Gerrikoaren hurrengo zuloari begira daude herritar asko eta asko, eta estutzetik libratuko denik ez da izango ia, datozen aste edo hilabeteetan. Ondasun batzuek gorantzako joera izan dute azkeneko hilabete luzeetan, gasa, argindarra eta erregaia kasu; eta igoera hori biderkatzen ari da egunotan, Ukrainako gatazkaren eta Errusiari ezarri dizkioten zigor ekonomikoen eraginez. Baina horien prezioak bakarrik ez, beste ondasun askorenak ere ari dira garestitzen, eta gero eta gehiago dira, eragina nabaritzen ari diren herritarrak eta enpresak. Batzuek gerrikoari begiratuko diote, eta beste batzuk, berriz, estuasun larriak izaten ari dira dagoeneko.
Marka guztiak hautsi dituzte petrolioak, gas naturalak eta argindarrak, aste honetan; eta aurreikuspenak ez dira hobeak, datozen asteetarako. Baina energiatik harago, lehengaiak eta elikagaiak ere garestitzen ari dira, Ukrainatik eta Errusiatik exportatzen direlako, edo bertatik ekarritako lehengaiekin egiten direlako. Horrela, litekeena da zerealen, haragiaren, esnearen edota arrautzen eta ogiaren prezioek gorakada izatea, epe laburrera. Hala gertatu da, dagoeneko, ekilore-olioarekin. Ukrainatik dator Espainiara iristen den kopuru haundiena, eta beraz, eragina izango du ekilore-olioaren prezioan, eta baita horrekin egiten diren produktuen prezioetan ere (mahonesa, gozogintza…).
Prezio batzuen igoerak besteei eragiten die, eta pixkanaka, gero eta luzeagoa da katea. Hala nabaritu dute, esaterako, bailarako abeltzainek. Nabarmen igo da pentsuaren prezioa, azkeneko asteotan; eta «dirua galtzen» ari dira.
Juani Otaño: «Ez dakit noraino estutuko gaituzten…»
Astigarragako Larrabide baserrikoak dira Juani Otaño eta Josetxo Urretabizkaia, eta 25 behi dauzkate, haragitarako. Ondo dakite beraiek, zenbat igo den pentsuaren prezioa: «sekulako gastua daukagu pentsutan. Urte hasieran, 300 euro inguruan zegoen tonelada; eta orain 460 euro inguruan dago, baina laster iritsiko da 500 eurora. Horrek galera suposatzen digu. Dirua galtzen ari gara». Izan ere, gastuen igoera ez da nabaritzen gero, sarreretan: «duela urte askoko prezio bera ordaintzen digute guri, behiengatik; eta aldiz, gure gastuak gora eta gora dijoaz. Ez dakit noraino estutuko gaituzten…», dio Juanik.
Josetxok azaldu duenez, igotzen hasita zegoen pentsuaren prezioa, «duela urtebetetik edo»; baina gorakada haundia izan da azkeneko hilabetean: «ikaragarri igo da prezioa, eta datorren hilabeterako ez dauka itxura hobea. Une honetan, dirua galtzen ari gara ziur. Udararen zain gaude, udaberritik aurrera pentsu gutxiago behar baita. Baina haragitarako behiekin, pentsua ezinbestekoa duzu, ez dago besterik».
Udaran, gainera, beste gastu batzuk gehituko zaizkie: «belar bolak egiteko plastikoa beharko dugu, eta makinak ere ibili egin behar du. Eta asko garestitu dira plastikoa eta gasoila ere. Plastikoaren kasuan, iaz 50 euro zena, aurten 80 edo 90 euro dira», diote.
Eta horrek guztiak, azkeneko kontsumitzaileari eragiten dio: «erosten dugun haragia ere, garestitu egin da, kate bat delako hau. Denei ari zaigu eragiten prezioen igoera. Egunean egunekoa erosten da orain. Kilo bat xerra, eta horrelakoak. Garai batean, bi familiaren artean txekor bat erosi eta izozkailuan sartzen zuten. Horrelakorik ez dago orain».
Juani Otaño eta Josetxo Urretabizkaia: «igotzen hasita zegoen pentsuaren prezioa, eta azken hilabetean izan duen gorakadarekin, une honetan dirua galtzen ari gara, ziur»
Josean Zubillaga: «Martxa honetan, Gipuzkoako lurren %100a hartuko du sasiak»
Beste 25 behi eta txekor dauzkate Ermaña baserrian; baina pentsuaren garestitzea ez dute zuzenean hainbeste nabaritu, Jose Antonio Zubillagak azaldu duenez: «gazte direnean saltzen ditugu zebaderora, 6-8 hilabeterekin, eta pentsu gutxi gastatzen dugu. Baina zebaderoak hasi dira kexaka, ezin dutela saldu, ez daukatela irabazirik… Eta haiei gaizki badijoakie, guri ere ez digute erraz erosiko, eta ezta orain arteko prezioan ere. 180 euro gehiago kostatzen zaie txekorra gizentzen. Beraz, lehen irabazi gutxi bazen, orain gutxiago. Eta kate bat da hau dena; bueltan bueltan, guztioi eragiten digu. Txekorrak gizentzen dituenak ez badauka irabazirik, erosteari utziko dio; eta orduan, zein irtenbide eman honi? Jarraitu egin beharko dugu bitartean…».
Izan ere, «terrenoak garbi» mantendu nahi dituzte, eta «tokatzen dena» ordaindu beharko dute horretarako: «Gipuzkoan, lurren %60a hartu du sasiak, eta martxa honetan, %100a hartuko du!». Gero eta garestiagoa baita, garbi mantentzea: «guk bereziki nabaritu duguna da, gasoilaren prezioa eta bolak egiteko plastikaoerena garestitu zaizkigula izugarri. Gasoila 1.000 litroka erosten dugu, eta azkenaldian ez zaigu tokatu erosi beharra. Azkenekoz erosi genuenean, nahiko prezio onean zegoen; baina bukatzen denean, tokatuko zaigu ordaintzea… Hurrengo betealdia oso garestia izango da, badakigu. Eta plastikoarekin berdin; oraingoz aurreko urtekoarekin gabiltza, baina… Irabazi txikia geratuko zaigu horrela».
Energia berriztagarrien bidean hartutako neurriei ere egin die erreferentzia Joseanek: «ari dira sustatzen energia berriztagarriak jartzea, eta oso polita saltzen dute. Baina guk 6.000 eurotik gorako inbertsioa egin genuen joan den urtean, eguzki plakak jartzeko; eta dirulaguntza onartu digute, baina 2024an emango digute. Guretzako 6.000 euro aurreztea asko da, eta 2024ra arte ez digutela emango laguntza? Horrelako politikariak dauzkagu… Oso polita jartzen digute, baina gure gain hartu behar dugu gero. Beti ari dira txikia zanpatzen».
Xabier Garmendia: «Sei edo zazpi hilabetetan igotzen zena, egun bakarrean igo da orain»
Gasoila aipatu dute Joseanek, Juanik eta Josetxok; eta pil-pilean dagoen gaia da, erregaiaren prezioen igoerarena. Egoera «gogorra» dela azaldu du Xabier Garmendiak, Akarregiko gasolindegiko arduradunetako batek: «lehen igoerak bi egunetik behin egiten bazituzten, orain egunean bi edo hiru aldiz igotzen digute prezioa. Eta igoera horiek guztiak ez ditugu kargatzen prezioetan; beraz, gure marjenak ere larritzen ari dira. Lehen zentimo batekoak izaten ziren igoerak; baina aurreko batean, adibidez, zazpi zentimoko igoera jakinarazi ziguten goizean, eta beste lau zentimokoa eguerdian. Hori ez da igotzen, normalean, ezta sei edo zazpi hilabetetan; eta egun bakarrean igo ziguten. Guk igotzen dugu, esaterako, zazpi zentimo horietatik bost, eta lau horietatik bi… Baina marjena txikitzen ari da. Eta ez dugu ikusten, noiz bukatu daitekeen egoera». Eta beste sektore batzuen egoerari egin die erreferentzia: «petrolioarekin bezala, gasarekin ari da gertatzen. Ikusten ari gara, enpresa batzuk bere jarduera eteten ari direla, garestiago ateratzen zaielako irekita edukitzea. Guk eutsiko diogu, eutsi behar dugun guztian. Gutxiago irabaziko dugu, edo ezer ez, baina gasolinaren eta gasoilaren merkatuak jarraituko du».
Prezioen gorakadarekin, salmenta «pixka bat» jaitsi dela azaldu du, baina bezero askok ezin dutela kontsumoa murriztu, lanerako behar dutelako erregaia: «bezeroei, depositua betetzea 20 edo 30 euro gehiago kostatzen zaie orain. Eta egunez egun, horixe da hizketarako gaia beti. Hau momentuan ordaintzen duzu, eta momentuan konturatzen zara igoeraz. Baina hilabete bukaeran, iritsiko dira elektrizitatearen eta gasaren fakturak ere. Eta dena batuta, 100-200 euro gehiago izango dira, hilabete batean. Soldata bati hori kenduz gero…», dio Xabierrek.
Nabarmendu du, horrelakorik ez dutela «sekula» ezagutu gasolindegian: «hilabete izango balitz, tira, eutsiko diogu. Baina kontua da ez diogula konponbiderik ikusten oraingoz». Eta gertatu denari buruzko gogoeta ere egin du: «gerra gehiago ere badira munduan, baina gertu tokatzen zaigunean konturatzen gara. Eta gertu iruditzen zaigu, bereziki, poltsikoa ikutzen digunean».
Xabier Garmendia: «Lehen petrolioaren prezioa bi egunetik behin igotzen baziguten, orain egunean bi edo hiru aldiz igotzen digute. Denak ez ditugu kargatzen prezioetan, eta gure marjenak larritzen ari dira»
Iñigo Elizegi: «Goizuetako gasolindegian, duela 10 eguneko prezioa izan dugu orain arte, ez zaigulako tokatu berriro erosi beharra. Orain ekarri beharko dugu berriro, eta orduan izango du igoera haundia…»
Iñigo Elizegi: «Goizuetako gasolindegian, orain nabarituko dugu igoera»
Prezioen gorabeherak txikiagoak dira Goizuetako gasolindegian, Iñigo Elizegi GoizuKoopeko lehendakariak azaldu duenez: «guk erosten dugunean gasoila edo gasolina, eta kamioia etortzen denean erregaiarekin, erosi dugun prezioari gehitzen diogu zorra ordaintzeko gehitu beharrekoa, eta deus gutxi gehiago. Eta prezioa mantendu egiten dugu, hurrengo eskaria egin arte. Ez dugu egunero aldatzen prezioa. Azkenekoz duela 10 bat egun erosi genuen, eta aste honetan berriro ekarri behar dugu. Beraz, orain nabarituko dugu aldea. Orain arte, beste edonon baino askoz ere merkeago zegoen, duela 10 eguneko prezioa zelako; baina orain asko garestituko zaigu».
Edonola ere, gainerako gasolindegietan baino merkeago izaten da prezioa: «zerbitzu bat da gurea, ez negozio bat. Horretarako sortu genuen GoizuKoop, herriari zerbitzuak emateko. Hemen, lanera joateko, kotxearen beharra daukagu. Behar genuen zerbitzu hori, ahal dela 24 orduz irekita egongo zena, eta ahalik eta merkeena. Gu herri txiki batean bizitzeagatik, ez dezagula izan bizitza garestiago». Kooperatibako bazkide dira 195 herritar, «ia herriko familia guztiak»; baina bazkide ez direnek ere erosi dezakete gasolina bertan: «merezi du herrira etorri eta depositua betetzeko aprobetxatzea!», dio Iñigo Elizegik, barrez.
Baina prezioa gainerako tokietan baino merkeagoa izan arren, garestitu egin da Goizuetan ere, halabeharrez: «gorantzako joera zuen azkeneko hilabeteetan, eta azkeneko gertakizun hauekin, igoera haundia izan du. Gainera, oso zaila da merkatuaren gorabeherak ulertzea».
Ion Dacosta: «Garraiolari asko, ari dira lanean irabazirik ez izateko»
Erregaiaren prezioaren igoerak, garraiolariei eragin die bereziki, horixe baitute eguneroko lanerako lehengaia. «Banaketan dabiltzan autonomoek, adibidez, arazo haundia daukate. Lehen diruz juxtu ibiltzen baziren, orain zer esanik ez… Gasoilak une honetan duen prezioa oso garestia da, eta askok ez dute irabazirik lortzen. Alegia, ari dira lanean irabazirik ez izateko; gastua estaltzeko bakarrik», adierazi du Ion Dacosta garraiolari hernaniarrak.
Beraiek enpresa multzo bat daukate, Espainiara eta Frantziara garraioak egiten dituena, trailerretan, mota guztietako merkantziak eramanez. «Frantziara kilometro asko dira, eta gasoilaren igoera honek, sekulako eragina dauka gurean, kalterako. 40 zentimoko igoera asko da; guretzat, 2.000 euro gehiago dira hilean», dio Ionek. Eta nabarmendu du, enpresa batentzat lan egiten duten autonomoek, gastu asko dauzkatela: kamioiaren mantenua, peajeak, gasoila… «Dena ordaindu behar duzu, eta gastu horietako bat, gasoilarena, izugarri haunditu da. Beraz, momentu honetan, gerta daiteke autonomo batek hilabetean 500 euro eramatea etxera. Guri, enpresa multzo bat daukagunez, egun bizi dugun egoerak ez digu autonomoei bezainbeste eragiten, eta bizirauteko ematen digu. Baina hemendik denbora batera, batek daki…».
Ion Dacosta: «Garraiolari autonomoek gastu asko dauzkate, mantenua, peajeak, gasoila… Eta horietako baten prezioa hainbeste igota, gerta daiteke autonomo batek hilean 500 euro eramatea etxera»
Bailarako enpresek, zailtasunak
Energiaren eta lehengaien garestitzea, eragin nabarmena izaten ari da, bailarako enpresetan ere. Hernaniko Cominter Tisu enpresak, esaterako, iragarri du bere jarduera etengo duela asteburu honetatik aurrera, prezioen gorakada gelditzeko neurririk hartzen ez bada. Papergintzaren sektorean bertan, Zikuñagako Papelera ere ari da gasaren prezioaren igoera pairatzen, eta ondorioz, garestitu egin da paperaren prezioa ere. Kate horretan, Kronika bera ere nabarmen ari da jasaten prezioen igoera: sei hilabeteko epean, %55 egin du gora paperaren prezioak.