Eskuz egindako oparien kutsu berezia

Kronika - Erredakzioa 2022ko abe. 17a, 00:00

Ate ondoan jartzeko zintzilikarioa, mugikorra gordetzeko zorroa, amets-harrapatzailea, Gabonetako kanpaia eta ispiluen markoak eskuz egiteko gomendioak eta pausuak aurkituko dituzue ondorengo testuan. Kronikak proposatutako eskulan hauekin ingurukoak txundituta utziko dituzue! 

Datorren astean, Gabonetan sartuta egongo gara bete-betean: urtea amaitzeko, eta urte berriari hasiera emateko maite ditugunei opariak egiteko garaia, hain justu. Askok ezetza badiote ere, opari berezienak eskuz eginak izaten dira, badutelako maitasuna eta goxotasuna. Hori horrela, eskulan ederrak egiteko hainbat proposamen aurkitu ditu Kronikak, Guraso.eus webgunean, eta hauek elkarbanatuko ditu, herritarrekin, hala nola, ate ondoan jartzeko zintzilikarioa; mugikorra gordetzeko zorroa; amets harrapatzailea, Gabonetako kanpaia eta ispiluen markoak. 

 
Ate ondoan jartzeko zintzilikarioa

Logelako atea apaintzeko, ate ondoan jartzeko zintzilikario proposamena bota du Nerea Villak. Ondoko materiala behar da, ate ondoan jartzeko zintzilikarioa sortzeko: azazkaletako laka; makarroiak; botoiak; koko bat edo bestela, natilla edo jogur pote bat; txotxa luze bat; erabilitako kafe kapsulak; haria; zulatzeko aparailua eta broka; eta kola zuria. Behin materiala prestatuta, ate ondoan jartzeko zintzilikarioa egiteko ondorengo pausuak jarraitu behar dira: sartu  txotxa makarroietan, eta margotu azazkaletako lakarekin. Errazagoa izango da horrela margotzea. Jarraian, margotutako makarroiei sartu haria barrutik. Ez daitezen irten, puntan lotu botoi bat, tope bezala. Hurrengo pausua da kafe-kapsula zulatu eta makarroien ondoan jartzea, harian sartuta. Tiburoi izeneko makarroi mota jarri, tope bezala. Ondoren, zulatu kokoa zulatzeko makinarekin edo iltzearekin eta mailuarekin. Gero, horietatik sartu makarroiak eta kafe-kapsulak dituzten hariak, eta lotu. Bosgarren pausua izango da beste zulo bat egitea kokoaren goiko zatian. Bertan ipini zintzilik jartzeko hariarekin eginiko lotura. Botoi bat erabili lotura egiteko. Botoia kola zuriarekin itsatsi, eta zintzilikarioa prest izango duzu, orain oparietarako bildu eta oparitu gertuko norbaiti; seguru txundituta utziko duzula.

 

Mugikorra gordetzeko zorroa

Hurrengo eskulanak, praktikotasun haundia du: egunero eta aldi oro erabiltzen dugun mugikorra babesteko zorroa. Alaitz Jauregik proposatutako eskulan honetan nahi adina kolore eta osagarri erabili daitezke. Mugikorra babesteko zorroa egiteko beharrezkoa izango da: feltro edo tela zati bat; haria eta jostorratza; dekorazioa; guraizeak; eta kola. Material guztia mahai gainean edukita, has gaitezen zorroa sortzen! Lehenik eta behin, moztu tela, feltroa… aukeratutako materiala eskuko telefonoaren neurria baino zentimetro bat zabalago; ondoren, erditik tolestu eta itsatsi dekoratzeko nahi duzuna, hala nola, botoi bat, tximeleta bat, txapa bat... Jarraian josi bi botoiak; eta amaitzeko mugikorra sartu barruan eta modu honetara, zorroa beste egongo da gailua alde batetik bestera eramateko!

 

Amets harrapatzailea

Aski ezaguna da ametsak harrapatzeko erabiltzen den lumadun tresna: amets harrapatzailea. Eta hau eskuz nola egin proposatu du Alaitz Jauregik. Ondorengo materiala beharko da: alanbre bat edo forma zirkularreko bestelako materialen bat, borobil forma emateko; soka edo haria; koloretako beira-aleak (bitxiak edo apaingarriak); lumak; eta kola beroa. Materiala prestatzean, honakoak dira eman behar diren pausuak: lehenik, sokarekin buelta osoa pasa borobildutako alanbreari edota forma zirkularra duen materialari; borobil erdian armiarma-sare moduko bat sortu sokarekin. Horretarako, alde batera eta bestera pasa soka; jarraian, itsatsi beira-aleak borobilaren inguruan kola beroarekin. Nahiago duzun bezala apaindu. Apaindu eta gero, zintzilikatu pare bat hari luzetara, eta puntuetan itsatsi lumak. Luzeagoak erdian eta alboetan motzagoak jarri daitezke. Amaitzeko, logelan edo atean zintzilik jartzeko, haria jarri goiko aldean, eta amets gaiztoak harrapatzeko tresna prest izango duzu!

Usaindun olagarroa 

Armairuan usain goxoa edukitzeko eskulana ere proposatu dute Guraso.eusen: usaindun olagarroa. Bakoitzak nahi duen usaina aukeratu dezake, hala nola, labanda, menta, koko usaina... Beraz, adi, hemen dator eta, eskuz egindako usaindun olagarroa egiteko behar duzun informazioa. 

Gure olagarroa egiteko behar dugun materiala honakoa izango da: guraizeak; baratxurien poltsa sarea; pipak garbitzekoak; botoiak; kola zuria edo kola beroko pistola; eta azkenik bakoitzak nahi duen usaina duen landare lehorra, adibidez, izpiliku-landarea (labanda). Eta honakoak dira olagarroa egiteko jarraitu beharreko pausuak: lehendabizi, moztu aukeratutako landare lehorra eta baratxuriaren sarean sartu; jarraian lotu zakua eta barruan, pipak garbitzekoak sartu eta puntak biribildu. Ondoren, begiak itsatsi, muturra moztu eta itxi kolarekin. Segidan, zakuaren muturrean zintzilikatzeko soka jarri eta behin amaituta, armairuan jartzeko prest! Gainera, usain ona emateaz gain, pipittaren aurka langunduko du.  

 

Gabonetako kanpaia

Gabonetako apaingarri eder bat egiteko jarraibideak dituzue jarraian. Ze apaingarri? Gabonetako kanpaia. Hau da eskulana egiteko beharko dugun materiala: jogur potea; koloretako zerealak; makarroiak; artilea edo haria; kola zuria; purpurina; pintzela; hari-karrete bat; lepokoak egiteko bolatxo bat; kortxoak ateratzekoa edota orratz bat; azazkaletako laka. Eta jarraian, Gabonetako eskulan eder hau egiteko argibideak: lehenik eta behin, jogur potea hartu eta  pintzelarekin kola zuria eman. Kola emandakoan, gainean zerealak itsatsi, eta makarroiak margotu azazkaletako pinturarekin. Poteari ere makarroiak pegatu, kola zuriarekin eta haria ere bai, potearen inguruan. Potearen goiko zatia margotu azazkaletako pinturarekin eta soberan geratu den kola eta laka aprobetxatzeko, purpurina bota. Ondoren, orratzarekin lagunduz, zuloa egin potearen gainaldean eta hariaren karrete hutsa margotu beharko da jarraian. Behin margotuta, lepokoak egiteko bolatxoa puntan jarri. Horretarako haria erabili, haria bera goiko zulotik pasa eta berriz barrura itzuli barrutik korapilo bat eginez. Eta era honetan, kanpaia zintzilikatzeko euskarria egingo dugu hariarekin. Hala, kanpaia prest geldituko da, norberak nahi duen txokoa apaintzeko. 

 

Ispiluentzako markoak

Eskulanak egiteko materiala biltzea, batzuetan aitzakia ederra izan daiteke basoan zehar ibilalditxo bat egiteko. Aukera bat izan daiteke, adibidez, mendira edo basora joan, eta egur zati txikiak biltzea. Honela, forma ezberdinetako ispiluak apaindu daitezke, naturako elementuak erabiliz. Ispiluentzako markoak egiteko materiala, ondorengoa da: basoan batutako makilak, edota hostoak; kola beroa, ispilu txikiak; guraizeak; eta kartoiak. Orain honako pausuak jarraitu, marko eder batzuk egiteko: lehenik etxetik atera eta baso edota mendi batera joan, eta lurreko makiltxoak batu; eta egokienak aukeratutakoan gorde eta etxera eraman. Behin etxean, ispilua kartoi edo xafla batean pegatu. Segidan, ispiluaren bueltan bildutako egur zatitxoak pegatu, bakoitzaren gustuen arabera. Azkenik, ispiluaren atzealdean ere egurrak itsatsi eta naturako elementuez osatutako ispilua prest izango duzu!

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!