Erreportajeak

«Ikasle helduek gogo haundia erakusten dute eta gu hori ahalbideratzen saiatzen gara»

Kronika - Erredakzioa 2023ko urt. 28a, 00:00

Urtarrilean amaitu dute ikaslek lehendabiziko lauhilekoa eta amaiera festa antolatu dute aste honetan.

Cepa Hernani HHIn Helduentzako Hezkuntza eskaintzen da Antziolan eta DBHko titulua atera daiteke egokitutako ordutegi eta egutegian.

Cepa Hernani HHI Helduentzako Hezkuntza ikastetxe publikoa da eta lehenengo lauhilekoa amaitu berri dute. Ikasleen perfilak anitzak dira eta Garbiñe Muñoa ikasketa buruak adierazten duen bezala, «ikasketak bukatu ez dituzten jendea hurbiltzen da. Geratzen zaizkien azken bi maila edo kurtsoak bukatzera, DBHko titulua eskuratzeko eta atzerritar asko ere bai». Horiek dira Hernaniko Cepan dauden bi perfil nagusiak.

Ikastetxeak urte asko daramazki. Bi egoitza izan ditu eta duela 20 urtetik Antziola auzoko 62garren zenbakian daude. Hernani eta Andoain herrietan dituzte bi egoitza, «nahiz eta Astigarraga eta Urnietako jendea ere biltzen dugun ikasgeletan», gogoratzen du Muñoa ikasketa buruak. Beraz, Hernani baino zabalagoa da. 

Ikastetxeak ordutegi ezberdinak ditu. «Titulua ateratzeko bai goizez edota bai arratsalde-gauez egin daiteke laneko ordutegiaren arabera. Askok ezin dute ordutegi konkretu batzuetan ikasi eta horrexegatik aukera zabalagoa eta irekiagoa da ordutegiaren aldetik. Arratsalde-gaueko ordutegia 16:00etatik 20:00etara izaten da eta oso ongi etortzen zaie askori. Andoainen ere, titulua ateratzeko arratsaldez dauzkagu klaseak. Beraz, ezin duenak ordutegi batean, beste batean egiteko aukera du».

Atzerritarrentzako gaztelera ikasteko klaseetan, ikasle gehienak, goizez dauzkagu, baina Andoainen gaueko talde bat daukagu 18:00etatik 21:00etara». Ordutegi horiekin ongi dute beteta ikasteko aukera. 

Hori da ikasle kopuru zabala izatearen arrazoietako bat. «Nagusienetakoa esango nuke», dio Garbiñe Muñoak. «Ordutegi zabalak asko laguntzen du». Beraz, DBHko titulua eskuratzeko ez dago aitzakiarik.

Pasa den urtean 25 pertsonek atera zuten titulua. «Aurten ere inguru horretan ibiliko gara. Hezkuntzako zentro bat garenez, Hezkuntza sailetik esaten digute ongi dagoela atzerritarrentzako hizkuntza eskaintzea, baina helburua hezkuntza eta akademikoa izan behar duela. Horregatik, atzerritar asko hasten dira hizkuntza ikasten eta askotan salto egiten dute hizkuntzatik gradu bat ateratzeko ikasketetara. Beraien herrialdean goi mailako ikasketak eginak dituzte. Hemen baditugu atzerritarren perfilak hizkuntza ikastera etorri direnak eta lau-bost urte gurekin ikasi ondoren, lan merkatura prestatuak ateratzen direnak tituluarekin eta hizkuntza menderatuz». 

 

«Atzerritar askok beraien herrialdeetan goi mailako ikasketak dituzte, baina ezin dituzte baliozkotu»

Zirkulu bat izaten omen da. «Beraien herrialdeetan ikasketak dituzte, baina gurean ezin dira baliozkotu. Horrek hemen DBHko titulua ateratzera bultzatzen ditu. Asko unibertsitarioak dira, baina esaterako Marokoko hiritarrek arazo haundiak dituzte ikasketak baliozkotzeko. Urte pare batetan titulua ateratzen dute, gaztelera maila minimo batekin. Irtenbide bat da gero beraientzat lan munduan txertatzeko». 

Helduentzako Hezkuntzaren antolaketa ezberdina da eta baita ikasturte kopurua. Garbiñe Muñoak nondik norakoak azaltzen ditu. «Hemen egiten diren ikasketek DBHren baliokidetasuna dute. Lau urtetan egin beharrean bi urtetan atera daiteke. Lauhileko bakoitzean kurtso bat eskaintzen da. Honela ikasturtean, bi lahuhilekotan bi kurtso ateratzen dituzte eta bi urtetan lau mailak». 

 

«Perfil anitzeko ikasleak ditugu, baina bi dira perfil nagusiak; atzerritarrak eta ikasketak bukatu ez zituztenak eta orain DBHko titulua eskuratu nahi dutenak oposakatetarako eta lanerako»

 

Beste ikasle mota bat dago garai bateko 8garren EGB bukatu zuena eta hura homologatzeko urtebete pasa behar duena. «Hirugarren eta laugarren mailak egin behar dituzte. Perfil horretako ikasle ugari ditugu. Oposaketetarako edo lanbidean eskatzen diete baliokidetzea eta egoten dira urtebete». 

Ordutegia ere izaten omen da Helduentzako Hezkuntzan abantaila bat. «15 ordu egoten dira astean eta lau hilabete izaten dira mailako. Minimoetara joaten gara, oso kondentsatuta dago, baina ongi etortzen zaie. Lan egin edo ardura familiarra duen jendea baita. Ezin dute egunero sei ordu egon klasean bestelako ikastetxe batean bezala».

 

«Dena oso kondentsatua dago. 15 ordu eskaintzen dira astean eta lauhileko bakoitzean kurtso bat ateratzen da. Beraz bi urtetan lau maila egin daitezke eta
titulua lortu»

 

«Hezkuntza Sailak utzi digu 16-17 urte bitarteko ikasle batzuk izaten, A eredua eskaintzen dugulako»

Baldintza bakarra adinekoa izatea da eta hemen ere sartu dira salbuespenak, azkenaldian, dio ikasketa buruak. «18 urtetik gora izan behar da, baina Hezkuntza Sailak utzi digu kasu batzuetan 16 edo 17 urteko ikasleak onartzea. Egoera berezian dauden etorkin adingabeen kasua da horietako bat. A eredua eskaintzen dugu eta askok gaztelera ikasi behar dute. Eredu hori kanpoan zaila da aurkitzen eta guk hori eskaintzen dugu. Kasu horretan 16-17 urteko ikasleak hartu ditzazkegu». Beti ere kasu berezia denean eta ez arau bezala hartuta.

Geroz eta gehiago dira kasu hauek. Ikastetxeetan A eredurik aurkitzen ez dutelako. «Ikuskariarekin egon berri gara eta irtenbide ona dela esan digu».

Jatorri ezberdineko ikasleak izaten dira Hernaniko Cepan.
 

Ezaugarririk nagusiena Cepan aniztasuna da. «Marokoarrak, ukrainarrak, latinoamerikarrak... denetatik daukagu. Trataera ere oso ezberdina da. Horrek bere alde onak ditu, baina mugak ere sortzen dizkigu. Aberastasuna ikaragarria da».

Ikasleak mailaren arabera banatzen dira. «orokorrean atzerritarrekin banaketa hizkuntzaren mailaren arabera egiten dugu eta besten kasuan ezagutzaren arabera, maila akademikoak jartzen du mailaren muga. Gazteleraren idazteko mailak ere banatzen ditu ikasleak». 

 

«Ikaslearen perfila anitza da, baina orokorrean 20-40 urte arteko emakume edo gizon atzerritarra da. Hala ere, 84 urteko emakume bat badugu eta 70 urtetik gorakoak ere bai. 200 ikasle izan ditugu»

 

«Arreta jartzen duten ikasleak dira eta krisi garaian kopurua haunditu egiten da»

Ikasle kopurua azken bi urteetan mantendu egin da, nahiz eta aurretik jaitsi egin zen. «Nik usten dut krisi ekonomikoek eragina izaten dutela. 2010-2012 inguruan, krisiaren erdian gorakada itzela izan zen ikasle kopuru aldetik. Jendea langabezian geratu zen eta orduan lan merkatura itzultzeko modua zen utzitako ikasketak izatea. Hor gorakada haundia izan genuen. Lana dagoenean eta langabezi tasa jaisten denean, ikasle kopurua jaitsi egiten zaigu. Orain zenbakiak mantentzen ari gara eta nabaritzen dugu jendea lanean dagoela. Etorri eta segituan lanean hasten dira. Saiatzen gara online aukera izan dezaten, baina askok utzi egiten dituzte ikasketak lanean hasi direlako, ezin dute dena egin».

Ikasle adindunak izateak ere beste abantaila batzuk ditu. «Arreta jartzen dute», dio atsegin haundiz Muñoak. «Asko nabaritzen da. Ni Bigarren Hezkuntzatik etorri nintzen Helduentzako Hezkuntzara. Aldea nabaria da. Badaude ikasle 'zailak', baina orokorrean oso jarrera ona izaten dute. Gogo haundia erakusten dute eta euren buruari galdetzen diote zergatik ez nuen lehenago egin? Eta galdera hori ez dute egiten bakarrik helduek, 22 urterekin konturatzen dira. Gaitasuna dute eta konturatzen dira. Kontzientzia puntu bat dute eta gu hori ahalbideratzen saiatzen gara. Salto hori egiten laguntzen diegu».

Jarrera positibo hori ikusten dute ikasleek. «%90-95ak galdetzen du behin amaituta 'nolaz ez nintzen lehenago hasi' eta autoestimua indartu egiten dute. Kasu asko eta asko dira eskola-porrotaren ondorioak. Helduentzako Hezkuntzara etorri eta jarraipen indibidualagoa egiten da. Psikologikoki ere laguntzen diegu ahal dutela animatuz. Askok eta askok gero eskertzen dute. Ikasketekin jarraitzen dutenak ere badaude. Erdi mailako graduak egiten dituzte eta joan izan dira asko Inmaculadara, orain Aratz dena, klinikako laguntzaile edo auxiliar ikasketak egitera». Jardunean errazago egiten zaie beste ikasketekin jarraitzea. 

 

Lauhilekoa amaitzeko festan herrialde ezberdinetako janariak eraman ziren ikastetxera.
 
 

«Emakumeak goizetan etortzen dira seme-alabak eskolan utzi eta gero, gizonak ez dira hain ordenatuak»

Berdin da gizonezkoak edo emakumezkoak izan eta adinari dagokionez denetarik aurkitu daiteke. Ikasle kopuru aldetik nahiko parekatuak daude. «Agian emakume gehixeago dago, baina gutxigatik. Egoera oso ezberdinak dira. Atzerritar emakumeak etortzen dira normalean goizean seme-alabak eskolan utzi eta gero. Gizonezkoak gehiago dira, atzerritarren kasuan, etorri berriak eta Espainia inguruan ibilitakoak gazteleraz zerbait dakitenak eta beste egoera batean. Irregularragoak dira gizonak, gazteagoak dira gehienetan. Emakumeen bizitza ordenatuagoa dago». 

Adinari erreparatuz gero 20-40 urte bitarteko ikasleak dira gehienak, nahiz eta badauden helduagoak. «Noizbehinka baditugu oso helduak. 84 urteko emakume bat badugu eta 70 urtetik gorakoak ere bai. Talde batean daude, baina kasu bereziak dira. Adineko ikaslea inguruko bizilaguna izaten da. Auzokoa kasu askotan eta agian herrira igotzea eta jubilatuen etxera joatea kosta egiten zaiena, baita Kultur etxeko tailerretan partehartzea kosta egiten zaie. Cepa ezagutu eta gerturatu egiten dira». Cepan saiatzen dira ikasle horiek goxo tratatzen. «Bestela etxean geratzen dira telebista ikusten eta ikastera etortzea bada zerbait». 

Astigarraga eta Urnietako ikasleak ere badituzte. «Egoitzak Hernanin eta Andoainen daude, baina herri bizilagunen biztanleak ere etortzen dira. Asko etortzen dira. Lehen Astigarragan eta Urnietan ere bagenituen egoitzak, baina aurrezteko Hernanin eta Andoainen geratu gara. Urnietako eta Astigarragako Udalek laguntzen dute. Aurtengo ikasturtean 200 ikasle izan ditugu guztira Hernanin eta Andoainen eta 120 Hernanin. Askok utzi egiten dute eta asistentzi aldetik gora behera asko izaten da. Matrikulak lauhilekoak izaten dira eta datorren astean hasiko gara bigarren lauhileko matrikulazioekin».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!