Eli Pagola Apezetxea eta Ainhoa Gutiérrez del Pozo ereñotzuarrek Ta argiya iñ zan emanaldia estreinatu zuten pasa den asteazkenean Biteri kultur etxean eta erakusketa ere antolatu dute, ikusgai dagoena, datorren apirilaren 29ra arte. 2022an, aurreproiektuak Udalak martxan jarri zuen sorkuntza beka irabazi zuen eta berehala hasi ziren lanean proiektuari forma emateko. Orain arteko ikerketa oinarri hartuta, arte esperientzia prestatu dute.
Asteazkeneko aurkezpenak gustora utzi zituen Eli eta Ainhoa. «Instalazioa deitu genion aurkezpenari. Interes desberdineko jende asko hurbildu zen eta jakin-mina sortu zen», nabarmendu du Pagolak. Bilatzen zutena aurkitu zuten egileek. «Gogoeta prozesu bat bezala planteatu genuen. Gure apustua zen instalazio batera edo film abstraktu batera ohituta ez dagoen jendeari gure begirada zabaltzea, espazioa sortzea pentsarazteko. Uste dut lortu genuela», gehitu du Ainhoa Gutiérrez sortzaileak.
Aurreko egunetan oso zaila egiten zitzaien ereñotzuarrei Ta argiya iñ zan definitzea: «Dokumental bat izango ote zen pentsa zezakeen norbaitek, baina ez da. Erakusketa eta emanaldia pieza ezberdinez osatuta dago. Dokumentu bat badago, laburmetrai zentral bat, baina jendeari zer ikustera joango den azaltzea zen zaila egiten zitzaiguna».
Biteriko areto nagusian eskaini zuten emanaldia, nahiz eta zentral hidroelektriko batean eskaintzeko sortua izan: «Guk ere hasieratik ez genekien zein izango zen emaitza, beraz, ezin genuen lana modu zehatz batean izendatu. Erakusketa, berez, zentral batean eskaintzeko pentsatua izan baitzen. Ekintza bat zen. Hiru-lau egunetako pase batzuk egin nahi genituen. Zer zegoen zentralean eta guk jarritakoa nahastuko zen».
Zentral hidroelektrikoak ekoizpenerako instalazioak dira eta horregatik, ezin izan dute, oraingoz, bertan egindako lana erakutsi. «Ez daude pentsatuta jendea atzera-aurrera ibiltzeko. Zaharkituta geratutakoak asko daude eta hor segurtasun legedia eta ardurak sartzen dira», dio Eli Pagolak, nahiz eta zentral batean egiteko aukera oso gertu izan. Hala ere, ez dute etsi, «uste dugu egingo dugula erakusketa Urumeako zentral baten barruan. Landu beharra dugu».
«'Ta argiya iñ zan' dokumental bat izango ote zen pentsa zezakeen norbaitek, baina ez da. Pieza ezberdinez osatuta dago. Laburmetrai zentral bat badago».
Bailaran 15 zentral daude eta martxan bederatzi
Urumea ibaiaren ibilbidea asko aldatzen da Ezkurratik Donostiarako tramoan eta bailarari erreparatzea erabaki zuten Pagolak eta Gutiérrezek: «Lotura egin nahi genuen non ekoizten eta non kontsumitu litezkeen, datuen errealitatera ahalik eta gehien hurbiltzeko. Donostiara joanez gero oso ezaugarri ezberdinak ditu Urumeak. Zikuñagatik gora, Ezkurrara arteko zentralak hartu ditugu kontuan. Horiek dira presa daukaten zentralak eta hortik gora guztira 15 zentral daude».
Zentral hidroelektrikoak bisitatu dituzte, Hernaniko paper-fabrikakotik hasi eta Leitzako lurretaraino: zein dauden martxan eta zein dauden utzita ikusi dute eta denen artean zenbat argindar sortzeko gaitasuna luketen kalkuluak atera dituzte: «bederatzi zentral daude martxan».
Ikerketaren abianpuntua zientifikoa eta artistikoa izan zen: «Objektu berari begira, baina jakintza ezberdinekin bakoitza». Ainhoa Gutiérrezek ikuspuntu artistikoa eman dio ikerketari 16 mm-ko filmaketarekin eta Eli Pagolak, aldiz, ikuspuntu zientifikoagoa eman dio, energiaren inguruan duen jakintzarekin. Gutiérrezen esanetan, «prozesu guztian zehar gurutzatu dira bi jakintzak eta biak harremantzea lortu dugu».
«Gaur egun enpresa haundienak dira, langileak lantokira joango balira bezala funtzionatzen dute»
Zentral bakoitzak bere historia du eta Eli Pagolak ongi ezagutzen ditu: «Gaur egun zentralek erabilera ezberdinak dituzte. Batzuk bertan behera utzita daude, eta beste batzuk, berriz, okupatutak daude eta etxebizitza bezala erabiltzen dira. Bilakaera ezberdinak izan dituzte. Egia da zentral gehienek badutela ondoan etxe bat, lehen zentraleroa bizi zena. Leku batzutan etxe hori dagoeneko botata dago edo zentralarekin ez du loturarik, zentraleroak ez baitauka ardura zentral bakarrarena. Gaur egun, enpresa haundienak dira eta langileek betiko lantegietan bezala funtzionatzen dute. Bailara honetan, zentral batzuk Iberdrolarenak edo Accionarenak dira. Kasu horietan beraien langileak dituzte eta behar denetan bidaltzen dute norbait, teknikoren bat. Zentralitatik ere kontrolatu ditzakete eta aldatu egin da zentralaren bueltan zebilen langilea edo pertsona. Arranbidekoa da adibidea».
Bideorako datuak nahi zituzten eta prozesuan gauzak aurkitzen joan dira, hauek lanean txertatuz. Zentralari funtzioa aldatzeko asmotan, erakusketa bertan egitea zuten asmoa eta aurkikuntza xelebreak egin dituzte. Gutiérrezek ondorengoa azaldu du: «oraindik martxan dagoen Goizuetako Rezola zentralaren barruan mural bat dago margotuta, bere kanalen mapak eta ura nondik datorren erakusten dituena. Funtzionala da lanerako baina, aldi berean, mural bat da, eta arte ikuspegitik erakargarria, hain zuzen ere». Bertako Xabier Etxegia zentraleroak kontatu zienez, «mural hori garbitu eta pareta txuriz margotzea zen enpresaren asmoa. Berak eskatu zuen mesedez gero berriz gainetik margotzeko irudi hori, beretzako hori zentralaren parte zelako. Eskaera onartu zioten, eta garbitzen hasi zirenean ikusi zuten azpian irudi hori bera zegoela margotuta. Hau da, behin eta berriz margotutako pareta da eta hiru bider garaian garaiko zaindariek eskatu dute marrazki hori mantentzeko. Guri estetikoki gustatu zitzaigun mural hori. Funtzionala eta emozionala izan daitekeela erakusten baitigu».
«Sorkuntza bekarik gabe ezingo genuke 16mm-tan grabatu»
Ainhoa Gutiérrezek grabazioari buruzuko azalpenak eman ditu: «16 mm-tan filmatzea pentsatu genuen, prozesuak berak eramaten digulako horretara. Materialak muga bat zeukan eta pentsatzen genuen energiarekin antzeko zerbait izango zela. Nahi genuen lotu gaia eta prozesua, argiaren inguruko lan bat delako eta kamera analogikoan argia zuzenean inprimatzen delako pelikularen gainean. Beraz, lotura ikusten genuen gaiaren eta horrela filmatzearen artean. Bestalde, kamerak ez du argindarrik behar grabatzeko momentuan, sokari emanda dabil». Kamera analogiko honek bere baldintzak ezartzen dituela azaldu du Gutiérrezek: «Ezin dugu nahi adina grabatu, beraz, aurrez ikertu eta erabaki behar genuen, geneuzkan pelikulak nora zuzendu. Gauzak ezagutzera behartzen gaitu». Kamera horrekin dokumentatu dituzte Urumea ibaiaren erabilera anitzak, iruditan, ahotsik gabe, eta pieza labur hori da Biterin proiektatu zena.
Eli Pagolak adierazi du, denborarekin ere baduela zerikusia hautuak: «irudiaren estetikak garai batera hurbiltzen gaitu». Argi dute Hernaniko sorkuntza beka irabazi ez balute, ezingo luketela grabazio sistema garesti hau erabili. «Lana aurrera eramango genuen, baina beste modu batean», argitu du Ainhoa Gutiérrezek.
«Zentral elektrikoen inpaktu ekologikoa hartu dugu kontuan»
Ertz asko dituen jolas bat daukagu aurrean dio Eli Pagolak. «Energia ekoizten dugu beharren arabera?, gure oinarrizko beharren araberako produkzioa beharko genuke?, edo produzitzeko gai garenaren araberako beharrak produzitzen ditugu? Egia da, guk ez dugula aztertu bakarrik zentralak produzitzeko duen gaitasuna eta sozialki daukan inpaktua, baizik eta jarri nahi izan dugu hartu emanean inpaktu ekologikoarekin. Geldirik dauden bi zentraletako presak bota nahi dituzte, ibaiak bere ibilbide naturalari eusteko. Ez dadila oztopo izan arraien migraziorako. Gai garrantzitsua da, kezka sortzen du bailaran eta horri heldu nahi genion. Inpakturik ez dugu nahi, baina bestetik, argindarra ere beharrezkoa da».
Ikerketa eta zinema uztartzen dituen lan honekin, herritarren artean partekatu nahi dituzte energia sortzeko aukerak eta honek dakartzan inpaktuei buruzko gogoetak. Hausnarketarako osagaiak mahai gainean jarri nahi dituzte, egun pil-pilean dagoen energia berriztagarrien gaiaren inguruan. Gutiérrezek honela borobildu du lan hau egin ahala bi sortzaileek garatu duten ikuspegia: «Gizakiak ustiatzeko baliabide bat balitz bezala ikusten du ingurunea, eta hortik dator guztia. Ingurua gure onurarako gauzak ateratzeko modu gisa ikusten jarraitzen badugu, inpaktua sortzen jarraituko dugu. Inpaktu horretan zein ardura hartzea tokatzen zaigun pentsatzea da gakoa». Eta Gutiérrezek energia berriztagarri guztientzat balio duen galdera aireratu du: «Ez da inpakturik eza existitzen eta Urumea bezalako ibai txiki batean 15 zentral ditugu. Beraz, zenbateraino dugu zilegitasuna inpaktu bat sortzeko?».
Ibaian hidroelektrikoen presek duten eragina, arrainek noraino duten murriztua ibaian ibiltzeko askatasuna, horrek zer kalte sortzen dizkion bioaniztasunari... eta eman diren aldaketak filmatu dituzte: udan bainurako leku dira presak, turbinen birarazle indartsuak dira neguan, zentral hidroelektriko batzuetan jendea bizi da edo beste hainbat erabilera ematen zaie...
«Geldirik dauden bi zentraletako presak bota nahi dituzte, ibaiak bere ibilbide naturalari eusteko. Ez dadila oztopo izan arraien migraziorako. Gai garrantzitsua da, kezka sortzen du eta heldu nahi genion».
«Presetako arrain eskalak aztertu ditugu, arrainak presak gainditzeko egiturak»
Oro har, energia berriztagarri gehienek izaera ‘berde’ horretan ñabardura batzuk omen dituzte: kasu honetan, ibaitik energia erauzteko eraikuntza batzuk behar dira eta horrek inpaktua dauka ingurunean. Badago talka bat. «Lan honetan aztertu dugu, batetik, bailaran zenbat energia sortzen den, martxan ez dauden instalazioak kontuan hartuta zenbat sortu litekeen, bailaran (Hernani, Ereñotzu, Arano, Goizueta) kontsumitzen den argindar kopuruaren zer proportzio hornitu ahalko litzatekeen argindar kopuru horrekin... eta bestalde, hori elkarrizketan jarri dugu eraikuntza horiek egoteak dakarren eraginarekin. Horretarako, arrain eskalak landu ditugu».
Zer da arrain eskala? Gutiérrezek azaldu duenez, «zentral bat dagoen lekuan ia beti presa bat dago eta presa horrek arrainen migrazioa oztopatzen du. Hori pixka bat orekatzeko arrain eskalak eraikitzen dira, arrainak pasatzeko egitura batzuk, baina noski, arrainentzat ez da berdin ibai osoa libre edukitzea edo eskala edo bidetxo bat edukitzea. Presa beti izango da hesi bat arrainentzat. Eskala horiek ezaugarri zehatz batzuk izan behar dituzte eraginkorrago izateko. Baina beti ez daude eginda inguruak eskatzen duen moduan, aldagai asko ez dira kontuan hartzen eta ondorioz, askotan ez dute bere funtzioa ongi betetzen. Kalkulu bat egin dugu: egun dagoen eskala kopurua eta zer egoeratan dauden aztertuta, zenbakitara ekarri dugu arrainen fluxua zenbateraino baimentzen duten».
«Presa batzuk badaude, martxan ez dauden zentral batzuetan»
Gutiérrezek aitortu duenez, «lan honekin hasi ginenean bagenekien zentralek elektrizitatea eman dezaketela, baina ez genekien horrek zer kalte sortzen duen». Lana egiteko elkarrizketatu dituzte Eguzki talde ekologistako militanteak, arrain eskaletan aditua den Pao Fernández Garrido baso-ingeniaria, zentraletako langileak, basozainak, Hernaniko artxiboa, bailaran gaiaren ezagutza duten herritarrak... Landa lana norbera bizi den eremuan egiteak dakarren gertutasuna aipatu dute: «Jendeak erraz kokatzen zaitu, eta horrek hartu-emanari konfiantza gehitzen dio. Paok esan zigun eskalaren egoeraren arabera gehiago edo gutxiago oztopatzen duela arraien migrazioa. Azaldu zigun zeren arabera baloratu. Berarekin landu ditugu datuak eta portzentaiak atera ditugu; zenbat arrain pasa zitezkeen presa bakoitzean, eta zenbat oztopatzen zuen. Gu ere kontziente izateko zein diren gehien oztopatzen duten presak. Horri lotuta presa batzuk badaude eta zentralik ez dago martxan, alperrik daude».
Energia sorkuntzaren eta inpaktuaren datuak aurkeztu zituzten erakusketan. Pagolak deskribatu du lanaren bigarren hanka, ingeniaritzakoa, eta aipatzen duenez, «horretarako, Haritik Hirira-ko geografoek hainbat mapa sortu dituzte. Hor ikus daiteke zentralak non dauden, zein dauden martxan eta zein ez, horietako bakoitza zenbat energia sortzeko diseinatua izan den, beraien kanalak nondik nora doazen... datuak baditugu». «Datu hauek elkarrizketa eta eztabaidarako jarriko dituzte mahai gainean» jarraitu du ereñotzuarrak.
Ez omen da nahikoa esatea ‘hor energia sortzen da’, «bai, baina zenbat sortzen da eta zer esan nahi du hainbat GW-k, hori zenbat da? Zentralen datu aproximatuak dauzkagu. Martxan daudenek eta ez daudenek zenbat produzitzen duten eta produzitzen zuten, ikusten da eratu dugun mapan. Matematika lana egin dugu, jakiteko zertaz ari garen. Estimazio bidez kalkulu batzuk egin ditugu gero irakurketak egiteko».
«Hemengo zentral asko Accionarenak dira, Iberdrolarenak... Energia sortzen da, baina beste interes batzuk dituzte. Hemen kontsumituko da, baina jabetza eta irabaziak beste nonbait daude».
«Zentral elektriko hauek 100 urte inguru dituzte»
Presente izan dute nahiz eta urte asko izan oraindik ere martxan daudela egitura hauek. Gutiérrezek dioen moduan, «energia berriztagarri batzuk planteatzen dira gaur egun eta hamar urte eta gero kadukatu egiten dira, energia eolikoaren kasuan adibidez».
Zentralak zaharrak dira (gehienak 1920 ingurukoak), baldosa vintage bat izaten dute, kristalera haundiak... «Hala ere, oso zentral ezberdinak daude, asko eragiten du nolako ur saltoa daukaten, turbina zer motakoa den eta zein urtean eraiki zuten. Harrizko paretak dituzte eta bitxia da, gehienek elizako rosetoiak izaten dituzte. Lilura sortzen dute, ez gaude ohituta hain makinaria haundia ikustera. Asko utzita daude eta beste bizitza baten arrastoa ematen dute...».
Kentzen badira paisaia guztiz aldatuko omen da dio Ainhoa Gutiérrezek. «Guk ez dugu gehiegi horretan pentsatu. Energia asetzeari begira egin dugu lana. Gure energia kontsumoa ez da argindarra soilik, beraz, ezin da esan hidroelektrikoek kontsumoa asetzeko gai ote diren. Eta ez dakit bilatzen duguna ote den egun dagoen energia kontsumoa asetzea, edo legokeenarekin nola bizi pentsatzea. Egia da uste genuena baino dezente gehiago atera daitekeela».
Pagolak azpimarratzen duenez «energia produzitzen da, guk datuak eta irakurketa batzuk plazaratuko ditugu, baina ez gara gai esateko sortuko litzatekeen energia aski den ala ez. Bada beste tranpa bat, ez dira gureak: hemengo zentral asko Accionarenak dira, Iberdrolarenak... Energia hemen sortzen da, baina beste interes batzuk dituzte. Seguraski hemen kontsumituko da, baina jabetza eta irabaziak beste nonbait daude».
Etorkizuna duten ala ez, interes politikoen araberakoa izango omen da. «Batzuk interesatuko dira, beste batzuk ez. Kontzesio bat izaten dute eta erabilera faltagatik bukatu egiten dira. 2060ra arte dutenak badaude, baina hiru urtez geratzen bada galdu egiten da kontzesioa eta ezin da berreskuratu. Ereñotzuko zentralak ez du kontzesiorik eta botatzera doaz. Bada proiektu bat ekomuseo bat edo egiteko. Beste erabilera bat emango zaio, baina memoria historikoa mantenduz. Denetik dago eta izango duten bilakaera jakitea zaila da. Fagollagakoa Goienederrek hartu zuen. Zentral elektrikoen alde onak eta kalteak hartu ditugu kontuan»