Egoera kritikoan dago Urumea ibaia

Kronika - Erredakzioa 2021ko abe. 9a, 20:57
Karabel auzoko baratzak, urak hartuta, atzo iluntzean.

2,14 metrora iritsi da ibaia, Ereñotzuko estazioan; eta bailarako toki askotan atera da ura, dagoeneko. Arratsaldeko 15:30etatik aurrera, oso azkar eta etenik gabe egin du gora ibaiaren mailak.

Goizean egoera kontrolatua zirudiena, erabat hankaz gora jarri da arratsaldean, Urumea ibaian. Arratsaldeko 15:30etan, 1,528 metroko altuera zeukan Ereñotzuko estazioan; baina hortik aurrera, oso azkar eta etenik gabe egin du gora, orduko 15 bat zentimetro igota. Horrela, iluntzeko 19:00etan gainditu du bi metroen langa, eta une honetan, 21:00etan, 2,14 metrora dago.

Horrela, dagoeneko gainditu du azaroaren 29ko goizaldean hartu zuen altuera maximoa (2,03 metro); eta arazoak sortzen ari da bailarako toki askotan. Arratsaldean hartu ditu urak Landareko errugbi zelaia eta Andre Gobadarien ibai parkea; eta orain, urak hartuta daude erriberako baratzak ere, Karabelen, Portun eta Ergobin, besteak beste. Ura atera da Zubipeko futbol zelaian ere, iluntzean.

Berdin gertatu da Olatxoko zubian, Goizuetan. Ibaiak gainezka egin du bertan, eta errepidean arazoak sortzen ari da. Hernani-Goizueta errepidearen gainerako tokietan ere, makina bat putzu sortu ditu euriak, horietako asko oso haundiak. Lurjausiak ere izan dira, hainbat puntutan.

Azkeneko bi orduetan, badirudi pixka bat egonkortu dela egoera, ibaiaren mailari dagokionez; eta motelago ari da gora egiten. Baina euria gogotik eta etengabe ari da oraindik, eta prezipitazioek horrela jarraituz gero, arazoak areagotu egingo dira, gauean zehar. Egoera kritikoa da Urumea ibaian, une honetan.

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!