Kroketak, legatza, txuleta, eta postrerako... etxeko natilak

Kronika - Erredakzioa 2021ko abe. 11a, 00:00
Etxeko txikienek ere lagundu dezakete Gabonetako menua prestatzen.

Menu goxo-goxoa eta bertakoa, etxekoa, proposatu dute bailarako hainbat sukaldarik eta jatetxek aurtengo Gabonetarako. Probatu nahi?

Abendua hastearekin batera, urtero zalantza bera sortzen da etxeko sukaldeetan. Zer sukaldatuko dugu aurtengoan? Arraia? Haragia? Eta hasierakoetarako zer? Postrea etxean egingo dugu?

Buruhaustea izaten da Gabonetako menua zein izango den erabakitzea, eta, batzuetan,  denboraz larri ere ibili ohi gara guztia erosteko eta antolatzeko.

Bada, bailarako hainbat sukaldarik eta jatetxek kezka hori saihesteko konponbidea aurkeztu diote Kronikari. Menu itxia prestatu dute zuek, irakurleek, Gabon Gauean, Eguberri Egunean, Urte Zahar Gauean edota Urte berri Egunean sukaldatzeko eta lagunak, senideak edota egun berezi hauek partekatuko dituzuenak aho zabalik uzteko.

Maitasun haundiz prestatutako platerak dira, su goxoan eta etxeko giroan. Bertako produktuekin egindakoak dira, beraz, bailaran eskuratu daitezke aukera guztiak egiteko osagaiak.

Kroketak, arraia, haragia eta natilak, aurtengorako

Xabat Erroizeneak proposatu ditu hasierakoak; nola ez, kroketak. Hernaniarra ezin hobe ari da horretan, eta bailarako herritarrei ahate konfit eta datil kroketa goxo-goxoak egiteko gomendioak eman dizkie. Bigarren platererako, Tripontzi tabernako Igor Muñoak txangurroz betetako legatza aurkeztu du eta Akelenea jatetxeak, berriz, txuleta patata frijituekin eta piperrekin. Aukera paregabeak dira azken horiek ere Gabon hauetan dastatzeko. Amaitzeko, Rioja tabernako Maria Jesusek etxeko natilak prestatu ditu. Errezeta erraza bezain goxoa da, guztion gustukoa.

Animatu eta egin ezazue proba, ea bailarako sukaldariek bezain plater goxoak egitea lortzen duzuen!

 

HASIERAKOA

 

Ahate konfit eta datil kroketak

Gabonetako menua ezin hobe hasteko, Xabat Erroizenea sukaldari hernaniarrak ahate konfit eta datil kroketa goxo-goxoak egiteko errezeta kontatu dio Kronikari. Datozen lerroetan deskribatuko du Gabon gauean arrakasta lortzeko gakoa. Bexamelari dagokionez, hementxe Xabaten errezeta pausoz pauso:

1. Ahate iztarra desmigatu eta bol batean jarri.*

2. Datilak eta tipula fin-fin pikatu.

3. Esnea mantso-mantso berotzen jarri.

4. Kazuela batean gurina eta olioa berotzen jarri. Bero dagoenean, tipula bota.

5. Tipula sukaldatuta dagoenean, ahate desmigatua eta datilak bota. Irina gehitu eta guztia nahastu.

6. Nahasketa sei minutuz sukaldatu eta esnea (epela) gehitzen hasi, pixkanaka-pixkanaka. Kontuz: esneak ez du irakiten egon behar, beroa baizik. 

7. Esne guztia botatzerakoan, jarraitu nahasten, irakiten hasi arte. Sua (1etik 10era) 7 zenbakian eduki.

8. Irakiten hasten denean, dastatu eta gatza gehitu.

9. Irakiten dagoela, dastatu eta nahasketa gustukoa baldin badugu, bandeja batean jarri eta plastiko filmarekin estali.

10. Nahasketa bi orduz hozten utzi eta, ondoren, hozkailura sartu. Gau osoan bertan utzi.

11. Kroketak egin, nahieran.

Kroketen gainean, errezil sagar errearen emulsioa edo purea eta tipulin pixka bat gehitu ohi du Xabatek. Hauxe da prozedura:

1. Labea 180 gradutara berotu.

2. Labea bero dagoenean, sagarrak sartu eta 30 minutuz erre.

3. Sagarrak labetik atera eta ohozten utzi.

4. Sagarrak zuritu.

5. Pulpa edukiontzi batean jarri eta batidoraren laguntzaz guztia nahastu, gurin pixka batekin.

6. Gatza gehitu, nahieran.

«Kontuz, sagarrak erreta eta zurituta daudenean, gurinarekin ondo emulsionatzeko, gurinak ezin du hotza egon; horretarako, aurreko egunetik kanpoan utziko dugu», ohartu du Xabatek.

*Ahate konfita latan saltzen da. Bertan dago ahatea bere koipean konfitatuta.

OSAGAIAK

- Esnea (litro 1)

- Oliba olioa (50g)

- Gurina (50g)

- Irina (100g)

- Tipula haundi bat

- Datilak (60g)

- Ahate konfit ixtar bat

- Gatza

- Ogi xigortua

-Arrautza

 

Errezil sagar errearen emulsiorako:

- 3 errezil sagar

- Gurina (50g)

 

BIGARREN PLATERA

 

Txangurroz betetako legatza

 

Tripontziko Igor Muñoak fin-fin deskribatu ditu plater goxo hau sukaldatzeko pausoak:

1. Legatza garbitu eta hezurrak kendu.

2. Legatzari bi xolomoak atera.

3. Kontu haundiz, bi xolomoen artean txangurroa sartu eta bata bestearen gainean jarri.

4. Zartaian jarri segundu batzuz eta bi aldeak markatu.

5. Labea 180 gradutara berotu eta legatza sartu (12-15 minutu).

 

Saltsa egiteko: 

1. Tipula eta baratxuria txikitu eta su txikian sukaldatu.

2. Nahasketari onddoa zatitan gehitu.

3. Onddoa prest dagoenean, nata gehitu eta dena nahastu.

OSAGAIAK

- Legatza

- Tipula 1

- Onddo 1

- Txangurroa

- Baratxuri 1

- Sukaldatzeko nata

 

BIGARREN PLATERA

 

Txuleta patata eta piperrekin

 

Gabon hauetan ez du hutsik egingo Akelenean aurkeztutako plater honek: txuleta patatekin eta piperrekin.

1. Patatak zuritu eta zatitu.

2. Olioa berotu eta patatak bertan bota, ondo frijitu arte.

3. Olioa zartaian jarri eta piperrak su baxuan, mantso-mantso, sukaldatu. Gatza bota eta, aukeran, baratxuria eta azukrea ere gehitu, piperrak karamelizatzeko. 

4. Txuleta sukaldatu baino ordu batzuk lehenago, hozkailutik atera.

5. Zartaia/karmela/parrila/plantxa su altuenean berotu. Bero dagoenean, txuleta jarri.

6. Txuleta markatu/seiatu bi aldetatik (gehienez, minutu 1).

7. Kolore beltza duenean, sua erdira jaitsi eta haragia sukaldatu. Oharra, txuleta puntura egiteko: lortutako kolore beltz hori izerditzen hasten denean,  txuletari buelta eman. Beste aldea izerditzen hasten denean, sutik atera.

8. Gatz lodia bota.

OSAGAIAK

- Txuleta

- Piperrak

- Patatak

- Olioa

- Gatz lodia

- Azukrea

- Baratxuria

 

POSTREA

Etxeko natilak

Riojako Maria Jesus Iturbidek ondo asko daki etxekoak goxatzen eta plater goxoak prestatzen. Etxeko natilak dira aurtengo proposamena, errezeta erraza bezain bikaina. Hauxe da emandako azalpena:

1. Esnea eta bost arrautzak (osoak) kazuelara bota eta nahastu. Garrantzitsua da su bajuan izatea, ez baitu irakin behar.

2. Etengabe eman, dena ondo nahasteko eta gustuko nahasketa testura lortzeko. Nahi dugun emaitza lortzen ez bada, arto irina gehitu (goilarakada txiki bat).

3. Banatu nahasketa ontzitan eta gehitu, hoztutakoan, nahi izanez gero: kanela, gaileta, nata.

OSAGAIAK

- Esnea (litro 1)

- 5 arrautza

- Azukrea

- Gailetak

- Kanela

- Nata

- Arto irina (maizena)

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!