Korrika

Gaur abiatuko da Korrika Amurriotik, eta argazki lehiaketa antolatu du Kronikak girotzen hasteko

Kronika - Erredakzioa 2022ko mar. 31a, 00:00

Apirilaren 9an egingo dute bat goizuetarrek Korrikarekin, Basakabin; eta hurrengo egunean iritsiko da Astigarragara eta Hernanira.

Gaur arratsaldeko 16:30etan abiatuko da 22garren Korrika, Amurriotik; eta Euskal Herri osoan zehar ibiliko da, apirilaren 10ean Donostian bukatu arte. Hain justu, azkeneko egun horretan pasako da Urumea bailaratik: goizeko 06:19etan iritsiko da Astigarragara, eta 06:49etan Hernanira. Bailaratik, zuzenean hartuko du Donostiarako bidea, aurtengo edizioa bukatzeko.

Bailarako gainerako herrietatik ez da pasako Korrika aurten, baina hartuko dute parte, edonola ere. Goizuetarrek, esaterako, apirilaren 9rako jarri dute hitzordua: «Korrika aurten ere ez denez Goizuetatik pasako, goizuetarrak joango gara Korrikara!». Zehazki, Basakabitik Ezkurra aldera, bi kilometro izango dituzte goizuetarrek, beraientzat; eta herritar guztiei luzatu diete deia, animatzeko. Goizaldeko 01:00ak aldera izango da hori, ostiraletik larunbaterako gauean. Bezperan, gainera, Korrika Ttikiarekin egingo dute beroketa, arratsaldeko 17:00etan, herrian barrena.

 

Argazki lehiaketa, Kronikak

Korrikarekin lotuta, argazki lehiaketa ere antolatu du Kronikak, gaur hasita. Korrika bera izango da gaia, baina bere ibilbidean zehar ateratako argazkiak ez ezik, Korrika Kulturalekoak, Korrika Txikietakoak, edota bestelakoak ere izan daitezke. Apirilaren 14ra arte bidali daitezke, kronika@kronika.eus helbidera, JPG formatuan; eta hiru sari izango dira: Korrikako eta Doberako produktuekin osatutako hiru lote. Kronikak bere webgunean jarriko ditu argazki guztiak, eta irakurleek bozkatuko dute onena. Horrela, bi sari izango dira bozkatuenentzat, eta beste bat zozketatu egingo da, guztien artean.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!