Aranon lehertutako fronteak eragina izan du bailara osoan

Kronika - Erredakzioa 2023ko mai. 23a, 00:00
Aranotik ateratako argazkia, Añarbe urez bete-beteta.

Euria izan da asteburuko protagonistetako bat, Urumea bailaran, batik bat, Aranon. Une honetan, egoera kontrolpean dute, baina hala ere, Aranok laguntza eskatu dio Nafarroako Gobernuari: «gure egunerokoarekin jarduten jarraitzeko». Asteburuan gertatutakoaren berri eman diote Kronikari Joxan Ruiz Aranoko alkateak, Fernando Goia Goizuetako Suhiltzaile Boluntarioen taldeko kideak eta Unai Erroitzenea Ereñotzuko alkateak.

Euriak ez zuen etenik izan larunbat gauean, Aranon. Goizeko 02:00etatik 04:00etara bitartean, bi orduz etenik gabe egin zuen euria, eta horrek eragin kaltegarriak ekarri zituen, bailarara. 

Larunbateko euriteek Añarbeko presaren inguruan sekulako eragina izan zuen: 240 l/m2 baino gehiago erregistratu ziren hiru ordutan. Prezipitazio kontzentratuen ondorioz, sarrerako emaria eta urtegiaren maila azkar igo ziren,  % 97,5era arte. 

Euri jasagatik, luiziak sortu ziren errepideetan eta hauek hondatuta gelditu ziren. Hala ere, Nafarroako Obra Publikoen Kontserbazio taldeak jardun zuen errepidea konpontzen, Goizuetako Suhiltzaile Boluntarioen laguntzarekin.

Aranoko egoeraren berri eman digu herriko alkateak, Joxan Ruizek, eta azpimarratu du herrian ez dutela kalte larririk izan: «herrian ondo gaude, gure arazoa izan da inkomunikatuta egon garela, ezin herritik atera, eta ezin sartu». Herriko bideak desagertu zirela ere aipatu du Ruizek: «egia da herriko bide batzuk desagertu egin zirela, baserrietatik ezin zenuen herrira mugitu». Hala ere, bide horiek konponduta daude: «larunbatean hasi ziren konpontzen herriko bideak eta igandean konpondu zituzten guztiz». 

Une honetan, uraren hornidura bermatzeko lanetan ari dira: «atzoko eguna konponketen balorazio bat egiteko erabili genuen, ingenieri bat etorri zen eta egin genuen estimazio bat, herriko bideetako obretan Nafarroako Obra Publikoen Kontserbazio taldeak esku-hartzeko. Eta esan beharra dut asteburu osoan jardun dutela lanean. Lortu zuten igande gauerako errepidea irekitzea, txandakako pasabidearekin, eta hori asko da».

Amaitzeko, Aranoko alkateak, laguntza laguntza eskatu dio Nafarroako Gobernuari: «lehenbailehen egunerokotasunera itzultzeko laguntza behar dugu, gure eguneroko jardunarekin jarraitzeko».

Aranoko errepideak hondatu zituen urak.

Goizuetako Suhiltzaile Boluntarioak, jo eta su lanean

Goizuetan ere asteburu mugitua izan zuten, hala ere, herrian ez zuen eraginik izan, aldiz errepideetan, bai. Fernando Goiak, Goizuetako Suhiltzaile Boluntarioetako kideak asteburuko nondik norakoak kontatu ditu: «Goizuetan ez dugu deus nabaritu, herrian esan nahi dut. Ez dugu uholderik izan. Goizeko ordu txikitan hasi ginen trumoiak entzuten, baina Arano parean zegoen frontea». Goiak adierazi du, errepideetan izan zela «kaosa»: «Aranoko errepidea hondatu zen lur-jausiengatik; eta Suhiltzaile Boluntarioen taldeko batzuk bertaratu ginen errepidera. Arranbidetik hiru zuhaitz kendu genituen, erorita baitzeuden errepidean, traba eginez. Eta 24 kilometrotik gora zeuden luiziak».  Fernando Goia Suhiltzaileen parkera itzuli zen, jende gehiago behar zutelako, eta Larrialdi Zerbitzutik dei bat jaso zuen: «esan zidaten Añarbeko guarda bat bi luiziren tartean gelditu zela trabatuta, autoan. Orduan Goizuetatik talde potentea bertaratu ginen, eta Iruñeatik ere mobilizatu ziren GRTko (Grupo De Rescate Tecnico) taldea bertaratuz, eta soluzionatu genuen egoera». Horrez gain, emergentzia egoerak ere planteatu zituzten, «ospitalizazio egoerak ere gogoan izan genituen, eta planteatu zen GRT taldeak helikopteroak bidaltzea. Hala ere, lainotuta zegoen dena, eta lainoak altu zeuden, baina GRTkoak horrelako egoeretarako prestatuta daude».

Errepideak konpontzeko Nafarroako Obra Publikoen Kontserbazioko laguntza beharrezkoa zuten Goizuetako suhiltzaileek: «beraiek daukate makinaria bat oso potentea. Goizuetako Suhiltzaile Boluntarioek ezin genion aurre egin asteburu honetako egoerari, beraien laguntza jaso genuen, beharrezkoa baitzen makinaria aldetik, lur mugimenduak egiteko etabar. Asteburu osoan jardun dute buru-belarri gure alboan lanean».

1947garren urtean, badirudi antzeko zerbait gertatu zela Goizuetan, euri mordoa egin zuen etenik gabe, ordu gutxitan, «eta horrek herriko zubitik ura ateratzea eragin zuen, eta herriko txokotaraino heldu zen ura».

 

Ereñotzun, kalteak

Ereñotzun ere kalteak sortu ditu, nabariak gainera, hala aitortu du Unai Erroitzeneak, Ereñotzuko alkateak: «Ereñotzura bideko errepide nagusian bi lur-jausi egon dira, eta horregatik, puntu batean baino gehiagotan itxita egon da eremua. Horrez gain, ura atera zen Fagollagan, Ereñotzun bertan Gorrotxategi lokala ere harrapatu zuen urak...». Erroitzenearen esanetan euriteak ez du eragin Urumea ibaian, baizik eta erreka txikietan: «erreka sekundarioetan eragin du, eta mendiko txokoetan. Adibidez Ugaldetxo atzean dagoen Pikoaga baserriko beheko solairura ur dezente sartu zitzaien». Errepideei dagokienez, Aparraingo bidea itxita dagoela azaldu du Erroitzeneak: «ea gaurko ireki dezakegun». Ereñotzuko errepidean lanean dabiltza, eta datozen egunetan ere hala jardungo dutela dio Erroitzeneak, «ondo jarri eta segurtasuna bermatzeko».

Ereñotzuko errepidean ere lur-jausiak.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!