Erreportajeak

Hernaniko eta Astigarragako panoramika polita, ibilbide sortari bukaera emateko

Kronika - Erredakzioa 2023ko eka. 10a, 00:00

Basozabal eta Arizmendi inguruetara joko dugu Hernaniko Ibilbide sortaren zortzigarren atalean, eta modurik onenean emango diogu bukaera: menditik Hernanira eta Astigarragara begira. 8,45 kilometroko ibilbidea osatuko dugu oraingoan, 203 metroko desnibel positiboarekin. Hernanira bueltatzeko, bide alternatibo bat ere izango dugu aukeran, 'La Cumbre'ra azalduta.

-Ibilbidearen tracka deskargatu hemen, bere horretan egiteko (1go aukera)

-Ibilbidearen tracka, bide alternatibotik bukatuta (2. aukera)

Zortzi ibilbide eta 63 kilometro osatuta, Basozabal eta Arizmendi inguruetatik emango diogu bukaera Hernaniko Ibilbide sortari. Hernaniko eta Astigarragako panoramika zabal bezain politaz gozatuko dugu bertatik, zortzigarren atal honetan.

8,45 kilometroko ibilbidea egingo dugu, 203 metroko desnibel positiboarekin. Hernaniren iparraldean ibiliko gara, eta Astigarragaren mendebaldean. Ibilbidearen erdialdera egingo dugu gorantza, eta altuera hartu ahala, ikuspegia zabalduko zaigu bi herrietara. Astigarragako bistez gozatuko dugu aurrena, bereziki Santiomendi eta bere landa eremua ikusgai ditugula. Eta ondoren, Arizmenditik aurrera, Hernaniko ikuspegi zabala izango dugu, Buskando baserriaren ingurutik edota Etxeberri auzoaren gainkaldetik. Izan ere, bi bide izango ditugu aukeran, Plazara bueltako bidea egiteko; eta biak deskribatuko ditugu ibilbidearen bukaera aldera, norberak aukeratzeko.

 

  ERGOBITIK GORA, BASOZABALERA

 Plazatik abiatuta, Andre kalean behera joango gara, Zinkoeneara bidean. Antziolara joan behar dugu, seigarren ibilbidean egin genuen bezalaxe; baina oraingoan, hasieratik garai bateko tranbiaren bidea hartu beharrean, bide zuzenagoa egingo dugu. Zinkoeneatik Antziolara bidean, Argarain kaletik desbideratuko gara, eta Ave Maria parkean sartu. Parkean barrena egingo dugu ibilbidearen hurrengo zatia, berdegunearen lasaitasunaz gozatzeko.

Parkearen beste aldetik aterako gara, igerileku irekien aurrera azalduta. Errepidearen gaineko pasabidea erabilita, Antziola auzora iritsiko gara, eta orduan bai, tranbiak egiten zuen bidean sartuko gara. Bide zati hau ezezaguna dugu oraindik, ordea: Antziola eta Iturmendi kaleen bidegurutzean hartuko dugu bide hori, gaur egun paseo gisa egokituta dagoena; eta Sagastialdeberri eta Laiztiaga auzoen artetik eramango gaitu, Hernaniko Baratze Parkearen eta Haurreskolaren ondotik. Paseo horretatik bukaerara arte jarraituta, Etxeberri auzora iritsiko gara; zehazki, bolatokiaren ondora. Puntu honetan desbideratuko gara, eta eskuinera eginda, tunela erabilita pasako gara trenbidearen azpitik.

Trenbidearen beste aldean, ezkerrera egingo dugu, eta zuzen-zuzen jarraituko dugu trenbidearen ondotik, Ergobiara iritsi arte. Orduan, berriro pasa beharko gara trenbidearen beste aldera, baina oraingoan gainetik egingo dugu, AHTaren obrak direla eta eraiki duten errepidetik. Horrela, Okendotegi auzora iritsiko gara.

Bertara iritsi arte, erraza da ibilbidea, beheranzko joerarekin; eta une honetan abiatuko gara aldapa gora. Tarteka, malda haundikoak izango dira aldapak, gainera; eta beraz, patxadaz hartzea komeni da. Aurrez aurre topatuko dugu lehenengoa, hormigoizkoa, Okendotegi auzoa ezkerrean dugula. Garratxenea baserriaren ondotik egiten du gora, Erbetegira bidean; eta aldaparen erdialdera, ezkerrera biratuko dugu, beste bide bat hartuz. Bideak eskuinera biratuko du aurrerago, eta laster iritsiko gara aldaparen bukaerara, Bista Eder etxearen ondora. Merezi du atseden hartu eta etxeak goiko aldean daukan armarri bitxiari erreparatzea.

Etxearen aurrean biratuko dugu ezkerrera, eta A-15 errepidearen gainetik pasako gara. Hemendik aurrera, bideak gora egiten du berriro, Basozabal baserrira iritsi arte, tartean atsedengune laburrak dituela. Zati horretan, aldapa gora goazela, izango ditugu Astigarragako bistarik onenak, bereziki Santiomendira eta bere landa eremura. Baina, horietaz gozatzeko, gogoratu beharko dugu tarteka atzera begiratzeaz. Izan ere, bidean aurrera goazela, gure bizkarrean izango dugu Astigarraga.

 

  ARIZMENDITIK  AURRERA, BI AUKERA  

Basozabalen hartu dezakegu atseden berriro, eta bertatik gozatu Astigarraga eta Hernani arteko ikuspegi zabalaz. Eta ondoren, mendi bidea hartuko dugu, Arizmendi aldera beherantza abiatzeko. Horretarako, ataka bat pasako dugu, animaliekin kontuz ibiltzeko dioen kartel bat daukan hesiaren ondotik. Kasu eginda eta tentuz jokatuta, bideak eramango gaitu Arizmendira bidean; eta berehala egingo dugu topo seigarren ibilbidean baliatu genuen beste bide batekin. Kasu horretan, Goikogaina baserriaren ondotik gentozen.

Arizmendi inguruan, mendi bideari segika, AP-1 errepidearen gainetik pasa eta hormigoizko bide batera iritsiko gara. Hemen erabaki beharko dugu nondik egin bueltako bidea Hernaniko Plazara. Eskuinera abiatuz gero, seigarren ibilbidearen bide beretik amaituko dugu paseoa: Buskando baserriaren ondotik pasako gara, bertatik Hernanira dagoen ikuspegi ederraz gozatuko dugu, eta Antziola auzora iritsita, tranbia zaharraren bidetik bueltatuko gara Plazara, Urbieta kaletik aurrera, eta Kale Nagusian gora ondoren.

Beste aukera, berriz, bereziki aproposa izango da eguraldi ona egin duen garaietarako. Izan ere, euria egin badu, lokatza pilatu daiteke zati batean. Bide horretatik bukatu nahi badugu ibilbidea, Arizmendiko bidegurutzean ezkerrera abiatu beharko dugu, hormigoizko bidetik, beherantza. 200 metro aurrerago, Arizmendi etxera joateko bidea ikusiko dugu eskuinera, eta ataka bat aurrez aurre. Ataka hori pasako dugu, eta berehala egingo dugu eskuinera, mendi bidean gora. Etxeberri auzoaren gainkaldera eramango gaitu bide horrek, eta bertatik gozatu ahal izango dugu Hernaniko panoramika ederrenetako batez.

Beherantza abiatu, eta bere­hala biratuko dugu eskuinera, auzora agertzeko; zehazki, 'La Cumbre' bezala ezagutzen den tokira, izen bereko etxea bertan dela, Etxeberri auzoko punturik altuenean. Bertan, jaisteko bi bide dauzkagu aukeran orain, eta eskuinekoa aukeratuko dugu, berriena eta erosoena dena. Etxeberri auzotik Florida kalera jaitsiko gara, eta San Jose Langilea elizara bidean abiatuko gara.

Elizaren ezkerraldetik, gorantza abiatuko gara, Zinkoeneara bidean; eta hala jarraituko dugu Kale Nagusitik, beste bidearekin bat eginez, Plazara iristeko.

Ibilbide alternatiboarekin, oso antzekoa da sortako zortzigarren paseo hau, distantziari eta desnibelari dagokionez: pixka bat laburragoa da, eta desnibel positibo gehixeago dauka.

Gainera, zortzigarren ibilbide honetan ez ezik, seigarrenean ere baliatu dezakegu zati hori, ibilbide desberdina egiteko. Horixe baitaukate aproposa Hernaniko ibilbide sorta honetarako prestatutakoek: bata bestearekin lotuta, eta elkarrekin nahastuta, ibilbide berriak sortu ditzakegula, aldiro desberdinak egiteko, edo guretzako politena den ibilbide propioa aurkitzeko.

Behin zortzi ibilbide hauek osatuta, Hernaniko ingurunearen ezagutza zabala izango dugu. Beraz, zergatik ez hasi txoko ezezagunak esploratzen eta ibilbide berriak sortzen?

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!