Erreportajeak

Uraren ibilbide luzea, Añarbeko urtegitik etxeko txorrotara eta kaleko iturrietara

Kronika - Erredakzioa 2023ko urr. 28a, 00:00

Añarbeko urtegira egindako bisita borobiltzeko, ezagutu dugu ura nola tratatu eta bideratzen duten etxeetara, uholde arriskua denean nola jokatzen duten, eta uraren hornikuntza sareko konponketak eta berrikuntzak.

Guardaren etxetik atera, eta zoragarria da Añarbeko urtegiaren ikuspegia: uraren kolore urdin intentsoa parez pare, eta baso amaigabeak inguruan. Ez da batere toki kaxkarra, aurreko larunbateko erreportajeari segida emateko. Presaren zirrikituetan barrena egin genuen bisita orduan, eta horrek piztutako jakinmina asetzera goaz oraingoan. Bertako sorpresek sortu zizkiguten galderei erantzuna ematen saiatuko gara, Iban Zubeldia Añarbeko komunikazio zerbitzuburuaren eskutik. Eta,o bazterrak nahastu gabe, hasieratik ekingo diogu; urtegiaren sorreratik bertatik, alegia. 

 Añarbeko presa, 2000 urtera arteko konponbidea soilik omen...

Duela 55 urte inguruko kontua da hori, 60ko hamarkadakoa. Donostiari eta inguruko herriei ura bermatzeko asmoz, presa eraikitzea erabaki zuten. Horretarako, udal guztiak elkartu, ados jarri eta mankomunitatea sortu zuten 1968n, eta hurrengo urtean ekin zieten presa eraikitzeko lanei. Zazpi urtetako lana izan zen, Añarbe errekaren ibilbidearen inguruan, hiru helburu beteko zituen urtegia eraikitzeko. Helburu nagusia, noski, ur hornikuntza bermatzea zen. Izan ere, Gipuzkoa eremu euritsua izan arren, ur arazoak izan ziren, udaran bereziki, XIX. mendearen bukaeratik presa ireki arte, industrializazioak, turismoaren igoerak eta populazioaren hazkundeak eraginda. Arazo horien konponbidea izango zen urtegia, baina zirudienez, behin-behinekoa bakarrik. «1976an urtegia inauguratu zuteneko prentsa-errekorteak dauzkagu gordeta, eta orduko titularretan esaten zuten: 'Ura bermatuta 2000 urtera arte'», kontatu digu Ibanek: «Hainbeste ari ziren hazten ur beharrak, presa bera ere epe baterako konponbide gisa aurreikusten zela. Zorionez ez da horrela izan, uraren eskaria jaitsi delako. Populazioa mantendu egin da, baina bereziki, berrikuntza haundiak egin dira tuberietan, eta asko murriztu dira ur galerak».

Datu batzuk eman dizkigu horretaz jabetzeko, eta ez dira nolanahikoak. Añarbeko ur eskariak 1994an jo zuen goia: «Urtean 40 milioi metro kubiko ur baino gehiago kontsumitzen genituen orduan; gaur egun 23 milioi pasatxo izaten dira. Ia erdira murriztu da, eta beherantzako joera dauka. Horretan zeresan haundia dute udalek egindako lanek, ur galerak saihesteko; eta baita elektrogailuen efizientziak edota jendearen kontzientziazioak ere, besteak beste».

Ur hornikuntza da helburu nagusia, baina beste bi ere badauzka urtegiak. Bata, energia hidraulikoa sortzea, urtegitik etengabe ateratzen ari den uraren indarra baliatuz. Presaren ondoan daukate zentral nagusia, 90eko hamarkadan eraikitakoa; baina bigarren bat ere baliatzen dute, Hernani-Goizueta errepidearen ondoan dagoena: Arranbideko zentrala. «Urtegiaren atzeko aldetik hartzen du ura zentral horrek, eta lehorte garaietan arazoak sortzen zizkigun tarteka. Horregatik, zentrala erosteko akordioa egin genuen, duela urte batzuk. Orain, urtegiaren maila altua bada, lanean izaten dugu zentrala. 125 urte izango ditu, eta oraindik martxan dago. Pentsa zeinen ondo egiten zituzten gauzak garai hartan!».

 Uholdeen aurrean babesa, kontentzio lanen bitartez

Uholde arriskuaren aurrean babesa ematea da presaren beste helburua, urtegian erreserba gordez eta kontentzio lanak eginez. «Orain, ur eskaria asko murriztu denez, neguan ez daukagu presa beteta eduki beharrik. Horregatik, beti gordetzen dugu erreserba bat, euri asko egiten duenean kontentzio lanak egin ahal izateko. Erreserba hori haunditu egiten dugu, Euskalmetek abixua ematen digunean euri asko datorrela. Izan ere, Euskal Herrian euri gehien egiten duen ingurua da Añarbeko arro osoa, Artikutzara arte. Urtegia ez badago behar bezain baju, hustu egiten dugu aurreko egunetan, eta euria hastean itxi egiten ditugu hustubideak, kontentzio lanak egiteko».

Kontentzio lan horrek, edonola ere, ezin du mugagabea izan: «Aurreikusitakoa baino askoz ere euri gehiago egiten badu, edo askoz ere egun gehiagotan jarraian, ura askatu beharra daukagu. Zorionez, azkeneko urteotan ez da horrelakorik gertatu, eta kasu okerrenetan ere, lortu dugu presa irekitzean Urumea ibaiaren emaria ez izatea haundiagoa presa itxita zegoenean baino». Behin euria gelditzean, orduan bai, hustuketak modu kontrolatuan egin ditzakete.

Añarberen webgunean (agasa.eus) eguneratzen dute, uneoro, hustubideak irekita dauden edo ez, eta nolako emariarekin; eta urtegiaren eta hustubideen irudiak eskaintzen dituzte zuzenean, duela urte batzuk jarri zituzten kameren bitartez: «2011ko uholdeen ondorioz egin genuen hori, esaten zelako Añarberena zela uholdeen errua. Horrelakoetan esan ohi direnak, gehienetan ez dira egia. Guk ahalik eta ondoen egiten dugu gure lana, eta erabaki genuen informazio guztia eskura jarri eta maniobra guztiak jakinaraztea; URA Agentziak eta Larrialdi Zerbitzuek jasotzen duten informazio berbera, herritarrei eskaintzea».

Hustuketak modu «kontrolatuagoan» egin ditzakete egun, horretarako ezarri zuten sistema berriari esker. «Bi hustubide dauzkagu: bata, segunduko 23.000 litro askatzen dituena, eta bestea 33.000 litrokoa. Garai batean, bietako bat irekitzekotan, kolpetik segunduko 23.000 edo 33.000 litroko hustuketak egin behar genituen. Baina orain, aukera daukagu mila litroko tarteak irekitzeko, 0tik 15.000 litrora arte. Horrek askoz ere aukera zabalagoa eskaintzen digu, eta gainera, badakigu hemen hustutzen dugun emariaren arabera, zein den Urumea ibaian daukan eragina. Kontu haundiz egiten ditugu hustuketak».

Uholdeen arazoa konpontzeko bidean, eragin haundiena Urumea ibaian bertan egindako lanek izango dute, Ibanek azaldu digunez: «Zubien aldaketak, Karabelen egin zen lezoia, Martutenen ibaiaren zabalera haunditzea, ibaiari oztopoak kentzea... Azkeneko 10 urteetan, URA Agentziak eta udalek egin dituzten lan horiek dira uholdeen arriskua asko murriztu dutenak. Betirako amaitu dira uholdeak toki batzuetan? Oso zaila da hori jakiten. Klima aldaketarekin, batek daki... Muturreko fenomenoak, lehorteak eta euri zaparrada bortitzak, gero eta haundiagoak izaten ari dira».

Horregatik egoten dira, uneoro, «euriaren aurreikuspenei, ibaiaren emariari eta urtegiaren mailari begira», neguan bereziki. Erreserba gordeta, «lasaiago» egoten dira, baina euri zaparrada etengabeek beti pizten dute kezka: «Ikusten duzunean urtegiaren maila gora dijoala, Urumearen maila ere altua dela, eta ezin zarela hasi hustuketa maniobrak egiten... Tentsioa sortzen da. Egoera normala bada, guk hartzen ditugu erabakiak, eta saiatzen gara ahalik eta ondoen kudeatzen. Aldiz, Eusko Jaurlaritzak Larrialdi Plana martxan jarri eta krisi mahaia deitzen badu, erabaki batzuk adostu egiten dira, beste faktore batzuk kontutan hartu behar direlako. Dena den, normalean, guk proposatutako maniobrak onartu egiten dira, guk ezagutzen ditugulako ondoen presa eta arro hau», azaldu digu.

 Erreketatik gure etxeetara, Petritegiko estaziotik pasata

Aurrez aurre daukagun ur urdin hori da, gerora etxeko txorrotatik edango duguna. Artikutzatik eta inguruko erreketatik iristen da urtegira, eta kanal bajua deritzonetik bideratzen dute ondoren, Petritegiko estaziora, Astigarragara. Hiru ordu inguruko bidea egiten du urak, urtegitik estaziora. «Ur gordina daukagu hemen, eta edangarri bilakatzen dugu estazioan. Alegia, beharrezko tratamendua ematen diogu, Europatik datorren araudia betetzeko. Zorionez, urtegi hau dago kokatuta inolako kanpo eraginik gabeko toki batean. Oso animalia gutxi daude, ez dago industriarik, eta biztanleriarik ere ez apenas. Uraren kalitatea oso oso ona da, eta berez, batzuetan, inolako tratamendurik gabe ere edangarria izango litzateke. Baina ez da beti berdin. Eduki dezake burdina, manganesoa edo beste elementuren bat, eta kloroa bota behar zaio. Horregatik, Petritegiko estazioan tratamendu minimo bat ematen zaio», azaldu du Ibanek.

Karea ere, gehitu behar izaten dio Añarbek, kendu baino: «Oso kare gutxikoa da gure ura. Kolesterola bezala da karea, nolabait esateko. Urak kare asko duenean, tuberietan itsasten da karea, eta pixkanaka itxi edo eten egiten ditu. Aldiz, kare gutxi duenean, ura nahiko agresiboa da, eta tuberiak jan egiten ditu. Beraz, ur orekatua lortzeko, kare pixka bat gehitu behar diogu. Ondoren, burdina eta manganesoa kentzen dizkiogu bereziki. Ura filtratu egiten dugu gero. Eta azkenik, klorazioa. Desinfektante lanak egiten ditu kloroak, urak inolako arazorik ez izateko etxera iritsi arte. Gehienez ere, litro bakoitzeko miligramo bat kloro bota daiteke, eta 0,65 botatzen diogu guk. Kloro hori galdu egiten da bidean, eta etxeetara iristen da 0,5 miligramo ingururekin. Estaziotik gertuen bizi diren tokietan, kloro pixka bat gehixeago izango du urak, urrunenetan baino. Baina hori ez dugu nabaritzen uraren zaporean. Nabaritu genezake, batzuetan, tuberietan aire pixka bat sartzen bada».

Lehen, fluorra ere bota behar izaten zioten, derrigor, «guk hala nahi ez genuen arren. Zorionez, duela bi urte inguru lortu genuen fluorra ez botatzeko baimena, salbuespen gisa, hainbat ezaugarri eta baldintza betetzen genituelako».

Orain «automatizatuta eta kontrolatuta» dago uraren tratamendu guztia, baina eskuz egiten zen garai batean: «Herri bakoitzak zeuzkan bere manantialak, eta bertan, kloro pixka bat botatzen zioten urari. Ez zegoen sistema automatizaturik, eta ezta neurgailurik ere. Oraindik badaude herri batzuk, beraien ur manantial propioa daukatenak. Ura ona bada, ez dugu gaizki ikusten mantentzea, baina eskatzen diegu baliabideak jartzea, uraren kalitatea bermatzeko urte osoan».

Behin tratamendua eginda, Petritegiko estaziotik lau adarren bitartez zabaltzen da ura, eta deposito txikiagoetan bildu, bertatik etxeetara banatzeko. Añarbek 318.000 herritar inguru hornitzen ditu urez, 10 udalerritakoak: Hernani, Astigarraga, Urnieta, Lasarte-Oria, Usurbil, Donostia, Errenteria, Pasaia, Oiartzun eta Lezo.

 «Susto haundia» eta «milagro bat» 2008an, Petritegiko estazioan

Herri horiek guztiek, denbora batez urik gabe geratzeko arriskua izan zuten 2008an, Petritegiko estazioan istripu larri bat izan zuenean, AP-8 errepidea egiteko obren eraginez. Lurjausi haundi bat gertatu zen, eta kalteak eragin zituen estaziotik ateratzen diren lau adarretan. Behin-behineko konponbide bat eman ahal izan zioten, eta horrela, ez zen ur etenik izan. «Ia milagro bat izan zen. Ez zen ur etenik izan, jende asko etorri zelako laguntzera, eta nolabait bideratu ahal izan genuen. Guztiz txikitu izan balitz, sekulako hondamendia izango zen, edateko urik gabe geratuko ziren herri guztiak», dio Iban Zubeldiak.

Gainera, aitortu du «susto haundia» izan zutela bi langilek: «Gaua zen, eta kotxean zijoazen biak, estazioaren ohiko bidetik. Eta puntu batera iristean, errepidea ez zen existitzen, lurjausiarekin batera erori zelako. Zuloan behera erori ziren kotxearekin, baina zorionez ez zitzaien ezer larririk gertatu».

 Kanal alternatibo bat Epeletik Petritegira, kanal bajua konpontzeko

Ezohiko konponketa bat izan zen orduan egin behar izan zutena, baina gainerakoan, ohikoak dira hobekuntza eta konponketa lanak, adar ezberdinetan, presan, estazioetan... Bada, ordea, orain arte modu sakonean konpontzerik eta berritzerik izan ez duten zati bat; garrantzitsuenetakoa, gainera: «60ko hamarkadan eraikitakoa da kanal bajua, eta martxan jarri zenetik ezin izan dugu ezertarako eten. Oso zaharkituta dago, eta zorionez ez da ezer gertatu orain arte, baina badago arriskua, hemen egiten duen euri pilarekin, edozein lurjausik kanala eteteko».

Hori horrela, «urte askoan» eskatu dute kanal alternatibo bat eraikitzea, eta joan den urtean lortu zuten hitzarmen bat sinatzea horretarako. Dagoeneko martxan dira lanak, eta bi urte inguruko iraupena izango dute.

Kanal bajuaren oso desberdina izango da alternatiboa. Epele inguruan hasiko da kanal berria, eta Urumea ibaitik hartuko du ura. Añarbetik puntu horretara, beraz, ibaia erabiliko dute kanal bezala: «Urumeara askatuko dugu behar dugun ura, eta puntu horretan, askatutako ur kopuru bera jasoko dugu kanal alternatiboarekin. Punpaketa estazio bat egingo dugu Lastaola parean, ura Petritegira bideratu ahal izateko».

Kanal berriaren obrak bukatutakoan, konponketa lanak egin ahal izango dituzte kanal bajuan, horixe baita helburu nagusia. Orain ari dira konponketa lanen proiektua osatzen: «Konplexua da, eta diru asko izango da, gainera. Beraz, litekeena da tramoka egitea, eta urte bakoitzean zati bat konpontzea».

Zentzu horretan, Iban Zubeldiak nabarmendu du kanal alternatiboa dela «falta zaigun azpiegitura bakarra, %100eko segurtasuna izateko. Hori eraiki arte, beti izango dugu kezka txiki hori, ea kanal bajuari zerbait gertatuko ote zaion... Bereziki neguan, lurjausiak ohikoagoak direlako».

Edonola ere, kanal bajuaren konponketak bukatutakoan, hura izango da normalean erabiliko dutena. Kostua ere bajuagoa da, horrek ez baitu argindarrik behar, eta alternatiboak aldiz bai, punpaketa egin beharko delako. «Larrialdietarako edo arazoak daudenerako erabiliko dugu kanal alternatiboa».

Esan bezala, kanal berri hori erabiltzean, Urumea ibaitik bideratuko da ura aurrena. Eta orduan, zer nolako eragina izango du Urumeara askatutako urak, ibaiaren mailan? «Ez da nabarituko, oso ur gutxi izango baita. Demagun egoera normal batean Urumeak 3.000 litro daramazkiela segunduko; ba urtegitik askatutako urarekin, 3.800 litro izango dira. Pentsa, uholdeak daudenean, 100.000 litrokoa izan daitekeela emaria».

 «Urtegiaren maila ez da %65etik jaitsi azkeneko urteetan»

Une honetan, %80 ingurukoa da Añarbeko urtegiaren maila, «urte garai honetan izan ohi dena baino altuagoa». Izan ere, normalean baino euri gehiago egin du apiriletik aurrera: «Oraingoz, batazbeste egin ohi duen euri kopurua izan dugu aurten, gutxi gorabehera; baina normalean baino euri gehiago egin du apiriletik hona. Urriaren 1ean hasten da urte hidrologikoa, eta ohi baino altuago hasi dugu. Dena den, oso lehorra eta beroa ari da izaten urria».

Lehorteekin, oso arazo larriak izaten ari dira beste urtegi batzuetan, baina «oso zaila» da Añarben halakorik gertatzea: «Hau izango da, ziurrenik, lehorteekin arazoak izan ditzakeen azkeneko tokietako bat», adierazi du Zubeldiak. «Baina klima aldaketarekin zer gerta liteken, auskalo!».

Gogora ekarri du, 1989an eta 1990ean hemen ere izan zirela arazoak eta ur murrizketak: «Gaueko 00:00etatik goizeko 06:00etara, ura mozten zuten etxeetan. Ezohiko bi urte izan ziren. Normalean, hemen urtean 2.000 litro euri pilatzen dira metro karratuko, eta orduan 1.000 inguru bota zituen, bi urtetan segidan». Edonola ere, gogora ekarri du ur eskaria askoz ere haundiagoa zela garai hartan, ia oraingoaren bikoitza. «Ur galerak ekiditeko egin diren konponketek, onura haundiak ekarri dizkiote urtegiari, eta orain daukagun segurtasuna askoz ere haundiagoa da. Horri esker, ez dugu beste urtegi haundiago bat eraiki beharrik izan. Egungo egoerarekin, noizbait lehorte oso oso haundiren bat izango balitz, akaso eduki genezake arazorik... Baina hemen baino lehenago, beste toki askotan izango dute arazo larria».

Eta datu adierazgarri bat eman du: «Azkeneko urte dexentetan, urtegiaren maila ez da jaitsi %65etik. Urte sasoi honetan, udara pasa ondoren, normala da urtegiak %40an edo %50ean egotea. Gurean ez da halakorik gertatzen».

 Añarbeko ura, babestu beharreko altxorra

Ohikoa da entzutea, iturriko ur onena dela hemen daukaguna. Urtegiaren kokalekua nabarmendu du Iban Zubeldiak, uraren kalitatea azaltzeko: «Ez da gauza bera ura hemendik hartzea, edo ibai batetik, ibaiaren goikaldean bizi direnean milaka pertsona, eta isurketak izaten direnean. Oso toki onean dago urtegia, eta aprobetxatu dezagun».

Horretarako, ezinbestekoa da urtegia bera errespetatzea eta zaintzea. «Saiatzen gara ahalik eta aktibitate gutxien izan dadin bertan, uraren kalitatean eragiten duelako». Horrela, debekatuta dago bertan bainatzea, adibidez: «Beste urtegi batzuetan badago bainatzeko aukera eta ohitura, baina hemen ez dauka zentzurik. Itsasoa, ibaiak eta errekak dauzkagu inguruan, bainatu nahi izanez gero; eta urtegiak berak ez dauka sarbide errazik horretarako. Beraz, daukagun aukera zabalarekin, saihestu dezagun urtegian bainatzea».

Bertako uraz, beste modu batera gozatzea dagokigu; etxeko txorrotatik eta kaleko iturrietatik, hain juxtu. Bertaraino urak egin duen bidea, behintzat, ezagun izango dugu aurrerantzean, zaporea betikoa izan arren

.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!