Bailara dantzan jarri zuten atzo, eta oinek 'dardarka' segiko dute gaur

Kronika - Erredakzioa 2023ko ots. 20a, 00:00

Iñude eta Artzainak, Astigarragako Arrobitxulo auzoan, atzo goizean eskaini zuten aurreneko dantza emanaldian.

Denak aritu ziren dantzan atzoko egun haundian: Iñudeak eta Artzainak, zahagiak eta mozorroak, eta frutak eta barazkiak. Inauteriek gaur izango dute segida, Hernanin eta Goizuetan.

Askok eta askok sentituko zuten oinetan dardara eta dantzan hasteko tentazioa atzokoan, eta zenbaitek, horri eusteko ahaleginik ere ez zuten egin. Bailara dantzan jarri zuten Inauteri igandean, Iñude eta Artzainek Astigarragan, Zahagi Dantzako gaztetxoek Goizuetan, eta Ttarlaren konpartsako fruta eta barazkiek Hernanin. Kutsakorra zen haien dantzarako gogoa, eta kutsakorra haien poza.

Bi gaztetxo, laranjaz jantzita eta elkarrekin dantzan, Ttarlaren konpartsan.
 

Eta kutsakorra ez ezik, baita iraunkorra ere. Horregatik, oi­nek dardarka jarraituko dute gaurkoan, Inauteriek ere segida izango baitute, Goizuetan eta Hernanin.

Atzokoa zuten aurreneko egu­na goizuetarrek, eta gaztetxoen Zahagi Dantzarekin eman zieten hasiera Karnabalei, ohi bezala. Gaurkoan, bestelako itxura hartuko du herriak. Mozorroak baserriz baserri dabiltzan bitartean, Kaldereroek hartuko dituzte Goizuetako kaleak eta plazak, horixe baitute aurtengo gaia, Inauteri astelehenerako. Goizeko 11:30etan hasiko dute kalejira, eta bazkari herrikoia egingo du­te ondoren. Mozorroak, berriz, iluntzean bueltatuko dira herrira, dultzaineroekin batera.

Gaztetxoen Zahagi Dantzarekin eman zieten hasiera atzo, Goizuetako Inauteriei. Argazkia: Felix Loiarte
 

Hernanin, berriz, azkenekoetan dira Inauteriak, laugarren eguna baitute dagoeneko. Baina bihar sardina ehortzi aurretik, egun ederra dute gaurkoan gozatzeko oraindik, haur eta gaztetxoek bereziki: Azeri Dantza, Kulki industriako herri kirolak haurrentzat, erraldoi eta buru­haundiak, puzgarriak...

INAUTERIETAN GAUR

GOIZUETAN

08:00, Mozorroen abiera baserrietara.

10:00, Plazaren apainketa. Gaia: Kaldereroak.

11:30, Kalejira herrian zehar.

13:30, Bazkaria.

16:30, Haur eta gaztetxoentzat entretenimendua.

18:00, Txokolatada.

18:30, Musika: Garazi eta Gorka, ikastolan.

Ilunabarrean, Mozorroen etorrera dultzaineroekin.

22:00, Mozorroen afaria.

HERNANIN

09:00, Diana, Hernaniko Herri Musika Elkartearen eskutik.

10:00, Azeri Dantza gaztetxoentzat.

11:30, Poniak eta zezen txikiak haurrentzat, Latsunbeberrin.

12:00, Kulki, industriako herri kirolak haurrentzat, Atsegindegin.

16:00, Erraldoi eta buruhaundien konpartsa, dultzaineroek lagunduta.

17:00, Haur eta gaztetxoentzako puzgarriak, Atsegindegin.

Erlazionatuak

Goizuetako Inauteriak 2023, igandea

Kronika - Erredakzioa 2023 ots 19 Goizueta

Hernaniko Inauteriak 2023, igandea

Kronika - Erredakzioa 2023 ots 19 Hernani

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!