Erreportajeak

Euskal Herriko historia, modu erraz eta sintetikoan, lau ataletan

Kronika - Erredakzioa 2023ko urr. 28a, 00:00

Beñi Agirre historialaria bisita gidatua eskaintzen, Hernaniko Biteri kultur etxean, abuztuan eta irailean jarritako erakusketan.

Duela bi urte sortu zuen 'Giza habitat ezkutatua' erakusketa Beñi Agirre historialari hernaniarrak. Nabarralderen eskutik, herriz herri zabaldu du, bisita gidatuak eginda; eta Kronikara ekarriko dugu kontakizuna, elkarlanean, datozen asteotan: lau ataletan argitaratuko dugu. 

Herriz herri darabilki Beñi Agirre historialari hernaniarrak, azkeneko urteotan, 'Giza habitat ezkutatua' erakusketa, Nabarralderen eskutik. 14 hormairudi edo paneletan jaso du Euskal Herriko historia, «bere osotasunean eta testuinguruan jarrita, baina modu erraz eta sintetikoan». Izan ere, horrelako zerbaiten falta sumatzen zuen.

«Nabarralden nagoenetik, garrantzi haundia eman diot Euskal Herriko eta Nafarroako historiari. Hainbat argitalpen, ikerketa edota lan monografiko osatu ditu Nabarraldek, Euskal Herriko historiari buruzkoak, Nafarroa izan zenaren ikuspegitik. Eta uste dut, herri hau gaur dena ulertzeko, gako nagusietako bat dela hori: Euskal Herria bakarrik ulertu daiteke, zer izan den jakinda. Beti ez dira izan zazpi probintziak; aurretik zegoen erresuma baten ondorio historikoa da», azaldu du historialariak.

Eta ideia horri tiraka, hitzaldi, erreportaje eta artikuluak landu ondoren, bestelako produktu bat eskaini nahi izan du Beñi Agirrek. «Nabaritzen nuen falta zela zerbait, modu erraz eta sintetikoan jasoko zuena Euskal Herriko historia, bere osotasunean eta testuinguruan jarrita. Nabarraldek bazeuzkan erakusketak lehendik, hainbat gai monografikorekin: gazteluak, Zuzenbide Pirinearra... Baina ez zegoen historia osoa kontatuko zuenik. Beharbada, liburu bat ere ez dago, Euskal Herriko historia bere osotasunean ematen duena, hainbat ataletan baizik».

Hortik abiatuta, Nabarraldek zeukan 'corpus'a baliatuz, eta «urte askotan irakasle izanaren grinak edo senak bultzatuta», bururatu zitzaion hormairudien bitartez jasotzea Euskal Herriko historia osoa: «Askoz ere gertutasun haundiagoa eskaintzen dute erakusketetako bisita gidatuek, hitzaldiek baino. Eta gainera, ahalbidetzen dute irudi guztiak espazio bakar batean elkarrekin ikustea».

Bera arduratu zen erakusketa prestatzeaz: gidoi bat prestatu zuen, aurreko esperientzietatik abiatuta; eta hainbat hernaniarren laguntza izan zuen horretarako: zuzentzaile, irudigile, maketatzaile... «Testuen lanketa egiterakoan, banekien zer komunikatu nahi nuen; baina irudiei dagokienean, hankamotz sentitu nintzen. Koloreak, irudiak, diseinua... Hortaz, lan kolektiboa dago honen atzean», azaldu du.

 

Erakusketaren aurkezpena, Auritzeko jardunaldietan

Duela bi urte egin zuten erakusketaren aurkezpena, Auritzen, Zuzenbide Pirinearrari eta Foruei buruzko jardunaldietan. Bertaratutakoekin egin zuten aurreneko bisita gidatua, eta «oso harrera ona» izan zuen. Jardunaldi haietan, landutako gaien osagarri izan zen erakusketa; baina aurrerantzean «autonomia propioa» hartu zuen: «Izan ere, oso garbi azaltzen du foruak zer diren, nola eta zein testuingurutan iritsi ziren, eta nola garatu diren Euskal Herrian eta Nafarroan. Modu sintetikoan eta atseginean ematen du azalpen osoa, ordubeteko edo bi orduko tartean».

Ordutik, dozena bat herritan jarri dute erakusketa; tartean, Hernanin eta Astigarragan. Astebeteko edo bi asteko erakusketak izan dira gehienak, baina egun bakarrekorik ere izan da, eta baita hiru astekoren bat ere. Bide horretan, proposamena jaso zuten Oñatitik: bisita gidatuak egitea DBH 3-4ko eta Batxilergoko ikasleekin. Eta hantxe egin zuten proba, udaletxeko erakustokian. Bederatzi talderekin egin zuten bisita gidatua, eta oso esperientzia ona izan zen: «Azken finean, erakusketak ahalbidetzen du eskolako gelatik kanpo lantzea gai akademiko bat, beraien kurrikulumean sartzen dena. Irakasle batzuek komentatu izan digute, hainbat ikaslerengan inpaktu positiboa zeukala. Klasean gai horiekin inolako arretarik jartzen ez duten ikasleekin, erakusketan izugarri harritu ziren, lurrean eserita, adi-adi eta galderak eginez jarraitzen zituztelako azalpenak. Are gehiago, hurrengo egunetan ere hitz egiten zuten horri buruz». 

Geroztik, herri gehiagotan egin ditu bisita gidatuak Beñi Agirrek, bai ikasleekin eta baita publiko orokorrarekin ere. Abuztua eta iraila bitartean izan zen Hernaniko Biteriko kultur etxean; eta urtarriletik aurrera, dagoeneko hitzartuta dauzka egonaldiak Oñatin, Arrasaten eta Elgoibarren.

 

Erakusketaren kontakizuna Kronikan, lau ataletan banatuta, datozen asteotan

'Giza habitat ezkutatua' erakusketan landutakoa, Kronikaren orrialdeetara ekarriko dugu datozen asteotan, lau ataletan. Elkarlanean landutako lau erreportaje izango dira: Beñi Agirrerenak izango dira kontakizuna eta azalpenak, eta erredakzioaz eta maketazioaz arduratuko da Kronika. Datorren larunbatean hasita, bi astetik behin argitaratuko dugu atal bana.

Historiaren edozein kontakizunek bezala, ikuspegi bat eta irakurketa bat izango du Beñi Agirrek eta Nabarraldek egindakoak ere: «Badirudi kontu filosofiko bat ere izan daitekeela, Euskal Herriko historia kontatzea. 'Zuek horrela pentsatzen duzue, hori esaten duzue, baina frogatu egin behar duzue', esango du inork. Eta azken finean, horiexek dira historiaren eta kontakizunaren arteko harreman eta ñabardurak. Historia dira garai jakin batean gertatutakoen testigantza fidagarri eta zientifikoak. Adibidez, 778an Orreagan bataila bat gertatu zela Carlomagnoren kontra. Badaude dokumentuak, frogak, indusketak, arkeologia... Datu objektiboak daude. Eta historialari guztiek, datu berberak baliatzen dituzte. Kontua da, dokumentuak erabili bakarrik ez, horien gainean interpretazio bat egiten dela. Horretan datza historiaren eta kontakizunaren arteko bereizketa eta, aldi berean, lotura. Historia izan daiteke zerbait zientifikoa, baina kontakizuna da herri bakoitzaren oroimen historikoari buruzko interpretazioa», azaldu du Beñi Agirrek.

Eta azpimarratu du, «historialari guztiek» egiten dutela hori: «Historialari batek esango balu berak kontatzen duena dela historia objektiboa eta erreala, ez da egia esaten ari. Bestela, batuketen sistema unibertsala eta bakarra den bezala, izango genuke historia liburu bakarra. Baina historialariak adina historia liburu dauzkagu. Guk ere asumitzen dugu hori, eta onartzen dugu, guk kontatuko dugunak ardatz gisa hartzen duela subjektu jakin bat eta berari gertatu zaiona. Gure ikuspegitik kontatuko dugula, alegia».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!