Sagarreta taldea Hernanin aurkeztuko da maiatzak 10ean, Biterin, arratsaldeko 19:00etan. Euskal Herriko Unibertsitateko Peio Lozano irakasleak eta Aranzadiko Mikel Etxeberriak Basoen etorkizuna jokoan! hitzaldia eskainiko dute herritarren aurrean aurkezpena egiteko. Sagarreta, bioaniztasunaz arduratuta dagoen Hernaniko eta Ereñotzuko herritar talde batek sortu du.
Mikel Etxeberriak, Ereñotzuko basoak sailkatu, begiratu eta zeintzuk duten garrantzi gehiago aztertu zituen. Lan horren azalpena emango du eta Peio Lozanok basoak nola dauden eta zer egin daitekeen esango du. Nondik gatozen eta nora goazen ere azalduko du hitzaldian.
Ereñotzuarrak euren kabuz hasi ziren bioaniztasunaren inguruan azterketa egiten eta Hernaniko herrian ere kezka sortu zen. Indarrak batu dituzte eta Sagarreta taldea sortu dute. «Ereñotzu inguruan daude basoak eta hernaniarrek berriz jendea dugu. Bi taldeen uztartzea ezinbestekoa zen lanketa egiteko, bioaniztasunaren inguruan». Ardura eta kezka badute Ereñotzun eta hortik sortzen da Sagarreta. «Zertan ari da bihurtzen gure bailara? galderatik dator. Ereñotzun udazkenean eskaini zen hitzaldia eta gero hasi ziren elkartzen».
Azken bi urteetan gertatu diren eukalipto landaketek eraginda ardura sortu da Ereñotzun eta orain Hernanira eraman nahi da kontzientziazio hori, hitzaldietan eskatu izan den bezala. Sagarreta-erreka, Urumea Ibaira bere ezkerraldetik elkartzen da, Pagoaga auzotik Osiñagarako bidean eta hortik dator izena.
«Basoa da heldu dugun lehenengo gaia»
Bioaniztasuna gai zabala da eta nonbaitetik heldu behar zioten Sagarretako kideek eta basoen gaia da plazaratu duten lehena. «Basoak bipopulatzen ari dira, baina espezie bakan batzukin. Garai batea pinua (intsignis) zen eta gaur egun eukaliptoa eta kriptomeria».
Entitate eta instituzio ezberdinekin, zertan jarriko den lanean taldea oraindik ere ikusteko dago. «Taldea bioaniztasunaren aldekoa da. Zerozerri heldu behar zitzaion eta hor basoarekin hasi gara, baina orokorragoa da gure hausnarketa. Ez gaude mugatuak».
Sagarretatik diote basoen aniztasuna desagertzen ari dela. «Hortik hasi dugu hausnarketa, bioaniztasunarekiko ardura». Ardura horrekin sortu da Sagarreta.
Kriptomeria eta sekuoia, intsignis pinua jaten ari dira Gipuzkoako basoetan. Horrela jasotzen da Gipuzkoako Baso Elkarteak (GEBE) egindako Lurraldeko Basoen Koiuntura eta Osasun Txostenean.
Izan ere, elkarren segidako hiru kanpainatan ez da intsignis landaketarik egin Gipuzkoan, eta, espezie nagusia izaten jarraitzen duen arren, nabarmen egin du behera: zuhaitz-azaleraren %35etik % 22ra igaro da bost urtean, eta ia 5.000 hektarea murriztu dira 2019tik.
Ale asko kendu diren arren, geratzen diren pinuen %40k gaixotasuna dute. GEBEren txostenean agerian geratzen da kriptomeria eta sekuoia «pinu gaixoaren masak ordezkatzeko gehien erabiltzen diren espezieak», direla.
Gipuzkoako zuhaitzek 285 hektarea irabazi dituzte bi urtean, eta dagoeneko azaleraren %61,6 zuhaitzez estalita dago.
Gipuzkoan, Estatuko zuhaitzik gehien duen lurraldean dituen kilometroekiko, dauden 68 milioi aleak 121.865 hektareatan banatzen dira, eta horien %22 Natura 2000 Sarearen babespeko guneetan daude. Bertan, espezie nabarmenenak pagoa (11.682 hektarea) eta herrialdeko haritza (2.184 hektarea) dira.
Baso-uztea arazo haundia da
Gipuzkoako baso-masak, arazo haundi gisa, baso-uzte haundia du, urtez urte hazten ari dena eta, gaur egun, azalera osoaren % 16,1 gainditzen duena. Abandonu-egoerak bereziki kezkatzen du GEBE, «baso atlantiko mistoa» deritzona hedatzen ari dela ikusten baitu.
Haziko mapak abandonatutako 196 hektarea baso detektatu ditu azken urtean, eta horiekin 19.666 hektarea dira jada inolako zaintzarik edo kudeaketarik ez dutenak, ez esparru publikokoak ez pribatukoak.
Kopuruak garrantzi haundiagoa hartzen du Euskadi osoa kontuan hartzen bada; izan ere, 38.011 hektarea abandonatu daude, eta horietatik 19.666, %50 baino gehiago, Gipuzkoan daude. Sastrakak hartzen du azalera hori, eta horrek sute-arriskua areagotzen du.
Egoera horri eta intsignirik (pinua) gabeko hiru urteetako deribatuari aurre egiteko, GEBEk ahalegin haundia egin du pinudiak okupatzen zituzten lurretan 4.000 hektarea birlandatu eta beste espezie batzuekin.
Baso jabe txikien papera da bioaniztasunaren euskarrietako bat. «Kulturbasoko kideekin prestatuko ditugu hitzaldi pare bat. Esperientzia dute eta ekintzak egin dituzte. Lurjabe eta baserritarrei zuzenduta egongo dira batipat. Batzuk gustora egongo dira, baina beste batzuk agian ez dakite zer egin beraien lurrekin. Irtenbideak eskaini behar zaizkie».
Urumea Ibaia BBEaren barruko lurzoruaren jabetza-erregimena, funtsean, pribatua da. Onura publikoko mendiek 0,73 ha-ko azalera baino ez dute hartzen (KBEaren %1), toki-erakundeenak.
Garrantzi Komunitarioko Leku izendatzeaz gain, eremuak gaur egun ez du bestelako babes-figurarik, salbuespenak salbuespen. Bide asko dago jorratzeko eta bilatzen duguna da jardunaldietan azaltzea herritarrei bide horiek
Datu ofizialik ez dago, Hernanin eta Ereñotzun zenbat eukalipto dagoen
Biodibertsitate haundiko eremua da, Urumea bailaran, eukaliptoaren landaketak jasotzen ari dena. Olazarretik Azketa mendiaren ingurura dijoan bailara da, Kartola, Usoko eta Sagarreta errekek osatzen dutena. «Eremu hori ez dago babestuta, parke natural edo kontserbazio bereziko eremu gisa. Baina bere biodibertsitatea da babestutako eremuek dutenaren adinakoa, eta kasu batzuetan, haundiagoa. Beraz, arrazoi asko egongo lirateke bailara hori babesteko, bere aberastasunagatik. Bertan ematen diren baldintzak ez dira arruntak, eta horrek eragiten du, oso leku berezia izatea. Bertan dauden espezie batzuk, ez ditugu aurkituko Gipuzkoako beste eremu batzuetan», azpimarratu zuen Iñaki Sanz-Azkuek 2020an abenduan Biterin eskaini zen hitzaldian.
Gipuzkoako Foru Aldundiak dauka basoak kudeatzeko eskumena, eta Hernani eta Ereñotzuko lurretan zenbat eukalipto dagoen, datu ofizialik ez dago: «urte bukaeran ematen dituzte, baina datu orokorrak dira; ez dira zehatzak, ortofotoekin kalkulatzen baitituzte». 2019ko datuen arabera, 151,278 hektarea eukalipto zeuden Hernanin, guztiak Ereñotzuko lurretan. «2020an ez dago daturik, baina kalkulatzen da, 70 hektarea eukalipto gehiago landatu direla. Beraz, urte bakarrean landatu da, aurreko urteetan landatutako guztiaren erdia adina», ohartarazi zuen biologo hernaniarrak.
«Udalarekin elkarlanean ari gara eta Hernani Burujabe proiektuan txertatuta gaude»
«Informazioa jaso, herritarrei komunikatu eta ekintzetara pasa»
Hemendik hilabete batzuetara zer gairi helduko dioten ez dago zehaztuta. «Bide asko daude bionaiztasunaren barruan. Hamabi bat pertsona bildu gara, Peio Lozano aditu bezala ondoan daukagu, Iñaki Sanz-Azkueren laguntza hor dago. Herrian badago jendea hurbilduko litzatekeena. Ez dute izan berri Hernani Burujabetik mugitu dela gaia. Taldea haunditzea nahi dugu».
Udalarekin ere elkarlanean ari dira. «Mattin Aldaia, ingurumen alorreko zinegotzia ere etortzen da. Elkarlana bilatzen dugu eta oso ongi ulertzen dugu elkar. Udaletik prestutasuna badago». Ekainaren 10ean pelikula bat eskainiko da Biterin eta horretan ere lagundu du Udalak. Ekainean Bionazitasunaren astea antolatu duten. «Ekintzak antolatuko ditugu bi asteburutan. Ekainaren 2an ponentzi bat izango da eta ekainaren 5ean irteera antolatuko da basora».
Hiru gauza nabarmendu nahi dituzte Sagarretatik. «Helburu nagusia da bioaniztasunaren alde egitea. Horretarko informazioa jaso behar da, gero herritarrei hori komunikatu egin behar zaie eta gero ekintzetara pasa daiteke esaterako aldaketa bat edota garbiketa bat eginez». Mehatsatutako animali baten aldeko jarduera, basoen ingurukoa, ibaiaren kontserbazioa... gai asko daude jorratu ahal izateko».
Parke naturaletan badaude espazioak ustiapenerako. «Hektarea asko badira partzelak jarri daitezke. Aranzadiko lan horretan sailkatuta dauzkate bioaniztasun aldetik zeintzuk diren gune garrantzitsuak, zeintzuk babestu behar diren».
Basotikan herriarentzako onurak ere atera daitezke eta «hor Hernani Burujaberen proiektuarekin zuzenean txertatu daiteke. Energiaren alorrean, elikaduraren gaian
Urumea ibaiaren gaia azaleratuko da
Bianiztasunarekin lotuta dagoen gaia Urumea ibaiaren aisialdirako erabilera da, batez ere udaran. Oraindik, horri buruz, Sagarretan ez dute sakondu. «Agian planteatu behar da Urumean, Karabel inguruan esaterako, gune bat prestatzea aisialdirako eta goiko aldean debekatzea beste mota bateko aktibitateak. Azkenengo urteetan itxi dira bi gune eta egokitu daitezke beste guneak Hernanin bertan. Kotxe eta jende pilaketak, zaborra, soinua... arazoak sortu dira eta egoera kaotikoa ere izan da Ereñotzun. Horri irtenbidea eman behar zaio eta seguru Sagarretan gaia landuko dugula».
Santa Barbarako putzuarekin zer egin ere azaleratu daitekeen beste gai bat da Sagarretakoen ustez. «Hemen ere kontzientziazio lana dago eta gero ere zer egin putzuarekin. Utzi dagoen bezala edo ustu eta atera jendeak utzi dituen espezie ezberdinak».
Gaien zerrenda luzea da. Ideiak badaude eta egiteko gauza asko daudela azpimarratzen dute. «Hernani Burujaben jorratzen diren gauza asko berehalakoak dira edo epe motz-ertain batean emaitzak ikusi daitezkeena, baina bioaniztasunaren gaian emaitzak ez dira urte luze batean ikusiko. Adibidez basoen gaian ekintza egiten denetik fruitua ikusten denera urteak behar dira. Beste gai batzuekin hori ez da gertatzen. Horregatik, lan txikiagoak eta egingarriak direnak ere, epe motz batean, heldu behar ditugu».
«Herri lurrak berreskuratzea da helburu garrantzitsuena»Hernanin eta Ereñotzun lur pribatua da gehienea eta gero eta jabe gutxiagoen esku daude. Aranon eta Goizuetan herri lurrak dira.Basoaren birpopulatzea lehenengo urratsa da, baina mendia aurrera ateratzea landatzea baino askoz gehiago da. Kudeaketa bideragarri eta jasangarrian eragin behar da. Bideragarritasunik gabe utzikeria dago eta jasangarritasunik gabe, ez dago etorkizunik. Baina birpopulatzea ez da denboraldi gutxi batzuetako lana. Urteetako konpromisoa behar da, mendiak aurrera egin dezan eta bere funtzioak bete ditzan zaintzea. Herri ezberdinetan taldeak sortzen ari dira gaur egungo ustiapen ereduaren aurka. «Arazoa ez da eukaliptoarena bakarrik, ustiapen ereduarena baizik. 100 urte baino gehiago daramagu ustiapen eredu berdinarekin. Intsignis pinuaren monolaborantzek “banda marroia” gaixotasuna ekarri zuten eta orain beste hondamendi natural batean ari gara murgiltzen, eredu berdina mantentzen baitugu», diote talde hauek. Pinuaren monolaborantzak sortzen hasi zirenean, hauek baserritarrak laguntzeko modua zirela esaten zen, oso txiroa zen sektore bati etekina ematen zion. Eredua azkar industrializatu zen eta gaur egun baserritar horien oinordekoak dira mendi eta baso sailen jabeak. Lurzoru bat izatea arazo bezala ikusten dute eta miseria baten truk saltzen ari dira mendi zati horiek, eukaliptoak landatuko dituzten enpresei. Geroz eta jabe gutxiagoren eskutan ari dira geratzen eta oso erraza da eukaliptoa ustiatzea: ez du inolako mantentze lanik eskatzen, mendia suntsitu eta handik hamar urtera etekina atera, listo. Kezka hori nabariagoa izan da Bizkaian, baina Gipuzkoan ere sortzen ari da. «Horrek eragin du Euskal Herrian mugimenduak sortu dirala, bailara ezberdinetan, lurrak erosteko», azpimarratzen dute Sagarretatik. «Herri lurrak berreskuratzea da helburua eta garrantzitsua da. Udalak lurrak erostea beharrezkoa ikusten dugu eta ari dira horretan lanean». Horrela, elkarrekin muga egiten dute, kontraste haundiko eremuek: «Hernani eta Ereñotzu dauzkagu, lur pribatu askorekin; eta ondo-ondoan Arano, juxtu alderantziz, gehiena herri lurra daukana», nabarmendu du Iñaki Sanz-Azkuek. Kontraste hori bera, lurraldeetara ere zabaltzen da: Nafarroan eta Araban, herri lurrak dira gehienak, eta eukaliptorik ez da landatzen ia; eta Bizkaian eta Gipuzkoan, aldiz, lur pribatu asko dago, eta eukaliptoa ere, gero eta gehiago. «Gainera, hasten zarenean basogintza mota hori egiten, gizartea ohitu egiten da paisaia horretara. Bizkaiako kostan, dena eukaliptoz beteta dago, Galizian bezala; eta jendeari polita iruditzen zaio. Beraz, lurraren jabegoak eragiten du, baina pertzepzio sozialak ere bai», diote adituek. |