Urteko hitzordurik esperoenetarikoa dute aurretik Batxilergoko bigarren mailako ikasleek. Datorren asteazkenetik ostiralera bitartean, ekainaren 8tik 10era, Unibertsitatera Sartzeko Ebaluazioa (USE) egin beharko dute, edo, beste izen batez ezagunagoa dena: selektibitatea. Batxilergoa amaitu dutenek ez ezik, unibertsitatera sartu nahi duen orok ere egin beharko du proba hau.
Denera, ikasle bakoitzak 14 puntu izango ditu jokoan unibertsitatean hasi nahi duen gradura sarbidea lortzeko. «Horietatik 6 puntu Batxilergoko bataz bestekotik lortutakoak dira, 4 puntu selektibitateko ikasgai tronkaletan lor daitezkeenak, eta azkeneko 4 puntuak selektibitateko ikasgai espezifikoetan eskura daitezkeenak. Hau da, azken puntu horietan, egin nahi den graduari dagokion jakintza arloko irakasgaiak hartuko dira kontuan», kontatu dute Urumea bailarako zenbait ikaslek. Beraz, ikasi nahi den graduan joan den urteko gutxieneko bataz besteko nota zein izan zen ikusi, eta hori gainditzea izango dute helburu hiru egunetako proban. Bigarren deialdia ere izango da, noski; aurten, uztailaren 7rako, 8rako eta 9rako zehaztu dute txanda horren egutegia.
«Nota altua behar dutenen kasuan, tentsioa da nagusi»
EHUko webgunean ikusgai daude Arabako, Bizkaiko zein Gipuzkoako campusetako graduetan sartzeko plaza kopuruak eta joan den ikasturterako onarpenerako gutxieneko notak. Bailarako ikasleek aurreratu dutenez, «batez ere nota altua behar dutenen kasuan, tentsioa da nagusi». Medikuntzako Graduko notak, esaterako, zeresana ematen du urtero; joan den ikasturtean, sarbidea lortu zuen azken ikasleak 12,820-ko nota izan zuen. Zerrendak ikusita, aurten, Lehen Hezkuntzako Gradua ikasi nahi dutenek, gutxienez, 8,957-ko nota eskuratu beharko dute; Kazetaritzako Gradurako, 8,806-ko nota beharko da; Ikus-Entzunezko Komunikazioko eta Kazetaritzako Gradu Bikoitzerako, berriz, 12,310. Eskaintza zabala dago EHUn, eta ikusgai dago unibertsitateko web orrian: https://www.ehu.eus/eu/web/sarrera-acceso/gutxieneko-notak.
Lehenengo txandan beharrezko nota lortuko ez balitz, bigarren deialdian aurkezteko aukera ere egongo litzateke. Notarik onena gordeko da beti, baina kontuan izan behar da plazak onartzerakoan, lehentasuna izango dutela ohiko deialdikoek ezohiko deialdiko aurrean.
Edozein modutara, ikasitakoa ikasita dago. Emaitza edozein dela ere, gogoratu barneratutako ikasgaiak baliagarriak izango direla etorkizunean. Zorte on!
«Koronabirusak izandako eraginagatik azterketa-ereduak errazagoak direnez, gero eta nota altuagoak eskatzen dituzte gradu gehienetan»
Dunixe Berlanas eta Ibon Nabarro hernaniarrek elkarrekin amaitu dute Batxilergoa, Hernani BHIn. Batak Matematika ikasi nahi du eta besteak Zuzenbidea. «Selektibitatea hasi eta behingoz ikusi nahi dugu zer den», aipatu dute.
Ikaskideak dira Dunixe Berlanas Camarero-Núñez eta Ibon Nabarro Oyarzabal Hernani BHI hezkuntza-zentroan. Batxiler Zientifiko-Teknologikoko bigarren maila amaitu berri dute, eta, selektibitatea ate joka duten honetan, «urduritasun haundia» dutela aipatu dute biek. «Klasero-klasero agertu da selektibitate hitza, irakasgai eta gai bakoitzean», adierazi du Dunixek. «Horregatik, azterketa eguna gerturatu ahala, presioa ere haundituz joan da».
Ibonek helarazi du bigarren Batxilergoak helburu bakarra duela: «selektibitatea prestatzea». Hori horrela, dio, «irakasleek, nahi edo ez, eduki guztiak azterketa horretara bideratu dituzte». Horretan jardun dute azken ikasturte honetan, «buru-belarri», bakoitzak ikasi nahi duen gradura sarbidea lortzeko. Dunixek Zuzenbideko Gradua ikasi nahi du eta Ibonek, berriz, Matematikako Gradua, biek EHUn. «Ea nota lortzen dudan», adierazi du Ibonek. «Joan den urtean, gutxieneko bataz besteko nota 12,6koa izan zen, eta hori lortu ezean, badut beste planen bat; agian, ingeniaritzaren bat Donostian... Baina, ikusiko dugu», jarraitu du. «Zuzenbiderako, EHUn, 9,9 izan zen joan den urteko gutxieneko bataz besteko nota».
Kontatu dutenez, zenbait gradutarako behar diren notak «oso nota altuak» dira. «Gainera, koronabirusa dela eta, azterketa-ereduak errazagoak dira, A eta B azterketen jarduerak nahastu daitezkeelako, beste erraztasunen artean», esan dute. Beraz, hainbat faktorek dute eragina Batxilergoa ixten duten azken txanpa honetan.
«Garrantzitsua da atseden hartzea eta ikasteari uztea»
Hiru egunetan, bi hernaniarrek zazpi azterketa izango dituzte aurretik. Aukera guztiak batu nahi izan dituzte eta, beraz, 8 puntu izango dituzte jokoan. «Topera egoteko, garrantzitsua da atseden hartzea eta ikasteari uztea», bat egin dute biek. «Eskolara joaten gara zenbait irakasgaitako klaseetara, eta, saiorik ez dugunetan, etxean ikasten dut», kontatu du Ibonek. «Arratsaldeak, berriz, lasai egoteko eta deskonektatzeko hartzen ditut». Dunixe, aldiz, «hara eta hona» ibiltzen da: «futbolean lortzen dut deskonektatzea, eta gainerako tarte edo ordu libreak erabiltzen ditut ikasteko».
Uztailaren 16an jasoko dituzte notak, eta diotenez, «oso gogotsu» daude etapa berria hasteko. «Batxilergoa oso-oso gogorra izan da; maila igo da, exijentzia areagotu da, eduki asko landu ditugu, irakasleak zorrotz aritu dira...», dio Dunixek. «Azterketak hasi eta behingoz ikusi nahi dugu zer den. Gero, oporrez gozatzera!», gehitu du Ibonek.
«Egunero errepikatuko dizueten 'hitz madarikatua': selektibitatea»
Sara Vea astigartarrak Lehen Hezkuntzako eta Pedagogiako Gradua hasiko du irailean. Autoprobaren atarian, «urduri» dagoela aipatu du.
Sara Vea astigartarrak La Sallen egin ditu ikasketak, Donostian. Aipatu duenez, «aldaketa haundia» sumatu zuen DBHtik Batxilergora salto egitean: «Batxilergora iritsi nintzenean, konturatu nintzen ez zela nahikoa ordura arte egin nuena egitea eta azterketetarako ikasten egun bat lehenago hastea».
Lehenengo Batxilergoan, erritmoa hartzea zertxobait kosta zitzaiola dio astigartarrak. «Ni izateko, nota kaxkarrak izan nituen: 6koak eta 7koak izaten nituen». Hala ere, hortik aurrera, gorakada izan zuela adierazi du: «bost edo zazpi egun lehenago ikasten hasi nintzen eta, horrela, ikasturte amaierarako, bataz bestekoa nahiko txukuna izan nuen: 8,6».
Bigarren Batxilergora heltzean, egoera «konplikatu» zela dio Sarak. «Edukiak oso erritmo bizian eta jarraian lantzen dira eta, beraz, beharrezkoa da lanketa oso eguneratua izatea. Hori horrela, hauxe izan zen lehenengo egunean aipatu zigutena: Ia egunero errepikatuko dizuete hitz hau, hitz madarikatua: selektibitatea. Horrelaxe izan zen eta, egia esan, hitz hori behin eta berriz errepikatzeak ikasleak agobiatu besterik ez ditu egin. Nolanahi ere, ni nahiko pertsona lasaia naiz ikasketetarako, eta ez dut kezkarik izan orain arte. Are gehiago, ikasturte honetan ere ondo moldatu naiz eta, gainera, bataz bestekoa igo dut, 9koa lortuz».
Hala ere, autoprobaren atarian, urduritasuna areagotu dela dio La Sallekoak: «Azken finean, azterketa batean jokatuko dut urte oso batean ikasitakoa, eta denbora aldetik nahiko larri nabil. Klase partikularrak ematen ditut, futbol eskolako entrenatzailea naiz, gidabaimena ateratzen ari naiz… Baina, datorren urteari begira, selektibitatea gainditzea besterik ez dut egin behar. Izan ere, dagoeneko hartu naute Lehen Hezkuntzako eta Pedagogiako Graduan, eta, beraz, alde horretatik behintzat, lasai nago».
«Badakit nahitaez egin beharreko proba dela, eta lasai hartzen saiatzen naiz»
Unai Muñozek Filosofiako Gradua hasi nahi du datorren ikasturtean, eta, aipatu duenez, «gogotsu» dago aldaketarako.
Unai Muñoz Ursua aranoarrak Giza eta Gizarte Zientzien Batxilergoa ikasi du, eta duela bi urte arte erizaintzako ikasketak egin nahi zituela argi bazuen ere, erabakia aldatu duela kontatu dio Kronikari: «Notak ematen badit, Filosofiako Gradua hasiko dut datorren ikasturtean». Dioenez, letren modalitatea hautatzean, Erizaintzako Gradua ikasteko ateak itxi zitzaizkion. Hala ere, «pozik» dago egindako hautuarekin. «Duela bi urte arte ez nekien filosofia zer zen ere, eta ezagutu nuenean txapa hutsa iruditu zitzaidan; nolanahi ere, irakasleak lortu zuenean edukiak egunerokotasuneko gaiekin lotzea, gero eta gehiago gustatu zitzaidan».
Bide horretan, filosofiaren bueltan ikasi eta ikasi aritu da Unai eta, aurten, hirugarren postua lortu du Euskadiko Filosofia Olinpiadetan, argazkilaritza filosofikoa modalitatean.
Aipatu duenez, ahalegindu da unibertsitaterako sarbide proba «lasai» hartzen: «Ikasteko presioa ez dut nik bakarrik, gainerako guztiek ere badute. Badakit nahitaez egin beharreko azterketa dela eta, hortaz, lasai hartzen saiatzen naiz». Hari beretik, selektibitateagatik bigarren Batxilergoko ikasleek ikasturtea «presiopean» bizi dutela aipatu du, «batez ere nota altua behar dutela dakitenek». Baina, bide horretan ere «nahiko ondo eta lasai» aritu dela dio. Azken aste hauetan, etxean, goizetan zein arratsaldetan ikasten du. Berak ere bat egin du gainerako ikasleekin: «edukiak ondo barneratu ahal izateko, ezinbestekoa da atsedena ere hartzea. Bestela, esaten den bezala, onerako litzatekeena txarrerako izango da!».
«Ikasketak eguneratuta izanez gero, errepaso modukoa da prestaketa»
Datorren ikasturteko planei begira, zalantzak ditu Jonek: enpresa mundua edo kazetaritza. «Aurretik, agian, goi mailako gradua egingo dut».
Selektibitatearen atarian, «ikasteko asko badago ere», urduritasuna alde batera utzi eta «nahiko lasai» dago Jon Harto Ibarzabal. Izan ere, dio, «bigarren Batxilergoan ikasketak eguneratuta izan ditugunentzat, errepaso modukoa ari da izaten azterketen prestaketa».
Datorren ikasturtean zer egingo duen ez du argi hernaniarrak, baina hainbat aukera ditu poltsikoan: «Enpresen Administrazioa eta Zuzendaritzako Gradua, Kazetaritzako Gradua, edo, bestela, goi mailako zikloren bat».
Gogoeta eginez, Jonek nabarmendu du DBHtik Batxilergora aldaketa «haundia» sumatu zuela, «gehienbat azterketengatik». Horrela, dio, Batxilergoko bigarren mailan «presioa» nabaritu dutela, batez ere nota altua behar zuten ikasleetan. «Edonola ere, ikasteaz gain, ondo pasatzeko aukera ere izan dugu azken bi urte hauetan!».
«Hainbat aukera ditut datorren ikasturterako»
«Selektibitateko notaren arabera», goi mailako zikloa edo unibertsitateko gradua ikasiko du Ane Ormaetxeak.
Ane Ormaetxea Cornejok Zientzien Batxilergoa hasi zuen Hernani BHIn, eta, bigarren mailan, Giza eta Gizarte Zientzien Batxilergora egin zuen aldaketa. «Nahiago dut ariketak egitea memorizatzea baino, baina hartutako erabakiarekin askoz ere lasaiago bizi dut azken ikasturte hau», kontatu du hernaniarrak.
Datorren ikasturterako, hainbat aukera ditu pentsatuta: «Haur Hezkuntzako edo kiroletako Goi Mailako Zikloa, edo, bestela, Lehen Hezkuntzako Gradua gorputz hezkuntzako espezialitatearekin». Dioenez, «lasai» daramaki selektibitateko prestakuntza. «Nire erritmoan nabil, pixkanaka. Koronabirusa dela eta azterketa ereduak erraztu dira eta, hortaz, horrek asko lasaitzen nau».
Atzera begiratu du Anek, eta lehenengo Baxilergoa «justu» gainditu bazuen ere, aipatu du azken bi ikasturte hauek ez direla buruhaustea izan berarentzat: «denbora izan dut parrandan ateratzeko, futbolean ateratzeko edo lagunekin egoteko. Lasai egon naiz, beti dena gainditzen, baina ez oso nota altuaren bila».