Urtea behar bezala hasteko, mendia, poteoa ala biak?

Kronika - Erredakzioa 2021ko abe. 11a, 00:00

Hamaiketakoa, erregetako roskoa eta txanpaina hartuta igotzen dira batzuk, Urte Berri egunez, Santa Barbarara.

Urte Berri egunean Adarra mendira igotzeko ohitura oso zabalduta dago, Hernanin bereziki; baina bestelakoak dira egun horretarako planak, bailarako txoko ezberdinetan. Aranon eta Goizuetan, esaterako, indar haundiagoa dauka poteoak, kanpoan bizi diren herritar askorekin elkartzeko parada izaten baitute orduan.

Oso errotuta dago, Euskal Herriko txoko askotan, urteari hasiera emateko mendi puntaren batera igotzeko ohitura. Horrela da Hernanin ere, esaterako, erreferente nagusi bezala Adarra mendia hartuta. Urnietatik zein Andoaindik bezala, Hernanitik ere makina bat herritar joaten dira Adarrara, Urte Berri egunean. Besabitik behera errepide bazterrean izaten diren kotxe pilaketak ikusi besterik ez dago.

Baina dena ez da Adarra, eta ezta dena mendia ere, Urte Berri egunez. Hernanin bertan, gero eta gehiago dira, Adarra inguruetara joan ordez, gertuago dauzkaten tontortxoak bilatzen dituztenak, familian joateko. Eta Santa Barbara da, azkeneko urteotan, indarra hartzen ari den toki bat. Asko dira, taldeka, gotorlekura igotzen direnak, hamaiketakoa, txanpaina eta erregetako roskoa hartuta, esaterako, urte berriaren hasiera ospatzeko gogoz.

Ereñotzun ere zabalduta da­go mendira joateko ohitura, eta batzuk Adarrara joaten diren bezala, bestelako tontorrak edo tokiak bilatzen dituzte askok: Onddi dela, Urdaburu dela... Ako­la ingurura ere joaten dira au­zotarrak, bereziki haurrekin doazenak.

Baina aldiz, Urte Berri egunez mendira joateko ohitura ho­ri ez dago hain zabalduta bai­larako beste hiru herrietan: Astigarragan, Goizuetan eta Aranon. Astigartarren kasuan, Adarra erreferentea bera hain gertu izan arren, ez dago bereziki errotuta Adarrara edo beste mendi batzuetara joateko ohitura. Edonola ere, badira herritarrak, mendizaleak bereziki, egun horretan lo gutxiago egin eta mendirako bidea hartzen dutenak, hutsik egin gabe.

Bestelako kontua da Aranokoa eta Goizuetakoa. Horietan, poteoak eta otorduek beste toki gutxitan bezalako indarra dute, arrazoi nabarmen bat tarteko: herritar asko bizi dira herritik kanpo, horietako batzuk oso urruti; eta urtean zehar inoiz edo oso gutxitan herrira azaltzen direnak etortzen dira orduan. Hortaz, urte osoan ikusi gabeko herritarrekin egoteko parada izaten dute aranoarrek zein goizuetarrek, jan-edanaren bueltan elkartzen diren tarte horietan. Urte Zaharrean bezala Urte Berri egunean, herriko kale eta tabernetan elkartzen dira, batarekin zein bestearekin urte osoko kontuak berritzeko. Ederra izaten da kaleko giroa, mugimendu haundikoa.

Familia asko ere, urte osoan gutxitan elkartzen dira oso-osorik, eta Gabonak izaten dira zita horietako bat. Hori horrela, asko luzatzen dira otorduak etxean, kontu kontari; eta Urte Zahar gaua ez da salbuespena izaten. Goizaldearen amaierara arte lu­zatzen dute afalondorena, eta baita kalera atera ere, pote bat hartzera, gaupasa eginez.

Hori horrela, ez da harritzekoa gaupasero asko eta mendirako gogo gutxi izatea herrian. Ez dago zabalduta, ez Aranon eta ez Goizuetan, urteko aurreneko egunean mendira joateko ohitura hori. Baina badira, noski, goizeko mendi bueltari hutsik egiten ez dioten mendizaleak. Goizuetarren kasuan, Mandoegi aldera egiten dute buelta gehienek, urtea ondo hasteko.

Edonola ere, poteoa ez da Aranon eta Goizuetan errotutako ohitura bakarrik, noski. Ereñotzun, esaterako, ez diote hutsik egiten eguerdiko trago pareari, menditik bueltan edo ia jaiki berritan, familian zein lagunartean elkartu eta herrikideei urte berria zoriontzeko.

 

Ohitura txikiak, etxez etxe

Badira oso zabalduta dauden ohitura ezagunak; baina badira, era berean, etxez etxeko edo tokian tokiko ohitura txikiak, urtea joan eta urtea etorri mantentzen dituztenak, bertakoek. Eta horiek, kasu askotan, ez dira inongo liburutan edo egunkaritan azalduko, eta ezta beharrik ere. Belaunaldiz belaunaldi, etxean jaso dituzte, eta hutsik egin gabe errespetatu. Goizuetan, Bakerotarrenean, esaterako, abenduaren 24an ez dute hutsik egin gaztain erreek, azkeneko hamarkada luzetan. Eta Ereñotzun, hamaiketako-bazkari ede­rra egiteko elkartzen da koadrila majoa urtero, soziedadean.

Ohitura zaharrak dira batzuk, urtetako ibilbidea dutenak; eta berriak beste batzuk. Aranon, esaterako, bazuten ohitura bat, garai batean, urte aldaketarako. Gauerdia baino lehen ateratzen ziren Surotik, baserriz baserri koplak kantatzera; eta gauerdia pasa ondoren iristen ziren Goiko Herrira. Horrela, Urte Zaharreko koplak kantatzen zituzten aurrena, eta Urte Berrikoak ondoren, behin gaueko 00:00ak pasata.

Ohitura hori galdu zuten, eta ari dira ohitura txiki berriak sortzen. Zenbait etxetan, adibidez, kalera ateratzen dira Urte Zahar gaueko kanpaikadek jo eta berehala, pitxarrak hartuta iturrira, urarekin topa egitera. Beste herri batzuetan sortutako ohitura da, Aranoko familia batzuek bere egin dutena eta, batek daki, akaso urte gutxi barru herri osora zabalduta egongo dena. Txikitik hasten baita, ohitura haundiena ere...

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!