Erreportajeak

Segi dezagun norabide berean bultzatzen, beste 10, 22 edo 50 urtez bidea egiteko

Kronika - Erredakzioa 2022ko aza. 5a, 00:00

Azkeneko 10 urteotan nabarmendu diren tokiko komunikazio proiektuak sarituko ditu Tokikomek, datorren ostiralean, Arantzazuko santutegian egingo duen ekitaldi berezian; eta finalisten artean izendatu du Kronika. Urumea bailarako egunkariak azkeneko hamarkadan izan duen garapenari egin nahi izan diogu errepasoa.

Egin dugu ariketatxoa, jakinminez. Hartu dugu duela 10 urte argitaratu zen Kronika, 2012ko azaroaren 5ekoa. Eta konturatu gara, begi-kolpe batean konturatu ere, hain antzekoa dela egungo Kronika, eta hain desberdina aldi berean. Kanpotik bezala barrutik, arimaren islada izaten baita begirada.

Eta hain justu, Kronikak azkeneko 10 urteotan izandako garapena nabarmendu du Tokikomek, euskerazko 76 toki komunikabidek osatutako sareak. 10 urte bete berri ditu Tokikomek, eta urteurren borobilean,  berezia izango da aurtengo Tokikom Sariak banatzeko ekitaldia ere: Arantzazuko santutegian egingo dute, datorren ostiralean, azaroaren 11n.

Aurtengo edizioan, ordea, ez dituzte kazetaritza lanak sarituko, ohi bezala; komunikazio proiektuak baizik. Alegia, 10 urte hauetan nabarmendu diren tokiko komunikazio proiektuak sarituko dituzte, Elkarrekin bidea eginez lelopean, Tokikomeko bazkideen artean dagoen «aniztasuna eta egiten den lan eskerga aldarrikatzeko asmoz». Eta saria jasotzeko finalistetako bat da, hain zuzen ere, Kronika.

 

Hernaniko Kronikatik, bailarako egunkari izatera

Orain 10 urteko Kronika hari erreparatuta, goiburuak islatzen du azken hamarkadako aldaketa nagusietako bat. Hernaniko Kronikaren logoa ageri zen orduan, eta Kronika bakarrik irakurriko dugu egungoan. Izan ere, 2014an eman genuen Urumea bailarara saltoa, eta Hernaniko Kronika izatetik, bailarako egunkari izatera pasa ginen. Lehenago ere, ematen genuen Urumeako beste herrietako berri; baina hortik aurrera, toki propioa hartu zuen bailarako herri bakoitzak. Hiru edizio ezberdin izan ziren hasieran: Hernaniko Kronika astean sei egunez, Astigarragako Kronika asteazkenetan, eta edizio bateratua, Urumeako Kronika, larunbatetan. 2019ko hasieratik aurrera, ordea, edizio bat eta bakarra izan du egunkariak, herri guztiak barne hartuta: Kronika.

2014ko martxoaren 1ean argitaratu zuen aurreneko alea Urumeako Kronikak, eta izena eta hedadura bakarrik ez, itxura ere aldatu zen orduan. Oinarrizko egitura mantendu zuen egunkariak, baina aldatu egin ziren letra motak, albisteen egiturak, elementuen kokapena edota marren erabilera, besteak beste, Kronika atseginagoa eta irakurterrazagoa izan zedin. Ordutik, bide hori urratzen jarraitu du Kronikak, pixkanaka baina etengabe.

Ez da papereko edizioaren itxura, azkeneko hamarkadetan aldatu den bakarra: webgunea ere berritu du Kronikak, behin baino gehiagotan, kronika.eus (lehenago kronika.net) webgunean errazago nabigatu ahal izateko, eta edukiak errazago ikusteko, edozein gailutatik. 2019an jarri genuen martxan, egungo edizioa.

Azkeneko hiru urteotan, Kronika izan da egunkariaren goiburua, egunero-egunero. Baina izan da aldaketarik, papereko aleen nolakotasunari dagokionez...

 

Kirolei ale propioa astero, erreferente izateko

Gogoratzen duela urte batzuetako kirol tablak? Letra txiki-txikiarekin batzuetan, ia irakurterrazak noiz edo noiz... Horren harira jaso izan dugu proposamen bitxirik: Kronikarekin batera lupa bat oparitzea!

Kirol talde eta kirolari asko bailaran, eta Kronikan toki nahikorik ez, denen berri nahi bezalako toki eta sakontasunarekin emateko. Horregatik jarri genuen martxan kirolei bereziki eskainitako alea, 2019ko apirilean, hainbat kirol talderekin lanketa egin ondoren. Ordutik, asteartetan argitaratu du zortzi orrialdeko alea Kronikak, asteburuan izandako kirol jardueren eta partiduen emaitzak eta albisteak bildu ahal izateko. Eta nola ez, kirol tabla haundiagoa, txukunagoa eta irakurterrazagoa!

Larunbatetako 16 orrialdeko alean ere izan du bere islada, kiroletan erreferente izateko saiakera horrek. Kirolek toki nabarmena daukate larunbatero Kronikan, eta asteburuan izango diren partidu guztiak jasotzen ditu kirol tablak, formatu berriarekin.

 

Tokikom Sariak banatzeko ekitaldia izango da datorren ostiralean, eta aurten sarituko dituzte azkeneko 10 urteotan nabarmendu diren tokiko komunikazio proiektuak. Kronika da hautagaietako bat.

 

 

Genero berdintasunaren alde, bidean aurrera

Kirolarekin lotutako eskaera batetik abiatuta jarri ginen, baita ere, genero berdintasunari zorrotzago begira: CD Hernaniko pala sailetik esan ziguten, pelota erabiltzen genuela esku pelotaz soilik aritzeko, baina pala ere badela pelota. Hernanin, emakumezkoak dira gehiengoa palako modalitatean, eta hitzen erabilera hori ere bazen diskriminazio modu bat.

Lehenago ere, kirola izan da abiapuntu, Kronikan genero berdintasuna lantzeko. Emaitzak ematerakoan, esaterako, ohikoa izaten zen federazioek edota taldeek gizonezkoen emaitzak ematea aurrena, eta emakumezkoenak ondoren. Kro­nikak aspaldi eman zion buelta horri, eta kategoriaren arabera ezarri ordena.

Kiroletako edukiek hartzen duten tokia esanguratsua izan ohi da hedabideetan, eta Kronika ez da salbuespena. Jakina da, kirol edukiek jarraitzaile asko izaten dituztela, adin tarte oso desberdinetakoak gainera; eta beraz, erabiltzen dugun hizkuntza ezinbestean zaindu beharreko erreminta da. Hori horrela, berdintasunean oinarritutako kirolaren aldeko apustua egiten dugu Kronikan, agerikotasun eta garrantzia berdina emanez emakumeei zein gizonei, eta baita trataera tekniko bera ere: guretzako ez dira Hernani (mutilen kasuan) eta Hernaniko neskak (nesken kasuan); biak tratatzen ditugu berdin.

Kiroletatik abiatutako gogoetak, bide horretan aurrera egiteko nahia piztu zuen. Horrela, Kronikak 2016an sinatu zuen Komunikazio eta publizitate ez sexistarako kode deontologiko eta autoerregulaziokoa, Emakundek osatu zuena hainbat hedabiderekin elkarlanean. Prozesu horretan parte hartu zuen hedabideetako bat da Kronika, eta ordutik, egiten diren jardunaldi eta mahai inguruetan ere hartzen du parte, ahal duen guztietan. Kode deontologiko hori, gainera, Hernaniko Udaleko Berdintasun Sailarekin eta Bilgune Feministarekin kontrastatu zuen Kronikak, eta haien oniritzia jaso. 

2017an, berriz, gai horren inguruko Trebakuntza Saioak jaso genituen Kronikako langileok, aditu baten eskutik; eta baita kritika bat ere: askoz ere emakume gutxiago ageri ziren Kronikako argazkietan, gizonezkoak baino. Ordura arte oharkabean pasa zitzaigun horretan, begia zorrotz jarri genuen hortik aurrera. Eta gainerako arloetan bezala, kirolean ere protagonismo gehiago eman genien emakumezkoei, argazkietan ere.

 

Bere esentziari eutsiz, asko aldatu da Kronika azkeneko hamarkadan. 2014an eman zuen saltoa Hernaniko egunkari izatetik Urumea bailarako hedabide izatera, adibidez.

 

 

Latxe aldizkaria, haurrei zuzendutako saiakera

Geratu zaigu arantzatxorik ere, azkeneko urteotan. Irakurle txikienengana gerturatzeko asmoz, haurrei zuzendutako proiektu bat jarri genuen martxan, ilusio haundiz, 2018ko uztailean: Latxe aldizkaria. Hilero kontatu genituen Burruntziren abenturak, eta lagun berrien bitartez, Urumea bailara hobeto ezagutzeko aukera izan zuen protagonistak, irakurleek bezalaxe, ipuinen, jolasen eta denborapasen bitartez. Oso harrera ona izan zuen proiektuak, eta bazuen bide luzea egiteko indarra. Baina, zoritxarrez, finantziazio faltagatik eten behar izan genuen proiektua: 2019ko ekainean argitaratu zuen 12garren alea, azkenekoa oraingoz...

 

Tokikomen sorreran presente, Kronika

Duela 10 urte baino gehiago bildu zen mahaiaren inguruan Kronika, beste hainbat euskal hedabiderekin batera, sektoreari bultzada bat eman eta profesionalizazio bidean jartzeko. Bilera eta hausnarketa horietatik sortu zen, besteak beste, Hekimen, euskal hedabideen elkartea. Hausnarketa prozesu hark erakutsi zigun, tokiko hedabideok bateragune propio bat ere behar genuela, bestelako hedabideetatik desberdintzen gintuzten hainbat ezaugarri genituelako. Horrela jaio zen, bada, Tokikom.

Helburu xumeak jarri genituen elkarrekin. Hala nola, solaskidetza gune bat sortzea edota publizitate bateratua lortzeko ahalegina egitea. Urteek aurrera egin ahala, eta lorpenak iritsi ziren heinean, aurrera begirako ikuspegia eta antena-lana ere garatu genuen tokiko hedabideok. Hori horrela, lehen aipatutako helburu horiez gain, erosketa bateratuen arloa ere sortu genuen, eta horrek ahalbidetu zigun, esaterako, tresna aurreratu eta eraginkorragoak eskuratzea: kazetarien produkzio lanerako edizio sistema propio bat landu ahal izan dugu, administraziorako eta kontabilitaterako software propioa garatu dugu, eta tokiko hedabideontzako bereziki prestatutako webgune plataforma bat lortu dugu, besteak beste.

Baina Tokikomek urratutako bideak eta egindako lanak, eman du bestelako etekinik ere, eta ez nolanahikoa. Beste mahai bat ere sortu zuten euskerazko hedabideek, erakunde publikoekin, solaskidetza erraztu eta hartu-eman eraginkorragoak izateko. Hori lortu da, besteak beste, euskerazko hedabideekin garatu dugun antolaketa ereduari esker. Horren emaitza izan da, esate baterako, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak ematen zituzten dirulaguntzak, hiru urteko itun baten bitartez finkatzea. Horrela, euskerazko hedabideei bideratutako diru-poltsa haunditu da, batetik; eta bestetik, hiru urterako dirulaguntza izateak, ahalbidetu du urteroko ezjakintasun egoerak saihestea. Horrek guztiak eman du aukera, euskerazko hedabideon profesionalizazioan aurrerapausoak emateko.

 

Bada zerbait, urteak urte eta zailtasunak zailtasun, aldatu ez dena: egunkaria izaten jarraitzen du Kronikak, euskeraz egunero-egunero paperean argitaratzen den bakarra.

 

 

Banaketa sarea, gero eta zabalagoa

Tokiko komunikabideak saretzeko ezinbesteko bateragunea da Tokikom, Euskal Herri mailan. Eta beste hainbat sare ere landu ditu Kronikak, bailaran bertan. Horietako bat da banaketari dagokiona. Eskuz esku eta establezimenduz establezimendu iristen baita Kronika, egunero, herritarren eskuetara. Sare horrek bide autonomoa egin du urtetan, eta banatzaileek eta dendek egokitu izan dute maiz, txoko guztietara iritsi zedin Kronika. Hain autonomoa izan da, Kronikako lantaldeak berak ere ez zekiela, zehazki, zein zen Kronika iristen zen azken-azkeneko puntua.

Sarea indartzen jarraitzeko asmoz, lanketa egin dugu azkeneko urteotan, eta osatu dugu banaketa sarearen mapa, dozenaka punturekin. Horrek ahalbidetu digu, banaketa sarean zeuden hutsuneak identifikatzea, eta banaketa puntu berriak lortuz horiek betetzea.

Baina konturatu gara, era berean, bazela beste herritar perfil bat, Kronika jaso nahi eta ezin zuena: lotsa ematen ziona denda batera sartzea Kronika hartzera bakarrik, ezer erosi gabe. Horri ere bilatu nahi izan diogu konponbidea, eta proiektu bat abiatu genuen Hernaniko Lanbide Heziketarekin, joan den urtean. Ideia zen euskarri batzuk egitea, Kronika bertan eskuragarri egoteko, bailarako hainbat puntutan. Lanbide Heziketako ikasleek egin zuten euskarriaren diseinua, eta baita fabrikazioa ere. Horietako batzuk, dagoeneko ikusiko zenituzten Hernanin eta Astigarragan: Kronikaren bulegoko sarreran, Hernaniko udaletxeko Herritarren Harrera Zerbitzuan, Goiz Eguzkin, Kulturarteko Plaza Feministan eta Erribera kulturgunean. Datozen asteotan jarriko ditugu beste hainbat, gune publiko ezberdinetan.

 

Informazioa jasotzeko kanalen paradoxa

Informazioa zabaltzeko bideetan bezala, aldaketa izan da informazioa jasotzeko kanaletan ere, bereziki teknologia berrien eraginez. Eta paradoxa bat gertatu da, zentzu horretan: tokikoa eta gertukoa den egunkarira, gero eta gehiago iristen da informazioa emailez edo whatsappez, eta gero eta gutxiago aurrez aurre. Dozenaka bisita jasotzen genituen bulegoan, duela ez hainbeste urte: orri txuri batean inprimatuta, koadernoko orri batean apuntatuta, edota post-it batean jarrita ekartzen ziguten informazioa, eta momentuan xehetasun gehiago komentatu elkarri. Orain, ordea, informazioaren gehiengo oso haundi bat iristen da aipatutako kanal telematikoen bitartez. Horregatik nabarmendu nahi dugu, beste behin, Kronikaren bulegoko ateak zabalik daudela, edonoiz eta edonorentzat, Larramendi kaleko 11garrenean. Gertutasunaren eta aurrez aurreko tratuaren indarrak ez duelako parekorik.

 

Urumea bailarako egunkaria, beste horrenbeste urtez

Kronikaren azkeneko 10 urteotako garapena errekonozitu du Tokikomek, saria jasotzeko hautagai izendatuta. 22 urte dira, ordea, Kronika sortu zela. Denetarik izan du bide luze horrek: zailtasunak ugari, baina pozak ere beste horrenbeste. Ezohiko gertaera ederrak kontatzeko aukera izan dugu, arlo oso ezberdinetan: Bertsolari Txapelketa Nagusia irabazi duen aurreneko emakumezkoa hernaniarra izatea, Maialen Lujanbio; edota Hernaniko mutilen errugbi taldeak Ohorezko Mailara igoera lortu izana.

Jaso ditu Kronikak sari gehiago ere, urte guzti hauetan, zein baino zein bereziagoa guretzat. 2001ean, Hernaniko Kronika sortu berritan, prentsa idatziari eskainitako Argia Saria eman zigun Argia aldizkariak. 2008an, Hernani Club Rugby Elkarteak eman zigun garaikurra, gure kirolari eskainitako arreta eskertuz. Eta Mendiriz Mendi elkarteak ere egin zigun halako eskertza 2009an, hernaniarroi puntako informazioa emateagatik. Gerora, euskeraren Bikain ziurtagiria eskuratu genuen 2015ean, eta Kudeaketa Aurreratuari diploma 2017an. Tokikom Sarietan bertan jaso zuen errekonozimendua Kronikak, 2019ko azaroan: eduki onenaren saria eskuratu zuen, Urik gabeko urtegi, orain laborategi erreportaje sakonarekin.

Elizatxoko ikasle talde bat, Kronikaren bulegoan, aurtengo ekainean egindako bisitan.

Eta bada zerbait, urteak urte eta zailtasunak zailtasun, azkeneko hamarkadan aldatu ez dena: egunkaria izaten jarraitzen du Kronikak, Urumea bailarako egunkaria. Euskeraz egunero-egunero argitaratzen den bakarra. Konturatu gara, horrek jakinmina piztu duela, azkeneko urteotan bereziki; eta etorri zaizkigu kazetaritza ikasleak, gure egunkaria gertutik ezagutzeko asmoz. Ohikoak dira, azkenaldian, bailarako eskoletako ikasleen bisitak ere, gure erredakzioa ezagutzeko asmoz; baina urrutiagotik ere etorri zaizkigu: Baionako Etxepare Lizeoko ikasleak izan ziren Kronikaren erredakzioan, harrituta eta ilusioz hartu genuen proposamenari esker.

Bidea ez da xamurra izan batzuetan, baina badugu nondik hartu indarra, eta aurrera egiten jarraitu nahi dugu, bailarako herritar, eragile, talde, elkarte eta erakunde guztien eskutik. Beste 10, 22 edota 50 urtez iritsi dadin Kronika etxeetara, euskeraz eta gertutasunetik.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!