Tailerrak, jolasak, antzerkiak eta gehiago, neguko oporretarako

Kronika - Erredakzioa 2022ko abe. 17a, 00:00

Asteazkenean aurkeztu zuten 'Neguko oporretan zer?' egitaraua, liburutegian.

Abenduaren 28rako, 29rako eta urtarrilaren 5erako antolatutako kultur emanaldietarako sarrerak kultura.hernani.eus webgunean edota Biteriko leihatilan erosi daitezke.

Hemen dira neguko oporrak, eta herritarrek aspertzeko tarterik izan ez dezaten makina bat jarduera prestatu dituzte, Urumea bailaran. Pasa den asteazkenean, Neguko oporretan zer? egitaraua aurkeztu zuten Hernaniko Udal Liburutegiko Ainara Aiestaran arduradunak, Kultura Saileko Koro Etxeberriak eta Esti Mujikak; Jarduera Fisiko eta Kirol saileko Ane Ibarburuk; eta azkenik, Haur eta Gazteria Saileko Maider Errastik eta Gaztelekuko hezitzaileek. Jarduera hauek datorren asteartean hasiko dira, eta herritarrek urtarrilaren 5era arte izango dute ekintzetan parte hartzeko aukera: «bereziki umeei eta nerabeei zuzendutako jarduera bateratuak antolatu ditugu: Gaztelekuak antolatuta, txistor jana, kamisetak diseinatzeko eta egiteko tailerra; jarduera fisiko eta kirol sailak antolatuta, Ludoteka; liburutegiaren eskutik komiki tailerra. Jarduera hauez gain, Olentzero eta Maridomingiren etorrera berezia izango da aurtengoa, izan ere, abenduaren 24ean, goizean zehar Olentzerok eta Maridomingik herriko auzo guztiak igaroko dituzte traktore gainean, geldialdirik egin gabe, eta arratsaldean, ohiko kale buelta emango dute, Ttarla dantza taldearekin batera. 

Hernaniko Gaztelekuak antolatutako ekintzen artean, serigrafia eta graffity tailerretan izena eman behar da, Gaztelekura bertaratuz, 688 823 420 telefonora idatziz, edota gaztelekua@hernani.eus helbidera idatzita. Eta hezitzaileek honakoa jakinarazi dute: «5 euroko fidantza ordaindu beharko dute izena ematerako garaian. Izenemate orria beteta eta sinatuta ekarri beharko dute». Argigrama, Funky, eta Sormen saioetan parte hartzeko, berriz, izena eman behar da ondorengo telefonora deituta: 943 33 70 41.

Bestalde, abenduaren 28rako Kattagorriaren elezaharra antzerkia antolatu dute. Abenduaren 29rako, berriz, eRRe. Aldarri bat bertsoz bertso-ikuskizuna. Abenduaren 30ean, Izaro igoko da oholtzara; eta urtarrilaren 4rako, Pintto Pintto haur antzerkia. Ekitaldi hauetarako sarrerak erosteko ohiko bideak jarri ditu Kulturak Sailak, hau da, kultura.hernani.eus webgunean, edo Biteriko leihatilan. Izarok eskainiko duen kontzerturako sarrerak dagoeneko agortuta daudela ere ziurtatu zuten aurkezpenean. 

 

Negulekuak Doberarekin 

Doberak urtero moduan, Negulekuak antolatu ditu neguko oporretarako, haurrentzat eta gazteentzat. Abenduaren 23an hasiko dira ekintzak eta urtarrilaren 5ean izango da Negulekuetako azken jarduera. Honakoak izango dira burutuko diren tailerrak, besteak beste: ezagutza jolasak; taldeko kamixetak egiteko tailerra, herri kirolak, lagun ezkutua; irteerak; eta mota guztietako eskulanak.

Astigarragan ere, neguko oporrak haurrekin eta gazteekin

Astigartarrek ere, neguko oporretan jolasteko eta entretenitzeko hainbat jarduera antolatu dituzte. Etzi, Astigarte 25 urte erakusketa irekiko dute Astigarte kultur elkarteko ikasleek, izan ere, oihal ezberdinekin, patroiak sortu eta jantzi bihurtu dituzte. Erakusketa ikusgai egongo da, etzitik abenduaren 30era arte, goizeko 09:00etatik eguerdiko 13:00etara eta arratsaldeko 16:00etatik 20:00etara bitartean, Erriberan. Hilaren 23an, Astigarragako Eragiyok abesbatzak, Eguberrietako kontzertua eskainiko du, Pablo Sorozabal omentzeko asmotan, musikariaren jaiotzaren 125garren urteurrenenean. Omenaldiaz gain, opera pasarteak eta Gabon kantak entzun ahal izango dituzte herritarrek. Kontzertua Andre Mari elizan izango da, arratsaldeko 19:30etan hasita. Hurrengo egunean, Olentzero eta Maridomingiren bisitaz gozatzeko parada izango dute astigartar txikiek. Santiomenditik jaitsiko da bikotea, goizeko 10:30ak aldera, eta haurrekin Foru Plazan elkartuko da, 11:00etan. Jarraian, denok batera kalejiran ibiliko dira. 

Abenduaren 26tik urtarrilaren 5era, haurrentzako jolas mordoa antolatu dituzte, kiroldegiko azpiko aretoan, hala nola, ping-pong, mahai-jolasak, futbolina, eskulanak.... Goizeko 11:00etatik 13:00etara bitartean eta 16:00etatik 18:30etara izango dute horretarako aukera. Antolatzaileek azpimarratu dute, haurren sarrera-irteera ez dela gainbegiratuko. Jolasez gain, magian murgiltzeko tartea ere eskainiko zaie, artigartar helduei zein txikiei. Izan ere, magia saioa eskainiko dute Asier Kidamek, Edu magoak, Marselek eta Xabi magoak, hilaren 29an, Erriberan. Arratsaldeko 17:00etan emango zaio hasiera saioari, eta euskeraz izango da. Sarrerak 3 euro balio du txikientzat, eta 6 euro, helduentzat. Hilabeteari amaiera emateko, hilaren 30ean, Goiko Gela talde gipuzkoarrak musika kontzertua eskainiko du, arratsaldeko 20:00etan, Erriberan. 


Eguberrietako tailerrak, Goizuetan eta Aranon 

Urtero lez, aurten ere Eguberrietako oporrak modu paregabean pasatzeko bat egin dute Aranok eta Goizuetak. Hala, Arano, Areso, Goizueta eta Leitzako Euskara Zerbitzuak antolatuta, lau egunez tailerrak eginen dituzte, abenduan. Hilaren 27a, 28an eta 30ean izanen dira Goizuetan; eta abenduaren 29an, berriz, Aranon. Dindaia Fundazioak kudeatutako tailer hauek, 10:00etatik 13:00etara bitartean eginen dira, Goizuetako eskolan eta Aranon Maisuenean.

Azpiko agendan daude ikusgai, Urumea bailaran egingo diren ekintzak, neguko oporretan.

 

HERNANI

Abenduak 20
16:30 Opariak egin. Gaztelekuan.

Abenduak 21 
16:30 Sukaldaritza tailerra. Txistorrada, Gaztelekuan. 

Abenduak 22 
16:30 Graffity tailerra. Gaztelekuan.

Abenduak 23 
16:30 Neguko oporren dekorazioa. Gaztelekuan. 

Abenduak 24
16:30 Olentzero eta Mari Domigiren etorrera. Goizean auzoetatik eta arratsaldean betiko kale buelta. 

Abenduak 26
10:00-13:00 Ludoteka. Kiroldegian.
11:00-12:30 Komikigintza tailerra. Liburutegian.

Abenduak 27
10:00-13:00 Ludoketa. Kiroldegian.

11:00-12:30 Komikigintza tailerra. Liburutegian.
17:00-19:00 Serigrafia tailerra. Gaztelekuan.

Abenduak 28
10:00-13:00 Ludoketa. Kiroldegian.
11:00-12:30 Komikigintza tailerra. Liburutegian.
16:30-20:30 Ping-pong txapelketa. Gaztelekuan.
18:00 Antzerkia. Kattagorriaren elezaharra. Biteirn.

Abenduak 29 
10:30-12:30 Argigrama tailerra. Aristizabal 7. 
19:30 eRRe. Aldarri bat bertsoz. Bertso ikuskizuna Biterin.  

Abenduak 30

10:30-12:30 Argigrama tailerra. Aristizabal 7. 
16:30-20:30 Bingoa. Gaztelekuan.
22:00 Izaro. Kontzertua. Kiroldegiko pistan. 

Urtarrilak 2 
16:30-20:30 Sukaldaritza. Txurroak eta txokolatea. Gaztelekuan. 

Urtarrilak 3 
11:00-12:30 Funky. Hip-Hop tailerra. Kiroldegian. 
11:00-13:00 Sormen Saioa. Berexiartekin. Aristizabal 7. 
16:30-20:30 Wii bideojolasak. Gaztelekuan.

Urtarrilak 4 
11:00-12:30 Funky. Hip-Hop tailerra. Kiroldegian. 
17:00-19:00 Serigrafia tailerra. 
18:00 Antzerkia: Pintto pintto. Biteirn.

Urtarrilak 5 
09:30-14:30 Sormen saioa. Berexiartekin. Aristizabal 7. 
11:00-12:30 Funky. Hip-hop tailerra. Kiroldegian. 
16:30 Neguko oporren dekorazioa. Gaztelekuan. 

DOBERAKO NEGULEKUAK 

Abenduak 23, 26, 27, 28, 29, 30 eta urtarrilak 2, 3, 4 eta 5. 09:00-13:30

Mota guztietako ekintzak, besteak beste: ezagutza jolasak irteerak, Taloak egiteko tailerra, herri kirolak... 

ASTIGARRAGA

Abenduak 19tik 30era Erakusketa: Astigarte 25 urte. 

Abenduak 23 

19:30 Eragiyok abesbatza. Andre Mari elizan. 

Abenduak 24 

11:00 Olentzero Foru Plazatik.

Abenduak 26tik urtarrilaren 5era 

11:00-13:00/16:00-18:30  Jolas aretoa

Abenduak 29 

17:00 Magia saioa. Erriberan.

Abenduak 30 

20:00 Musika: Goiko gela. Erriberan. 

 GOIZUETA

Abenduaren 27, 28 eta 30

10:00- 13:00 

Eguberrietako tailerrak. Goizuetako eskolan. 

 ARANO 

Abenduaren 29

10:00- 13:00 

Eguberrietako tailerrak. Maisuenean.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!