Datorren uztailaren 2a, egun seinalatua izango da Gure Eskuko kideentzat. Euskal Herriko eta Kataluniako herritarrek Pirinioetako 300 gailur argiztatuko dituzte «burujabetza eta autodeterminazioa aldarrikatzeko». Gure Eskuk, ANCk, Òmnium Culturalek, Federació d’Entitats Excursionistes de Catalunyak (FEEC) eta Artistes de la Repúblicak antolatutako ekimena da, eta Gure Eskuko kideek azaldu dutenez helburu nagusia ondorengoa da: «Herrion autodeterminazioa eta burujabetza osoaren eskubidea aldarrikatzea».
«Elkartasunetik elkarlanera»
Aurten, uztailaren 2rako, Pirinioetako bidea-Via Pirinenca ekimena antolatu dute. «Elkartasunetik elkarlanera pauso bat emanez, katalanen eta euskaldunon artean, Pirinioetako 300 gailurretik gora argiztatuko ditugu, Jaizkibelen hasita Pedraforcaraino. Gailur horietatik 125 Euskal Herrian argiztatzea dagokigu, Jaizkibeletik Benasqueraino» adierazi dute Gure Eskuko kideek.
Herrien autodeterminazioa eta burujabetza osoaren eskubidea aldarrikatzea; horixe da erronkaren jomuga nagusia. «Katalanok eta euskal herritarrok libre eta burujabe izan nahi dugu, gure etorkizuna erabaki nahi dugu, eta herritarron borondatea entzun eta errespeta dadin eskatzen dugu. Ez gehiago, baina ezta gutxiago ere», azpimarratu dute.
Bestalde, hori aldarrikatzeaz gain, Pirinioetako gailurrak konkistatzearekin, beste helburu bat zehaztu dute: «nahi dugu nazioarteko komunitatearen arreta gureganatu erronka kolektibo honekin, gure aldarriaren berri izan dezaten. Estatuak eta estaturik gabeko nazioak ez gaude pareko baldintzetan, baina ez diogu partida jokatzeari uko egingo. Indarrak batu eta inteligentzia kolektiboa erabili beharko dugu, nazioartean gure ahotsa eta kontakizuna entzun dadin. Elkartasunetik elkarlanera, gailurretik argi eta ozen munduari».
Pirinioak argiztatuko dira, uztailaren 2an
Era berean, hauxe nabarmendu dute: «Herriak eta herritarrok libre eta demokratikoki erabakitzea ezin da inoiz gatazka-iturri izan, arazoak konpontzeko bidea baizik. Horregatik, arazoa ez dago Katalunian edo Euskal Herrian. Herri bat gara eta erabakitzeko eskubidea dugu» Hori horrela izanik, mezu argia helarazi nahi diete euskal herritar guztiei: «Uztailaren 2an, euskaldunok Benasqueraino!».
Batzar irekia apirilaren 26an, 18:30ean, Biterin
Bi zatitan banatu dira uztailaren 2an igoko diren mendiak. Alde batetik, gailur berdeak izango dira eta, beste alde batetik, gailur gorriak. Gorriak mendizale trebatuek soilik igo ahal izango dituzte, eta federatuak egon beharko dute. Mendi berdeak, berriz, errazak eta irisgarriak dira, «edonork igotzeko modukoak», azaldu dute.
Hernaniri, Astigarragari, Urnietari eta Andoaini egokitu zaien mendia Munagirre (780 metro) da, multzo berdeko mendia, hain zuzen.
Argiztatze ordua zehaztu gabe dago oraindik, baina gaueko 22:30 aldera izango da. Horrekin batera, adierazi dutenez, «autobusetan bertaratuko gara mendi magalera, Artikutzako errepidea estua baita kotxeetan joateko».
Erronka kolektibo eta parte-hartzaile honetan herri osoak bere tokia izango duenez, guzti honen berri emateko, batzar irekia izango da Biterin, asteartean, hilaren 26an, arratasaldeko 18:30ean hasita. Uztailaren 2ra begira, adierazi dute asmoa dela eguna girotzeko beste hainbat ekintza antolatzea, Munagirre mendi magalean. «Txoznaren bat jarriko da, eta jai giroan aritzeko ekintzak ere izango dira. Logistika kontuak, mendiaren bidea arazorik gabe egiteko mugak zehaztea, argiztapena nola egin, eguna girotzeko ekitaldien prestakuntza, autobusen koordinazioa, komunikazioa… Hori guztia landu behar dugu».
Ekimena gauez izanik, aseguru orokor bat egingo da. Horregatik, beharrezkoa izango da aurretik izena ematea. Federatu gabekoek 10€ ordaindu beharko dute eta federatuek 5€. Halaber, 21 urtetik beherakoek soilik 5 euro ordaindu beharko dute, eta federatuek, berriz, doan. Izena emateko, bi aukera izango dira: kaleetan jarriko diren mahaietan eta webgunean. Mendi berdea igotzeko hautua egiten dutenek, hauxe dute izena emateko bidea: www.pirinioetakobidea.eus. «Nongoak garen jarriz gero, gailur jakin batetara bideratuko gaitu izena emateko aplikazioak. Hala ere, ez da nahitaezkoa izango eta beste gailur bat hautatzeko aukera egongo da». Gailur gorriak igotzeko, berriz, mezu bat bidali beharko da pirinioetakobidea@gureeskudago.eus helbidera, zein gailurretara joan nahi den adierazita, eta hortik aurrerakoak antolakuntzako kideekin zuzenean kudeatuko dira.
«Norbanako zein kolektibo gisa, nahieran, herri osoak parte hartzea nahi dugu» azpimarratu dute antolatzaileek. «Herri osoak du tokia erronka kolektibo eta parte-hartzaile honetan».