Goizuetan lainoa lehertzen duenean...

Erabiltzailearen aurpegia Iñaki Sanz Azkue 2017ko ira. 23a, 02:00

1947ko abuztuaren 24a zen, San Bartolome eguna. Goizu­e­t­a­ko festen ondorengo igandea. Ma­ñoli Loiartek goizeko sei eta erdietako mezara joateko ohitura zuen, eta egun hartan ere halaxe egin zuen. Meza entzun ostean, Alduntzingo bidea hartu zuen; Goizuetatik atera eta Hernanirako bidean, Urumean behera errepide er­tzean dagoen jauregian lan egiten baitzuen markesiten­tzako neskame.

Goizuetan hiru meza izaten ziren igandetan, eta Antonio Elizaldek, zortzi eta erditakora joateko prestatzen ari zela, en­tzun zituen lehendabiziko trumoi hotsak. Mezaren lasaitasunean, elizaren babesean gu­txik esperoko zuen bertatik atera­tzean aurkituko zuena: «Gu mezan ginela gailendu zen hura –ekai­tzaz ari da Antonio–. Han nonbait, Goizueta gainean, lainoa lehertu ziken. Bo­tatzen zuen... ez euria tza-tza-tza. Zorroan nola ateratzen da ura ontzia hustuta? Horrelaxe!».
Plaza urez betetzen hasia zen eta Zubi Haundia urak ia estali zuen. Nola zen posible hura? Ordu bete lehenago oinez pasa­tzeko moduan zen eta erreka… Arrosa izeneko emakumea Zubi Haundia ze­har­katzen saiatu zen, urak gerriraino zituela. Baserrira joan beharra zuela eta erreka pasatzeko modu bakarra hura zuen. «Jendea ujuka hasi huen, ez pasatzeko eta ez pa­satzeko. Azkenean mako bati heldu eta pasa zuten. Ura ikaragarrizko indarrarekin zihoan, eta ordurako zubia, plaza eta eliza hartuak zituen.

Aldakatarainoko urak eliza barruan
Milagros Narbartek ere ez du ahazteko egun hura. Ama oso elizkoia zuten eta eliza urak hartu zuela entzun zuenean, laguntzera joan zen lasterka. «Elizan aulkiak izaten ziren erdiz behera emakumeentzat, erdiz aurrera bankuak, gizo­nez­koen­tzat. Aldakataraino iristen zen ura, eta aulki guztiak dantzan zebiltzan uraren gainean. Don Juan parrokoa bizkarrean hartuta atera zuen elizatik Miguel Sukuntza korrikalariak».
Denbora gutxian urak he­rria hartu zuen. Hurrengo egunean Udalak idatzitako agiriak ere hala zioen: «Zazpi metroko altuera hartu zuen urak Goi­zuetan eta eliza eta plaza ain­tzira bat bailiran geratu ziren». Milagrosek gogoan du oraindik: «Errekatik ateratako urek olatuak sortzen zituzten plazan, itsasoko olatu hilak bezala, plat, plat... etxeen hormen kontra jotzen zutenean».
Mañoli Al­dun­tzinen zegoen jadanik, Goizue­tatik 2 kilometrotara. Bertan, ez zuten sumatu ere egin euritea. Arduratua zegoen, ordea, markesitak zortzi eta erdietarako mezatik buelta­tzen ez zirela ikusita. Ez zuen asko behar izan ezohiko zerbait gertatu zela ohartzeko: «Jauregiko leihotik erreka ikusten zen, gero eta gehiago ura, gero eta gehiago ura... Errekan behera elizako aulkiak eta sepulturak zetozen! Orduan konturatu nintzen, urak eliza hartu zuela».
Urumea ziztu bizian zihoan Hernanira bidean: zuhaitzak, abereak... aurrean harrapatzen zuen guztia arrastaka zeraman. Antoniok gogoan du, garai hartan Goizuetan telefono bakarra zegoela. «Herna­nira deitu omen zuten, urak hazita zihoazela eta kontuz ibiltzeko. Hernaniarrek, ordea, han eguzkia zela... gero sine­tsiko zuten, noski».

Errioa olatua bezala
Manuel Garayarren aitak Her­na­niko Lastaolako zentralean egiten zuen lan, Goizuetatik 26 kilometrora. Eta hantxe, lanean, harrapatu zuten Goizu­e­tatik deitu zutenean. «Manuel, lainoa lehertu duk Goizuetan eta urak hazita zatozek –esan zion aitak–. Kontuz ibili baserrian». Lizarra baserria erriberan zegoen eta kontuz ibili beharra zuten uholdeekin.
Ama Donostiako Bretxatik iritsi zenean egunero be­zala merkatutik hutsak ze­karz­kien esnetarako marmitak garbi­tzera joan ziren. Uru­mea baxu zetorren eta ez omen zegoen arriskurik. Erriora sar­tu orduko, ordea, olatu txiki bat sumatu zuen Manuel gaztetxoak. Begirada altxa zuenean ikusi zuen zetorrena: «Olatua bezala, kolpean igotzen hasi huen errioa. Ordu betean urak baserriko kupel guztiak dan­tzan jarri zizkian eta justuan-justuan ez huen iritsi ukuilura. Lau bat metro igo huen gure inguruan».
Ur-kolpea hiru kilometro beherago dagoen Hernaniko Karabel auzora iritsi zenean, La Voz de España egunkariko kro­nista trenean zegoen eta «Urumea unean-unean nola igotzen zen» ikusi zuen. Hu­rrengo egunean gertaturikoaz idatzi zuen: «Minutu gutxian bere ibilgutik ateratzen hasi zen Urumea eta inguruko lur guztiak estali zituen. Karabe­leko zubitik atera behar izan nuen, ibaiak zubiaren bi aldeak urez estali baitzituen».
Bizilagun asko abereak ukui­luetatik salbatu nahian ha­si ziren. Luis Elola hernaniarrak ere arriskuan ikusi zituen bere jabetzak, eta etxera igarotzeko Ka­ra­beleko zubia gurutzatu nahian urak eraman zuen. Izan zen hura laguntzeko bizia arriskuan jarri zuenik, baina Luis desagertu egin zen.
Igo bezain azkar egin zuen behera berriro ere errioaren mailak. Urak bere tokira bueltatu ziren arren, uholdearen arrastoek egun asko iraun zuten Urumea bailaran, eta urteak, egun hori bizi izan zuten herritarren gogoan.  

Biharamuna: amuarrainak erriberako putzu-zuloetan
Uholde osteko egunean Goizu­e­tako alkateak agiria idatzi zion Nafarroako Gobernadore Zibi­lari: «Abere asko itota hil dira, labore asko suntsituak, herriko hiru zentral lohiaz estaliak, etxeak urez beteak eta eliza aintzira bihurtua. Momentu honetan herria urik, argirik eta telefonorik gabe dago. Itxita daude Leitzarako bidea eta Hernanirakoa, herria guztiz isolatua geratu da: 4 milioi pezetako galerak izan dira.
 Herritarrak zerbitzu guztiak ostera ere martxan jartzeko ahaleginetan ari dira, bai eta zentralak garbitzeko lanak egiten ere».
Jose Antonio Apezechea ere ibili zen zentralak garbitzeko lanetan. «Uholde hori ba­tzuentzako txarra zen, baina gu bezalakoentzat, ona. Jende asko zen orduan lanik gabe, eta jornalak oso baxuak ziren». Gogoan du Goizueta eta Leitza artean zazpi puntutan puskatu zela errepidea. «Hilabeteko jornala 16 pezeta gehi soldata bazen, uholdearen ostean bost duro ordaintzen hasi ziren eguneko; sekula harririk ikusi ez zutenak ere harginak ziren orduan». Goizuetarrak eta lei­tzarrak ibili ziren konponketa lanetan baita aranaztar eta lesakarrak ere, «denentzat jornala bazen orduan».
Hernani inguruan ere ez zen nolanahikoa izan biharamuna. Manuel Garayarren erri­beran landaturiko lupulu eta uzta guztiak galdu zi­ren. Arreta deitu ziona, or­dea, elektrizitateko pos­teen kontra ze­goen egur pila zen, «me­ta be­za­la, baserrirako ur­te osorako egu­rra bil­du ge­nian». Se­kula ahaztuko ez duena, ordea, erriberako putzu-zuloena da: «Ura jaitsi huenean, putzuak geratu hituen punturik baxuenetan, eta putzuetan amuarrainak! Eskuz harrapatzen ibili ninduan», kontatu digu barrez.
Karabel auzoan goiza tristeagoa izan zen. Luis Elolaren gorpua errio ertzean azaldu zen goizeko lehen orduan, itota. 

Goizueta eta Hernani arteko bidea moztuta, korreoa ezin iritsi Goizuetara!

Goizueta eta Leitza arteko errepidea leku askotan moztuta geratu zen, baina garai hartan, izatekotan, Hern­a­ni­rako bi­dea zen garran­tzitsua goizuetarrentzat. «Ko­rre­oa or­duan hortik etortzen zen eta bizimodua ere Gi­puz­koara egi­ten ge­nuen goizuetarrok, eritasunean eta halakoetan, nahiz eta na­farrak izan», esan digu Milagros Nar­bar­tek. «Urak Malene (ermita) bai­no pixka bat beheraxeagotik hasi eta Erratetatik behera dagoen, ia San Anton ermitarainoko karretera zatia, eraman zuen. Karreterikan ez zela! Sarre­rarikan gabe geratu zen herria Hernani aldera!».
Horri, ordea, irtenbide az­kar bat eman behar zitzaion eta herriko jendea langile mo­duan hartuta, Frantzisko Etxe­gia arotza eta Aldun­tzin­bor­da­ko harginek, irtenbidea eman zioten arazoari errepidea egin bitartean. «Bibianok egurrak ekarri zituen inguruko basoetatik, eta pilareak pa­ra­tu zutikan, gainetikan ta­bloiak paratu eta hauei olak josita karretera baitzen bezala egin zuten pasadizoa errepidea egin bitarte. Dena egurrez egina. Zubia ere orduan egin zuten!»
Urumean behera ere ez ziren gozoak izango goiz hartakoak. Antonio Santa Kruz Epelen bizi zen artean eta egun hartan bizikleta hartu eta Hernanira, kalera, joan beharra zuen lan kontuez hitz egitera. «Tantarik ez zuen bo­ta goiz osoan Hernanin. Epe­le­ko-Etxeberrikoek, ordea, abi­sua jaso zutela eta ur handiak zetozela esan zidaten. Eu­rek ere errioan izaten zu­ten txanela, lehorrera atera zu­ten, urek eraman ez zezaten. Nik bizikleta hartu eta Hernanira egin nuen martxa».
Orduan Epeleko-Etxeberri kanpotarrez betea izaten zen: ingelesak, alemaniarrak … La Voz de Españako kazetari batek ikusi zuen 13:00 aldera Karabeletik pasatzen kanpotarren azkeneko kotxea, ingelesa, urak gurpilak ia goraino tapatzen zizkiolarik. 
Antonio Santa Kruzek be­rak bestelako komeriak izan zi­tu­en. «Etxera bueltan, orain Az­kar dagoen lekuan, pretila izaten zen eta dena urak hartuta ze­goen. Bizikleta bizkarrean har­tu eta pretilaren gainetik pa­sa nu­en tramoa». Gogoan du oraindik ere Fa­gollagako jate­txean ere ko­mer­iak izan zituz­te­la. «Urak ekonomika tapatu zi­en goraino, ur asko baitzen orduan eta indar askorekin». Bai­na bitxikeriak ere eman zituen egun hark eta ba­rrez kontatu digu Antoniok Fa­go­lla­gan izaten zen iñistor-meta bat nola urak hartu eta zu­tik, ten­te ia Epeleko-Etxebe­rri­raino eraman zuen eta hantxe utzi, «ukitu ez balute bezala». 

ERREPIKATU AL DAITEKE ANTZEKO FENOMENORIK?

Lainoa lehertu zuen eremua oso mugatua izan zen. Leku­koen esanei kasu eginez, 5.000 Ha-ko zabalera izango zuen. Goizuetako herrian bertan elizaz behetik dagoen Ola­berriko erreka ez zen mugitu ere egin. Ordea, elizaz goitik urrutiagotik datorren Zuma­rresta eta gertuago dagoen Urdiñola errekak esaterako, zeharo haziak zetozen.
Testigantzen arabera, Ur­di­ñolan gertatutakoak azal­tzen du zergatik joan zen ur-kolpea edo olatua Urumean behera. Jose Antonio Apeze­cheak ere hala kontatzen du: «Euria ikaragarri bota zuen eta erortzak edo ur-jauziak izan ziren. Urdiñola erreka txikiaren ertzean gaztainaren enborrak ziren moztuta eta paratuta. Erortzak enborrak goitik behetik hartuta, Leitzako mugan den zubi txikira eraman zituen eta zubi hura trabatu gaztainondoekin. Atzetik etorritako adarrek, lurrak eta orbelak uraren pasadizoa itxi zuten. Orduan bazter guztiak, de­nak, urak hartu zituen».
Euskal Herriko beste le­kuetan ere bizi izan dituzte antzeko fenomenoak. 1913an, esaterako, Baztanen, Bidasoa ibaian 12 metro zabal eta 5 luzeko olatua sortu zen; bertako herri eta inguruetan hemezortzi zubi birrindu eta bi emakume hil zituen. 1915ean, berriz, Legazpin, Aiz­ko­rrin lainoa lehertu, eta urak kalte handiak sortu zi­tuen herrian eta inguruetan.
Fenomeno meteorologiko asko errepikakorrak izan ohi dira. Ganix Esnaola Alda­nondo EHUko ikertzailea eta irakaslea den atmosferaren fisikariak bere iritzia eman digu gertatu zena kontatzeko, eta berriro ere gertatu ote daitekeen argitzeko: 
«Uholdea, azken finean, fenomeno meteorologiko ba­ten emaitza baino ez da. Ka­su honetan seguraski au­rreko egunetatik zetorren ezengorkotasun egoera batetik garatutako ekaitz konbektibo bat izan zela dirudi, oso lokalizatua eta litro asko askatu zituena Goizueta inguruan, oso denbora gu­txi­an. Posible al den errepika­tzea? Meteo­ro­­logian halako fenomenoekin probabilitateaz hitz egiten dugu, eta bai, dudarik gabe aukera badago berriro ere halako edo antzeko episodio meteorologiko bat gertatzeko. Galdera, or­dea, ez da gertatuko den ala ez, baizik eta zein maiztasunekin gerta daitekeen. Hori erantzuteko nahikoa daturik ez dugu oraindik. Hala ere, gertatuta ere inork ezin du ziurtatu ibaiak erantzun bera izango duenik. Garai hartako Uru­mea­ren ezaugarriak eta egun­goak ez baitira berdinak». 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!