Datu kazetaritza lantzeko, hitzarmena egin dute Tokikomek eta EITBk, elkarlanean hainbat gai interesgarriren inguruko datuak bildu, landu eta plazaratzeko, Saretzen izeneko proiektuaren baitan. Horiek, Urumea bailarara ekarriko ditu Kronikak, proiektuarekin.
Demografia izan da elkarlan horren aurreneko mugarria, egunotan argitaratu baitituzte 2022ko lehenengo seihilekoaren jaiotza eta heriotza datuak, Eustatek EAEn eta Nastatek Nafarroan.
Horrela, 20 urtetako datuak bildu dituzte Tokikomek eta EITBk, 2001etik 2021era, Euskal Herriko herri bakoitzean izan den joera eta garapena ikusteko: jaiotza eta heriotzak, biztanleria kopuruaren eboluzioa, adin tarteen araberako gorabeherak, migrazioa, biztanleria mugimenduak...
Datuek erakutsi dute, badirela zenbait kasu bereziki nabarmenak, azkeneko bi hamarkadetan izan duten hazkundeagatik. Horietako bat da, hain justu, Astigarraga. Herriko biztanleria bikoiztu egin da azkeneko 20 urteotan: 3.582 biztanle ziren 2001ean, eta 7.056 lagun 2021ean.
Hernanin ere izan da hazkunde nabarmena 20 urte horietan, eta horrekin, gainditu egin du 20.000 biztanleren langa. 18.364 lagun ziren 2001ean, eta 20.588 bi hamarkada beranduago.
Horrek eragin du, Urumea bailarako biztanlerian 5.445 biztanle gehiago izatea, duela bi hamarkada baino. Gipuzkoako bi herrien kontrakoa da, edonola ere, Goizuetan eta Aranon izan den joera. Beherakada izan da horietan, nabarmen: 911 biztanle izatetik 688 izatera pasa da Goizueta, eta 144tik 114ra Arano.
Jaiotza eta heriotzetan, joerarekin talka Astigarragak
Begibistakoa da, Astigarragan, etxebizitza berrien eraikuntzak ekarri duela biztanleriaren gorakada. Baina izan da beste faktore bat ere, populazioa haunditzea ez ezik, gaztetzea ere ekarri duena: jaiotza eta heriotzen arteko harremana. Euskal Herriko herri gehien-gehienetan, joera izan da jaiotza gutxiago izatea, eta heriotza gehiago, baita pandemiaren aurretik ere. Hernanin, esaterako, 2012ra arte mantendu zen urteko jaiotza kopurua, heriotzen gainetik. Baina ordutik, behera egin dute jaiotzek, eta gora heriotzek. 2021ean, esaterako, 149 haur jaio ziren herrian, eta 180 hernaniar hil ziren.
Joera hori eman da Euskal Herriko herri gehienetan ere, eta gehiago dira heriotzak jaiotzak baino, gaur egun. Ez, ordea, Astigarragan. Bertan, alderantziz gertatu da, bi hamarkada hauetan, eta bereziki nabarmena izan da hori 2015etik gaur arte. Bikoitza baino gehiago izan dira jaiotzak, heriotzen aldean; eta urte batzuetan, baita hirukoitza ere. 2017an jo zuen goia datu horrek: 121 jaiotza, eta 27 heriotza.
Adin piramidean, joera ezberdina
Jaiotzengatik bakarrik ez, etorri berrien adinagatik ere gaztetu da Astigarraga, eta adin tarteen araberako grafikoetan ikusi daiteke hori. Bereziki 20-59 urte bitarteko biztanlerian izan da gorakada nabarmena Astigarragan, 2.312 izatetik 4.091 izatera. Proportzio berean haunditu da 60 urtetik gorakoena ere, bertako biztanleria zahartzen joan den heinean; baina ez kopuru berean: 606tik, 1.287ra. Eta proportzioei dagokienean, aldaketa haundiena 20 urtetik beherakoetan gertatu da: 664 ziren 2001ean, eta 1.678 2021ean.
Hernanin, ordea, zahartzera egin du biztanleriak, herri gehienetan bezala. 20-59 urte bitarteko biztanleria jaitsi egin da, azkeneko urtean gorakada izan duen arren: 10.993 ziren 2001ean, eta 10.908 iaz. 20 urtetik beherakoak gehixeago dira orain, duela bi hamarkada baino: 3.271 ziren 2001ean, eta 3.707 2021ean. Baina gorakada nabarmena, 60 urtetik gorakoetan izan da: 4.100 izatetik, 5.973 izatera pasa dira 20 urtetan.
Joera hori errepikatu da Aranon eta Goizuetan ere. Goizuetan, esaterako, 132tik 113ra pasa dira 20 urtetik beherakoak; 488tik 325era 20-59 urtekoak; eta 233tik 250era 60 urtetik gorakoak.
Biztanleria mugimenduak, nondik eta nora?
Demografiaren lanketan bildutako datuetan, biztanleria mugimenduak ere jasota daude. Alegia, herri bakoitzera etorritakoak nondik etorri diren, eta kanpora joandakoak nora joan diren: autonomia erkidego barruan izan diren mugimenduak, Espainiatik edo Espainiara, edota atzerritik edo atzerrira.