«Olentzeroren sustraietara joz, aurpegirik gabeko panpina sortu dugu»

Kronika - Erredakzioa 2022ko abe. 17a, 00:00

Aupergirik gabeko Olentzero pantpina sortu dute Aratzeko gurasoek, eta ikastolan daukate, goxo-goxo.

Aurpegirik gabeko Olentzero berria du Aratz Ikastolak, bertako guraso talde batek egina. Kronikak, guraso taldearekin izan du solasaldia eta Olentzero berri honen ezaugarriak eman dizkigute aditzera. Eguberri egunean, Aratzek errondara aterako du, estreinakoz, generorik gabeko panpin berria.


Oier Araolazak hankaz gora jarri zituen herritar askoren usteak, urrian eskainitako hitzaldiarekin. Bertan zioen, festak nola ospatu erabakitzeko, jatorrizko esanahiak eta moldeak ezagutu behar direla.
Halloween ala Gau Beltza? Olentzero, Papa Noel ala Erregeak? Zer ospatzen dugu Neguko Festetan? Horixe da Oier Araolaza Arrietak emandako hitzaldiak zeraman leloa. Araolaza, Neguko Festen ikertzailea da, eta gaiaren bueltako hainbat artikulu argitaratu ditu dagoeneko. Eta eskainitako hitzaldi honek, zer pentsatua eman die herriko guraso batzuei: «Barrenak mugiarazi zizkigun».

Gogoeta hark segida izan du orain, Aratz ikastolaren proposamena jaso dutenean gurasoek: Olentzeroren panpin berria egitea. Horrela, Aratzek Olentzeroren panpin berria du, eta eskuz egin dute, detaile txiki bezain esanguratsuak atzean utzi gabe.

 

Ideia batekin sartu zineten Biteriko areto nagusira, hilaren 26an, Araolazaren hitzak entzutera. Baina beste ehunka ideia berrirekin atera zineten bertatik.

Ikuspuntu batekin joan ginen hitzaldi horretara, eta beste batekin atera ginen. Gau Beltza modu isolatu batean tratatu beharrean, neguko ospakizunei buruz jardun zuen, gu testuinguruan jarriz. Hor eman zigun zer pentsatua, ez Gau Beltzari buruz bakarrik, baizik eta Olentzero eta neguko oporrei buruz ere bai. 

Beraz, hortik atera, eta honakoa galdetu genion geure buruari: neguko oporrak datoz eta ospakizunez betetzen ditugu egunak, baina ze zentzurekin? Jabetzen gara nondik datozen ospakizun guzti hauek?

 

Olentzero panpin berria Aratz ikastolan. Zuek egina.

Hori da, gurasook egin dugu. Eta hitzaldian entzundakoek piztu ziguten Olentzeroren erroak ezagutzeko gogoak. Jarri genuen zalantzan zergatik ospatzen den ospatzen den modura. 

Eta justu, etorri zitzaigun Aratz ikastolan Olentzero berri bat egiteko eskaera. Momentuko Olentzero panpina zaharkitua zegoelako. 

 

Olentzeroren erroak zeintzuk diren aztertu dituzue. Zer edo nor da Olentzero?

Harrigarria badirudi ere, enbor zati bat da Olentzeroa. Jakin genuenean gure eskema guztiak hautsi ziren. Gizon itxura duen pertsonaia baten modura saldu digute, eta Euskal Herriko txoko askotan Mari Domingi pertsonaia gehitu zaio. Baina enborra bada, ez da ez gizona eta ez emakumea. 

 

Orduan, generorik gabeko Olentzeroa da sortu duzuena?

Bai, da naturaren elementu bat non neguko solstizioarekin lotuta, gabon gauean enbor bat jartzen zuten, eta sua pizten zuten. Neguko oporretan, suak sinbolismo haundia zuen. Propietate ugari botatzen zizkieten su horri, ohitura zelako, eta hortik dator Olentzero, enbor horretatik. Euskal Herrian baditu bestelako izenak, adibidez, Olentzero enbor. 

Atzera begiratzen badugu, ikusten da genero ikuspegitik, Mari Domingi sortu gabe ere, posible duzula generorik gabeko irudi bat erabili eta gaur egungo baloreetara egokitu. 

 

Hala ere, Olentzerok gaur egun, badu irudi bat, gizonezkoarena. Nondik dator hau? 

80garren hamarkadan, Aita Noelen irudiaren antza zuen beste pertsonaia bat sortu nahi zuten, baina hemengoa, Euskal Herrikoa. Hau sortzean, talka batzuk egon ziren, emakumearen presentzia ez zegoelako sortutako pertsonaia honetan. Azken finean, asmoa zen figura bat sortzea, saltokietan saltzeko eta izatea kontsumorako irudi bat. Esan nahi duguna da Olentzero testuingurutik atera zutela, eta kontsumorako bideratu zutela. Orain Olentzero da gizon bat, Euskal Herri osoko umeei opariak egiten dizkiena. 

Eta Aita Noelekin berdina gertatu da, enbor batetik dator, eta bilakatu da gizonezko irudi batean, baina sustraiak naturan dauzka.

Olentzeroren atzean historia eta istorio bat dago, bilakaera bat izan duena. Eta Olentzerok ez du zertan izan telebistan edo aldizkarietan irudikatzen dutena. Olentzerok badu bere jatorri propioa.  

 
Atez ate kantari ateratzea abenduaren 24ean, Olentzeroren jatorriarekin badu zerikusirik? 

Bai, bete-betean. Olentzeroa jartzen zuten sutan, lurra goxatzeko eta berotzeko, uzta ekar zezan. Eta errondak, badu honekin zerikusia, zuk kantatzeko esfortzua egiten duzu, gero bueltan sari bat jasotzeko. Gertatzen dena da erronda, gaur egungo sistema kapitalistarekin ahultzen ari dela. Gizarteak sortu du ‘magia’ eta inolako esfortzurik egin gabe, haurrek opariak jasotzen dituzte.

Eta horregatik, iruditzen zaigu haurrei errondaren ikuspuntua erakustea oso garrantzitsua dela, ohitura ederra delako.

 
Aratz ikastolan lehen Olentzeroren panpin bat zegoen, orain, aldiz, zuek sortutako generorik gabekoa dago. 
Ez al da talka haundia izango? 

Hasieran zalantzak izan genituen. Olentzeroren erroa zein zen jakin genuenean, konturatu ginen, ezin genuela sortu ume, gazte zen helduen ikuspuntu guztiak hautsiko zituen Olentzero bat, pixkanaka joan behar genuela ohartu ginen eta sortu dugu aurpegirik gabeko Olentzero bat. Ez dauka generorik, ez da ez gizon eta ez emakume. Baina oraindik gogorarazten digu orain arte izan dugun irudiari, pertsona bati. Ez dago kolpeko aldaketa haundirik. Pertsona baten figura du, baina aurpegirik gabea da.

Inguruan jarri ditugu naturako elementuak irudikatzen dituen apaingarriak, hala nola, hostoak, makilak, sua ere irudikatu dugu… Eta Olentzeroren bizkarrean, jarri ditugu beste herrietan Olentzeroa izendatzeko erabiltzen dituzten hitzak. 

 

Aratzeko ikasleei ere emango die zer pentsatu Olentzero berriak. Zer lortu nahiko zenukete? 

Gure helburuetako bat da datozen urteei begira, ikasleek sortzea Olentzeroa. Gaia irakasleekin landu ostean, imajinazioarekin jokatu eta urtero ikasleek sortu dezatela Olentzeroa. 

Guk egindako guzti hau abiapuntu bat da, gero ederra izango litzateke bakoitzak etxean haurrarekin Olentzeroren gaia lantzea eta kontatzea nondik datorren eta eskoletan, berdin. 

Sortutako Olentzeroa gainera,  bai genero ikuspegitik, bai eta aniztasun ikuspegitik egokia da.

 

Aratzeko Olentzeroa Gabon Gauean aterako al dute kalera? 

Bai, erronda Olentzero berriarekin egingo dute Aratzeko irakasleek eta ikasleek, urtero moduan, errondari ere garrantzia emateko, esan bezala, ohitura galtzen ari baita. 

 

Zuen panpinak aurpegirik ez dauka, baina aldi berean, Euskal Herrian Olentzerok hamaika aurpegi al ditu? 

Ez dago Olentzeroren aurpegi edo irudi finkorik. Gizonezkoa dela bai, baina izan daiteke ile beltzarekin eta Lesakakoa, izan daiteke ile zurikoa eta Bilbokoa, edota ile kizkurragoarekin, piparik gabe eta  Hernanikoa. Hau guztia izan da gizarte kapitalistaren emaitza argia. Eta esan beharra dugu, haurrek askoz hobeto barneratzen dutela Olentzeroa enborretik datorrela. Haientzako garrantzitsuena opariak baitira. Gure semeetako batek galdetu zigun: eta enbor hori Olentzero bada, opariak ekartzen ditu? 
Noski txikientzat garrantzitsua da jasotzen dutena, beraz, enborra edo pertsona izan, berdin zaie.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!