dira, azken urteotako lege aldaketak direla eta».
Horregatik, 'Giltza' izeneko kanpaina jarri dute abian, salatuz euskal presoen panorama «itsusia eta gogorra» dela, azken urteotako legeen aldaketen eraginez. Horrenbestez, hiru dira Sarek deuseztatu nahi dituen legeak: «batetik, dago 7/2003 legea, bizi osoko zigorrak ahalbidetzen dituena. 30 urte baziren lehen, orain 40ra igo dituzte. Hernaniko presoen kasuan, badira gutxienez bi, lege honek eragiten diena; Bestetik, dago 14/2003 legea, Frantzian betetako zigorrak kontuan ez hartzea ahalbidetzen duena. Askok, Frantziako espetxeetan egin dituzte urte mordoa, eta Espainiako espetxeetara lekualdatzen dituzten momentutik, urte horiek guztiak zeron gelditzen dira, ez dute ezertarako balio, kontagailua berriro hasten dela esan genezake. Tartean dago Asier Ezeizaren kasua, Frantzian 12 urte egin zituen; Eta azkenik, dago 5/2003 legea, euskal presoen jurisdikzio-kontrola, Madrilgo organo judizialen esku uzten dituena. Hauek, beti salatu dugun bezala, salbuespenezko organo judizialak dira». Eta Sarek argi adierazi du, «salbuespenezko auzitegiek oraindik oztopatu» egiten dutela presoek etxera itzultzeko aspaldi hasi zuten bidea.
Euskal presoen egungo egoera mahai gaineratu dute Sareko militanteek, herritarrak jabetzeko zer nolako baldintzak pairatzen dituzten: «espetxe-graduak dira espetxe-sistemek preso bakoitzarentzat erabiltzen dituzten sailkapen-mailak, eta daude lehenengo gradua, bigarren gradua eta hirugarren gradua. Bigarren eta hirugarren gradutan, baimen batzuk dauzkate presoek, eta baimen horiek lortzeko ahaleginak egiten ari gara. Hala ere, prozesua oso poliki doa. Euskal preso gehienek, gutxienez 15 urte igaro dituzte espetxean, askok, berriz 20 urtetik gora. Bigarren graduan daude batzuk, eta baimenak izateko eskubidea sartzen da bertan, adibidez, asteburuetan ateratzea. Hala ere, lege arruntak jarraituz, askok eta askok egon beharko lukete hirugarren graduan, eta hori ez da betetzen. Eskubide urraketa etengabe batean daude».
Hernaniko Sarek aitortu du Eusko Jaurlaritzak hartu duela hirugarren graduak emateko eskumena, eta legeak «aldatu» egin direla kritikatu du: «hirugarren gradua ematen zaie presoei, baina erregresioa eskatzen du fiskalak, eta Audientzia Nazionalak erabakitzen du berriro presoa espetxera sartzea. Beraz, presoa berriro doa espetxera».
Sarek dio, garai batean, tratamendu batzordeak osatzen zuten psikologoek eta soziologoek aztertzen zutela preso bakoitzaren egoera zein zen: «beraiek erabakitzen zuten presoari hirugarren gradua eman edo ez. Eta gaur egun, ez luke Audientzia Nazionaletik pasa beharko, baina hala gertatzen da euskal presoekin; kasu hauek Audientzia Nazionaletik pasatzen dira». Beraz, ondorengoa kritikatu eta deuseztatu nahi dute, besteak beste: «Audientzia Nazionalean, fiskalak errekurtsoa jartzen badu, berdin du egokia den edo aztertu beharra dagoen, errekurtso hori onartu egingo dela, eta presoa espetxera doa, hurrengo egunean bertan. Presoak gradu erregresioa dauka, hau da, hirugarren graduan zegoena pasatzen da, bigarrenera».
«Euskal preso gehienek egon beharko lukete, gutxienez hirugarren graduan», salatu du Sarek, «eta askok kalean egon beharko lukete» gaineratu du. Euskal presoen kasuan gainera, gradu erregresioak «%75ekoak» direla nabarmendu dute Sareko militante hernaniarrek: «Aste honetan esaterako bi kasutan jazo da, eta Joseba Borderen kasua da horietako bat. Euskal preso honek 64 urte ditu, eta hogei urte eta erdi daramazki espetxean. Bordek 2019an bete zituen zigorraren hiru laurdenak. Hirugarren graduan egoteko baldintza guztiak betetzen ditu. Ekainean jaso zuen lehenengoz gradu erregresioa, eta espetxera itzuli behar izan zuen».
Kasu hau «preso ugariri» gertatzen zaiela azpimarratu du Sarek, eta gehitu du, preso orokorrei jartzen zaien errekurtso kopurua %25ekoa dela, «euskal presoei ezartzen zaiena, aldiz, doblea baino gehiago da».
Hiru lege, milaka urrats
Atarian aipatutako hiru lege horiek oinarri hartu ditu Sarek, eta 'Giltza' izeneko kanpaina jarri du abian: «Kanpaina honek etapa motza izango du, orain hasi eta urtarrileko manifestazio nazionalarekin amaituko dugu, urtarrilaren 13rako antolatu dugunarekin. Gure helburua da atxikimenduak bilatzea». Eta atxikimendurako espazioa ere ireki dute: 'giltza.sare.eus' webgunean, eskuin aldean dauden koadrotxoetan.
Salbuespen legeriaren amaiera aldarrikatu nahi du Sarek: «Uste dugu herritarrak lasaitu egin direla; hirugarren graduak ematen direnez, uste dugu hor amaitzen dela gure borroka, eta ez. Presoen eskubideak ez dira betetzen, eta berriro sartzen dituzte espetxean, kondena luzatzen zaie, edota espetxean egindako urteak ez zaizkie kontatzen». Beraz, Sarek egin behar bat du; atxikimendua bilatu, norbanakoena zein eragileena: «eta sinadurez gain, nahiko genuke urtarrilean Bilbon egingo dugun manifestazioa masiboa izatea eta herritarrak etortzea». Atxikimendurako bi bide jarri dituzte herritarren eskura: batetik, aipatu moduan 'giltza.sare.eus' webgunean sartuta; eta bestetik, Sarek mahaiak jarriko ditu (Kaxkoan zehar), baina aurrerago zehaztuko du non, zein egunetan eta zein ordutan jarriko dituen.
«Legeria arrunta aplikatzea» da Sarek 'Giltza' kanpainarekin duen xede nagusietako bat, izan ere, «legeria arrunta aplikatuz gero, euskal presoen %65a kalean egongo lirateke». Baina horretarako, gizartearen babesa behar dute, eta horretarako konpromezua eskatu dute: «herritarrei laguntza eta konpromezua eskatzen diegu. Elkarbanatu 'Giltza' kanpaina, denon ahalegina beharrezkoa baita. Sinatzeko deia luzatu nahi dugu, denek jarri behar dugu aletxoa, euskal presoen eskubideak urratu ez daitezen».
«Giltzak, ireki eta ixteko balio digu»
Giltzak badu halako esanahi bikoitza, eta aldi berean, kontrajarria. Eta Sarek 'Giltza' dinamikarentzat prestutako manifestuan hala dio: «giltzekin itxi eta iriki daiteke etxea, kotxea, kutxa, giltzarrapoa, kaiola, espetxea. Preziatu duguna giltzapean gordetzen dugu: dirua, bitxiak, paperak, sekretuak, oroitzapenak, nostalgiak. Giltzari esker sartu eta irten egiten gara: aurrera egiten dugu. Edo atzean geratzen gara, gotorturik».
Esanahi sinbolikoa ere badu giltzak, izan ere, itxi daitezke iraganeko minak: «gorrotoak eta biolentziak atzean uzteko, inoren sufrimendua ahaztu edo gutxietsi gabe, baina bai iraganari begiratu ahal izateko, orainaldirako eta etorkizunerako irakaskuntza gisa. Akatsetatik ikasiz ez errepikatzeko, norgehiagokak giltzapetu eta iraganean ainguratzen gaituzten lehiak ixteko».
Eta ixteaz gain, konponbideari ateak irekitzeko ere balio dezake giltzak, eta horretan dabiltza Sareko kideak: «aurrera urrats sendoak eman ahala, ateak zarratu eta zabalduz. ETAren desagerpenarekin, isolamenduaren eta urruntze politikaren amaierarekin, biktima ezberdinen oinazera hurbilduz, distantziak murriztuz eta banatzen gaituzten hormak eraitsiz. Bidean aurrera urratsak ematen jarraitzeko ordea beharrezko zaigu iraganean betikotzen gaituzten ateak itxi eta euskal preso, iheslari eta deportatuen aferari irtenbidea ematea, bai eta gutxieneko akordio baten bila, biktima guztiei tratamendu justu eta berdina ematea ahalbidetuko duten ateak irekitzen jarraitzea. Oraindik ordea, ezin izan dugu iraganaren atea behin betiko itxi. Oraindik, euskal presoen eskubideek urratuak izaten jarraitzen baitute eta, era berean, ez da lortu biktima guztiei bidezko tratamendua emateko helburua. Presoek legearen bidea jorratzeko ateak ireki ahala, badirudi ugaritzen ari direla legedia ezartzeko oztopo diren sarraila berriak: salbuespenak giltzarrapo izaten darrai, etxerako ateak itxita jarraitzen du. Aldiz, aspaldian jendartea elkarbizitzarako ateak irekitzeko lanetan dabil, giltza ugari eskutan hartuta, pertsona eta eragileen arteko harremanak, adostasunak eta desadostasunak, modu eraikitzailean egituratuz».
Bide horretan jarraitu «nahi eta behar» duela azaldu du Sarek: «giltzei eraginez jendartearen motorra piztu eta aurrera egiteko. Pertsona guztien motorrak martxan jartzen lagundu nahi dugu: kaleetan, esparru politikoan, sindikalean eta sozialean… hainbeste urtetako konfrontazioaren ondoren gizarte gisa nahi dugun etorkizunari ateak irekitzeko. Konponbidearen eta elkarbizitzaren ateak parez pare zabaldu nahi eta behar ditugu. Eta horretarako presoen etxerako atea zabalduko duen/duten giltza/k eskuartean hartu behar ditugu. Ez gara zigorgabetasuna eskatzen ari, zigorrak betetzeko legeak berak eskaintzen dituen aukera desberdinei ateak irekitzea baizik. Espetxe eredu berri, humanizatu eta justuago batean sakonduz, euskal presoei dagozkien eskubideen jabetza aitortuz, herri honetan sufritu duten pertsona guztiak aintzat hartuz eta biolentzia ezberdinen biktima diren guztiak errespetatuz.
Esandako guztiagatik, adierazi nahi dugu prest gaudela konponbiderako, elkarbizitzarako, biktima guztien minen errespeturako eta presoen etxerako biderako ateak irekiko dituzten giltzak gure eskuetan hartzeko, lege arruntak dion bidetik, hamarkadetan zehar aplikatzen ari zaizkien salbuespenak betiko baztertuz».
Horregatik eta gehiagorengatik, Sarek ahaleginak egiten jarraituko du, ate hauek «lehenbailehen» ireki deitezen: «modu honetara, herri hau osatzen dugunok, elkarbizitza oinarri izango duen etorkizun bat eraiki dezagun».
«Urtarrilaren 13an, bete ditzagun Bilboko kaleak giltzez, konponbidearei ateak irekitzeko»
Sarek urtarrilaren 13rako mobilizazioa antolatu du, 'Konponbiderako giltzak' lemapean, eta herritarrei bertartzeko deia luzatu diete.
'Konponbiderako giltzak' lelopean manifestatuko da Sare urtarrilaren 13an, eta bertaratzeko deia egin diete herritarrei: «iaz, urtarrilaren 7an, gizartearen zati haundi batek salbuespenezko espetxe politika behin betiko amaitzeko eskatuz, bete zituen Bilboko kaleak. Datorren urtarrilaren 13an, Bilbon ere, kalera irtengo gara, gure herriko bizikidetzaren alde aurrera egiten jarraitzeko. Bete ditzagun, beraz, kaleak giltzez, konponbidearen mesedetan». Arratsaldeko 17:00etan izango da mobilizazioa, urtero moduan, Bilboko La Casillatik abiatuta.
Sinadurak biltzen buru-belarri, Sare
Urrian aurkeztu zuten Giltza dinamikaren manifestua, eta Euskal Herri osora salto egingo du, herri, auzo, eta norbanako guztien eskutara heldu arte. Dagoeneko, 150 lagunetik gora sinatu dute manifestua.