Erreportajeak

Euskarak kaleak har ditzan

Alba Cabrera Jauregi 2022ko api. 2a, 00:00

Euskaraldiaren lehen edizioa gogoz hartu zen Urnietan. AIURRI

Azaroaren 18tik abenduaren 2ra bitarte izango da Euskaraldiaren hirugarren edizioa. Hamabost egun hartuko ditu ariketa sozialak, “hitzez ekiteko garaia” dela aldarrikatzeko

Urte berezia da aurtengoa euskaltzaleentzat. Izan ere, pandemiak utzitako biharamunetik ihesi, euskal hiztun komunitatean egundoko garrantzia hartu duten bi hitzordu izango dira, aurki: lehena, udaberrian, kale-kantoian buelta emanda, hemen da-eta 22. Korrika. Bestalde, urte amaiera aldean ere izango da mihiak zorrozteko aitzakiarik, indartsu bezain gogoz baitator Euskaraldia: azaroaren 18tik abenduaren 2ra bitarte gauzatuko da, hamabost egunez, “Hitzez ekiteko garaia” lelopean.

Orain lau udazken ekin zion bideari hizkuntza-ohituretan eragitea xede duen ariketa sozial masiboak. Hari horri tiraka, eta denborak ematen duen eskarmentuaz, aurreko bi edizioetako irakaspenetatik abiatu dira etorkizunera begirako erronkak finkatzeko. Euskaraldiko Gipuzkoako koordinatzaile orokorra da Sara Saizar, eta ezinbestekotzat jo du hitzaren eta ekintzaren arteko uztarketa, euskararen normalizaziorako bidean: “Herritarrek nahiz entitateek euskarazko praktikak hedatzeko urratsak ematea da Euskaraldiaren lan-jardunaren egitekorik behinena”.

Hori horrela, aurten, “jauzi kualitatibo bat emateko apustua” egin du antolakuntzak, Saizarrek adierazi lez, “ariketaren berezko funtsari garrantzia emateko”. Horrez gain, parte-hartzea hedatu nahi dute, hots, Gipuzkoako koordinatzailearen esanetan, sektore berrietara iristea da helburua: “Ariketa ikusgarria egin behar dugu, eta, horretarako, kaleak hartu nahi ditugu, bai eta txapen presentzia areagotu ere, komunitate izaera egonkortzeko”. 2020ko edizioaren ostean, Siadeco elkarteak egindako ikerketaren arabera, txaparen eragina “ukaezina” da: “Ingurukoek eurekin euskaraz egin dezaketela adierazteko erabiltzen du gehiengoak. Nafarroan altuagoa da portzentajea, eta adierazi dezake identifikatzeko behar handiagoa dagoela bertan, euskal komunitatea sortzearena”.

 

«Nork bere erronkari eutsi behar dio, eta unean uneko premietara egokitu»

 

Lorpenetan ipini dute aurten begirada, eta, horretarako, erronka pertsonalak hartzeko gonbitea luzatzen diete antolatzaileek ahobiziei nahiz belarriprestei. “Konpromisoarekin lotura zuzena duen hitzordua da”, azaldu du Saizarrek. Amua Euskaraldiak bota arren, “nork bere erronkari eutsi behar dio, ariketa soziala unean uneko premietara egokitu ahal izateko”. Horrez gain, ez ditu aipatu gabe utzi koordinatzaileak lorpen kolektiboak: “Ahalegin masibo batek fruituak ematen dituela antzeman behar dute parte-hartzaileek”.

 

Hirugarrena, erraztasunekin

“Hirugarren edizioa bigarrenaren jarraipen” gisatzat dute antolatzaileek eta aurten ere bi roletan aritzeko aukera izango dute 16 urtetik gorako euskal herritarrek: ahobizi edo belarriprest. Ariketa eraginkorra egite aldera, izen-ematea sinplifikatu dute. Hala, soilik, parte-hartzaile berriek eman beharko dute izena. Alegia, aurreko edizioetan ariketa egin duten herritarrek, beren parte-hartzea berrestearekin nahikoa izango da.

Horrez gain, ariguneek ere garrantzia izango dute ariketak irauten duen hamabostaldian, entitateek ere euskararen aldeko konpromisoa har dezaten. Berrikuntza moduan, ez da bereiziko kanpo- edo barne-arigunerik; guztiak multzo berean sailkatuko dira.

 

Atzera begira jarrita

Norbanakoen nahiz entitateen harremanetan oinarritutako ariketa da Euskaraldia; alabaina, jendarteko makina bat esparrutan bezala, horretan ere pairatu ziren pandemiaren albo-kalteak 2020. urteko edizioan: nola egin ariketa soziala, hartu-emanak galarazi ziren sasoietan?

Ipar Euskal Herrian, esaterako, herritarrak etxean sartuta gauzatu zen Euskaraldia. EAEn, bestalde, itxita egon ziren tabernak eta askotariko ariguneak. Egoeraz jakitun, pozik agertu zen antolakuntza bigarren edizioaren emaitza onekin, Saizarren aburuz: “Baldintza horietan egin izate hutsa bada jada arrakasta. Euskara alboratu zen pandemiaren eraginez, eta gure hizkuntza mahaigainetatzeko eta erdigunean ipintzeko beta eman zuen Euskaraldiak”. Siadeco elkarteak egindako ikerketaren arabera, orotara, 177.575 lagunek hartu zuten parte 2020ko Euskaraldian, eta izena eman zuten entitateek, guztira, 24.363 arigune sortu zituzten.

Halaber, are modu ageriagoan utzi zuen osasun-larrialdiak herri-batzordeen garrantzia, besteak beste, beren egitekoa kalera ateratzea delako, bai izen-ematean, bai tailerren bidezko pedagogia sozial-lanetan. Batzordeak Euskaraldiaren “bihotza” direlakoan da Saizar: “Zazpi probintzietan egiten da ariketa, baina, tokian toki, nork bere txokora egokituta gauzatzen da, eta horretarako dira batzordeak, beraiek ipintzen baitute martxan ariketa; ezinbestekoak dira Euskaraldiak aurrera egin dezan”. Hala, azkar baino lehen hasiko dira Buruntzaldea eskualdeko eragileak lanean, urte amaierara begirako prestaketa-lanetan.

Horregatik guztiagatik, “proposamen aktiboa” da Saizarrentzat Euskaraldia, herritarrak martxan ipintzen dituelako: “Kontzientzia hartzetik asko duen ariketa da, eta, erronkak iraun bitartean, gora egiten du euskararen erabilerak, bai eta hamabostaldia bukatuta ere". Horrez gain, zer pentsatua ematen du hitzorduak, eta aurretiko zein ondorengo erantzukizuna eskatzen dio parte-hartzaileari, euskararekin duen harremanaz hausnartzeko, bai eta horri bultzada emateko ere. Izurriteak izurrite, euskara indarberritu dadin, kaleak har ditzan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!