Erreportajeak

Ezustekoz eta bitxikeriaz betetako bisita, Añarbeko urtegian barrena

Kronika - Erredakzioa 2023ko urr. 21a, 00:00

Añarbeko presaren beheko aldea, goiko pasarelatik ikusita. Inpresioa egiten du hormigoizko txirrista erraldoiak.

Edonor txunditzeko modukoa da Añarbeko urtegia, bai kanpotik eta bai barrutik. Bisita egin dugu presako zirrikituetan barrena, eta ezagutu ditugu gotorleku baten itxurako laberintoa, 63,5 metroko hormigoizko txirrista, guardaren etxea zena, eta noski, Gipuzkoako urtegirik haundiena.

Atzean utzi dugu Arranbideko bentaren ondoko zubitxoa, Añarbe errekak bere ura Urumea ibaira isurtzen duen tokia. Eta atzean utzi dugu Hernani-Goizueta errepidea ere, 'Añarbeko Uharka 118 metro' dioen kartelari segika. Zabalik topatu dugu burnizko hesia, Añarbeko urtegiaren sarreran jarri baitugu hitzordua Iban Zubeldiarekin, Añarbeko Urakeko komunikazio zerbitzuburuarekin. Berak erakutsiko dizkigu urtegiaren zirrikitu guztiak, eta funtzionamenduaren xehetasunak azaldu. 

Bertan ezagututakoak, bi erreportajetan ekarriko ditugu Kronikara: gaurkoan, urtegia barrutik nolakoa den azaltzen saiatuko gara; eta gaur zortzi, urriaren 28an, urak bertatik gure etxeetara egiten duen bidean, hartu beharreko neurrietan edota urtetako eboluzioan jarriko dugu arreta.

 

Añarbeko presa, Donostiako Artzai Onaren katedralaren altuerako pareta

Añarbeko presaren beheko aldera egingo dugu aurreneko bisita, Añarbe errekaren ondotik dijoan errepide estuari segika. Hemendik, ikusgarria da presaren pareta: 63,5 metroko altuera dauka. Donostiako Artzai Onaren katedralaren parekoa da. «Hemen, ingurune natural eta irekian ikusita, ez dugu antzematen zenbaterainokoa den. Baina Donostian, katedralari behetik gora begiratuta, ohartzen gara sekulako altuera duela».

Aurretik ikusita, alderantzizko piramide baten itxura dauka presak: zabalagoa da goiko aldean, behekoan baino. Paretan sakabanatuta, berriz, makina bat 'atari' ikusiko ditugu, bakoitza bere baranda horiarekin. «Atari horietako bakoitzeko, galeria bat dago presaren barruan». Galeriak? Aurreneko sorpresa izango da hori, eta berehala deskubrituko dugu. Presaren goiko aldean, berriz, hiru 'zulo' haundi daude erdi parean: gainezkabideak dira horiek, larrialdi egoeretan itxi egiten direnak, denbora batez ur pixka bat gehiagori eusteko: urtegiaren gaitasuna baino %10 gehiago, hain juxtu. Ohiko hustubidea, ordea, beheko aldean topatuko dugu, eskuinean. Hustuketa kontrolatuak egiten dituztenean, bertatik ateratzen da ur txorrota, metro askotako luzera hartu dezakeena. Uneoro ateratzen da ur pixka bat bertatik, hustubideak itxita eduki arren, «konpuertak ez direlako guztiz estankoak».

Presaren barruko aldera sartu baino lehen, ezkerreko aldean dagoen eraikin txuri-urdinean sartuko gara. Zentral hidroelektrikoa dago bertan, presa bera baino 20 bat urte beranduago eraikitakoa, 90eko hamarkadan. Ez da gela haundia zentralarena; bai, ordea, barruan dagoen turbina, kolore urdin argiko azpiegitura batez hornitua. Bertatik bideratzen dute urtegitik uneoro ateratzen den ura, energia hidraulikoa sortzeko; eta ondoren, zentralaren kanpoaldean, bi bide hartzen ditu ur horrek. Bata, Petritegiko estaziora dijoan kanal bajua, ur hori edangarri bilakatzeko eta etxeetara eramateko. Eta bestea, presaren paretaren aurrera isurtzen den ura, Añarbe errekara alegia, emari ekologikoa deitzen dena: «Derrigorrezkoa da emari hori, errekaren bizia mantentzeko. Urtegitik Urumea ibaira doan zatia ezin da lehor gelditu».

Añarbe errekak markatzen du, hain juxtu, Gipuzkoaren eta Nafarroaren arteko muga. Horrela, presaren ezkerreko aldea Errenteriako lurretan dago; eta eskuinekoa, berriz, Goizuetan.

Energia hidraulikoa sortzeko turbina, presaren ondoko zentralean.

 

Presaren barruko aldeak, gotorleku baten itxura

Orain bai, deskubrituko dugu presaren barruko aldea, paretan ikusitako 'atari' horiek islatzen duten galeria sorta hori. Zentralaren atzean daukagun ate txikitik sartuko gara, hormigoizko eraikinaren laberintora. Harrigarria da bertan topatu duguna: gotorleku baten galeriak dirudite, presaren barruko aldea baino gehiago. Tunel itxurako pasillo ugari dauzka presak barruan. Aurrez esan bezala, galeria bat dago paretako 'atari' horietako bakoitzeko; eta galeria horiek gurutzatuz, zeharka, beste bi lerro dauzkagu: aurrenekoa, presaren erdi parean; eta bigarrena, presaren azkeneko paretaren ondo-ondoan. «Pareta honen atzean ura dago, 30.000 milioi litro ur bultzaka», azaldu digu Ibanek. Pareta horren bazterretik, kanal txiki bat ere badijoa, ura daramana etengabe: «Mendiaren kontra dago presaren hormigoia, eta menditik datorren ur hori guztia jaso eta bideratzen dugu kanal honetatik, kanpora ateratzeko. Bestela, urak hartuta edukiko genuke presaren barruko alde guztia».

Galeria ugari dauzka presak, barruko aldetik. Gotorleku itxura hartzen du.

Galeria batetik bestera mugituta, iritsi gara beste gela batera, eta ez da nolanahikoa: hemendik kontrolatzen dira hustuketak, unean uneko beharraren arabera. «Bi desague nagusiak dauzkagu hemen, bi tapoi haundi balira bezala. Urtegitik bi tuberia haundi iristen dira hona, eta bakoitzak bi konpuerta dauzka, segurtasunagatik; batek huts eginez gero, besteak eutsi diezaion urari». Desague edo hustubide batetik, 23.000 litro askatu daitezke segunduko; eta bestetik, berriz, 33.000 litro segunduko. Biak aldi berean irekiz gero, beraz, 56.000 litro hustu litezke segunduko. Orduan hartuko luke presaren kanpoko txorrotak indar gehien, eta sekulako luzera.

Laberintoan barrena eraman gaitu Ibanek beste gelaxka bitxi batera: «Pendulu alderantzizkatu bat da hau, eta horrelako lau dauzkagu. Presa hau oso oso segurua da, ez du sekula arazorik eman. Baina presa guztiak mugitu egiten dira, tenperaturaren arabera, adibidez. Eta mugimendu horiek guztiak neurtu egiten ditugu pendulu hauen bitartez».

'Gotorlekutik' atera gara, eta berriro erreparatu diegu paretako 'zulo' horiei. Lurraren mailan dagoen pisuan egon gara gu, baina presak badauzka beste hiru pisu ere. Beherago dago beste bat, lur azpian; eta gurearen gainetik beste bi, presaren lodiera txikitzen den tokian. Behe-behetik goraino iristeko, badago eskailera bat presaren barruko aldetik, zuzen-zuzena. Errepide sigisagatsutik igoko gara, ordea, presaren tamaina beste ikuspegi batzuetatik antzemateko.

Urtegiko uraren laginak hartzeko erabiltzen duten katamarana, atzean presa duela.

 

Gipuzkoako urtegi haundiena alde batera, eta 63,5 metroko 'amildegia' bestera

Urtegiaren sarrerara bueltatu gara, berriro ere Añarbe errekaren paretik; eta bertan abiatu gara aipatutako errepidean gora. Ikusgarria da presaren goiko aldea. Bost metro inguruko zabalera duen pasarela bat daukagu oinpean, bi barandarekin babestuta. Alde batera, Gipuzkoako urtegi haundiena daukagu begibistan; eta haren inguruan, 21 kilometroko pista, urtegiari buelta ematen diona: irekia da, eta toki askotatik iritsi daiteke bertara, baina presaren gaineko bidea itxita dago. «Hemendik ikusita, urtegiaren eskuineko zatia Nafarroa da, eta ezkerrekoa Gipuzkoa. Oso ezberdinak dira biak. Gipuzkoakoa, Aiako Harria parke naturala da, baso aldetik askoz ere aberatsagoa. Nafarroako aldea, berriz, pinudia da, eta egurra ateratzeko erabiltzen dute. Horrek urtegiari ez dio onik egiten, pinua ateratzeak arrastreak eragiten dituelako; baina ez dago gure esku».

Presaren beste aldera begira, oso bestelakoa da ikuspegia: inpresioa egiten du 63,5 metroko 'amildegi' horrek. Hormigoizko txirrista erraldoi baten modukoa da. Sentsazio hori areagotzeko, pareta horretan behera egingo dugu pixka bat, eskailera hori batzuetatik, behetik ikusi ditugun hiru gainezkabideei gertutik erreparatzeko. Kolore berdeko konpuerta haundi dira, zulo horiek estaltzeko adinakoak. Zulo horien parera iristen denean, urtegia %100ean egongo da beteta, eta izatez, ezingo luke ur gehiago pilatu: «Baina demagun aurreikusitakoa baino euri gehiago egiten ari dela, edo espero baino egun gehiagotan. Urtegiaren maila gora dijoa, bete egin da, baina Urumea ibaia ere oso altu dago, eta hustutzen hasiz gero okertu egingo dugu. Egoera jakin batzuetan, itxi ditzakegu gainezkabideen konpuertak, eta urtegiaren maila %10 haunditu, denbora baterako. Urari eusten jarraitu dezakegu horrela, baina muturreko azkeneko aukera da hori, eta epe labur baterako bakarrik».

Eskailera horietan gora bueltatuta, presaren erdian dagoen irudi bati erreparatu diogu: Jose Zuazola tolosarrari eskainitako bustoa da. «Bera izan zen presa eraiki zuen ingeniaria. 50eko eta 60ko hamarkadetan, azpiegitura publiko asko eraiki zituen Euskal Herrian. Duela gutxi deitu digu haren familiak, urtegira bisita egitea eskatuz, seme-alabekin eta bilobekin».

Presaren gainetik aldendu aurretik, urtegira begiratu dugu berriro, eta hortxe ikusi dugu katamaran txiki bat, bazterrean: «Horrekin, uraren laginak hartzen ditugu hilean behin, kalitatea analizatzeko. Urtegiko hainbat puntutan hartzen ditugu laginak, sakonera ezberdinetan».

 

Guardaren etxea zena, egungo kontrolgune eta egoera berezietarako bizileku

Eta errepidean pixka bat gorago egingo dugu orain, bisita bukatzeko. Presatik bertatik, urtegiaren ezkerrean ikusi dugun eraikin horretara goaz: guardaren etxea da. Urtetan bizi izan zen guarda bertan, «historikoki urtegian lanean aritu dena. Baina bera jubilatu zenean, ikusi genuen jada ez zela beharrezkoa hemen bizitzen inor egotea. Kontrolerako baliabide gehiago dauzkagu orain, eta hona iristeko ere, garai batean zeuden bideak ez ziren egungoak».

Gaur egun, hiru langile ari dira urtegian lanean, eta beraiek arduratzen dira, kontrolaz gain, urtegi osoko mantenuaz (presa, kanala, inguruko pista...). Normalean, astelehenetik ostiralera egiten dute lan, bi txandatan: bi langile aritzen dira goizez, eta beste bat arratsaldez. Gauez ez da inor izaten bertan, eta asteburuetan guarda bat egoten da, «baina segurtasunagatik bakarrik». Ezohiko egoeraren bat denean, ordea, guardaren etxean geratu ohi dira langileak: uholde arriskua dagoenean, edota maniobrak egin behar dituztenean. 

Guardaren etxea zena, kontrol gunea da egun; baina bizilekua ere egokituta dauka, ezohiko egoeretarako.

 

Hori horrela, moldatu egin dute guardaren etxea. Bizileku gisa egokituta dago oraindik, ezohiko egoera horietarako: sukalde txiki bat, komuna, logelak eta bulegoa. Baina nagusiki, kontrol gunea da egun, eta bertara iristen dira urtegian bildutako datu guztiak: urtegiaren maila, momentuko hustuketa-emaria, euri-kopurua (guardaren etxearen kanpoaldean ikusi dugu estazio metereologikoa, hori jasotzen duena), eta baita presaren eta hustubideen zuzeneko irudiak ere, bertan jarritako kamerek grabatutakoak. Horiek guztiak, unean-unean zabaltzen dituzte Añarbeko Uraken webgunean, «herritar guztiek eskura izan ditzaten, URA Agentziak eta Larrialdi Zerbitzuek bezalaxe».

Kontrol mahaiarekin batera, badago hitzaldietarako areto bat ere; eta areto horretan topatu dugu irudi bat, Añarbeko presa eta Donostiako Artzain Onaren katedrala parez pare jartzen dituena. Beste hainbat argazki ere badaude; presa eraikitzen ari zireneko argazki zaharrak: «Paisajes Españolesek hegazkinez ateratakoak dira. Hemen obra batzuk egin genituenean, negatibo batzuk aurkitu genituen, eta beraiekin harremanetan jarrita, argazkiak eskuratu ahal izan genituen».

Guardaren etxetik atera, eta bukatu dugu Añarbeko urtegian barrena ibilbidea. Galdera asko dauzkagu oraindik, ordea; besteak beste, jakiteko ur hori guztia nola iristen den gure etxeetara, zein tratamendu jasotzen duen, nola kudeatzen diren larrialdi egoerak, zein bilakaera izan duen urtegiak eta uraren kontsumoak... Bisita ez da amaitu, baina bi orrialde hauen lerroak agortzen ari zaizkigu. Hortaz, datorren larunbaterako utzi beharko ditugu kontu horiek guztiak!

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!