1980an antolatu zen aurrenekoz, Euskal Herrian hain maitea den eta mundu osoan hain ezaguna den Korrika. Oñatitik abiatu, Euskal Herri osoa pasa, eta Bilbo zuen helmuga, eta ordudanik, 21 Korrika eta 42 urte pasa dira. Aurten, 22garren aldiz zeharkatuko du Korrikak Euskal Herria, eta bihar astigartarrek eta hernaniarrek eramango dute testigua azken hirira, Donostiara.
Bi mila kilometro baino gehiagoko ibilbidea egiten du Korrikak, euskeraren alde, adin eta mota guztietako milaka partaiderekin, gau eta egun. Aurtengo Korrika, martxoaren 31n jarri zen martxan, Amurriotik abiatuta. Lekukoa eskuz esku eta kilometroz kilometro eraman dute korrikalariek eta bihar izango da astigartarren eta hernaniarren txanda.
Aurreko Korrika 2019an egin zen, eta ohi baino gehiago pasa bada ere, aurten Korrikak hartu ditu Euskal Herriko txokoak.
«Hitzekin, Hitzarekin eta Ekinarekin»
Aurtengo Korrikako leloa, 'Hitzekin' da, hitza eta ekintza uztartu nahi izan dituzte, horixe da eta gakoa, hitzetik hitz egiterako saltoa ematea. Horren bueltan honakoa da helarazi nahi izan duten mezua: «Hizkuntza bat hitzekin osatzen da, baina ekimenek eraikitzen dute hizkuntza baten komunitatea. Euskerak aurrera egin nahi badu, euskaldun (pro)aktiboak behar ditu, konbentzimendutik ekintzara, praktikara, jauzi egingo dutenak. Beraz, ohar zaitez badugunaz, bagarenaz eta izango garenaz. Hitza emana duzu; orain, egin jauzi ekintzara. Euskera ahoan izan behar dugu herritarrok, elkarteek, erakundeek... Bada ekiteko ordua. Hitz egiteko ordua. Hortaz, esnatu, larrialdi linguistikoaren alarma gorriak pizten hasiak dira. Ekin diezaiogun berehala: aldekotasunetik konpromisora, eta konpromisotik erakunde orok urrats sendoagoak egin ditzan eragitera, jendartearen nahiei eta beharrei erantzuteko. Ezinbestekoa da partida hau irabaztea. Ekiteko ordua da, orain bukatu behar da tantoa, orain irabazi behar da norgehiagoka, 22. KORRIKAra batzeko unea da. Eginez eragingo dugu eta eginaraziko diogu elkarri, ikasle, agintari zein eragile orok, guztiok elkarrekin. Zerekin? Hitzekin, Hitzarekin eta Ekinarekin».
«Amurriotik dator Korrika, lekukoa alde batetik bestera doa, eta nire eskuetatik ere pasako da»
Irakurle hori, Kronika irakurtzen zabiltzan bitartean, Korrika aurrera doa, lekukoa eskuz esku pasata. Gaurko azken herria Urruña izango da, eta bihar gaueko 00:14etan, Hendaiak hartuko du testigu. Ondoren, Irunetik, Hondarribiatik, Oiartzunetik, Errenteriatik, Lezotik, Pasaiatik igaroko da, Urumea bailarara heldu arte. Astigarragara goizeko 06:19etan helduko da, ondoren, Hernanira iritsiko da, goizeko 06:45etan, Iretzatik hasi eta ibilbidea burutu ostean, Donostia izango du helmuga.
Herritarren eskuetatik pasako da aurtengo testigua. Astigarragaren eta Hernaniren kasuan, lekukoa eramango dute, besteak beste, Madrildar batek, Italiar batek, Almeriako batek eta Venezuelako batek. AEK Euskaltegiko ikasleak dira eta Kronikarekin solasaldi luze bat izan dute, Korrika eta euskera hizpide izanik.
Kilometro herena, Eloisa Bellon Marcok
Eloisa Bellón Marco, Hernaniko AEK Euskaltegiko ikasleak, kilometro baten herena erosi du, ibilbidearen zatitxo bat berak bakarrik egiteko. Madrilen jaio zen, baina dagoeneko hernaniarra sentitzen dela aitortzeaz gain, euskera maite duela nabarmendu du: «duela ia lau urte etorri nintzen Hernanira. Euskeraz bizitzen saiatzen naiz, ulermen aldetik askoz hobeto moldatzen naiz. Hitz egitea gehiago kostatzen zait, ez daukat segurtasun haundirik, eta lotsa ematen dit, baina saiatzen naiz. Nire bikotea donostiarra da, eta Madrilen igaro zituen zazpi bat urte. Bertan ezagutu ginen, eta elkarrekin denbora egon ondoren, erabaki genuen Euskal Herrira etortzea. Gainera Madril hiria erraldoia da, eta Euskal Herriko bizitzarekin alderatuz, nik nahiago momentu honetan daukadan bizitza, Hernanin. Bizitza lasaiagoa da, eta niri gehiago gustatu zait, Euskal Herriak izugarri bete dit egia esan. Gainera, zuzen-zuzenean Hernanira etorri ginen, izan ere, nire aiton-amonak hemen ezagutu zuten elkar, eta badaukat Hernanirekin lotura berezi bat. Aitona Madrilgoa zen, eta amona berriz, Palentziakoa. Horregatik etorri nintzen zehazki Hernanira, nire arbasoek lotura zutelako».
Ederki dominatzen du euskera Eloisak, eta Madiletik Euskal Herrira etortzeko erabakia hartu zuenean, euskeraz bizitzeko hautua egin zuela ziurtatu du: «Madriletik etorri nintzenean, euskera ikasi nahi nuen Euskal Herriko hizkuntza delako eta hona etortzeko asmoa nuelako. Londresera joaten bazara ingelesa ikasiko duzun moduan, Euskal Herrira etorriz gero, euskera ikasi behar dela iruditzen zait». Sekulako apustua egin zuen Eloisak duela lau urte, eta horretan dabil buru-belarri, euskera ikasten: «Iaz gainditu nuen B2ko azterketa, eta orain nabil C1 azterketa prestatzen. Azkenean, niri pena haundia emango zidan euskera galtzea, beraz, beste tokietatik gatozenek ere apustua egin behar dugu euskeraren alde. Denok elkarrekin bultzatu behar dugu euskera. Egunerokotasunean dago gakoa, egunero hitz egin, egunero eduki euskera ahoan. Horretan nabil oraingoz, dendetan eta tabernetan euskeraz eskatzen saiatzen naiz, honelako erronkak egiten ditut».
Elkarrizketa aurrera zijoan heinean Kronikak segituan antzeman zuen Eloisak euskera maite zuela: «Euskera oso hizkuntza polita da, alde batetik zaila da, baina beste alde batetik, pentsatzen dut, logikoa dela. Hizkuntza bat gizakiok adierazteko daukagun erreminta garrantzitsu bat da, hau galduz gero, kultura galduko genuke. Beraz, denon artean euskera babestu behar dugu».
Urduri dago Eloisa, izan ere, bihar Korrikak hartuko ditu Hernaniko kaleak, eta berak kilometro baten herena egingo du, lekukoa Elkano kalearen amaieratik plaza atzeko arkupetaraino eramanda, eta sekulako presioa dela gaineratu du: «Urduri nago, izugarrizko errespontsabilitatea daukadalako. Amurriotik dator Korrika, lekukoa alde batetik bestera doa eta nire eskuetatik ere pasako da… Ardura haundia da, jende asko egongo da Korrika ikusten, parte hartzen…. Hala ere, argi daukat barruan daukadan pozak urduritasuna zapaltzen duela, motibatuta nago eta euskeraren alde egiten jarraitzeko prest!».
2019an egin zen Korrikan parte hartu zuela dio Eloisak, Ipar Euskal Herrian, eta jakinarazi du txundituta gelditu zela: «Duela hiru urte, Ipar Euskal Herrian hartu nuen parte. Bertatik pasa zen Korrika, eta gu AEKko barnetegi batean geunden, asteburu pasa. Urte horretan bertan ezagutu nuen Korrika, eta ikaragarri gustatu zitzaidan». Urte hartatik aurrera, Eloisak euskerarengatik borrokatzeko indarrak hartu zituen, eta bihar bere ekarpen txikia egingo du: «Lehenengo aldiz erosi dut orain kilometro zati bat. Iparralden bizitakoa iruditu zitzaidan hain hunkigarria, urte honetan nire ekarpena egitea erabaki dudala. Oso berezia iruditzen zait Korrika, eta lagundu nahi nuela argi neukan, beraz, horregatik erosi dut kilometro zati bat».
Biharko prest dago Eloisa, eta argi du euskerarengatik barruan daukan guztia ematen jarraituko duela. Horregatik, euskera ikasten hasiko diren horiek animatu nahi izan ditu: «ez da hain zaila euskera ikastea. Hasieran, ikasten hasten zarenean, ikusten duzu oso hizkuntza ezberdina dela, eta iruditzen zaizu ezingo duzula. Baina saiatuta, lortzen da, euskaltegietan giroa ederra da, eta euskera ikastea posible da, hizkuntza zoragarria da, benetan».
Stefano Ghizzi, Jose Escobosa eta Victoria Ledezma ere Korrikarekin bat
Stefano Ghizzi jaiotzaz italiarra da, Toskanakoa, Jose Escobosa, Almerian jaioa da, eta Victoria Ledezma Venezuelakoa. Dagoeneko urte mordoa daramazkite Astigarragan bizitzen eta AEK Euskaltegian euskera ikasten, eta bihar Korrikarekin bat egingo dute. Stefanok, Josek eta Vickyk lekukoa hartuta Korrikarekin batera sartuko dira Astigarragara. Goizeko 06:19etan hartuko dute testigua Perurenan, eta irrikaz daude, euskeraren alde kilometroak egiteko.
Stefanok, zazpi bat urte daramazki Astigarragan bizitzen, eta euskerarekin izandako bizipenak kontatu dizkigu, pozik: «duela zazpi bat urte etorri nintzen Astigarragara bizitzera, baina Euskal Herrian dagoeneko 20 urte daramazki. Lehen, Donostian bizi izan nintzen 10 urtez. Gero Astigarragara etorri nintzen, eta hemen jarraitzen dut, zazpi urte elkarbizitzen astigartarrekin, gustura». Jose Escobosa duela lau urte etorri zen Astigarragara eta euskera hutsean egin du elkarrizketa osoa: «beti saiatzen naiz euskera hobetzen, eta horregatik egunero praktikatzen dut». Bi astigartarrak lekukoa hartzeko irrikaz daude: «Niretzat Korrikako testigua eramatea oso-oso berezia da. Gaur egun, euskera maite dut, euskeraz bizi naiz, edo saiatzen naiz behintzat, eta Korrika da ikusgarria, benetan. Zer esanik ez, testigua eramateko aukera izatea, itzela da. Euskeragatik mugitzen naiz, parte hartzen dut urtean zehar egiten diren ekimenetan, herritarrekin ere euskeraz jarduten dut… Biharko kasuan, Korrikan aterako naiz, eta emozioz beteta nago. Baina egunerokotasunean saiatzen naiz euskeraz hitz egiten» azaldu du Josek emozionoz beteta.
Stefanok biharko ibilbidearen nondik norakoak azaldu ditu jarraian: «Perurenan hartuko dugu testigua eta Zarkumendegira bidean doan gasolindegiraino edukiko dugu testigua eskuetan, eta Gazte Asanbladari pasako diegu. Nik asmoa daukat, Astigarragako ibilbidea egiteko, testigua Gazte Asanbladari pasako diogu, eta guk atzean jarraituko dugu, astigartarrekin bat eginez. Korrikako petoarekin aterako naiz, AEKk egindako ekarpenaz gain, nire ekarpena ere egiteko. Behin Astigarragako ibilbidea amaitzen denean, AEKko ikasle eta irakasleak gosari baten bueltan bilduko gara, goizari amaiera emateko. Niretzat oso garrantzitsua izan da beti Korrika, euskeraren alde egiten den ekimen erraldoia baita».
Josek nabarmendu du egunero saiatzen dela euskeraz hitz egiten, etxean, kalean...: «nire neskalaguna donostiarra da, eta berak bultzatu ninduen euskera ikastera. Berarekin asko praktikatzen dut, eta euskeraren inguruan praktikatzen diren egitasmoetan nahiko aktiboa naizela esango nuke. Almerian ere saiatzen naiz hitz egiten euskerari buruz, eta honek duen historia kontatzen, familiari, lagunei… ». Eta Stefano klasekideak ere antzera: «Nire familian euskeraz hitz egiten saiatzen gara une oro. Nire emaztearekin eta nire alabarekin saiatzen naiz etxean ere euskeraz egiten. Ezin dut esan euskera on bat daukadala, baina saiatu, saiatzen naiz, eta horretan nabil buru-belarri, euskera ikasten, euskeraz bizi ahal izateko! Euskera praktikatzeko osteguneko mintzapraktika saioetara joaten naiz, hitz egiten ikasten da benetan hizkuntza bat menperatzen, eta horretan nabil».
Biharko eguna heltzeko irrikaz daude Astigarragako AEKko ikasleak: «Guztiz motibatuta gaude. Euskeragatik egunero borrokatzen dugu, eta horregatik bat egiten dugu Korrikarekin, orain egiten dugunaren araberakoa izango baita etorkizuna. Harro egotekoa da, benetan eredugarria baita jendeak korrika egitea Euskal Herriko punta batetik bestera, euskeraren alde!».
Beraz, gogoratu: prestatu oinetako eta arropa erosoa, jantzi Korrikako elastikoa eta atera kalera. Dagoeneko entzun daitezke euskalzaleen pauso eta oihuak. Badator Korrika!
ASTIGARRAGA
HERNANI