Datozen asteei begira, neurri zorrotzagoak hartzea erabaki dute EAEn eta Nafarroan, eta ostalaritzari eragingo diote horiek, bereziki. LABI batzordeak gaur arratsaldean egin du bilera, eta erabaki du, %60ra murriztea taberna eta jatetxeetako aforoa, barran kontsumitzeko debekua ezartzea, itxiera ordutegia 01:00etara mugatzea, eta gehienez 10 laguneko taldetan elkartu ahal izatea. Neurri horiek bihar bertan sartuko dira indarrean, eta urtarrilaren 28ra arte aplikatuko dira. Gainera, Urte Berri eta Errege egunetan, ostalaritza eta merkataritza establezimenduak ezingo dira ireki goizeko 08:00ak baino lehen.
Nafarroako Gobernuak, bere aldetik, Nafarroako Justizia Auzitegi Gorenari eskatu dio onespena, zenbait neurri indarrean jartzeko. Horiekin, goizaldeko 01:00etara aurreratu nahi du ostalaritza establezimenduen itxiera, urtarrilaren 14ra arte; eta barran kontsumitzea debekatu. Gainera, Covid pasaportearen beharra zabaldu nahi du diskoteka, hotel, aterpetxe, apustu etxe eta gimnasioetara.