Giza habitat ezkutatua

Erromatarren eskutik, historian sartu ginen euskaldunak

Kronika - Erredakzioa 2023ko aza. 4a, 00:00

Mapa honetan ikus daitezke, batetik, Iñaki Sagredok Nafarroako erresumaren esku egon zirela dokumentatutako 258 gazteluak; eta bestetik, euskerazko erroa duten edo euskaldunei (baskoiei) erreferentzia egiten dieten toponimoak, eg

Erromatarrekin sartu ginen euskaldunak historia idatzian, haiek izan baitziren guri buruz eta gure izaeraz aurrenekoz idatzi zutenak. Sei mendez egon ziren erromatarrak gurean, Inperioa erori zen arte. Orduan hartu genuen gure lurraldearen kontrola, gorabeheraz beteta egon dena.

Badago konbentzio bat, esaten duena une jakin batean ematen dela herri baten aurrehistoriaren eta historiaren arteko banaketa: herri horri buruzko informazio idatzia dagoenean. Horren aurretik, izango ditugu indusketen aurkikuntzak, geneen ikerketa, biologia, kobazuloetako pinturak... Eta beraz, elementu objektibo batzuk ere badauzkagu. Baina ez dira norbaitek garai horretan kontatutakoak, gaur ondorioztatutakoak baizik.

Erromatarrekin sartzen gara euskaldunak historia idatzian, haiek izan baitziren guri buruz eta gure izaeraz aurrenekoz idatzi zutenak. Gure Aroaren aurreko 217. urtean asentatu ziren erromatarrak Tarracon, egungo Tarragonan, Mediterraneo itsasotik iritsita. Izan ere, Mediterraneo inguruan hartu zuten nagusitasuna eta zabalkundea. Eta behin Tarraco inguruan asentatu zirenean, penintsulan gora egin zuten, iparraldera. Ez zuten Ebro ibaiaren arroa baliatu horretarako, ordea: Pirinioen hego isurialdetik abiatu ziren gorantza. Horrela, iritsi ziren Lleidara edota Pertusara lehenik, Oscara (egungo Huesca) eta Jacara ondoren, Iruñera (Pampelune izendatu zuten) gero, eta Oiassora azkenik, egun Irun dagoen tokian. Horrela, lotu zituzten Mediterraneo itsasoa eta Ozeano Atlantikoa, eta itxura hartu zuen haien mapak: bazegoen lurralde bat, bi itsasoren artean.

Erromatarrek egindako bidea, ordea, ez zuten beraiek asmatu. Bi itsasoen arteko ibilbidean topatu eta konkistatu zituzten herri horietan, jendea bizi zen lehenago ere. Trashumantea zen jende hori, alde batetik bestera ibiltzen zena; eta bidezidor haiek guztiak, eginda zeuden dagoeneko. Ondo ezagutzen zituzten bertakoek.

Bere ejerzitoa baliatuta, eta herri eta lurralde haiek konkistatuta, izan zuten erromatarrek bidezidor haien berri. Zer egin zuten orduan? Bide horiek zabaldu, eta zorua jarri, beraien merkataritza sistema bideratu ahal izateko. Erromatarrak ez baitziren hedatu turismoa egiteko, txoko guztietako ondasunak Erromatar Inperiora bideratzeko baizik: esklabuak, materialak... Hortaz, 'autopista' eraiki zuten bide haietan, Tarracotik Oiassora, Mediterraneotik Atlantikora.

100 urte beranduago, ibilbide paraleloa egingo zuten ipar-ekialderako: Gure Aroaren aurreko 118an kokatu ziren erromatarrak Narbonan, eta bertatik abiatuta, beste bide bat osatu zuten Atlantikoraino, Pirinioen beste aldean: Toulouse, Elusa, Basatica eta Burdigala (egungo Bordele) hartu zituzten, berriro ere bi itsasoak lotuz.

Iruñea, 'autopista' nagusien bidegurutzean

Mediterraneoa eta Atlantikoa lotu ondoren, beste 'autopista' nagusi bat egin zuten erromatarrek: Burdigala eta Asturica (egun Astorga dagoen tokian, Leonen) lotuko zituena. Izan ere, urre meategia zegoen Asturican.

Gauzak horrela, gurutzatu egiten ziren bi bide nagusi: Tarraco eta Oiasso artekoa, eta Burdigala eta Asturica artekoa. Non? Iruñean. Errepideen helburua, kasu askotan, izan daiteke populatuta dauden herri garrantzitsuetara iritsi ahal izatea. Baina gerta liteke alderantziz ere: behin errepideak eginda, populazioa asentatu eta herriak sortzen dira horien inguruan; are gehiago, bidegurutze nagusi bat dagoen tokietan. Eta bidegurutze haren ondorioz, garrantzia hartu zuen Iruñeak.

Pompeio bertara iritsi aurretik, Iruñea bazela badakigu, indusketen bitartez. Eta bertan bizi zirenak menderatu zituenean, harresitu egin zuen, eta Erromatar Inperioaren hiri bilakatu. Horregatik da Iruñea, erromatarren garaitik, euskaldunen historian hain elementu garrantzitsua. Garrantzitsuena, beharbada. Harresituta zegoen, populatuta, merkataritza gunea zen, bidegurutze nagusia...

Ezinbesteko kontrol tresna ziren bideak, erromatarrentzat: bideak kontrolatzen zituztenean, lurraldea kontrolatzen zuten. Eta bide horietatik pasa nahi zutenek, bidesaria ordaindu beharra zeukaten. Onartu behar zituzten erromatarren hizkuntza (latina), beraien sistema juridikoa...

Eta horrelaxe iritsi ziren, Mediterraneoan nagusitu eta penintsula zeharkatu ondoren, portuz portu eta konkistaz konkista, Eskoziaraino; Hadrianoren Harresia dagoen tokiraino, hain justu.

Konkistatutako herri eta portu horiek guztiak izan ziren erromatarren 'gasolina', zabalkunde horretan aurrera egiten jarraitzeko. Izan ere, belaz eta arraunez mugitutako ontziak ziren haienak, eta ezin zituzten ibilbide luzeak egin. Portuz portuko ibilbide horietan, izorratuko zitzaizkien belak, eta arraunlariak zahartu, nekatu, gaixotu edota hil. Horien ordezkoak, portuetan hartzen zituzten. Eta Euskal Herrian, pagotxa topatu zuten: jende indartsua, egurra ateratzeko basoak, janaria, animaliak, itsasoko arrainak, eta 'teknika' horiek guztiak menperatzen zituen jendea. Beharrezko guztia zeukaten, bidea egin ahal izateko.

Erromatarren bi errepide nagusiren bidegurutzean zegoen Iruñea, mapa honetan ikus daitekeen bezala.

 

Euskaldunak, erromatarren etsai zein kolaboratzaile

Euskal lurraldea konkistatu, eta bertako ondasunak eta biztanleak baliatu zituen Erromatarren Inperioak. Kontakizun horretan, dena den, ñabardura zehatz bat beharrezkoa da. Askotan markatu izan da, euskaldunek borrokatu egin zutela erromatarren kontra, etsaiak zirela. Eta pentsatzekoa da hala izan zela, baina bi aldeak eman ziren: borrokatu egin zuten, baina baita erromatarren armadan parte hartu ere. Eta horrekin, ikasi zuten armen teknologia, gerra estrategiak, hiriak nola sortu, garatu eta antolatu... Hori guztia barneratu zuten euskaldunek, erromatarrekin kolaboratu ere egin zutelako.

Beraz, erromatarren garaia, aurrerapen ikaragarria izan zen euskaldunentzat, beste lurralde askorentzat bezala. Sei mendez egon ziren erromatarrak bertan, Gure Aroaren ondorengo 450. urtera arte; eta tarte horretan, nahikoa denbora izan zuten bertakoek, erromatarren teknologiatik ikasteko.

Lurraldearen kontrola, gorabeheraz betetakoa

Erromatarren Inperioa desagertu zenean, V. mendean, beste herri indartsu batzuek ordezkatu nahi izan zuten Erromatarren Inperioa. Godoek, esaterako, inperio osoa bereganatu nahi zuten, beraiek suntsitu zutelako. Baina, botere hutsunea zela eta, lurralde batzuetan, bertakoak hasi ziren beraien habitataren kontrola hartzen. Horren bilakaera osoa ikusi daiteke, mendez mende osatutako Europako mapetan (euratlas.com).

Eta 500. urteko mapan, ikusi daiteke baskoiek, euskaldunek, bazutela nolabaiteko nagusitasuna bere lurraldearen gainean. Nagusitasun hori zabaldu egiten da, hedadurari dagokionez, 600. urterako. Horrek ez du esan nahi euskaldunak sakabanatu egin zirenik, beraiek kontrolatutako lurraldea zabalagoa zela baizik. 

Gerora, Frankoek Godoak garaitu zituztenean, euskaldunak ere penintsulara atzera bultzatu zituzten, 700. urteko mapan ikus daitekeenez. Bazeukaten lurralde bat oraindik, baina zati bat galdu egin zuten. Eta 800. urteko mapan, kolorea galtzen du euskaldunen lurraldeak. Horrek ez du esan nahi bertan euskaldunik ez zegoenik; bertan jarraitzen zuten, baina ez zeukaten beraien lurraldearen gaineko kontrola. Zer gertatu zen 700 eta 800 urteen artean? 711 urtean, arabiarrak sartu ziren penintsulan, eta 778an, Frankoak iritsi ziren, arabiarrak atzeratu nahian, Carlomagnoren eskutik. Orduan gertatu zen Orreagako guda: euskaldunen kontra galdu egin zuen Carlomagnok, eta bertan geratu ziren musulmanak. Hala ere, 22 urte beranduagoko mapetan, euskaldunek galdu egiten dute bere lurraldearen kontrola.

900. urtean agertzen dira berriro, bere lurraldearen jabe. Bitarte horretan, 824ko gertaera da nabarmendu beharrekoa: Eneko Aritzaren eskutik, euskaldunek Pepin II Akitaniako erregeorde karolingiarraren armadari irabazi zioten, eta erabaki zuten Iruñeko erresuma sortzea, gerora Nafarroako erresuma izena hartuko zuena. Erresuma horrek, 1000. urtean hartu zuen bere zabalkunde handiena, Antso III Nagusiaren eskutik. Garai hartan, oraindik ere, arabiarrak zeuden hegoaldean, Godoak Galizian eta Asturiasen, eta Frankoak Akitanian.

Beraz, lurraldearen kontrola galtzen eta irabazten joan dira euskaldunak, mendez mende.

Gazteluak eta toponimia, lurraldearen mugarri

1000. urteko mapa hori, zehaztasun handiagoarekin marraztu dezakegu, beste bi elementu baliatuta: batetik, Nafarroako erresumaren gazteluen mapa; eta bestetik, toponimoak, bai euskerazkoak eta baita euskaldunei erreferentzia egiten dietenak ere.

Lan eskerga egin zuen Iñaki Sagredok, Erdi Aroko gazteluak aztertuta. Baina ez zituen soilik aztertu egungo Euskal Herriko maparen barruan dauden gazteluak. Mugarik jarri gabe, dokumentaziotik eta bertan indusketak eginez, bilatu zituen Nafarroako edo Iruñeko erresumaren esku egondako gazteluak. 

Noski, gaztelu haiek erresumaren esku bazeuden, lurralde horren kontrola ere erresumarena zen, inork ez baitu egiten gaztelu bat, kontrolatzen ez duen lurralde batean. Izan ere, horixe zen gazteluen funtzioa: bideak kontrolatzea eta lurraldea babestea, erasoen aurrean. 258 gaztelu identifikatu zituen Iñaki Sagredok, Nafarroako erresumaren esku egon zirela dokumentatutakoak; eta horiek ematen digute erreferentzia bat, lurraldearen nolabaiteko muga politikoak markatzeko. Horrela osatu dugu gaineko irudian ageri den mapa, eta aurretik aipatu ditugun horiekin bat egiten duena.

Hortaz, badauzkagu elementu fisikoak, gazteluak, gure lurraldea markatzeko. Baina, esan bezala, baita toponimia ere. Gaur egun, oraindik ere, topatu ditzakegu euskerazko jatorria duten izenak, edota euskaldunei (baskoiei) erreferentzia egiten dietenak, egungo Euskal Herriko mugetatik kanpoko lurraldeetan.

Horrela, adibide batzuk aipatzearren eta mendebaldetik hasita, gaurko Kantabrian aurkituko dugu Besaia ibaia: izan liteke 'beso-ibaia', 'baso-ibaia', eta litekeena da euskerazko erroa izatea. Baina pixka bat beherago, topatuko dugu Bascones de Valdivia herria Palentzian. Beraz, baskoien herria izango zen hura, garai batean, eta konkistekin galdu egingo zuten gerora.

Asko dira egungo Burgosen topatuko ditugu adibideak. Hasteko, badago mendi bat, oraindik ere, Amaia izena duena. Zenbaitek diote, jainkosa zelta bat dela, eta beharbada hari egingo diola erreferentzia. Baina gurean badauka adiera oso zehatza toponimo horrek: bukaera. Eta kasu honetan, erresumaren azkena izan liteke. Bertatik oso gertu, ekialdera, topatuko dugu Basconcillos del Tozo herria, eta ia ondoan Urbel ibaia: 'ur-beltz' izan liteke, kontutan hartuta gaztelaniaz 'tz' ahoskatzeko zailtasunak dauzkatela. Burgosen bertan, pixka bat hegoalderago, aurkituko dugu Bascones del Agua, bertan ere baskoiak. Eta ondoan, Ura izena duen herri bat. Ekialdera eginda, Urbion mendia daukagu. Horri ere bilatuko diote adiera latinez, baina euskeraz oso garbi dago: 'ur', 'bi' eta 'on'. Are gehiago, ikusita eremu horretan oso zabalduta dagoela 'ura' toponimoetan.

Gaur egun Soria den lurraldean, topatuko dugu baskoiei errefentzia egiten dien beste herri bat, Zayas de Bascones; eta baita Valdegaña eta Magaña ere ('gain' hitzarekin). Eta horrela beste asko: Zaragozan Gallur herria, Huescan Ayerbe eta Benabarre, Lleidan Aran eta Besiberri haranak... Eta Pirinioen beste aldean, egungo Midi-Pyrénéesen aurkituko dugu Bascous herria, eta Akitanian Bascons, biak ere elkarrengandik oso gertu.

Toponimo horiek guztiak, eta gehiago, gazteluekin batera, aurkitu daitezke gaineko irudiko mapan bertan. Koloretan eta nabarmenago ikusi daiteke mapa kronika.eus webgunean. Gainera, 'Giza habitat ezkutatua' erakusketaren hormairudi guztiak ikusgai daude https://nabarralde.eus/habitaterakusketa/   atarian.

Eneko Aritza izan zen Iruñeko erresumaren aurreneko erregea.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!