Korrika

Ehunka astigartar eta hernaniar bildu ziren atzo, 22. Korrikari ongietorria emateko

Kronika - Erredakzioa 2022ko api. 11a, 00:00
Eleba Bilbao eta Mikel Eraunzetamurgil, Doberako kilometroan.

Irribarreak eta zirrara izan ziren atzoko protagonistak. Hitza eta ekina batu zituzten herritarrek aurtengo ibilbideko azken egunean.

Ia hiru urteko itxaronaldiaren ostean, atzo heldu zen, azkenean, Korrika Urumea bailarara. 22. edizioak Donostian amaitu zuen ibilbidea, baina, aurretik, Astigarraga eta Hernani gurutzatu zituen. Goizean goiz heldu zen Astigarragara, eta kilometroak osatuta, astigartarrek hernaniarrei pasa zieten lekukoa. Kaleak bete ziren Korrikari ongietorria emateko, eta ehunka herritar batu ziren euskeraren aldeko aldarria egiteko. 

Hitza eta ekina batu, eta haurrek, gazteek zein helduek osatu zuten ibilbidearen zati bat. Zalantzarik gabe, irribarreak izan ziren atzoko protagonistak. Furgoneta heldu aurretik, urduritasuna sumatu zuen astigartarren eta hernaniarren artean. Tarte hori goxatzeko, txistularien laguntza izan zen zenbait gunetan. Astigarragan, ibilbide hasieran, eta Hernanin, Doberako kilometroan, besteak beste, musikariek jarri zioten doinua itxaronaldiari. Eta, ondoren, urrutian, argiak ikustean eta musika entzutean, badator, badator! tankerako esaldiekin, urduritasuna areagotu eta euskeraren aldeko olatura batzeko prest azaldu ziren herritar guztiak. Furgoneta hurbiltzean, egun on, Astigarraga!  entzutean, lekukoa eskutik eskura pasa eta hortxe abiatu ziren astigartarrak. Ondoren, talde eta elkarte bakoitzeko kilometroak osatzean, Iretzara iritsi eta hernaniarren txanda heldu zen. Jendetza bildu zen bi herrietan, eta ederki gozatu zuten guztiek. 

 

Argazki-lehiaketan parte hartzeko azken egunak

22. Korrikak osatu du ibilbidea, eta ziur asko argazki mordoa atera dituzuela Korrika ofizialean, Dino Korrikan, Gazte Korrikan, Korrika kulturalean edota aurtengo edizioarekin lotutako ekimenetan. Bada, Kronikak antolatu aurtengo Korrikaren bueltako argazki-lehiaketa. Apirilaren 14a da argazkiak kronika@kronika.eus helbidera bidaltzeko azken eguna. Kronikalariak diren parte-hartzaileen artean hiru sari banatuko dira Korrikako eta Doberako produktuekin osatutako hiru saskirekin. Lehenengo bi irabazleak herritarren bozkekin erabakiko dira eta azkena, berriz, zozketa bidez banatuko da.

Erlazionatuak

22. Korrika Hernanin

Kronika - Erredakzioa 2022 api 10 Hernani

22. KORRIKA!

Kronika - Erredakzioa 2022 api 10 Astigarraga   Hernani

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!