Erreportajeak

«Inguruko gazteei aukera eman nahi diegu txirrindularitza egin eta disfrutatzeko»

Kronika - Erredakzioa 2022ko api. 23a, 00:00

Aimar Capdequi, Unax Otegi, Tasio Semperena, Unai Hernández, Ekhi Muñoz eta Unax Urretabizkaia.

Iruki Donostialdea Bizikletan proiektu berrian, zazpi txirrindulari astigartar eta hernaniar kadete eta junior daude.

Eskualdean txirrindularitza proiektu berri bat sortu da eta bertan murgildu dira Hernani eta Astigarragako txirrindulariak. Iruki-Donostialdea Bizikletan izena du talde berriak eta bertan Donostialdean txirrindularitzan hasi nahi duen edonori ateak zabaldu dizkiete. Bailarako taldea izan nahi du benjaminetan hasi, alebinetatik, infantiletatik, kadeteetatik pasa eta juniorretara iritsi arte. 

Aritz Irulegi da taldeko presidentea. «Duela bi urte arte Donostia Berri Txirrindulari Eskola ginen, baina eskolan zeuden txirrindulari gazte guztiak ez ziren Donostiakoak. Hernaniko eta Astigarragako txirrindulariak bagenituen, eta Usurbilgo eta Lasarte-Oriako txirrindulariak ere izan genituen garai batean».

Pasa den urtean Hernaniko Txirrindulari Eskola eta Buruntzazpi (Lasarte-Usurbil), Txirrindulari Eskola desagertu egin ziren. «Ikusi genuen aukera bat gure deitura aldatzeko. Donostialdea Bizikletan bihurtu gara, azken finean, izen berria daukan izaera berdineko eskola bat gara. Helburuak ez dira aldatzen, baina klub berri bat sortu dugu. Saiatzen gara lehengo izaera horrekin, jende berria proiektura erakartzen. Klubean aldaketak egiten ari gara eta gustatuko litzaiguke imguruko zikloturistekin ere hitz egitea, Udalekin bezalaxe».

Irulegik argi du, «klub berri bat gara eta forma ematen ari gara proiektuari. Eskaintza ez da aldatzen. Inguruko gazteei aukera eman nahi diegu txirrindularitza egin eta disfrutatzeko. Asmoa da, etorkizunean erreferentziazko eskola bat bihurtzea Euskal Herrian». 

Iruki-Donostialdean, maila guztietan, daude txirrindulari hernaniarrak eta astigartarrak, baina horietako seirekin elkartu da Kronika, proiektua, ibilbidea eta helburuak azaldu ditzaten, bai talde mailan eta bai indibidualki. Ekhi Muñoz, Unax Urretabizkaia eta Unax Otegi dira hiru txirrindulari hernaniarrak eta Aimar Capdequi, Tasio Semperena eta Unai Hernández astigartarrak. Aner Zilbeti hernaniarra ere taldekidea da junior mailan. 

 

«Taldeak garaipen bat lortu du junior mailan»

«8 urtetik hasi eta 18 urte bitartera arteko eskola du Donostialdea Bizikletan klubak «azpimarratu du Unax Urretabizkaiak. Donostia eta inguruko txirrindulariekin erreferentzia bihurtu nahi du. «Beheko mailetan; benjamin, alebin eta infantil mailetan ere badaude txirrindulari hernaniarrak eta astigartarrak». 

Orain Donostialdea proiektuko parte izan arren, askok jatorria Hernaniko eskolan dute. «Ni berriz Donosti Berrin hasi nintzen» gogoratzen du Tasio Semperenak. Oso gustora daude proiektu berrian eta ez da beraientzat arrotza. «Zuzendariak ezagunak ditugu, nahiz eta batzuk berriak izan. Urte osoko egutegia osatzen dugu, neguan pista eta ziklokrosa eta martxotik aurrera errepidea», azpimarratu du Urretabizkaiak. 

Denboraldi hasiera polita izan du taldeak. «Kadeteek zazpiren bat lasterketa izan ditugu orain arte» dio Unai Hernándezek. Denboraldi erdira iristen ari dira. «Nahiko gustora gaude. Taldea ongi ari da erantzuten, garaipen bat lortu dugu», gaineratzen du Muñozek. Aimar Capdequik aurreko astean hirugarren postua eskuratu zuen Zangotzan lehen urteko kadete mailan. 

Euskal Herriko egutegia osatzen dute, ez bakarrik gipuzkoarra. Ekhi Muñozen esanetan, «Euskal Herrian lasterketa asko izaten dira eta horrek kanpoko txirrindulariak erakartzen ditu». Horrek lasterketen maila igotzea suposatzen du. 

Talde helburuak eta txirrindulari bakoitzaren helburuak daude, baina argi dute sei txirrindulariek biak uztartu egin behar direla. «Batzutan lasterketa batean aurreko postuetan egoteko aukera duzu eta besteetan taldekidearentzat lan egin behar izaten da», dio Tasio Semperenak. Unax Urretabizkaiaren hitzetan, «zuzendariak ez digute esango lasterketa irabazi behar dugunik, baina bai zein lasterketa diren helburu garrantzitsuak Gipuzkoa eta Euskal Herri mailan».

 

«Euskal Herrian maila handia dago lasterketetan»

Taldeari ahalik eta gehien laguntzea izaten da aurreneko egin beharra. «Hori egin eta gero bakoitzak bere helburua jarraitu dezake», nabarmentzen du Tasio Semperenak. Denboraldian begirada jarria dute Gipuzkoako Itzulian, Iruñerriako Itzulian eta Gipuzkoa Klasikoan. «Asteburu honetan Gipuzkoako Klasikoa korritzen da eta helburu garrantzitsua da. Bi egunetakoa da, larunbatean Deban eta igandean Egian, Donostian. Europa mailako txirrindulariak etorriko dira eta oso maila altuko lasterketa da», diote hiru txirrindulari juniorrek. «Gipuzkoako taldekako txapelketa, erlojupekoan, beste helburu polita da guretzat», gaineratzen du Urretabizkaiak.

Kadeteek ere badituzte lasterketa interesgarriak. «Donostian Chuma, Euskal Herriko txapelketa... Horiek helburu garrantzitsuak dira», diote hiru kadeteek. 

Hori bai, lasterketa onenetan aritzeko taldean sartu behar da. «Zazpiko taldeak dira Klasikoan eta bertan arituko ez direnak Nafarroan korrituko dute». Txirrindularitzak izan zuen krisialdi bat, baina gaur egun juniorrren eta kadeteen pelotoia handia da. «Txirrindulari asko dago. Gure taldean 14 kadete eta 13 junior gaude».

TXIRRINDULARIA

Ekhi Muñoz

 

Bigarren urteko juniorra

Hernani 
Txirrindulari hernaniarra indarrekoa da eta ibilbide lauetan moldatzen da hobekien. Muñozek esprinta du gogoko, baina saiatzen da aldapan gora taldea eusten nahiz eta ez izan bere indargunea. 30garren postu inguruan amaitzen ditu lasterketak.

TXIRRINDULARIA

Unax Urretabizkaia

 

Bigarren urteko juniorra

Hernani 
Unax Urretabizkaia txirrindulari konpletoa da. 1,90etik gorako garaiera duen mutila, ibilbide guztietan hobetu behar omen du, hala ere, ondo dabil ibilbide gehienetan. Aurten postu onak lortutakoa da eta zortzigarrena da bere posturik onena.

 

TXIRRINDULARIA

Tasio Semperena

 

Lehen urteko juniorra

Astigarraga
Txirrindulari indartsua da Tasio eta ongi moldatzen da ibilbide lauetan. Maldetan eusten saiatzen da eta tartekako esprintak eta meta bolanteak lehiatzen ditu. Azkartasun puntua du eta horrek laguntzen dio. Pista ere gustoko du neguan zehar.

 

TXIRRINDULARIA

Aimar Capdequi

 

Lehen urteko kadetea

Astigarraga 

 

TXIRRINDULARIA

Unax Otegi

 

Lehen urteko kadetea

Hernani 
Unax Otegi hobekien aldapan gora moldatzen da eta horrek postu onak lortzera eraman du aurtengo denboraldian. Hamaikagarren amaitu zuen azken lasterketan. Hernaniarra igotzailea dela esan daiteke. Denboraldian zehar hobetzeko asmoa du

 

TXIRRINDULARIA

Unai Hernández

 

Lehen urteko kadetea

Astigarraga 
Unai Hernández txirrindulari azkarra da eta esprintean moldatzen da egokien. Aldapa gora gehiago sufritzen du eta lanean ari da hobetzeko. Gipuzkoako lasterketak gora beheratsuak izaten dira eta horren ondorioz aurten ezin izan du bere indargunea erakutsi.

 

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!